Felipe Suarez eta Federico Astilleros langileak, Guardia Zibilak tirokatuak

  • 1976an bi lagunen autoa tirokatu zuen Guardia Zibilak Zarautzen. Garaian betiko aitzakia eman zuen indar polizialak, autoa ez zela kontrolean gelditu, kontrola saltatu zuela. Handik bi egunera hila zen Felipe Suarez, buruan jasotako balaren eraginez. Artean, zauriturik baina bizirik zen Federico Astilleros: “Han ez zegoen kontrolik!”, esan izan zuen beti Astillerosek, baita etxeko tabernara kontrakoa esateko agintzera etorri izan zitzaion Guardia Zibilari berari ere. Guardia Zibilak eta Espainiako Gobernuak ez dute inoiz barkamenik eskatu, errudunak ez dira inoiz epaitu.

Felipe Suarez Delgadoren alarguna Valentina eta semea, Felipe, senar eta aitaren hilobian, Palentzian. (Arg.: Zaldi Ero)
Felipe Suarez Delgadoren alarguna Valentina eta semea, Felipe, senar eta aitaren hilobian, Palentzian. (Arg.: Zaldi Ero)

Egunkarietako ebaki zaharretako lerroburuak dira: “Gazte bat hilik, zauritua izan eta gero, kontrol batean ez geratzean [Zarautzen]”, “Zarautz. Hildako bat kontrol bat saltatzean”… 1976ko apirilaren 10ean, larunbata, 21:30ean, Felipe Suarez Delgado eta Federico Astilleros Ocaña Zarauztik Zestoara, etxera zihoazen autoa tirokatu zuen Guardia Zibilak, Zarauztik Meagara bideko orduko lehen bihurgune bihurrian.

Felipe Suarez Delgado auto-gidariak irekita zeraman leihoa. Guardia Zibilak tiro egin eta buruan sartu zitzaion bala, barruan lehertu metraila; Federico Astillerosek, berriz, besoan jaso zuen tiroa. Hurrengo egunean hila zen Suarez, eta ondoko egunetan eman zuten albistea Frankismoa sostengatzen zuten bateko eta besteko egunkariek: kontrola “saltatu” zutela, ez zirela geratu… Hedabideek gertakarien sailera baztertu zuten berria, astea lehenago Anjel Berazadiren hilketari eskainitako azal eta argazkiak ukatuz, adibidez. Eta, hain da horrela, ez baita Guardia Zibilak tiro egin zuen hartan gertatuaren irudirik –inolako erreprodukziorik ez, fotografiarik ez berreraikitzerik–, autoaren argazki “bahitua” baizik: Suarez-Pérez familiak senar eta aita izan zutena biktimatzat aitortzeko eskariaren barruan aurkeztu zuten argazkia Palentziako epaitegian iaz, itzultzeko eskatua ere dute, baina artean ez dute jaso.

Destinoa: Zestoa
1976an Zarauzko hartan hildako Felipe Suarez Delgadoren alarguna da Valentina Pérez Saiz. Palentziako (Espainia) jaioterrian da senarra hil ziotenetik. 50 urte atzera egin eta hasi zaigu: “Gure aita telegrafoetako langilea zen, eta Zestoan jardun zuen lanean, bainuetxeko bulegoan. Zestoan zegoela, Koiote tabernan bizi izan zen, apopilo, eta, geroko batean, nire senarrak –telegrafoetako langilea hura ere–, destinotzat Zestoa hartzeko aukeran izan zuenean, gure aitak haraxe joateko esan zigun, herria polita zela; jendea, adeitsua; gustura egon zela bera han. Haren hitzei jarraikiz joan ginen geu ere Zestoara –senarra eta biok eta bi haurrak–, telegrafo-etxean destinoa hartuta”. Valentina Pérezen inguruan denak ziren telegrafoetakoak: “Gure aita, nire ahizpa, neba, ni neu geroago, eta, denak har, nire senarra, Felipe Suarez Delgado, Zestoako Posta eta Telegrafo bulegoko buru garai hartan”, hau da, 1975eko azarotik 1976ko apirilera arte, Guardia Zibilak Zarautzen tiroz hil zuen arte.

Felipe Suarez Delgado seme-alabekin, goian eta behean.

Felipe Suarez Delgado, 1947an Leonen jaioa, telegrafoetako langile ogibidez, Bartzelonara destinaturik ari zen emazte izango zuena, arestian aipatu dugun Valentina Pérez Saiz, ezagutu zuenean. “Bartzelonara joan nintzaion ahizpari bisitan, hura han baitzen telegrafoetako lanean. Ni han nengoen egunetako batean, lanekoak elkarrekin irten ziren, eta ni ere bai, ahizparen eskutik. Orduantxe ezagutu nuen Felipe, eta hasi genuen harremana. Bera Leongoa –baina Bartzelonan lanean–, Palentziakoa ni, Kataluniatik etxera, Leonera zihoala, Palentzian gelditzen zitzaidan, eta estutu genuen harremana, eta ezkondu ginen 1972an”. Senar-emazte eginik, destinoa mudatu ahal izan zuten, eta, aukeran, Xixonen jarri ziren bizitzen.

