“Albiste garrantzitsua labur kontatzen ikasteko, ez dago Brusela baino hoberik”

  • Atzerrian beti, bakan izan ohi dugu etxean. Aspaldi, Paris du habia, handik ari zaigu berri ematen EITBn, batean telebistan, irratian bestean. Bere kronikek erakusten duten argitasunak beraren atzetik eraman gaitu, Hamelingo xirulariari jarraika iduri. Solasean, korrespontsalaren barruan zer den jakin nahirik abiatu gara...

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Olatz Simon Barreras. Bilbo, 1980.

Kazetari, EiTBren berrimailea Parisen gaur egun. 2002an hasi zen euskal telebistan, eta Bruselan zen 2005ean. Brusela, Beijing, Bartzelona, Paris... kateatu ditu, eta notizia non, hantxe behar du. Horrek, bere buruari inoiz “korrespontsal ibiltari’ deitzera ere eraman du Olatz Simon. Egungo egunean, telebistako albistegietan ikusi ohi dugu gure solaskidea; halaber, irratian entzuten dugu haren ahotsa. Eta, batean zein bestean, minutu erdian entzuleoi ahia eginda eskaintzen dizkigu, maistraki, gairik korapiloenen zioak.

Parisen zaitugu orain, EITBko berriemaile, nahiz lehenago mundua ibilia duzun…
Bai, batean eta bestean ibili naiz, beti b hizkiarekin hasten diren hiriei lotuta: Bilbon jaio nintzen, Berlinen eta Bremen ikasi nuen, Bruselan bete nuen lehen korrespontsalia, Beijingen izan nintzen berriemaile, Bartzelonan bost urtez bizitakoak gara… Parisek apurtu du nire b hiri horien guztien bidea.

Zuri buruz bildu ditugun oharretan ez zegoen Berlin ez Bremenik…
Lehenik, alemaniera hobetzeko asmotan joan nintzen Berlinera. 18 urte nituen, eta bost hilabete egin nituen han. Gero, kazetaritza ikasketak Leioan egin eta, Bremenen izan nintzen Erasmusen barruan. Hantxe egin nuen hirugarren urtea, eta pixka bat gehiago.

Alemaniera hobetzera joan zinen Berlinera? Ordurako, euskara, gaztelania, ingelesa… jakingo zenituen, ala?
Nik 18 urte nituela hasi ziren [Urretxindorra, Bilbo] ikastolan ingelesa erakusten. Hortaz, atzerriko lehen hizkuntzarekiko kontaktua ingelesa izan nuen. 15 urte nituela, berriz, DBHko bigarren mailan-edo, minbizia izan nuen, eta hortxe aldatu zen nire bidea.

Minbizia!
Bai… Minbizia nuen, eta oso urduri nengoen. Nire gaitzaren parte handi bat psikologikoa izan zen. Ni urduri, eta medikuek amari esan zioten iluntzean guztiz nekatuta sartu behar nuela ohera, “hilko naiz, hilko naiz...”, pentsatzen ez ibiltzeko. Amak denetarik egin zuen. Tartean, mekanografia irakatsi zidan. Bazuen idazmakina bat, eta orduak eta orduak ematen genituen han, teklak jotzen. Bestalde, amak jakin zuen Zabalburu inguruko eskola pribatu batean alemaniera irakasten zutela. Hizkuntza eskolan ere erakusten zuten, baina ordutegi arazoren bat-edo tarteko, akademia hartan hasi nintzen alemaniera ikasten, gauez. 22:30ean bukatzen nituen eskolak, eta 23:00etan heltzen nintzen etxera.

Helburua beteta, guztiz nekatuta.
Eta jota. Kimioa hartzen nuen egunetan, berriz, ikastolan ingelesa! Ez dakit zein mekanismo piztu zen nire buruan, baina amorrua hartu nion ingelesari. Ikastolan izugarri lagundu ninduten, baina, hala ere, ingelesa baztertu egin nuen. Alemaniera, aldiz, ikasten jarraitu nuen, sendatuta ere! Eta horrelaxe ni Alemaniara joatea.

Barkatu nik atzera egitea, Olatz. Zein minbizi mota izan zenuen?
Hodgkin linfoma. Basurtun artatu ninduten, eta oso ondo sendatu nintzen. Ez dut esperientzia gogor askorik izan bizitzan, baina gurasoak banatzearekin batera, uste dut minbizi huraxe izan zela gehien markatu nauena. Gauzak beste modu batera ikusten ikasi nuen, denbora bestela neurtzen. Eta bizi-eskarmentu haren bidez ikasitakoa barruan daramat oraindik, ez dut ahaztua. Bizitzari begiratzeko modua, itxurari garrantzirik ez ematekoa… zeren, hamabost urterekin, horixe izan nuen lehen kezka.

