Qatarreko Munduko Kopa: boikoterako deiak Frantziatik

  • Azaroaren 20an hasiko da 2022ko Munduko Futbol Txapelketa, Qatarren. ARGIAn hainbatetan hitz egin dugu kirol ekitaldi dizdiratsuenetako baten B aldeaz, dela giza eskubideen urraketa, ustelkeria, langileen heriotzak, ingurumen inpaktua... Horien guztien aurrean, geroz eta pertsona gehiago eskatzen ari da txapelketari boikota egiteko, Frantzian, esaterako.

Hainbat zalek bezala, hedabide edota politikari batzuek ere boikoterako deia babestu dute / Argazkia: Lareleveetlapeste.fr

2022ko irailaren 30an - 10:14

La Relève et La Peste webguneak zerrendatu ditu FIFAk Qatar Munduko Kopa jasotzeko hautagai izendatu zuenetik (2010ean) azaleratu diren eskandaluak. Ez dira gutxi.

Hori horrela, "ikasturtea hastearekin bat" berpiztu egin da txapelketari buruzko eztabaida Frantzian, ziurrenik hango futbol ordezkari eta agintari politikoak zipriztindu dituzten eskandaluengatik. Boikoterako deia egin zuten lehenbizikoak Eric Cantona futbolari ohia eta Vincent Lindon aktorea izan ziren, eta ostean batu zaizkie beste batzuk, zenbait hedabide, futbolzale eta politikari –François Hollande presidente ohia adibidez– tartean.

"Hara [Qatar] joango banintz, festa egingo nuke eta golak ospatu langileak hil ziren leku batean", dio Fabian Bonnel-ek, Frantziako selekzioaren aldeko zale talderik ezagunenaren (Les Irrésistibles) fundatzaileak. 2018ko Errusiako Munduko Kopa ikustera talde horretako 600 zale joan ziren, baina aurten 100 inguru joango dira Qatarrera, La Relèvek dioenez.

Bestalde, Le Quotidien de La Réunion aldizkariko zuzendari Vincent Vibertek iragarri du bere hedabideak lerro bakar bat ere ez diola eskainiko Munduko Futbol Kopari, kirol saileko kideek hartutako erabakia medio: egunkariaren 46. urteurrenarekin bat, hark defendatzen dituen balioak lehenetsiko dituzte, ingurumenarekiko errespetua, besteak beste.

Tabernari batzuk ere bai

Boikoterako deiak tabernari batzuk ere engaiatu ditu. Lille inguruko hogei bat ostatuk, adibidez, telebistaz partidarik ez emateko asmoa azaldu dute. Ikasle talde bat tabernen zerrenda osatzen ari da, txapelketak irauten duen bitartean ekimen kolektiboak antolatzea xede.

"Gu gabe", dio 'Le Quotidien'-en azalak

Isiltasun handiena, futbolaren munduan

Oraingoz, jokalari bakar batek ere ez du esan uko egingo diola Munduko Kopa jokatzeari, eta gutxik kritikatu du Qatar izatea hura jasoko duena. Toni Kroos-ek, Real Madrileko jokalariak, kezka agertu zuen gaiaren inguruan galdetu ziotenean, baina boikoterako deia babesten ez zuela esan zuen: "Munduko Kopak ematen duen ikusgarritasunak arazo horiekiko arreta handitu dezake".

Munduko Kopa ez jokatzeak arazoak nabarmenago azaleratuko lituzkeela uste du zenbait jendek, baina futbol selekzioen "aldarrikapenak" gaur gaurkoz ia mugatzen dira futbolarien entrenamenduetarako kamisetetan giza eskubideen aldeko mezuak jartzera, La Relèven irakurri daitekeenez.

Zentzu horretan, L’Équipe kirol egunkariak jakinarazi du ez duela boikotik egingo, 30 kazetarik egingo dutela txapelketaren jarraipena, eta futbol partiden nondik norakoez gain gai arantzasuagoei ere helduko dietela egoki ikusiz gero.

Boikoterako deiak zein oihartzun izango duen ez dago argi, baina eztabaida mahai gainean dago, Frantzian bederen. Gaur gaurkoz herritar asko (%53) azaldu da txapelketa telebistaz ez ikustekotan. La Relève-k dioen moduan, hitzordua gerturatu ahala kontrako ahotsak gehiago izango dira agian, baina zer gertatuko da Frantziako selekzioa finalera heltzen bada?

Beste galdera batekin itxi du erreportajea: "Partidak ikusteak 2022ko Munduko Koparen basakerien konplize bilakatzen zaitu?".

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Munduko Futbol Kopa
2022-11-27 | Jon Torner Zabala
Qatar 2022, eliteko kirolaren iparrorratza

Abian da gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa, Qatarren. Ustelkeria zantzuak, estadioak eta bestelako azpiegiturak eraikitzen aritu diren milaka obreroren heriotza, emakumeen eta LGTBI kolektiboaren kontrako jazarpena, ingurumen inpaktua, zentsura, futbol-egutegiaren... [+]


2022-11-23 | Euskal Irratiak
Patxi Vrignon Etxezaharreta kazetaria Qatarretik
"Munduko Kopa, oro har, ustela da"

Futbolaren erritmora biziko da Qatar ondoko asteetan. Lehen aldia da arabiar erresuma batek Mundial bat antolatzen duela, eta egia da polemika handia sortu zuela Qatar hautatua izan zelarik mundiala antolatzeko.


Eguneraketa berriak daude