 

Argazkiak.: Familiak utziak

Felipe Suarez Delgado Leonen (Espainia) jaioa zen, baina asturiarrak zituen gurasoak eta, bestalde, familia osoa ere andre-etxe Palentziatik hurreago zegoen Xixonen, Bartzelonan baino. “Gure bi seme-alabak Xixonen jaio ziren, eta han ginela, destino berria hartzea egokitu zitzaion Feliperi. Ez genuen Palentziako herririk aukeran, baina balizko destinoen artean, ordea, Zestoa agertu zitzaigun, eta, herri hura agerturik, gure aitak haraxe joateko bihotz eman zigun”, Valentinaren aita han egona baitzen lanean, lehenago esan dugunez, eta ezagutzen baitzuen herria. Lagun zituen zenbait herritar eta, denak har, Koiote tabernako Astilleros-Izeta familiako kideak. “Eta gure aitak lagundurik, familia osoa etorri ginen Zestoara, herria ikustera”. Eta ikusi zuten, eta bertan jarri ziren lanean eta bizitzen.

 

“Aitak esaten zuen guardia zibilak ezkutatuta zeudela, konturatu zeneko
ta-ta-ta-ta! aditu zuela eta sorbaldaren kontra zeukala Feliperen burua”

Marian Astilleros Izeta

Hala ere, kezkarik ere bazuen Valentinaren aitak: “Gure aitari beldurra ematen zion posta eta telegrafo bulegoa guardia zibilen kuartelaren ondoan egoteak. ‘Kontuz ibili!’, esaten zuen, ‘ez ahal da gertatuko baten batek, ETAkoek edo, haiei eraso egitea, eta zuek min hartzea!’. Horixe esaten zuen. Eta, azkenean, Guardia Zibilak berak hil zuen Felipe!”, esan digu Valentina Pérez Saizek.

Suarez-Pérez familia aise jarri zen Zestoako bizimodura. Esaten du oraindik Valentina Pérez Saizek: “Oso ongi hartu gintuzten Zestoan. Bi haur txiki nituen, Felipe eta Noelia, hiru eta bi urtekoak. Kurtsoa hasita zegoen, baina hantxe hartu zuten eskolan Felipe. Noelia nirekin zen, etxean [Santa Kruz kalea 5, 3. ezk.], eta gogoan dut banituela auzo bi oso jatorrak; batek Manoli zuen izena, bestearen izenaz ez naiz gogoratzen. ‘Izeba’, esaten zieten gure umeek”. Beste oroitzarik ere badu Valentina Pérezek: “Gure mutikoak, Felipek, ondoezen bat izan zuen, eta medikuarenera eraman nuen. Gu funtzionario ginen, ez genuen gizarte segurantzarik, baina medikuak ez zuen eragozpenik izan gu atenditzeko. Ez genuen denbora askorik egin Zestoan, baina asko maite gintuztela esango nuke”. Horretan da Valentina Pérez.

Eta azaroaren 20az gero, urak bere bidea egin zuen lau hilabetez, 1976ko apirilaren 10 arte.

Guardia Zibilaren ez-kontrola
Lagun mami egin ziren Felipe Suarez Delgado eta Federico Astilleros. Lanetik irten eta elkarrekin ziren biak beti edo gehienean. Horretan, funtzionarioa destinorik destino beti. Erretiroa hartu zuen Palentziako Herrera Pisuergako telegrafoetako buruak. Tokia hutsik, eta Palentziara nahian beti Suarez-Pérez familia, haraxe eskatu zuen Felipe Suarez Delgadok. Lortu ere bai plaza. Bi lagunek agurtzeko garaia zuten. Astelehenarekin, 1976ko apirilaren 12an zen Felipe Suarez Delgado lanean hastekoa Herrera Pisuergako bulegoan.

Aste hartan bertan egin zuen Palentziara Valentina Pérez Saizek bi umeak hartuta, ahizpa erditzeko zorian hantxe zegoela, eta, senarra, berriz, Palentziarako trasladoaren jabe.

Larunbatean, bi adiskideek elkar agurtzea asmatu zuten, eta, Zestoa gabe, Zarauzko aldea hobetsi zuten, Astillerosek halaxe nahita, nonbait, laguna puska batera arte despeditu behar zuela-eta.

Zestoara itzultzeko garaian, iluntzeko 21:30ean –aseguru-etxearen partearen arabera beti–, Zarauztik irten, Meagako bidea hartu eta lehen bihurgune bihurrian Guardia Zibilaren tiroek Felipe Suarez Delgado hil zuten, eta zauritu, berriz, Federico Astilleros Ocaña.

