Unibertsaltasun infinitoa

  • Arteak badu, bere lengoaia poetikoaren eta sinbolikoaren bitartez, errealitatea, egoerak eta gertakariak seinalatu eta lekukotzeko ahalmen hori. Arte garaikideak, zehazki, inguratzen gaituen errealitateari heltzeko beste begirada batzuk eskaintzen dizkigu, belatuagoak eta sentikorragoak izan daitezkeenak; eta sortzen dituen irudi, artefaktu eta objektuen bitartez egun bizi dugun munduaren inguruan hausnarketak egiteko sarbideak eskaintzen dizkigu, batzuetan, sarbide horiek zirrikitu estu eta kodifikatuak badira ere. Seinaleei adi egon behar gatzaie, hori da kontua. Paisaia kultural garaikide honetan kokatzen da Kimia Kamvari artistaren lana, non iruditegi poetiko eta soil baten bitartez, bere lanak egungo klima aldaketak dakartzan ondorioetara edota Irango oldarraldietara hurbiltzen gaituen, obra itxuraz hauskor baina izatez irmo baten sakontzen.

Argazkiak: Mikel Eskauriaza
Argazkiak: Mikel Eskauriaza

Kimia Kamvari (Kolonia, Alemania, 1986) egun Beasaingo Astigarreta auzoan bizi den artista iraniarra da. Orain urte batzuk Teherango bizitza frenetikoa Astigarretako bizitza lasaiagoagatik aldatu zuen, eta bi kokaleku horiek bere praktika artistikoa zeharkatzen dutela esan daiteke. 2015. urtetik Beasaingo landa auzo horretan bizi da, eta inguratzen duen natura bere praktika artistikoaren motibo eta lan-tresna nagusi bilakatu da. Izan ere, marrazten, margotzen eta erretratatzen dituen gaiak –zuhaitzak, landareak, txokoak, txoriak–  bizi dituen bazterretan aurkitzen ditu, eta natura hori erretratatzeko erabiltzen dituen materialak ere, sarritan, natura horretatik beratik eratorriko pigmentu, tindagai, ikatz-ziri edo paper begetalak izaten dira. Badago, beraz, zintzotasun eta elkarrekikotasun bat egiten duenaren eta egiteko modu horren artean. Eta hori jada bada asmo adierazpen irmoa.  

Donostiako San Telmo Museoan, Artea Abian programaren baitan, Alef izenburua daraman bakarkako erakusketa ireki berri du. Izenburutik hasita, erakusketak badu bere baitan  zabaltzen den unibertso iradokitzaile propioa: Aleph, hebreerazko alfabetoaren lehen kontsonantea da, bizi-printzipioa da, aukera guztiak biltzen dituen energia. Álef persiar alfabetoaren lehen letra ere bada, eta matematikan zenbaki infinituen kardinaltasuna irudikatzeko erabiltzen den ikurra da. Dena den, Borgesen ipuinagatik egingo zaigu ezagunen Aleph kontzeptua. Idazle argentinarraren El Aleph liburuan unibertsoaren puntu mitikoa da Aleph, non ekintza guztiek eta garai guztiek (orainak, iraganak eta etorkizunak) puntu bera betetzen duten, gainjartzerik eta gardentasunik gabe. Hortik ondorioztatzen da Aleph, matematikan bezala, infinitua dela, eta ondorioz, unibertsoa irudikatzen duela. Egun bizi dugun egoera kritiko, zatikatu eta ia apokaliptiko honetan badirudi unibertsaltasun eta infinitu horien inguruan aritzeak gure zerumugak eta esperantzarako ateak irekitzen dituela, arnas pixka bat hartzeko besterik ez bada ere.  

Erakusketa Museoko Laborategian dago ikusgai, eta espazioa konplikatua den arren –forma irregularreko azalera, bi altueratako sabaia, presentzia handia duen egurrezko zorua–, espazioa modu paregabean dago ebatzita. Hormetako panelak paretetatik atera eta egitura arkitektoniko trinko batean bilakatu ditu, forma laukiluzea duen egitura luzexka batean, espazio zentrala era diagonalean zatituz. Artistak elementu luzearen bi aurpegiak erabili ditu Alef erakusketa osatzen duten bi obra zentralak aurkezteko: Burning Willow (Zumea sutan, 2022) eta Negative Landscape (Paisaia negatiboa, 2019-2022). Azken hori, zuri-beltzean inprimatutako 73 argazkiz osaturiko instalazioa da. Argazkiek hormaren azalera ia erabat estaltzen dute eta horietan guztietan paisaia idor bat antzematen da, basamortua izen zitekeena baina ez dena, orografia irregular baten forma bihurri eta okertsuekin. Paisaia horietan ondo fijatuz gero, badago elementu errepikakor bat: lurra irentsi eta barrurantz hazten diren zulo handiak. Gero jakin izan dut geologian dolina izenaz ezagutzen direla naturan ematen diren istripu geologiko horiek. Argazkien azpiko aldean, dolina horien koordenadak daude idatziak, eta koordenada horiei segika, paisaia idor horiek Abarkuh, Kane Zenian eta Shiraz ingurukoak direla jakin dut, Irango hego-ekialdeko goi-lautadatakoak.