Itxura, diozu?
Bai. 15 urte nik, eta neska eta mutil ibiltzen ginen, eta ilea galtzea izan nuen kezkarik handiena. Gero, ohartu nintzen hura bigarren mailakoa zela, ez zuela garrantzirik. Horrekin batera, ama eredu izan nuen, halaxe jokatu zuen-eta, eta amaren eredu horrek ere zeharo markatu ninduen. Horrek guztiak gaur arte irauten du, eta gure seme-alabei ere halako zerbait eskaini nahiko nieke.

Argazkia: Zaldi Ero
"15 urte nituela, berriz, DBHko bigarren mailan-edo, minbizia izan nuen, eta hortxe aldatu zen nire bidea. Minbizia nuen eta oso urduri nengoen”

Nola hartu zuten ikaskideek zure gaixotasuna?
Hasieran ez zuten ulertu zer gertatzen ari zitzaidan. Hasieran. Gero, gogoan dut ez nindutela aparteko kasu bezala tratatu. Eta eskertzekoa da. Kimioa hartu ondoko egunean jota egon ohi nintzen, baina nik ikastolara joan nahi izaten nuen. Txapela jantzi, eta ikastolara! Artean bi urte ez nituela hasi nintzen ikastolan, eta selektibitatea eginda irten nintzen! 15 urte bete nitueneko, ikastolakoa familia ere bazen! Eta oraindik ere gertu sentitzen dut ikastola.

Gurasoak euskaldunak zenituen?
Ez. Urretxindorran ikasi nuen euskaraz. Euskal girorik ez zen nire inguruan, aita Deustukoa zen, irakaslea lanbidez, aitaita bezala. “Amado jauna” zen aitaita, Viuda de Epalza eskolako maisu ezaguna. Oraindik ere esaten didate, gaztelaniaz: “Amado [Simon] jaunaren loba zara?”. Ama, berriz, Kantabriatik etorritakoa da. Ez, gurasoek ez zekiten euskaraz, baina ahalegin horixe egin zuten, nik euskaraz ikastekoa. Eta etxerako lanak ekarri eskolatik, eta askotan gurasoek ezin lagundu! Eta orain, ama naizela, horretaz jabetu eta gogorra iruditzen zait. Eta, aldi berean, harro egoteko modukoa. 80ko hamarkadako esperientzia guztiz militantea, gurasoena.

Minbiziak jarri zintuen alemaniera ikastera, eta alemanierak, berriz, eraman zintuen telebistara.
Horri esker nago telebistan, bai. Esan dizut, kazetaritzako hirugarren urtean Alemanian nintzen, Erasmus egiten. Laugarren mailan, berriz, praktikak egitea zegokigun, eta nire lagun minari, ikastolako laguna eta ni bezala kazetari ikasten ari zenari, agindu nion: “Praktikak egiteko eskaera bideratzeko garaian, zeuk egin eskaera nire partez, Alemanian nago eta. Lehen aukeran, jarri ‘egunkaria’; bigarrenean, ‘irratia’; hirugarrenean, ‘telebista’”. Hark, berriz, brometan, ‘telebista’ jarri zuen lehen. Alemaniatik itzuli nintzen orduko, ez nuen aldatzeko modurik izan, leku guztiak hartuta zeuden-eta.

Eta ezinbestean, telebistara zu.
Bai. Froga egitera joan nintzen beste zenbaitekin batera, nire euskara kaxkar eta guzti, eta urduri, baina aurrera egin nuen. Gero, gogoan dut Jaime Otamendik esan zuela kiroletarako neskak behar zituztela; esatariak, alegia. Nik erregu egiten nuen kiroletan lan egin beharrik ez izateko. Eta, halako batean, baten batek, ahots gora: “Nor da Olatz Simon?… Nahiko zenuke nazioartekoan lan egin?”. Nonbait, alemanieraz banekiela ikusi zuten, eta hori oso gauza arraroa zen garai hartan. Ingelesa zen nagusi. Horri esker hasi nintzen EiTBn. Gero, atzerriko berriemaile.