Zarauztik atera eta Meagas mendateko lehen itzulian gertatu zen tiroketa. (Ilustrazioa: Xabier Sagasta)

Hurrengo goizean, telefono-deia jaso zuen haren emazteak, Valentina Pérez Saizek, gurasoen etxean, Palentzian. Gogoan du: “Goizean jaso genuen deia, baina ez dakit nork hots egin zuen, gure aitak hartu baitzuen. Felipek trafiko istripua izan zuela esan zioten. Eta hartu autoa eta abiatu ginen aita, koinatua eta hirurok. Gure anaia Luis jaso genuen Gasteizen, hango telegrafo bulegoan lan egiten baitzuen, eta Donostiako Gurutze Gorrira joan ginen”. Eguerdi aldera heldu ziren, balizko “trafiko-istripua” eta Feliperen osasun-egoera burutik ezin kendurik. “Eta Gurutze Gorrira heldu, eta guardia zibilak kalekoz jantzita harantz eta honantz. Eta medikua etorri zitzaigun, zer moduz zegoen-eta azaldu, eta: ‘Badakizue nola izan den?’, ‘Trafiko-istripua, nonbait’. ‘Ez, ez, guardia zibilek tirokatu dute’. Harri eta hotz geratu ginen. Ezin sinistuan… Tiro egin zioten Felipe eta Fede zihoazen autoari, bala sartu zioten Feliperi buruan, metraila garunean lehertu zitzaion. Ez zen harrezkero bere senera etorri, eta bizi izan balitz ere, ez zatekeela inoiz sendatuko, esan zigun medikuak. Eta, hala ere, gelara joan nintzaionean, eskutik heldu nionean, gogor hartu zidan neurea, estu-estu, min egiteraino, ordea!”. Felipe Suarez Delgado hila zen hurrengo egunean. “Badakit Donostiako telegrafoetako burua [Juan Etxeberria Puig, ustez] Guardia Zibilaren buru egiten zuenari joan zitzaiola, [Antonio] Tejerori, gero [1981] otsailaren 23an estatu kolpea eman zuenari, eta asto beltzarenak eta bi esan zizkiola”. Valentina Pérez Saizek gogoan atxiki du hori ere. Felipe Suarez Delgadoren gorpua zinkezko kutxara sartu zuten, Palentziara eramateko gestioak egin zituzten.

“Senarrari [Felipe Suarez] gelara joan nintzaionean, eskutik heldu nionean, gogor hartu zidan neurea, estu-estu, min egiteraino, ordea”

Valentina Perez

Hildakoaren aldeko meza esan zuten Zestoan, gorputza bertan zegoela. Diote, egia ala gezur, ikurrina ere jarri zutela hilkutxaren gainean, alargunak hura kentzeko ere agindu zuela... Gero, Palentziara eraman zuten.

Valentina Pérez Saizek estu eta larri eta urduri eman zituen ondoko egunak, Palentzian, gurasoen etxean babesturik. Hantxe biziko zen, bi haurrekin batera, lanerako gauza izan zen arte. “[Telegrafoetako] oposizioak prestatuak nituen ordurako, egin nituen, eta gainditu. Bartzelonara eman zidaten destino, baina haur txikiak nituenez, Palentzian bertan lanean egoten utzi ninduten, zerbitzu-betekizunean”. Eta hantxe lanean, Guardia Zibilak senarra hilik, gidatzen zuen autoak kontrola “saltatu” zuenean.

Artean zauriturik zetzan Fede Astilleros, bizirik, eta lekuko.

Eta gertakariaz, egia ofiziala ez besterik eman zuen garaiko Zeruko Argia-k.

Palentziako telegrafoen bulegoa. (Arg.: Zaldi Ero)

Federico Astilleros, testigu
Federico Astillerosen alarguna da Kontxi Izeta, Koiote tabernako alaba. Galdetu gabe hasi da: “Egunkariak ez zuen egiarik ekarri. Guardia zibilek asko agintzen zuten orduko garaian, kontrola zegoela esan zuten, baina kontrolik ez! Horixe esaten zuen gure gizonak, kontrola egon balitz geratuko zirela, ez zeukatela ezkutatzekorik… Gizajoa, hil zena, Felipe!”, esan digu Izetak, udaberri hartako gau beltz hartara gogoa eramanez: “Gure gizona ez zen berandu zalea, baina egun hartan, ni zain eta zain, eta gizona ez etortzen, eta berandu! ‘Ze arraro!’, pentsatu nuen. Eta halako batean, zain eta zain ni, eta zarata-edo, mugimendua-edo, eta, irten dut balkoira eta non ikusten ditudan gure ahizpa, frentean bizi zena, eta gure anaia, kalean. ‘Zer edo zer pasatu duk hemen orain ere!’, eta balkoitik hots egin nion ahizpari eta etxera etorri zitzaidan, eta, hurrengo goizean goizago, autoa hartu eta Donostiara eraman ninduen gure anaiak, eta esan zidaten zer pasatu zen”. Antiguan, Matia kaleko Gurutze Gorrian, Kontxi Izetak hainbat gaixo ikusi zituen, gela handi batean denak. Tartean ziren bere gizona eta haren adiskide mina. Federico Astillerosek bala-zauria zuen besoan.

Larri eta handi zauriturik zegoen, berriz, Felipe Suarez Delgado: “Eta artean bizirik zegoela ikusi nuen, ez zen-eta derrepentean hil, hurrengo egunean baizik. Burua dena bendatuta zeukan, konbultsioak zituen, eta ohera lotuta zeukaten... Izugarria izan zen hura. Bizirik ikusi nuen, eta hilda ere bai, eta ikusi ez banu nahiago! Buruan eman zioten tiroa, eta bala barruan lehertu! Guardia zibilek ez zuten erroberetara bota... Botazak, ba, erroberara, inor geratzeko! Baina ez, haiek gora bota zuten, eta gure gizonari ere besotik sartu zitzaion tiroa. Eta graziak, gainera, gure gizonak bolanteari eskuineko aldera egin ziola, bestela ezpondan behera eroriko ziren biak… Hantxe eduki zuten hura ere, Gurutze Gorrian, operatu egin behar izan zuten-eta, bala hura besotik ateratzeko”. Astea eskas egin zuen Federico Astillerosek Donostiako Gurutze Gorrian, ez deskantsu handian, hala ere.

