ARGIA.eus

Bultza kazetaritza independentea
Maialen Diaz. Antzerkigile eraldatzailea

"Beste mundu bat errealitate bihurtzeko, lehenago imajinatu behar dugu, hori ematen digu antzerkiak"

  • Azala azalaren kontra du izena Maialen Diaz Urrizak abian jarri nahi duen gaztetxoentzako antzerki tailerrak eta azala azalarekin aritzea ere mundua hobetzeko bidea dela sinetsita dago. Errefuxiatuak, migranteak, garbitokietako emakumeak, giza salerosketaren biktimak... pertsona hauen guztien larruazalean sartuta, mundua oso bestelakoa ikusten dela esaten digu Maialenek.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Reyes Ilintxeta
@ReyesIlintxeta

2023ko urtarrilaren 22a
Maialen Diaz Urriza.  Beltzuntze, 1988

Nafarroako Antzerki Eskolan Arte Dramatikoko ikasketa profesionalak eta NUPen irakasle-ikasketak burutu ondoren Madrilera joan zen. Han William Layton laborategian ikasi zuen Nafarroako Gobernuaren beka bati esker eta dramaturgia graduondoko bat egin zuen. Errefuxiatuez, deserriaz eta feminismoaz hitz egiten du berak idatzitako antzezlanetan. Madrilgo Calatea antzerki taldeko kidea da eta Azala azalaren kontra, antzerkia eta hezkuntza bateratzen dituen haien proiektua, sarri Euskal Herrira ekartzeko asmoa du.

Nafarroan ez-ezik Madrilen ere antzerki ikasketak burutu dituzu. Formakuntza prozesu luzea izan da?
Zorte handia eta gauza asko ikasteko aukerak izan ditut. Talentuaz eta irudimenaz asko hitz egiten da, baina antzerki teknika aldarrikatu eta balioetsi egin behar da. Kultura sortzen duten ezagupenen corpus indartsu bat badugu eta hori ezagutzeak praktika artistikoa aberasten du.

Ikasketak bukatutakoan zergatik erabaki zenuen Madrilen gelditzea?
Han gelditu nahi nuela sentitu nuelako. Hasi nintzen Piel con Piel izeneko tailer bat ematen Calatea konpainiarekin eta proiektu honekin maitemindu nintzen.

Sorkuntza lanean ari bazara nahi duzun tokian bizi zaitezke, baina, nire ustez, garrantzitsua da beste lekuetan gertatzen ari dena ezagutzea. Azken finean, antzerkia praktika artistiko kolektibo bat da eta besteek zer egiten duten ikusiz, zure praktika errazago elikatu ahal izango duzu. Nik aberasgarri ikusten dut.

Baina Euskal Herria bezalako herri txikientzat ez da arriskutsua talentuak polo magnetiko horietara alde egitea?
Nik uste dut joan baino gehiago talentuak bidaiatzen duela. Gure arloan talentua nomada da eta hori ona da kulturaren panorama aberasten duelako. Bestalde, badira hemen sakonki errotuak dauden talde eta artistak, ezinbesteko lana burutzen dutenak eta horiek ere indartu egin behar dira. Batzuk eta besteak, denak dira beharrezkoak gure kultura sistema aberasteko.

Arte eszenikoei dagokienez, kontuan hartu beharra dago denbora bat, espazio bat eta talde-lana eskatzen dituztela. Zentzu horretan, formakuntza espazioek, gazte konpainiek, egonaldi artistikoak egiteko aukerak eskaintzen dituzten lekuek garrantzi handia dute. Oro har, espazio, denbora eta lana ahalbidetzea kulturgintza hauspotzea da.

Guk, azken finean, baldintza egokiak behar ditugu lanerako, beste edozein ogibidek bezalaxe. Hori dela eta, garrantzi handia dute sormen lana sustatzeko laguntza guztiek. Lore More taldearekin Trapu zikinak lana sortu genuen, esaterako, Geuretik Sortuak Udalbiltzaren bekari esker. Oso ekimen potentea da eta bertako sortzaileoi aukera oso ona ematen digu proiektuak materialki posible egiteko. Beka hau deialdi bereziki interesgarria da lurraldetasunarekiko atxikimendua eta sormenaren balioestea barnebiltzen duelako.