Atzerriko berriemaile izan nahi zenuen? Horixe zenuen gogoa?
Ez, nire gogoa edo helburua zen, eta da, ikusentzuleari gauzak kontatzea. Nahiago dut hori, inori elkarrizketa egitea baino. Gainera, ezer kontatzen dudanean, badut, amaieran, hiruzpalau segundoko tartetxo bat neure ekarria egiteko. Nazioarteko berriemaile hasi nintzen, eta laster harrapatu ninduen birusak, nazioarteko korrespontsalaren birusak, esan nahi dut. Gaur egun, zaila iruditzen zait erredakziora itzultzea. Horixe gertatzen zaigu korrespontsal gehienoi, noizbait erredakziora itzulita ere, laster dugu buruan beste norabait abiatzea, korrespontsalian.

Zer dela-eta atzerrirako nahi hori?
Atzerrian dena zara: kazetari, produktore, itzultzaile, editore… Zeu zara dena, kameraria izan ezik. Pertsona bakarrak dena egiteak badu alde positiborik, baina baita negatiborik ere, beste inorekin lan egiteak haren ikuspegia ere zeure albistean gogoan hartzea esan nahi duelako, eta hori aberasgarri da. Lehen, hiru lagunen artean egiten genuena orain kazetari bakarrak egiten du, eta, alde horretatik, gauzatu diren aldaketa gehienak atzerapausoak izan dira.

Nork erabakitzen du zer kontatu, eta zer ez?
Nik egunero bidaltzen dizkiot aurreikuspenak hemen nazioarteko arduradun dudanari, Mikel Reparazi. Frantziako Gobernuaren deialdiak dira, edo data eta ordua dituzten beste zenbait aurreikuspen. Horrekin batera, ordea, kazetariaren “gai propioak” ere hortxe ditugu, inork agindu gabe erabakitzen ditugun albisteak, Euskal Herriko ikusentzuleari zuzenean eragiten ez dizkioten berriak, baina zauden tokiko gizartearen joerak, gatazkak, modak eta gainerakoak erakusten dituztenak. Adibidez, Urteberri egunaz gero, Frantzian janari lasterreko frankiziek galarazia izango dute bezeroei janaria eta edaria paper nahiz plastikozko ontzietan eskaintzea, eta, beraz, baxera berezi bat sortu behar izan dute. Horrek, nahitaez, kartoi aurrezte ikaragarria ekarriko du. Albiste horixe kontatzeko asmoa nuen, esaterako, Euskal Herrian oporretan nintzen garaian. Jakina, aurretik egin nuen albistea eta gorde nuen “izozkailuan”, guk esan ohi dugunez, dagokion egunean emititzeko. Eta holaxe.

Irakurri dut, inoiz berriemaileren batek hemezortzi orduko lana ere egin duela…
Olatz Urkiari [EITBko berriemailea Asian] gertatu zitzaion, Beijingeko Neguko Olinpiar Jokoetan… Bai, gure lana ordutegirik gabekoa da. Batzuetan, eguna lasai dator; beste batzuetan, ez dago deskantsurik. Bi irratitan jardun behar izanez gero, horixe dago. Zenbaitetan, Euskadi Irratiko Faktoria-n gara 7:00etan, eta Radio Euskadiko Ganbara-n, berriz, 10:30ean, eta, tartean, Egun on, Euskadi-n; tartean, Bulevar-en; eguerdiko albistegiak, Baipasa, Mezularia, gaueko albistegia eta kronikak, eta biharamuneko edukiak prestatzea ere eginkizun dira. Batzuetan, hala da, eta, bereziki, hauteskundeak edota ezusteko gertakariak direnean. Ez dut defendituko egunero hemezortzi ordu lan egitea, baina zenbait egunetan, tarteka, halaxe egin behar ditugu. Baina oso ezohikoa da. Hamalau ordu, aldiz, behin baino gehiagotan egin izan ditugu.

Argazkia: Zaldi Ero
Korrespontsal batek dena delako gertakaria gertatu denean, tokian ez egon izana sentitu behar duela: “Arraioa! Kasualitatea! Zer pena, ez nago han!”
 

Ordutegirik gabeko lana, esan duzunez. Deskonektatzerik ez dago zure lanean?
Ni beti telefonoa eskuan dudala nago. Gabonetako oporretan ere, Paristik Bilbora gentozela, Parisen kurduen kontrako erasoa izan zela irakurri nuen. Hori nire “plaza” da, Paris nire “plaza” da, nire eremua eta ardura, eta halako erasoren bat-edo “zure eremuan” gertatzen denean, ezer sentitzen ez baduzu, gaizki ari gara. Horrek ez du esan nahi dena bertan behera utzi behar duzula, Gabonetako oporrak eta familia, eta Parisera itzuli behar duzula. Ez. Baina uste dut korrespontsal batek dena delakoa gertatu denean, tokian ez egon izana sentitu behar duela: “Arraioa! Kasualitatea! Zer pena, ez nago han!”. Ez esatea, aldiz: “Libratu naiz!”. Halakorik sentitzera heltzen zarenean, “libratu naiz!” esatera, alegia, korrespontsal lana uzteko garaia zenuke.