Kontxi Izetak gogoan du: “Igande goizean Gurutze Gorrian ni Federen ondoan, eta guardia zibilek esan zidaten gure gizonak deklaratu egin behar zuela. Nik ezetz, artean operatu berria zela, ez zegoela ezertarako moduan, ezertarako gauza ez zela. Haiek, hala ere: ‘Deklaratu egin behar du, kontrola zegoela esan behar du’. ‘Ez, gure gizona ez da ohetik jaikiko hori esateko. Lehenengo, berak esaten du han ez zegoela kontrolik. Ez zeukan ez gelditzeko arrazoirik. Zeuek atera kontuak! Nola esango du, ba, kontrola zegoela!’. Eta gure gizonak ohetik: ‘Ez zegoen kontrolik, ez zegoen ezer’. ‘Bai, bazegoen!’, guardia zibilak. ‘Ez, ez zegoen, eta ezin dut esan bazegoela, kontrola egon izan balitz gelditu egingo ginatekeen eta’”. Kontrola bihurtu zuen Guardia Zibilak arazoaren giltza.

Manuel Fraga Iribarne garaiko barne ministroak doluminak helarazi zizkion Suarezen familiari.

Aste hartan behin eta berriz joan zitzaizkion guardia zibilak Astillerosi. Kontxi Izeta da lekuko: “Deklaratzera eraman zuten gela batera, eta berarekin joan nintzen ni! ‘Zuk ezin duzu sartu!’, esan zidaten guardia zibilek, baina nik ere ez nuen atzera egin: ‘Bai, bai, ni sartu egingo naiz, gizona operatuta dago eta jakina sartuko naizela! Ez dut hitz egingo, baina aditzen egongo naiz!’”. Izetaren ausartzia. “Beharko ausarta izan!”, esan digu berak. Eta galdeketa hartan, berriz, beti betikoa, kontrola zegoela... Zeruko Argia-k bakarrik ekarri zuen egia”. Izetak esana da.

Felipe Suarez Delgado hil eta hurrengo asteburuan, Astilleros Zestoara itzuli zeneko, ehortzia zuten hura Palentzian.
Zenduaren familiak amaren sorterrira eginik, Zestoan beti Astilleros-Izeta sendia, 1976ko apirilaren 10eko gertakari saminak eta, denak har, distantziak, bi familien arteko harremanaren haria eten zuten. “Joan ziren Zestoatik, eta kito, galdu egin genuen familia haren arrastoa”, Kontxi Izetaren hitzetan.

Biktimak azalera
1997an hil zen Federico Astilleros Ocaña, haren alaba Marianek esan digunez. Garai berezia, inondik ere, biktimek –ETAk eraginak, denak har–, ordu arte ez bezalako protagonismoa hartu baitzuten, zenbait elkarte lanari gogor lotu zitzaizkionetik. Eta horretan, amaren protesta jaso behar izan zuen Marian Astillerosek. “‘Biktimak? Hemen biktima asko zauden! Hemen denak ditun biktima! Emakume hura ere [Felipe Suarez Delgadoren alarguna] goian zerua eta behean lurra joan zunan. Zer dakigu haien gainean? Familia hura bilatu beharra zagon!’. ‘Baina, ama, nondik hasi behar dut nik bila?’. ‘Besteek bilatzen ditizten, ba! Guk ere bilatuko ditinagu!’”. Horretan zen Kontxi Izeta, Marian Astillerosen ama, 91 urtekoa gaur egun. Eta ama teman, eta hamabost urte egin ditu Felipe Suarez Delgadoren familia bilatzeko bidean Marian Astilleros Izetak, amaren mandatua bete nahirik.

Batera jo, bestera jo ekin zion Marianek. “Feliperen heriotza-agiria eskatu, familia nongoa zen barrundatzen hasi, eskutitzak hona eta hara idatzi haien helbideren bat azaltzen ote zitzaigun, telefonorik… Oporretan Gaztela aldera-edo, Palentziara-edo, joaten ginenean, galdezka ere ibili izan ginen senarra eta biok!”. Emaitza, etsipengarria, hutsaren hurrena. Bata bestearen ondotik joan ziren urteak, amaren tema eta seta hura gorabehera: “Familia hura bilatu beharra zagon!”.

“Jaurlaritzako langileak Feliperen berririk inon ez zela agertzen idatzi zidan, ‘lurrak irentsi balu bezala’, baina ez zegoela amore emateko prest”

Marian Astilleros

2016an Polizia Gehiegikerien Biktimen Legea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, Marian Astillerosek gogorarazi digunez. 1976 eta 1999 artean izandako giza eskubideen urraketak aitortzea eta urraketa horien biktimei ordaina ematea zen legearen zioa. Espainiako Gobernuak, ordea, helegitea aurkeztu zuen, eta arauaren hainbat atal behin-behinean etenarazi zituen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Ondoko urtean, Madrilgo gobernua eta Jaurlaritza ados jarri ziren: Jaurlaritzak legea aldatuko zuen, Madrilek helegitea kentzearen truke. Honenbestez, lege berria indarrean, behar ziren tramiteak bete zituen Marian Astillerosek, eta biktima aitortu zuten Federico Astilleros Ocaña.