Nola sortu zen Lore More?
Mikele Urroz eta bion arteko adiskidetasunetik sortu zen. Konpainia bat sortzea erabaki genuen nahi genituzkeen gauzez hitz egiteko. 2018an Erriberriko Antzerki Jaialdian Maxima estrella, Luces de Bohemia-ren egokitzapen bat egin genuen Naiara Carmonarekin batera. Horren ostean Herri Hura, neuk idatzitako testuaren irakurketa dramatizatua egin genuen Tabakaleran eta gero Udalbiltzaren Geuretik sortuak beka iritsi zen. Mikele eta biok, Laura Villanueva aktore eta abeslaria, eta Lucia Ezker ekoizlea hasi ginen lanean lan hau egiteko. Oso prozesu polita izan da.

Zertaz mintzo zarete Trapu zikinak antzezlanean?
Garbitokietan ibiltzen ziren emakumeentzako omenaldi bat da lana. Gure arbasoen arteko elkar-laguntza sareak nabarmendu nahi izan ditugu. Garbitokietara emakumeak lan gogor bat egitera joaten ziren, hori hala da eta ez dugu erromantizatu nahi, baina egia da hor ere elkar babeserako sareak sortzen zirela.

"Oso interesgarria izan da  Orkoienen sortutako bat Ekuadorko batekin elkartzea eta galdetzea zer den haientzat hiri batek harrera egitea”

Lantokiak baino zerbait gehiago ziren, beraz?
Bai, topalekuak ziren. Emakumeek sozializatzeko zeukaten toki bakarrenetako bat zen. Kartzela eta eliza kenduta, garbitokiak eta iturriak ziren emakumeak etxetik kanpo biltzen ziren ia toki bakarrak. Ikertu dugunaren arabera, genero rola eraikitzeko toki garrantzitsua ere bazen. Hor ebazten zen nor zen txukuna, nor traketsa, nor puntuala... Zigor sozialak ere han ematen ziren, zalantzarik gabe, baina guk baloratu nahi izan dugu beste aldea, elkar-laguntzarena. Batzuetan norberaren trapu zikinak elkarri kontatzea edo besteen laguntza jasotzea garbitze ariketa moduko bat da eta guk metafora horrekin lan egin dugu.

Kantu zahar ederrak abesten dituzue…
Bai. Lana goxatzeko emakumeek asko kantatzen zuten garbitokietan. Galdezka eta informazio bila ibili gara han eta hemen, eta hori oso lan polita izan da.

Hainbat euskalki erabiltzen dituzue. Zergatik?
Zenbait lurraldetako errealitateak islatu nahi izan ditugu eta horretarako hainbat euskalki baliatu ditugu. Azken finean Euskal Herrian barnako bidaia moduko bat da. Aniztasun hori gure hizkuntzak eskaintzen digun opari bat da.

Bekak ahalbidetutako 27 emanaldiez gain, beste batzuk egin dituzue. Zein da hemendik aurrerako asmoa?
Hemendik aurrera bai antzokietan baita herrietako garbilekuetan ere egiten jarraitzea. Garbilekuetan egiteak badu xarma berezia. Herri askotan berreskuratu dituzte garbitoki edo latsarri ederrak eta polita da imajinatzea han izan diren elkarrizketak eta aitorpenak. Giro berezia sortzen da publikoa hurbilago egonda, ura bertan izanda…

Argazkia: Dani Blanco

Etxerik txikiena antzezlanean errefuxiatuei buruz hitz egiten diezu haurrei. Hori nola egiten da?
Adorez, tentuz eta konfiantzaz. Haurren kasuan oso garrantzitsua da itxaropena inoiz ez galtzea eta pentsatzea bizitzak beti aurkitzen duela zirrikitu bat aurrera jarraitzeko. Errefuxiatuen dramarekin amaitzeko haurrei ezin diegu esan armen trafikoa edo gerra xede duten negozioak gelditu beharko liratekeela edo diruaren banaketa justuago bat beharko litzatekeela munduan… Fenomeno konplexuak dira eta haien esku-hartze eremutik kanpo daude; horrek inpotentzia handia eragin dezake eta sentsazio horrek, azkenik, ezer egin ez daitekeela sinestera eraman. Haien esku dagoena erakutsi beharko diegu eta horregatik lagunak zaintzeaz eta beste pertsonen babesleku izateaz hitz egiten diet lan horretan. Aurrera atera ahal izateko, haurrei beti eskaini behar zaie itxaropena.

