Erlezaintzaren globalizazioari biziraun ezinean

  • Erleen galera orokorraren inguruan asko irakurri dugu azken urteotan, baina gaurkoan, erlezaintzak Euskal Herrian bizi duen beste errealitate latz batez jardungo gara: bertako erle beltzaren desagerpenaz. “Kanpoko beste erle azpiespezieekin hibridatzen ari da erle beltza, eta gero eta zailagoa da bertakoa mantentzea. Ipar Euskal Herrian galdutzat eman daiteke honezkero; Hegoaldean ere gero eta hedatuago daude kanpoko arrazak eta egoera nabarmen ari da okertzen azken urteotan”, azaldu du Egoitz Galartza ERBEL Erle Beltz Hazleen Elkarteko kideak.

Argazki honetan erle beltzak ageri dira eta tartean hibridoak ere bai, gorputz erdia horia dutelako nabarmentzen direnak. Argazkia: Dani Blanco.
Argazki honetan erle beltzak ageri dira eta tartean hibridoak ere bai, gorputz erdia horia dutelako nabarmentzen direnak. Argazkia: Dani Blanco.

2023ko urtarrilaren 22an

Europan ia erabat desagertua den erlearen gordailu modukoa dugu egun Euskal Herrian, “altxor bat”, eta horregatik ere nabarmentzen dute elkartetik ezinbestekoa dela berandu baino lehen erreakzionatzea eta neurri zehatzak hartzea. Zer dago, baina, bertako erlearen galera horren atzean, eta zergatik da garrantzitsua desagertzen ez uztea? Nola gertatzen da azpiespezieen arteko nahastea, eta zergatik suertatzen da galtzaile erle beltza partida horretan? Horretaz guztiaz aritu gara Egoitz Galartzarekin, eta erle beltzarekin diharduten baina egoera zailtzen ari zaien Arabako eta Lapurdiko erlezain banaren esperientziak ere jaso ditugu.

Erle beltza, edo zertaz ari garen "bertako" diogunean

Apis mellifera mellifera eta Apis mellifera iberiensis arrazak dira bertako erle beltza gisa izendatzen direnak. “Erleen kasuan, hesi geografikoek bereizi dituzte arrazak: Apis mellifera iberiensis Pirinioetatik hegoaldera dagoen azpiespeziea da, eta Pirinioetatik iparralderako Europa osoan, berriz, Apis mellifera mellifera da arraza”, azaldu du Galartza erlezainak. Bi arraza diferente izanda ere, jatorri bera dute, glaziazio ondoren Iberiar penintsulatik Europa osora zabaldu baitziren. “Euskal Herria justu Pirinioek bereizten dute, eta beraz, iparraldekoa A. mellifera mellifera litzateke, eta hegoaldekoa A. mellifera iberiensis”. Dena dela, azpimarratu du bi horiek oso antzekoak direla, eta hurbilago dagoela Gipuzkoako erle beltza Lapurdikotik Andaluziakotik baino.
Azken batean, mendikateek ezarri dituzte mugak historikoki, erleak ez baitziren horiek gurutzatzera iristen. Baina, zer gertatzen da gaur egun? Erleak autoan mugitzen direla –tira, egokiagoa da "mugitzen ditugula" esatea– maiz, eta posible dela erreginak Internetez erostea eta kutxatxo batean munduko beste puntatik jasotzea. Erleen globalizazioak mugarri bat jarri du bertako arrazen bilakaeran eta biziraupenean.

Egoitz Galartza ERBEL elkarteko kidea. Argazkia: Dani Blanco.

“Batzuetan, ematen du ikuspegi nazi xamarra dugula bertakoaren purutasuna aldarrikatuta, baina genetikan horrela izaten da: bertako erlearen geneak hemengo baldintzetara eginak daude, ohituta daude hemengo klimara eta klimaren aldaketetara, landaredira, eta badakigu nola portatuko diren urtean zehar”, dio Galartzak. Egokitzapen lokala eta dibertsitate genetikoa azpimarratzen ditu erlezainak erle beltzaren garrantziaz hitz egiterakoan. Oso dibertsoa izanik, bere populazioko geneen artean denetik dago, eta horrek moldatzeko gaitasuna ematen dio. Alegia, aldaketak nagusi diren garaiotan, populazio horretan beti egonen direla erle batzuk egoera berrira egokitzeko gai izan eta biziraunen dutenak.

Aurrekoari lotuta doa dibertsitate genetikoarena. “Badirudi bertako erlea kanpoko arrazekin nahasteak aberastu eginen duela genetikoki, ezta? Bada, ez, justu kontrakoa gertatzen da, kanpokoaren geneek bertako erlearenak ordezkatzen dituztelako, desplazatu, eta jatorri murritzeko geneak sartzen dira jokoan eta dibertsitate galera ekartzen dute”. Lehen hemen ez zeuden geneak dakartzate kanpoko azpiespezieek, baina dibertsitatean irabazi beharrean galdu egiten da. 