Baina ez zen nahikoa, Felipe Suarez Delgado zenaren familia zen koska, eta halaxe adierazi zuen Marian Astillerosek aukera izan zuenean: “Jaurlaritzaren aurrean gure aita Guardia Zibilak tirokatu zuela azaltzeaz batera, Felipe zenaren familia bilatu beharra zegoela esan genuen. ‘Bai, baina hori oso zaila da… Nondik hasi bila?’, esan ziguten Jaurlaritzan. Guk ere bagenekien zaila zela, horretan ibiliak ginen-eta hainbat urtean”. Hala ere, ez zioten bilatzeari utzi, baina han eta hemen miatu eta alperrik.

Marian Astilleros eta Kontxi Izeta Zestoako familiaren tabernaren aurrean. (Arg.: Zaldi Ero)

Marian Astillerosek ekin eta ekin, Eusko Jaurlaritzako teknikari Marian Sanchezekin konfiantza hartua zuen ordurako: “Eta beldurrik gabe esaten hasi nintzaion zer edo zer egin behar zela eta zer edo zer egin behar zela. Tematu egin nintzen neu ere, gure ama bezala! Kar, kar… Berak, behin, Feliperen [Suarez Delgado] berririk inon ez zela agertzen idatzi zidan, ‘lurrak irentsi balu bezala’, baina ez zegoela amore emateko prest ere esan zidan”. Argitzen hasi zuen arte. “Halako baten, [2016, apirilak 30] , ahizpak hots egin zidan, berri bat irakurri zuela egunkarian, esanez Zarautzen Anjel Berazadi eta Felipe Suarez omendu zituztela. Jo eta albistea eskaneatu eta Jaurlaritzara bidali nuen zuzenean. Mariani [Sanchez] esan, baina haiek ez omen zuten Zarauzko omenaldiaren berririk. Zarauzko Udalaren ekimena izana zen. Ni, harri-harri, hala ere”. Eta handik egun batzuetara, Jaurlaritzaren deia jaso zuen Marian Astillerosek, omenaldia izan zela Zarautzen, baina Felipe Suarez Delgadoren familiarik ez zela han izan; are, ez zutela harremanik.

“Eusko Jaurlaritzaren deia jaso nuen berri emanez, eta ez nuen erreakzionatu. Uste dut minutua egin nuela isilik, ez nekien zer ari zitzaizkidan”

Felipe Suarez Perez

Jaurlaritzako Marian Sanchezek eta Zestoako Marian Astillerosek ez zuten etsitzeko asmorik. Lurrak irentsitakoaren bila segitu zuten: “Feliperen heriotza-agiria eskatu zidan Jaurlaritzako Marianek. Han, Leongoa ageri zen azkeneko helbidea. ‘Leon ere ikaragarri aldatuko zen harrezkero… Zenbait dei egingo ditut, hala ere’, esan zidan berak, eta nik: ‘Jakina, ba! Askoz hobeto zuk Jaurlaritzaren izenean hots egitea, ni inoren izenean ibiltzea baino. Kasu handiagoa egingo dizute zuri”. Eta holaxe, Marian Astillerosek kontatu digunez: “Hurrena, Jaurlaritzako Marianek esan zidan Leongo kultur etxe batera deitu zuela, adineko batekin hitz egin zuela, Lolo-edo zuen izena, zer edo zer entzuna zeukala, joango zela heriotza-agirian ageri zen kalera… Handik egun batzuetara, Jaurlaritzaren deia jaso nuen. Dena delako hura joan zela kale hartara, buzoietan begira ibili zela, txirrina joka ere bai, eta Feliperen arreba Mara kontaktatu zuela. Hark Feliperen semearen telefonoa eman zion Jaurlaritzako Mariani”. Eta honek, bistan denez, hildakoaren seme Felipe Suarez Pérezi hots egin zion. 2018. urtea zen.

Suarez-Pérez familia, Valladolid eta Palentzian
Felipe Suarez Pérez da, Zarautzen hildako Felipe Suarez Delgadoren seme gehiena. Hark jaso zuen Eusko Jaurlaritzaren deia: “Eta deia jaso, eta ez nuen erreakzionatu. Uste dut minutua egin nuela isilik, ez nekien zer ari zitzaidan esaten”. Berrogeitaka urte eta gero, gobernu batek –EAEkoak, ez Espainiako Gobernuak, hala ere–, aita Guardia Zibilak hil ziela esango zuen. Felipe Suarez Delgadoren semeak hitz jasa jaso zuen dei hartan: “Poliziaren indarkeriaren biktimak, aitortza, kalte-ordaina… Ez dakit zer esan zidaten ere”. Jabetu zen, hala ere. Hitz egin zuen ama-arrebekin. “Baita zera ere!”, amak, “Nola ariko dira, ba, horretan?! Hainbeste urte eta gero! Gure gizona, zuen aita, bidegabe hil zutela inor esaten nola hasiko da, ba, orain!”. Laster, beste dei bat jaso zuen Felipe Suarez Pérezek, Marian Astillerosena. Luze hitz egin zuten, baietz, egiaz ari zirela, legearen berri eman zion Astillerosek Suarez Pérezi, elkar ikustea hitzartu zuten garai bateko bi adiskide haien seme-alabek.