Herri hura lanean deserriaz mintzo zara.
Bai. Helduei kontatutako istorioa da. Sorterria utzi beharrak potentzialki gertatu ahal ziren istorioak alde batera uztea ere badakar. Horregatik dolu doinua dauka lan honek. Izan zitekeenaren inguruko istorio bat da. Mugitzeko erabakia ez dagoela jende guztiaren esku erakusten du. Batzuek pribilegio hori dugu, baina beste askok ez. Begirada feminista ezinbesteko perspektiba dugun bezala, argi eduki behar genuke arrazializatuta dauden pertsonen, pobrezia egoeran daudenen edo errefuxiatuen begiekin ere begiratu behar dugula mundua.

Iruñean bigarren aldiz egin berri den Teatrodix jaialdian hartu duzu parte. Zer da hori?
Arteriak-ek eta Paris 365ek sortutako ekimena da. Paris 365ek pobrezia edo gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonen elikadura duina bermatzen du batez ere, baina zer gertatzen da haien kultura-nahiekin? Nola bermatu behar zaio kulturarako sarbidea bere behar fisikoak asetzeko zailtasunak dituenari? Beste elkarte batzuekin elkarlanean, aurten antzerki komunitario eta sozialean murgildu gara. Aurtengo gaia kulturartekotasuna, bizikidetza aniztasunean eta migrazioak izan dira. Oso interesgarria izan da, adibidez, Orkoienen sortutako bat, Ekuadorren sortutako beste batekin elkartzea eta galdetzea zer den haientzat hiri batek harrera egitea. Zer behar duten batzuek eta besteek ongi etorriak direla sentitzeko. Denbora behar dugu elkarrekin egoteko, elkarri entzuteko eta elkarrekin bizitzeko modu berriak asmatzeko.

Zer da Azala azalaren kontra proiektua?
Ni Nafarroako Antzerki Eskolan edo ikastetxeetan antzerki ikastaroak ematen aritua naiz, baina tailer hau desberdina da. Ez da horrenbeste antzerki teknikak erakustea eta muntaia bat egitea, baizik eta antzerkia erabiltzea ikerketa eszeniko bat egiteko. Tailer honetan aztertzen ditugu sexu indarkeriarekin zerikusirik dauzkaten fenomenoak edota sexu-esplotaziorako pertsonen salerosketa bezalako gaiak. Gaztetxoen artean errealitate hauekiko sentsibilizazioa sortzea da ekimenaren helburua. Ez da hainbeste guk kontatzea fenomeno hauek badirela, nola horren inguruko gogoeta kolektiboa egitea.

Inprobisazioen bidez hasten gara egoera desberdinak proposatzen. Adibidez: zu Errumaniakoa zara, maitemintzen zara gizon batekin eta honek esaten dizu Espainiara joateko berarekin lan baten bila. Hori izan daiteke inprobisazio baten abiapuntua. Egoera desberdinak lantzen ditugu gorputzetik, emoziotik... Pertsona horien larruan sartzen gara. Horrela azaldu nahi dugu ez daudela pertsona batzuk oso onak direnak eta beste batzuk oso gaiztoak, baizik eta pertsona guztiak oso konplexuak garela, egoera desberdinak bizitzen ditugula eta egoera horiek ere moldatzen gaituztela. Ulertzen saiatzen gara. Ulermen humanistikoa, sakona, planteatzen dugu.

Baina giza-trafikanteen larruan jartzen diren ikasleek haiekin ere enpatizatzen dute?
Enpatizatzea zaila da kasu hauetan. Gauza bat da ulertzea jokabide batzuk eragin dituzten arrazoiak eta beste bat horiekin bat egitea. Oso egoera interesgarriak planteatzen dira ariketetan. Adibidez: oso toki pobre batekoa zen pertsona bat salerosketan sartzen da bere familia bizirik jarraitzeko dirua behar duelako. Ez da erraza. Gertaeren atzean dauden arrazoiak ezagutu behar dira ere bai, baina horrek ez du esan nahi portaera horiekin ados zaudenik.

Ariketa hauen bidez gazteei galdetzen diegu ea nola nahi genukeen mundu hau izatea. Aukera ematen diegu antzerkiaren bidez halako magia bat egiteko eta beste errealitateak proposatzeko. Salaketa egitea oso ongi dago eta ezinbestekoa da, baina honetaz gain alternatibak eraikitzeko saiakera egin behar dugu, fikzioan bada ere. Beste mundu bat eraikitzeko, lehenago imajinatu behar dugu eta hori da antzerkiak ematen digun aukera.