Zertan da kontziliazioa zure lanean?
Niri dagokidanez, guk familia-apustua egin genuen. Ez zen bakarrik nire erabakia izan. Senarra Bruselan ezagutu nuen. Kazetaria da, Catalunya Radioko korrespontsala. Bruselan nengoela, EITBri Beijingeko korrespontsalia irekitzea proposatu nion, 2008ko Olinpiar Jokoak ate joka ari zirenean. Baietz esan zidatenean, senarrak –senargaia garai hartan–, laneko eszedentzia eskatuko zuela esan zuen, ni Beijingera joatekoa nintzelako, EITBko korrespontsalia irekita. Catalunya Radiokoek, berriz, nire senarrari: “Hara, bestea! Eta zertan ez duzu zeuk ere berdin egiten, eta guretzako korrespontsalia irekitzen Beijingen?”. Eta elkarrekin joan ginen. Artean umerik ez genuen, eta topera ibili ginen: bateko atentatu, besteko lurrikara… dena kontatu genuen.

Atzera Europara itzuli zineten gero...
Bai, nik esan ohi dut bost korrespontsaliatan egin dudala lan: Brusela, Beijing, korrespontsalia ibiltaria –nire hirugarren korrespontsalia, batetik bestera beti–, Bartzelona, eta Paris. Korrespontsal ibiltari esan dut, Bartzelonan bizi nintzen arren beti maleta prest bizi nintzelako, korrespontsala ez genuen lekura joateko. Parakaidismo kazetaritza esaten diote: ezer ez dakizun herrialde batera bidaltzen zaituzte, eta ikusten duzuna kontatu besterik ezin duzu egin, tokikoari buruzko jakitaterik ez duzu-eta, ez duzu nik orain Parisi buruz dudan background-a, adibidez. Baina Egiptoren egoerari buruzko ezer ez dakizula Kairora joan eta Udaberri Arabiarra kontatzeak ere badu koska.

Parisen zaitugu oraingo egunean...
Bartzelonan negoela, pandemia garaian Pariseko aukera sortu zen. Ordu arte, senarra zen eszedentzia eta baimen eske ibilitakoa, eta Pariseko aukera izan genuenean, bion artean hartu genuen erabakia: berak lan-murrizketarik handiena eskatu zuen, eta, gainera, asteburuko lan-txanda. Alegia, plana egin genuela esan nahi dut, familia proiektuaren barruan, biok ere geure bidea egiteko, txandaka bada ere. Familia-antolakuntza izan zen, batetik, eta senarraren eskuzabaltasuna, berriz, bestetik.

Zer behar du korrespontsal onak?
Tokian tokiko jendea ezagutu, ahal den gehiena, baina horrekin batera, edo hori baino lehenago, asko irakurri. Eta, gero, albistea kontatzean, gogoan hartu nori ari zaren, zein duzun audientzia, zer interes izan lezakeen zure mezua jasotzen duenak dena delako albiste horretan. Ente publikoa gara, albistegietan egiten dugu lan, denbora mugatuarekin, eta, nahitaez, gauza asko kanpoan gelditzen dira. Orduan, oso ondo etortzen zaizkit Euskadi Irratiko Baipasa moduko saioak, non albisteak sakontzeko aukera dudan. Asko gustatzen zait hitz egitea, jabetuko zinen honezkero, kar, kar..., eta tertuliak ere oso ondo etortzen zaizkit.

Albistegian ari zarela, hala ere, ez daukazu nahi beste luzatzerik.
Ez, horixe da zailena, ikusi duzuna, albiste den hori, hitz gutxitan kondentsatzea: irratiko 55 segundotan, edo telebistako 40etan, notizia kontatzea. Horixe da erronka. Eta hori ondo egiteko ez dago egin eta egin beste biderik. “Zuzenean ari zara, eta ez zara inoiz ekibokatzen!”, esaten didate, eta nire erantzuna: “Ezetz? 20.000 aldiz egin dut gauza bera eta ekibokatzen naiz oraindik!”. Baina egia da hasierakoak ez zirela horrelakoak, askoz eskasagoak zirela.