Harrezkerokoa, kasik jakina da. Felipe Suarez Delgadoren familiak Eusko Jaurlaritzak agindutako urratsak egin, eta hildakoa biktimatzat aitortu zuen EAEko gobernuak.

2021eko ekainaren 26an Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian giza eskubideak urratu zitzaizkien 35 pertsona omendu zituzten, biktimatzat aitortu.

Besteak beste, Felipe Suarez Delgado, 1976an Guardia Zibilak Zarautzen tiroz hila, Federico Astilleros Ocaña zauritu zuten ekintza berean. Eusko Jaurlaritzaren erreparazioa eta errekonozimendua jaso zuten 2019an, 1976an hilek.

                                                                                           *          *          *

BIKTIMEN LEKUKOTZA

Valentina Pérez Saiz (Felipe Suarez Delgadoren alarguna)

Valentina Pérez Saiz. (Arg.: Zaldi Ero)

Guardia Zibilak inoiz ez zuen onartu oker egin zuela. Bai, Fragak [Iribarne, Espainiako herrizaintza-ministroa garaian] doluminak eman zizkidan, baina alferrik ari zen, Guardia Zibilak senarra hil zuen, eta gurasoen laguntzaz atera nituen aurrera bi umeak. Inoiz ez dut biktimek jaso izan duten babesik jaso, ez seme-alabek ikasketak egiteko ez bestelakorik. Beste biktima batzuek era askotako laguntzak izan dituzte... Nik, estatuaren gutxieneko pentsioa jaso dut, 300 euro, senarra zena funtzionario izan zelako 9 urtez; soldadutzako urteak ere kontatu zizkioten, bestela ezta hori ere. Seme-alabei beti esan izan diet aita Guardia Zibilak hil ziela, horixe esan dut beti eta mundu guztiaren aurrean. ‘Ez zegoen kontrolik’ esan jendeari nik, eta batzuek, duda-mudan: ‘...Ez ziren gelditu...’, eta nik: ‘Esan dizut ez zegoela kontrolik!’. Felipek eta Fedek ez zeukaten ezkutatzekorik. Autoko maletategian ere artean patata zakukada zeraman Felipek, Zestoatik Palentziara ekartzeko”. Eta Valentina Perezek seme-alabei buruan sartu izan dien beste gauza bat, guardia zibilik ez hartzeko senar-emaztegaitzat, ez haien seme-alabarik ere. Zorrotz bete dute amaren agindua.

Felipe Suarez Pérez (Semea)

Felipe Suarez Pérez. (Arg.: Zaldi Ero)

“Txikitan, eskolan, aitak zer lan egiten zuen galdetzen zigutenean, aitarik ez nuela erantzuten nuen, hil egin zutela, eta irakasleak ez ohi zuen hori baino gehiago galdetzen. Aitaita-amamek aita istripuan hil zela esaten zidaten, eta amak ere ez gintuen inoiz bi senideok hartu eta dena gordin kontatu. Nola edo hala, eta poliki-poliki, jakin dugu egia. Gogoan dut behin aitaren urrezko eraztuna azaldu zitzaidala etxean, eta eraztunak odola zuela, lehortua, barrualdean. Ez zait bizian ahaztu”. Bada bizian ahaztuko ez duen besterik ere. Feliperen ama Valentina eta arreba Noelia ere ez ziren itzuliak inoiz Euskal Herrira, 2019an Suarez Delgado biktima aitortu zuten Bilboko ekitaldira arte. Felipe Suarez Perez, aldiz, etorria zen. “Donostian izan nintzen, emaztegaiarekin, eta, gero, Zarautzen ere bai. Han ginela [2016], egunkarian, berri bat, [Anjel] Berazadi eta gure aita omendu zituztela. Nola zitekeen, ordea? Ez nuen ulertu. ‘Honek zer edo zer esan nahi dik!’, pentsatu nuen, baina hortxe gelditu zen kontua, ondoko urtera arte.

Noelia Suarez Pérez (Alaba)

Noelia Suarez Pérez. (Arg.: Zaldi Ero)

“Fedek [Astilleros] lekukotza eman izan ez balu, inoiz ez genukeen egiarik jakingo. Zer zabaldu zuten, ba, hedabideek garai hartan? Guardia Zibilaren kontrola ‘saltatu’ zutela, ez zirela gelditu. Baina ez zegoen kontrolik. 2000. urtean, senarrak eta biok –abokatu gara– txostena osatu eta Espainiako Barne Ministeriora bidali genuen, gure aita biktimatzat har zezaten. Pikutara bidali gintuzten. Ezetz erantzun ziguten, ez zegokigula, legeak ‘banda armaturen bateko kide diren pertsonek eragindako ekintzak’ hartzen zituela xedetzat, eta ez zela gure kasua. Kasua onartu izan baligute, horrek, nolabait, Guardia Zibila banda armatua zela –eta terrorista, beharbada–, onartzea ekarriko zukeen. 2016an Eusko Jaurlaritzak poliziaren abusuez ari den legea [Estatuak eragindako Giza Eskubideen Urraketen legea, gaur egun], eman zuen arte, gure aita ez zuten biktimatzat hartu. Gaur egun, Felipe Suarez [Delgado] biktima da, baina EAEn baizik ez. Espainiar estatuaren gainerakoan, gure aita ez da biktima. Eta eskerrak beti Mariani [Astilleros Izeta], hark egindako lanari esker lokalizatu baikintuen Eusko Jaurlaritzak, eta tramitatu ahal izan genuen eskaria. Bestela, ezer ez”. Ez dute aitortzen Guardia Zibilak oker jokatu zuela”, esanez bezala Felipe Suarez Delgado eta Federico Astilleros behar ez zen garaian, behar ez zen tokian zeudela, albo-kalteak jaso zituztela, Noelia Suarezek aditzera eman digunez.