Erle beltza.
Erle beltzaren ezaugarriak

Fisikoki, izenak dioen bezala, azal guztia beltza izaten du –horregatik da erraza ikusi hutsean hibridatutako erleetatik eta beste azpiespezieetatik bereiztea–. Gutxi selekzionatutako erlea da, eta portaeraren aldetik, mendikoa eta inguruari ongi egokitua, erlakumea botatzen nahiko zalea [ikus "erleak ulertzeko hiztegitxoa" koadroan zer den erlakumea botatzea]. Guztiz erasokorra ez bada ere, badu bere izaera, erlezainek ongi babestuta joan behar izaten dute.

Kanpoko arrazen erabilera, edo erleen obsoleszentzia programatua

Galartzak dioenez, gero eta jende gehiago iristen da erlezaintzaren mundura Interneten bidez, tokiko erlezain elkarteetatik izan beharrean. Horietako askok, kanpoko arraza hibridatuetara jotzen du bertako arrazetara beharrean: “Hibrido horiek oso ongi ari dira funtzionatzen: erle onak dira, mantsoak eta otzanak, produktiboak, ez dute erlakumerik botatzen [ikus "erleak ulertzeko hiztegitxoa" koadroan zer den erlakumea botatzea]… arrakasta handia ari da izaten, batez ere Buckfast izena duen komertzial hibridoa”. Italiako Apis mellifera linguistica eta Balkanetako Apis mellifera carnica ere sartu omen da gurean.

Aipatutako komertzial hibrido horiek, ordea, tranpatxo bat dute atzean. “Batez ere erregina saltzen dutenei interesatzen zaizkie hibrido horiek. Zergatik? Zuk ongi funtzionatzen duen hibridoa erosten duzu, baina hori bertako arrazako erleekin nahasten denean ezaugarri on horiek galtzen ditu, kaxkarragoa bihurtzen da. Eta, zer egiten duzu? Bada, berriz erosi”. Alegia, Buckfast horiek beti eskatzen dutela itzulera bat… erlezaintzako obsoleszentzia programatua ote? Nekazaritzan hazi hibrido komertzialekin gertatzen dena dakar gogora kontuak.

Mapa honek A. m. iberiensis azpiespeziearen dibertsitate genetikoaren mailak erakusten ditu.
Lerro beltz jarraiak adierazten du azpiespezie iberikoaren eta A. m. mellifera (Pirinioen iparraldean) eta A. m. intermissa (Afrikaren iparraldean) azpiespezieen arteko banaketa.
Lerro beltz etenek adierazten dituzte azpiespezie iberikoaren populazioak.
A mapan M (urdinez) eta A (gorriz) leinuen maiztasun haplotipikoen gradientea iparretik hegora, mitokondrioko DNAren azterketetan oinarrituta.
Gezi diagonalak adierazten du gradientearen noranzkoa.
Gezi gorriak adierazten du gizakiak Afrika iparraldetik sarturiko populazioa.
B mapan Iberiar penintsulan dauden A. m. iberiensis populazioak, nukleoko DNAren azterketetan oinarrituta.
Hibridazio prozesua, edo erreginaren arraza arteko kopula-hegaldia

Bertako erle beltzaren galeraren atzean, beraz, kanpoko arrazekin gertatzen ari den hibridazioa dagoela ikasi dugu. Baina, nola gertatzen da hibridazio prozesu hori? Hain erraza al da bertako erlea kanpoko azpiespezieekin nahastea eta bere ezaugarri propioak galtzea? Erleen ugalketa harrigarriaz Galartzak emandako azalpenekin, erraz ulertuko dugu baietz: “Erregina bat kanpoko erlamandoekin [ikus "erleak ulertzeko hiztegitxoa"ren koadroan zer den erlamandoa] nahasten denean gertatzen da hibridazioa. Erregina jaiotzean birjina da, eta erlauntzatik kanpora ateratzen da erlamandoekin estaltzera. Hegaldi horietan guztira 12-20 erlamandorekin estaltzen da, eta bera bizi den arte, betiko eramanen du barruan semen hori. Bizirik mantentzen du, behar duen heinean erabiltzeko”. Txundigarria, ezta? Kalkulatzen da urtean 50.000 arrautza inguru jartzen dituela.