Askoz eskasagoak? 2009an jaso zenuen Rikardo Arregi Kazetaritza Saria!
Txina modan zegoelako garai hartan!… Sari hura jasotzea oso garrantzitsua izan zen niretzat, hantxe egon zen-eta gure ama, euskaraz tutik ere ez dakiena, bi orduz, denon hitzaldiak entzuten. Gurasoek egin zuten fede jauziaren emaitza izan zen nire saria. Ez nengoen pozik nire garai hartako euskara mailarekin, eta, hala ere, saria jaso nuen: gaztelaniazko sari bat jasotzea baino askoz garrantzitsuagoa, niretzat.

Bruselan hasi zinen berriemaile, handik hona eta hemendik hara ibili zara harrezkero. Hala ere, diotenez, korrespontsalen artean hiri huraxe omen da ardatz. Zer du Bruselak?
Batetik, oso fama txarra, kendu beharrekoa. Esaten didate: “Nahiagoko duzu Paris, Brusela baino, ala?”. Eta nik ezetz, nahiago dudala Brusela. Huraxe izan zen nire lehen korrespontsalia, eta, horrek, ezinbestean, markatu egiten zaitu. Bruselan egin nintzen kazetari, 24 urte nituela. Orduko lankide eta lagunak inoizko profesional eta adiskiderik onenak ditut, edo onenetarikoak. Grisela Pastor, Alfontso Sanchez, Carles Prats, neure senarra [Nando Zanoguera]… kazetari bikainak dira. Bruselan egiten den familia ez dut ikusi beste inon egiten denik.

Bruselako familia, beraz.
Europako Batzordearen bileraren atarietakoak-eta, goizeko zazpietan, lau grado zeropetik, ministroak zer esango duen grabatzeko zain korrespontsalok… Horrek familia egiten laguntzen du, hein handian. Asko ikasi nuen Bruselan, gai arrotz haien artean lan egiten, esaterako, eta asko lagundu ninduten. Gai garrantzi handiko bat minutu erdian kontatzen ikasteko ez dago Bruselako eskola bezalakorik: direktiba handiak, proposamen sakonak, goi-bilera luzeak datoz Bruselatik, eta ñabardura asko dituzten berriak labur kontatu beharra izaten dugu. Eta, horretarako, albiste garrantzitsua labur kontatzen ikasteko, ez dago Brusela baino hoberik. Kazetari bati entzun niona duzu, korrespontsabilitateak asko direla, baina, azkenean, beti, Bruselak erabakitzen duela.

                                                                                        *          *          *

Beijing

“Garai hartan bagenuen kolaboratzaile bat, Sergi Vicente, TV3ko berriemailea. Ezer handia gertatzen zenean, Teleberri-rako ere lan egiten zuen, baina ez Gaur Egun-erako. Baina iruditu zitzaidan Txina pisua hartzen ari zela, pisu handia, eta pentsatu nuen herrialde hura erakutsi behar genuela. Ez zen, beraz, Neguko Olinpiar Jokoen gorabehera izan, bakarrik. Jaime Otamendi zen albistegiburu; Mikel Reparaz, irratietako albistegietako buru. Txinako korrespontsal izatea proposatu nien, eta haiek, berriz, telebistako ez ezik, irratiko lana ere egiteko eskatu zidaten. Eta halaxe”.

Korrespontsal izateko

“Hainbat mezu jaso ohi ditut, gaztetxoek bidalitakoak: ‘Kaixo, Olatz, asko miresten zaitut, jarraitzen zaitut… zer egin beharko nuke korrespontsal izateko?’. Gauza bera esaten dut beti: ‘Aurreztu, eta joan inor ez dagoen tokira’. Garai batean, Errusiara. ‘Beharbada, lehenengoan ez dizute albisterik erosiko, baina zuk segi’. Ez da erraza, asko saiatzen dira freelance moduan lanean han eta hemen, eta gero eta zailagoa da”.

AZKEN HITZA

Master

“Gurea da ‘master gauza guztietan, master ezertan ere ez’. Bat-batean Parisetik Kortsikara, bestean futbol txapelketara… Azkenean, edozein egoeratatik libre irteteko tresnak ematen dizkizu korrespontsal lanak”.


ASTEKARIA
2023ko urtarrilaren 29a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
2024-03-21 | Euskal Irratiak
Urtzi Urkizu
"Susmoa dut gizartearen parte handi batean badagoela kezka ETB-rekin"

Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


2024-02-28 | ARGIA
Hedabideetako langileek elkarretaratzeak egin dituzte, Gonzalezen askatasuna eskatzeko

Euskal Herriko komunikabide eta kazetari ugarik, tartean ARGIAk, Pablo Gonzalezen egoera salatu eta haren askatasuna eskatu dute.


Eguneraketa berriak daude