Kontxi Izeta (Astillerosen alarguna)

Kontxi Izeta. (Arg.: Zaldi Ero)

Felipe zenaren semea Zestoara etorri zen azkenean, eta, hurrena, baita Valentina bera ere. Esan nion nik andre hari: ‘Nolatan behar izan duzu hainbeste denbora hona itzultzeko? Zer zenuen? Beldurra? Lotsa?’, galdetu nion nik, eta berak: ‘Ez dakit zer nuen’… Tristea izan zen [Zarauzko] hura!”. Kontxi Izetaren mezua: “Egiak azaldu egin behar dira. Seguru asko, Felipe eta gure gizona bakarrik ez ziren izango kontrolean tiroka-eta hartu zituztenak, gehiago ere izango ziren, gehiago ere! Denak hartu behar dira kontuan, kulpak denetik, batetik eta bestetik izan dira-eta. Bestela, bakea ez da egingo sekula!”. Inoiz bakerik egingo den duda egiten du Kontxi Izetak.

Marian Astilleros Izeta (Alaba)

Marian Astilleros. (Arg.: Zaldi Ero)

Marian Astillerosek hamar urte zituen Zarauzkoa gertatu zenean… “Aitak esaten zuena zen guardia zibilak ezkutatuta zeudela, konturatu zeneko ta-ta-ta-ta! aditu zuela eta sorbaldaren kontra zeukala Feliperen burua, bolanteari beste aldera egin ziola, autopista aldera eroriko zirela bestela”. Jaurlaritzak gai honetarako eratu zuen mahaiaren aurrean hitz egin behar izan genuenean, esaterako, Manuela Carmena ezagutu genuen, mahaikidea baitzen Jaurlaritzak biktimak izendatzeko batzordean. Ferroleko [Atxibategi Militarra] bidea saiatuko zuela agindu zigun, espedientea lortze aldera, alegia. Saiatu zen, egin zituen gestioak, eta hots egin zigun: ‘Marian, ez dut zuen kasuaren espedientea lortu, klasifikatuta omen dago’. Holaxe, oraindik!”, Marian Astillerosen kexua. Familiako medikuak emandako erantzunak, berriz, ez zegozkion Suarez Delgadoren osasun-egoerari, harekin batera autoan zihoan Federico Astillerosi baizik. Kontrola izan eta hilabeteetara egina da partea.

                                                                                          

                                                                                         *          *         * 

 

ASEGURU ETXEAREN ESKANDALUA

Haatik, Zarauztik Meagara bideko gertakariaren berri zeharka ematen dute bi agirik. Lehena, Hispania aseguru-etxearen jakinarazpena, ohikoa, itxura batera, baina guztiz eskandalagarria zehatz aztertuz gero.
Erran delako jakinarazpena 1976ko apirilaren 10eko “istripuaz” ari da. Felipe Suarez Delgado ageri da aseguruaren kontratatzailea eta, halaber, bera da galderei erantzuten diena. Baina hori guztiz gauza ezinezkoa zen, bala baitzeukan buru barruan, metrailak garuna leherturik, eta, finean, Suarez Delgadok ez baitzuen inoiz konortea berreskuratu!
Eta, bestalde, apirilaren 10eko istripuaz ari dela ere, aseguru-etxearen parte edo jakinarazpen hau urte bereko uztailaren 26koa da!
Aseguru-etxearen parteak ez buru ez buztan du, manipulazioa da hasi eta buru...
Hasteko, honako erantzunak jarri zituzten larriki zaurituaren ahotan. Eta hobeki dugu gogoan hartu: apirilean izan zen tirokatzea; aseguru-partea, aldiz, uztailekoa da, hiru hilabete zeramatzan hilik Felipe Suarez Delgadok.

