Qatar 2022, eliteko kirolaren iparrorratza

Abian da gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa, Qatarren. Ustelkeria zantzuak, estadioak eta bestelako azpiegiturak eraikitzen aritu diren milaka obreroren heriotza, emakumeen eta LGTBI kolektiboaren kontrako jazarpena, ingurumen inpaktua, zentsura, futbol-egutegiaren alterazioa... Dena ez da urre eliteko futbolean.

Sobera motibo daude Munduko Koparen aurka agertu eta, oro har, eliteko kirolak urteotan hautatu duen norabidea salatzeko. 2010eko abenduaren 2an iragarri zuen FIFAk 2022ko edizioa Qatarren jokatuko zela, eta ordutik –baita lehenagotik ere– lotsarik gabe erakutsi du zein bide hobetsi duen.

2008an Arabiar Emirerri Batuetako ADUG inbertsio funtsak Manchester City futbol taldea erosi zuen; 2011n Qatarreko QSI-k Paris Saint-Germain, Espainia eta Italiako superkopak Arabiar Emirerri Batuetan jokatu dira; Qatar Airways konpainiak babestu ditu PSG, Bartzelona eta Municheko Bayern bezalako klubak. Eta futboletik harago, 2016-17tik Bahrein eta UAE Emirates txirrindulari taldeak maila gorenean ari dira, 2022an Liv Golf zirkuitu profesionala sortu du Saudi Arabiako inbertsio funts publikoak, Nasser Al Khelaifi enpresariak –PSG eta beIN Sports telebista katearen jabeak– Premier Padel zirkuitua sortu du, 2020tik Paris Dakar auto lasterketa egiten da Saudi Arabian, Formula1-eko karrerak, Moto GP zirkuitukoak... Nahi beste luza gintezke.

Auto eta moto konpetizioak adierazle ona dira, jabetzeko zein ekonomiak bilatzen duen kirolaren bidez eragin ahalmena handitu eta mapa geopolitikoan posizionamendu hobea lortzea. Eta urteotan, ikusten ari gara petrodolarrak direla erregai nagusietakoa, Saudi Aramco eta Qatar Petroleum bezalako multinazionalen irabazietatik eratorria. Honek guztiak erakusten du egiaz zein partida jokatuko den egunotan Qatarren, Ukrainako krisia dela-eta gasaren merkatuan jokalari garrantzitsuena bilakatu den herrialdean. Eta etorriko direnak: 2029ko Asiako Neguko Jokoak Qatarren egingo dira, eta jada iragarri du etorkizunean Neguko Joko Olinpikoak hartu nahi dituela.

Aipatutakoek gizarte eragile ugariren protestak eragin dituzte, baita kirolari batzuena eta futbol klubetako zaleena ere, eta irudipena daukat, agian, Qatarreko Munduko Koparen aurkako mugimenduaren oinarrian, diktadura batean ospatzetik harago, eliteko kirolak hartu duen norabidearen gaineko haserrea dagoela. “Kirola ezin da politizatu”, adierazi zuen Frantziako presidente Emmanuel Macronek pasa den astean, Munduko Kopaz galdetu ziotenean. Herritarrak baboak direla uste dute, futbolaren aitzakiarekin etengabe sartuko dizkigutela hankapetik golak. Egia da horretarako motiboak eman dizkiegula, baina...

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Munduko Futbol Kopa
2022-11-23 | Euskal Irratiak
Patxi Vrignon Etxezaharreta kazetaria Qatarretik
"Munduko Kopa, oro har, ustela da"

Futbolaren erritmora biziko da Qatar ondoko asteetan. Lehen aldia da arabiar erresuma batek Mundial bat antolatzen duela, eta egia da polemika handia sortu zuela Qatar hautatua izan zelarik mundiala antolatzeko.


2022-10-06 | Jon Torner Zabala
Baionak Qatar-i boikot egingo dio: ez dute pantaila erraldoirik jarriko Munduko Futbol Txapelketa ikusteko

Aste gutxi barru Qatarren jokatuko den Munduko Futbol Txapelketaren kontrako ekimenekin bat, Frantziako Estatuko hainbat udalek iragarri dute ez dituztela selekzioaren partidak pantaila erraldoietan emitituko. Hiri horien artean dago Baiona.


Eguneraketa berriak daude