"Begirada feminista ezinbesteko perspektiba dugun bezala, argi eduki behar genuke arrazializatuta dauden pertsonen, pobrezia egoeran daudenen edo errefuxiatuen begiekin ere begiratu behar dugula mundua"
 

Hori da hona ekarri nahi duzun proiektua?
Bai. Urtero egiten da Madrilen duela zazpi urte eta Bartzelonan duela lau. Nire asmoa da datorren ikasturtean hemen talde bat edo bi ateratzea, Nafarroa mailan hasteko, baina gero Euskal Herrian, oro har. Madrilgo eta Bartzelonako taldeekin harremanetan egotea da ideia, elkar eragin oso interesgarriak egon daitezkeelako. 15-17 urteko gazteek parte hartzen dute tailer horietan modu boluntarioan eta doan, horregatik bilatu behar da hainbat ikastetxeren eta entitateren inplikazioa halako proiektuak aurrera eramateko.

Gaztetxoek nola parte-hartzen dute?
Asko estimatzen dute haien iritzia entzuna dela sentitzea. Guk galderak egiten dizkiegu eta saiatzen gara elkarrekin pentsatzen. Elkarrekin pentsatzeak suposatzen du tailerra eramaten dugun helduok ere hausnarketa prozesua partekatzen dugula; ez ditugula gazteak gure ondorioetara eraman nahi, baizik eta elkarrekin bueltak eman gaie, dudak partekatuz ere, errespetuz eta taldea erabiliz ikaskuntza leku bezala. Norberaren iritziari besteek balioa ematea edonori gustatzen zaio.

Uste dut gaur egungo gazteen egoera oso zaila dela. Estimulu piloa dute eta iruditeria gogor bat nolakoak izan behar duten agintzen diena. Norberaren identitatea bada deskubritzen edo egiten den zerbait, eta horretarako denbora behar da. Bilaketa tarte horretan, batzuetan ez dago gauza handirik kontatzeko edo erakusteko, baina egungo munduan kontrakoa gertatzen da eta gaztetxoei aldioro esposizioa eskatzen zaie, argazkia, iritzia, erantzuna... eta oso zaila egiten zaie zonalde gris horietan presio horrekin bizitzea. Antzerki jolasek ahalbidetzen dute lagunarteko eta berdinen arteko espazioak sortzea. Gazteek behar dute hurbiltasuna, berdinekin harremanetan jartzea eta talde bateko kide izatea, eta hori, gainera, bi urtez izan dute debekatuta pandemia dela eta. Horrek kalte larriak sortu dizkie eta beharko genituzke toki fisikoak jolasteko, dantzatzeko… hori dena gainditzeko eta elkarrekin bizitza eraikitzeak ekartzen dizkigun onurak partekatzeko.

                                                                                           *          *          *

AZKEN HITZA
Emakume sortzaileak

"Ohitzen hasi gara emakumeak sortzaile bezala ikusten, zorionez, baina, aldi berean, oraindik asko dago egiteke. Genero begiradatik ikusita, adibidez, antzerki testu klasiko asko dardara eragiteko modukoak dira. Gure iruditegia eraiki behar dugu. Feminismoak oso aurrerapauso handiak eman ditu bizitzako hainbat alorretan, eta horiek gure istorioak kontatzeko modura ekartzeko lana dugu egiteke. Begirada despatriarkalizatu behar dugu imajinario kolektiboan dauden istorioei begiratzeko".


Antzerkia kanaletik interesatuko zaizu...
Sua eta kea, elkarren beharrez

Espektatibak handiagoak dira estreinaldia denean. Publikoak ez du obrarekiko inolako erreferentziarik, eta hura taularatzeko ganorazkoa bada ona izatea espero du aurrez. Presioa eta urduritasuna handiagoa da, beraz, sortzaileentzat ere, baina horrek ez du zertan negatiboa izan... [+]


Bilboko hainbat oholtza dramaturgiaz josiko ditu Lautan Hiru antzerki jaialdiak

Bosgarren edizioa izango du ekimenak, eta otsaileko lau ostegun iluntzetan hainbat areto, oholtza edo elkarte bisitatuko dituzte. Euskarazko antzerkia hauspotzea da egitasmoaren helburua, eta antzerkilariei plaza berrietan aritzeko modua ematea.


2023-01-19 | Lide Iraola
Ez da buhamerik izango maskaradetan aurrerantzean, arrazakerian oinarrituta zegoelako

Hasi dira maskaradak Zuberoan, urteroko tradizioari jarraiki. Alabaina, tradizioak aldatu daitezkeela erakutsi dute aurten Maulen: lehen aldiz, ez da buhamerik izango. Pertsonaia horiek ijitoak ziren, eta estereotipoetatik eta arrazakeriaz antzezten zirela salatu izan dute... [+]


Eguneraketa berriak daude