Baina, adi, zer esan nahi du horrek? Bada, erle erregina beltza kopula-hegaldian kanpoko azpiespezieko erlamando batekin –edo birekin, edo hirurekin…– estaltzen denean, nahasketa horretako arrautzak jartzen joanen dela urteetan, eta erlakumea urtero botatzen badu, hori hedatzen doala. Kontuan hartzekoa da, gainera, erle erreginak erlauntzatik urrutira joan daitezkeela, bi edo hiru kilometrotara, eta erlamandoek ere bost kilometro baino gehiago egin ditzaketela. Beraz, aukera handia dago hamar bat kilometroko distantziara dauden bi kolonia harremanetan jartzeko. “Oso erraza da erlauntza desberdinetakoak nahastea, eta horrela behar du gainera, baina arazo bihurtzen da kanpoko erleak datozenean”, gehitu du erlezainak.

Ipar Euskal Herrian, aurretik aipatu bezala –eta Mikela Untsainek ondoko koadroan kontatu digunez–, kanpoko arrazen erabilera guztiz zabaldua dago, ezinezkoa da hibridazioa ekiditea eta erle beltzarekin bakarrik lan egitea. Hego Euskal Herrian, berriz, Bizkaian nahiko hedatua omen dago kanpokoen erabilera, baina Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan gutxiago. Hori bai, hiru toki horietan orain arte apenas arazorik izan ez badute ere, azken urteotan gero eta erle hibrido gehiago agertzen hasi dira eta erlezainak kezkatuta daude. “Neronek Lizarraldean ditut erleak, eta hemen ikusten dugu askotan erlezainak kanpotik datozela eguzkilorera edo koltzara. Agian 200 erlauntza dakartzate, eta horiek hemengoekin nahasten dira, ez baitago horren inguruko inolako kontrolik”.

Egoitz Galartzak Lizarraldean dauzka erlauntzak. Argazkia: Dani Blanco.
Erleak ulertzeko hiztegitxoa

Erle erregina: erlauntzako eme ugalkor bakarra, arrautzak erruten dituen bakarra.

Erlamandoa: erle arrak, eztenik ez duten bakarrak. Ez dute eztirik edo argizaririk ekoizten, ezta polenik biltzen ere, haien egiteko bakarra erregina ernaltzea baita. Behin funtzio hori beteta, hil egiten dira.

Erleen agresibitatea: bertako erlearen ziztatzeko joera da kanpoko arrazak erabiltzearen arrazoietako bat; horietako batzuk oso otzanak baitira.
    
Erlakumea botatzea: erlauntza zatitzea da, kolonia batetik bi egitea, haien ugaltzeko forma naturala. Erlauntzan erregina berri bat egiten dute, eta erregina zaharrak erle erdiekin alde egiten du. Hori da maiz airean edo adarretatik zintzilik ikusten duguna. Erlezainarentzat galera dakar, eztia egiten ari direnean botatzen dutelako erlakumea, ezti ekoizpena erabat etenez. Joera hori ahalik eta txikiena izatea bilatzen dute hibridazioarekin, beraz.

Erregulatzea, biziraupenerako aukera bakarra

Eta, hibridazioaren aurrean, zein aukera ditu bertako arrazarekin lan egiteko apustua egin duen erlezainak? Bi aukera: ezaugarri txarragoak dituzten hibridatutako erleekin lanean jarraitzea, edo hibridatutakoa baztertu eta berriz bertako erregina sartzea. Noski, bigarren aukera horrek gastua eta lana eskatzen die, eta bereziki sentsibilizatuak daudenek soilik egiten dute. Hala ere, erle beltzaren desagerpena ekiditeko irtenbide bakarra ikusten dute elkarrizketatutako erlezainek: “Kanpoko arrazen erabilera arautzea ezinbestekoa da, eta hori erabaki administratibo bat da”, dio Galartzak.

Erabilera hori debekatzea da ERBELetik eskatzen dutena, azpimarratzen baitute bata edo bestea hautatu behar dela, bateraezina delako bi arraza desberdin leku berean erabiltzea. “Diote merkatu librea dugula eta ezin dela zer erosi daitekeen eta zer ez arautu, baina zuk arraza hori erabiltzeagatik nik ezin badut nirea erabili… nola bermatzen da nire eskubidea?”, galdetzen du. Beste abere batzuen kasuan badira araudiak indarrean; Aralarren, esaterako, debekatua dago latxa ez den beste ardi arraza bat sartzea bazkaleku komunetan.