 

Batetik, asegurua kontratatu duenari galderak, Felipe Suarez Delgadori!
“Galdera: Zer ordutan gertatu zen istripua? Erantzuna: Iluntzeko 9.30ean”.
“Galdera: Zerk eragin zuen istripua? Erantzuna: Guardia Zibilaren tirokatze baten ondorioz bala sartu zitzaion buruan eta gero autoa horma baten kontra joan zen eta hil zen gidaria, eta haren ondoan zihoana zaurituta gertatu zen”.
Bestetik, aseguru-etxearen parte berean, familiako medikuari egiten zaizkion galderak ditugu:  
“1. Galdera: Noiz deitu zintuzten lesionatua sendatzeko? Erantzuna: 1976ko apirilaren 10eko iluntzeko 11.30ean”.
“2. Galdera, a) Zer min edo deserregelamendu zeukan lesionatuak? Erantzuna: Mina ezkerreko besoan, eta zauriak”.
“2. b) Zer sintoma objektibo ikusi ahal izan dituzu lehenengo bisitan? Erantzuna: Suzko armak eragindako zauria ezker-besoan”.
“2. c) Galdera: Zer diagnostiko egin duzu? Erantzuna: Irten ez den bala batek eragindako zauriak trizeps muskuluan eta ezker-besoko muskuluko aurreko eta atzeko aldeetan”.
“3. Galdera: a) Lesionatuak ageri duen kaltea, bakarrik da istripuaren ondorio? Erantzuna: Bai”.
3. b) Istripuak eragin ez duen alterazio anatomikorik edo gaixotasunik antzeman diozu lesionatuari? Erantzuna: Ez”.
“4. Galdera: a) Bada lesionatutakoa istripuaren ondorioz hiltzeko arriskurik? Erantzuna: Ez”.
“4. b) Edo baliteke balioezintasun iraunkorra izatea, edo erabatekoa, edo partziala? Erantzuna: Ez”.
“4. c) Edo, aldiz, uste izatekoa da guztiz sendatuko dela? Erantzuna: Bai”.
“5. Galdera: a) Lesionatutakoa etxean egotera behartuta dago? Erantzuna: Ingresatuta dago”.
5. b) Lesioek bere lana egitea galaraziko diote? Erantzuna: Guztiz”.
“6. Galdera: Ezgaitasunaren balizko iraupena? Erantzuna: 80 egun”.
“7. Galdera: Zer neurri hartu dituzu sendatzeko? Erantzuna: Ebakuntza kirurgikoa bala ateratzeko, eta zauriaren garbitze kirurgikoa”.
“7. b) Non dago lesionatutakoa? Erantzuna: Alta jasoa du”.
Sinatzaile ageri dira Valentina Perez Saiz –B.A. (Bere Aginduz) sinatua–, eta José María Odriozola da familia-mediku. Toki-egunak: Donostia, 1976ko uztailaren 26a, tirokatzea gertatu eta hiru hilabetera, gorago esan dugunez.
Aseguru-etxearen kontrako alegatu biribila: Felipe Suarez Delgado ez zen hitz egiteko gauza, ezin hark ezer deklaratu.
Familiako medikuak emandako erantzunak, berriz, ez zegozkion Suarez Delgadoren osasun-egoerari, harekin batera autoan zihoan Federico Astillerosi baizik.
Kontrola izan eta hilabeteetara egina da partea.

                                                                                        *          *          *

Zeruko Argia: "Bat, erahila, eta bestea zauritua"

Apirilaren 10ean, gauez, gure bi herrikide autoan zihoazelarik tirokatuak izan ziren Zarautz aldean. Herrikideok Posta Etxean lanean zebilen Felipe Suarez eta aspaldidanik Zestoan finkaturik dugun Federiko Astilleros “Rubio” ziren.
Pare bat egun geroago Felipek azken arnasa eman zuen Donostiako Cruz Roja gaisotegian. Abiatu berri zirenez eta makal zihoazelarik ez zuten deus ikusi, tiroak entzun eta gorputzean jasan baizik.

Kronikak ez du sinadurarik, baina Manuel Arregi zestoarrak idatzi zuen. Kronika berean, maiatzean Zestoan izango den kultur hilabeteari buruzko berri laburra, eta, ondoren, “Probokazio bat” lerroburu duen honakoa.

Zeruko Argia, 1976, maiatzak 2, 686. zenbakia. Zestoa

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estatuen biktimak
Estatuaren edo eskuin muturreko taldeen lehen hamabi biktima onartu ditu Nafarroako Gobernuak

Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.


Estatuaren biolentziaren 41 biktima onartze bidean da Nafarroako Gobernua

Asteazken honetan prozesu horren berri eman du Martin Zabalza motibazio politikoko Biktimen Aitortzarako eta Erreparaziorako Batzordeko lehendakariak. Ostegunean, Egiari Zor Fundazioak eta Nafarroako Torturatuen elkarteak pauso garrantzitsua dela adierazi dute Iruñean... [+]


2024-01-24 | Ahotsa.info
Nafarroako Auzitegiak atzera bota du 1978ko Sanferminetako gertaeretako helegitea eta elkarteak berriro aurkeztuko du kereila

Sanfermines-78: gogoan! elkarteak, German Rodriguezen ahaideek, 1978ko sanferminetako gertaeretan larriki zauritutako pertsonak eta Iruñeko Peñen Federazioak 2019ko urtarrilean kereila bat paratu zuten 1978ko sanferminetan, Iruñean, jazotako poliziaren... [+]


Torturatu eta hil zituztenetik 40 urtera, Zabala eta Lasa ez dituzte oraindik terrorismoaren biktimatzat hartu

Datorren igandean, urriaren 15ean, beteko dira 40 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan bahitu zituela. Guardia zibilek torturatu eta hil ondoren, oraindik ez dituzte terrorismoaren biktimatzat hartu.


Eguneraketa berriak daude