Dolinak toki lehorretan gertatzen diren egoera geologikoak dira, atmosferan dagoen lehortearen eraginez; dolina bat, eraketa karstikoa den aldetik, harkaitza disolbatu delako edo kobazulo baten sabaia erori delako gertatzen da, forma zirkularreko eta tamaina desberdineko sakonuneak sortuz. Era berean, gizakiak naturan izan duen esku-hartzearen ondorio ere badira, ibaien urak desbideratzeagatik edo lur azpian meategiak egiteagatik sortzen direnak. Kamvari 2019. urtean hasi zen kamera estenopeikoarekin Irango lautadan hutsune horiek erretratatzen, mendi eta muinoen negatiboak izan zitezkeen zulo eta krater itxurako forma horiek irudikatzen, fokoa jarriz lurrean zabaltzen ziren zauri horietan. Artearen tradizioan, hutsuneak, materialtasun faltak edo materialaren forma negatibo horiek, materialak bezain besteko garrantzia izan dute, eta batez ere eskulturan, tradizio handiko gaia izan da. 2019. urtean artistak Teherango Dastan Galleryn egin zuen bakarkako erakusketan erakutsi zituen serie horretako hogeina argazki Event Horizont (Gertaeren zerumuga) izenburupean. Lau urte hauetan argazki seriea ugalduz joan da, dolina horiek naturan egin duten antzera.

Aidin Keikhaee filosofoaren idatzi bat ere ekarri du Kamvarik aretora, eta bertan dolina  hauek aldaketa klimatikoaren –beste– ondorio bat direla ematen du aditzera. Beste hainbatekin gertatzen ari den bezala –COVIDaren eta beste zenbait izurriteren eragina, katastrofe klimatikoen inpaktu gero eta bortitzagoa–, geopolitikaren ondorio dela iradokitzen du, eta horrek ere eragin eta ondorio ezberdinak dituela hego eta ipar hemisferioaren artean, kaltedunak beti ere globoaren behekaldean bizi direnak izanik. Hamadán-eko inguruan, Teheran hiriburutik 400 kilometrotara, orain gutxi arte abeltzaintzarako eta nekazaritzarako ziren eremu emankorrak basamortutze prozesuan daude, eta ondorioz gero eta gutxiago dira era duin batean bizitzeko geratzen diren aukerak. Apenas egiten du euririk, ura ondasun preziatua eta eskasa da azkenaldian, eta ondorioz, lurra barrurantz zabaltzen hasi da, eta jauzi horretan bizitzarako aukerak irensten ditu.

Burning Willow lanean ikatz-ziriz egindako dozenaka marrazki aurkituko ditugu, eta guztietan zuhaixka mota bera agertzen da marraztuta paper zuriaren gainean: zume negartia. Geure paisaian nahiko zuhaitz ezaguna bada ere, berez Mesopotamian du jatorria. Negartiaren adjektiboa datorkio bere adarrak lurrerantz makurtzen direlako, forma bihurri eta tolestura ia ezinezkoetan; lurraren hezetasunaren bila doaz, uraren bila horiek ere, bizitzaren bizi printzipioa bilatu nahian. Zuhaitz hauek geure baserri inguruetan ugariak dira, izan ere, adarretatik ateratako zumeekin saskiak eta otzarak egin zitezkeen, eta beren egurra baserriak berotzeko erregai gisa erabiltzen zen. Zume egurretik ikatz-ziria erauzi izan da, marrazketarako erabiltzen den arkatza, eta kasu honetan, Kamvarik marrazki guztiak egiteko erabili duen arkatz-organikoa izan da. Marrazki-instalazioaren parean tontor beltz bat aurkituko dugu, zume-negarti baten ikatz-zirizko hautsez egindako multzoa. Urez egarri den zuhaitza da zumea, artistak modu ezberdinetan erretratua ekarri diguna.   

2022ko irailean poliziak Mahsa Amini ikaslea bortizki hil zuen hijab-a ondo jantzita ez zeramalako. Gertakari horrek egun jarraitzen duten protestak abiarazi zituen, non milaka ikasle eta herritar emakumeen giza eskubideen alde borrokatzen ari diren. Kamvarik udazkeneko egun horietan sare sozialetan ikusi zituen irudi guzti horietatik bat hautatu eta  marrazki eder bat egin du: ikasle talde bat Irango Errepublika Islamikoaren aurka protestan.  Atzean zume negarti bat dute. Hauek ere, bizitzaren alde borrokan, askatasun egarriz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Nestor Basterretxea jaio zela 100 urte: munduari leihotik begira, baina leihoak itxita

Gaur 100 urte beteko zituen Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014). Hamaika lanetan nabarmendu zen, eta hamaika bider mintzatu zen ARGIArekin. Pasarte interesgarri batzuk ekarri ditugu hona.


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Eguneraketa berriak daude