“Esan dugu Frantzian ia guztiz galdua dagoela Apis mellifera mellifera, Alemanian ere ez dago bertako erlerik, Errusia aldean mantentzen da, Irlandan irlatxo batzuk ere bai… baina esfortzu handiak egiten ari dira bertako erlea errekuperatzeko”. Euskal Herriko hegoaldean, zorionez, fase hori baino dezentez lehenago gaude, baina egoera horretara ez iristeko neurriak hartzeko deia da bertako erle beltza mantentzeko lanean ari direnek exijitzen dutena. “Arriskua hor dago, eta ez genuke nahi hemendik hamar urtera kontserba guneak bilatu behar izatea, errekuperazio programa bat martxan jarri behar izatea… askoz hobea da neurriak aurretik hartzea”, amaitu du Galartzak. Bide horretan, bertako erle beltzaren hobekuntza eta kontserbazioa bultzatzeko helburuz, hautespen programa martxan du ERBELek. “Erreginei eta koloniari testak egin eta horien portaera neurtzen eta baloratzen dugu lehenik, eta ondoren, genetikoki daturik onenak ematen dituzten erreginak hartu eta hurrengo belaunaldirako ugaltzen ditugu”. Emaitza onak ematen ari da programa, eta Europa mailan aitzindari da. Bidea bakarrik egitea, baina, ezinezko izanen zaio elkarteari.

Gorka Legorburu.
GORKA LEGORBURU, ARABAKO MENDIALDEA
Birgaragoienen, Sabandon eta Ataurin ditu erleak eta duela hiruzpalau urte izan zituen hibridazio arazoak lehenengoz

“Bi erlauntzetan izan genituen orduan arazoak, baina aurten honezkero bostetan atera zaizkigu. Hemen ez da aurretik inoiz halakorik gertatu. Aspaldi, erle italiarrekin probatzen hasi ziren zonalde honetan, baina negu gogorrei aurre egiten ez zietenez, horretan gelditu zen kontua. Baina orain, gero eta gehiago ikusten hasi gara”.
“Guk orain urrunagoko leku batera daramatzagu erlauntzak erregina berriak ernaltzeko, hor oraindik hibridazio arazorik izan ez dugulako. Horrela, nolabait, arazoa saihesten dugu, baina gero eta kanpoko gehiago sartzen bada, ez dakit zer gertatuko den… Kanpoko arrazekin erraza da: erreginak erosteko bankuak dituztenez, beti mantentzen dute arraza purua, baina azkenean joko horretan sartzen zara: dena erosi, dena negozio”.

Mikaela Untsain.
MIKELA UNTSAIN, AZKAINE
Duela 20 urtetik da erlezain

“Hasieran erle beltza ez zuen inork hazten saltzeko, eta kaukasiarrarekin hasi nintzen. Hiru bat urtetara, Gipuzkoako Erlezain Elkartera hurbildu eta horien bidez jakin nuen bertako erle beltzaren identifikazio lanean ari zirela, kontserbatorio moduko zerbait garatzen, eta horrela hasi nintzen bertako erlea hemen, Iparraldean, berreskuratzen”. Dioenez, inguru horietan bada kontserbatorioren bat oraindik, baina arazo nagusia da erregina-hazleek ez dutela erle beltza selekzionatzen, eta beraz, Hegoaldera edo Espainiara jo beharra dutela horiek eskuratzeko.
“Azken urteotan gero eta erlezain gehiago hasi da Iparraldean profesional gisa, eta horiek beste arrazetara jotzen dutenez, hibridazio arazo handaiak daude. Profesionalizazioarekin lotura estua du, nire ustez, kanpoko arrazen erabilerak. Ni, hasieran, erle beltzarekin bakarrik lan egiten saiatzen nintzen, baina orain, hibridatuak baditut horiekin ere segitzen dut, ez ditut hiltzen, bestela erlerik gabe geldituko nintzateke-eta. Erlekumeak haztean, hori bai, ama beltzen alabak erabiltzen ditut, eta beraz, urte guziz erle beltza sartzen ari naiz, hibridazio arazoa nolabait konpentsatzeko. Baina, bestela, argi dut: gaur egun Iparraldean ezin da erle beltza bakarrik hazi”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erlea
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


2024-02-15 | Estitxu Eizagirre
Mikaela Untsain, erlezaina
"Erlezainik gabe, erleak jada ez dira gai beraien kabuz aurrera egiteko"

Azkainen izan da Mattin Jauregi Egonarria saioko aurkezlea eta erlezaina, mundu horretan erreferentea den Mikaela Untsainen etxean. Erleak iraun dezan gaur egun erlezainen beharra dagoela azaldu dio, erlezainik gabe galdu egingo dela. Zein oinarriren gainean lan egiten duen... [+]


2024-01-29 | Jakoba Errekondo
Emanarazteko tratu txarrak

Neguko inausketa sasoia gainean dugu, hemen dator epaitzeko, epaiak egiteko garaia: epaila. Aspaldi dugu epaila martxotua eta inausketa lanak noiznahi eta nolanahi egiten dira, tartean krimen izugarriak.


Hiru izaera erle bilakatzeko

Erlauntzaren jaiotza erregina estali baten errutearekin hasten da. Hemen ere betikoa, arrautza ala erregina ote zen lehena…


Eguneraketa berriak daude