"Harreman zuzena dago lan-mundu prekarioan sartzeko zailtasunen eta obuluak emateko erabakiaren artean"

  • Ba al zenekiten batzuek sekulako negozioa egiten dutela Espainiako Estatuan obuluen donazioarekin –Europako burua da arlo horretan–? Nik neuk ez nekien: Anna Molas antropologoari esker deskubritu dut, duela gutxi, Emagin elkarteak antolatutako “(Ez)Amatasunak Ikuspegi Feministatik” jardunaldietan. Hitzaldiaren ostean galdera batzuk egin nizkion Molasi, gaian gehiago sakondu nahian.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco

Espainiako Estatuko obulu-donazioaren bioekonomia ikertu duzu zure tesian. Nolatan hasi zinen gaia lantzen?
Antropologiako masterra egiten ari nintzen Bartzelonako unibertsitatean; tesirako gaia aukeratu behar nuen, eta lan bila nenbilen aldi berean. Ikasketak egin bitartean lana egin izan dut beti, beste askok bezala. Laboris izeneko webgune batean izena emanda nengoen, eta nire curriculumaren arabera eskaintzak bidaltzen zizkidaten. Behin batean mezu bat iritsi zitzaidan, gaiak honela zioen: Obulu-donazioa, ordainsaria [azken hitza letra larriz]. Asko eragin zidan. Banekien donazioa existitzen zela eta dirua ordaintzen zutela, baina enplegu-webgune batetik halako zerbait iristea, lan-premian nengoen une batean... Haserretu egin nintzen, eta txio bat ere egin nuen. Laborisekoek erantzun zidaten ez zela lan-eskaintza bat, publizitatea baizik, baina noski, publizitate hori iritsi zitzaidan emakumea nintzelako parametro batzuetan. Publizitate horren jomuga izan nintzen, eta asko pentsarazi zidan. Mezu hori iritsi zitzaion jende guztia etorri zitzaidan gogora. Banuen tesirako gaia.

Gertaera esanguratsua da oso. Eta bat dator zure azterlanean deskubritu duzunarekin.
Bai, erabat. Arlo honetan, altruismoaren diskurtsoak baditu funtzio batzuk, baina obulu-emaileei elkarrizketak egiten hasi bezain laster berehala agertzen da behar ekonomikoaren kontua [donazio baten truke 1.000 euro inguru ordaintzen dituzte klinikek].

Hain zuzen ere, obulu-emaileen esperientziak bildu dituzu. Zer aztertu nahi zenuen zehazki?
Nire tesiko galdera hau zen: nola dago antolatuta hau guztia Espainian hainbeste donazio egon daitezen eta Espainia izan dadin Europako ugalkortasun-industria nagusia? Zer ari da gertatzen? Batetik, obulu-emaileak elkarrizketatu nituen; bestetik, ugalkortasun-kliniketako langileak. Gainera, behaketak ere egin nituen klinika batzuetan, eta haien webguneak aztertu: zer azaltzen zuten, zer ez, zer irudi ematen zuten prozedurari buruz... Laburbilduz, nola orkestratzen den guztia bioekonomia hau aparretan egoteko.

Egia esan, ni neu harrituta geratu naiz industriaren neurriarekin. 18.000 lagunek jotzen dute urtero Espainiako Estatura beste herrialde batzuetatik obulu-donazioen bila. Zer faktorek eragiten dute horretan?
Lehenik, Europako kontinentean, erreprodukzio lagunduari lotutako legerik laxoenetako bat dauka Espainiak: ez dago obuluak jasotzeko adin-mugarik (osasungintza publikoan badago muga bat, baina legeak ez du behartzen), eta pribatuetan, adibidez, 50 urteko emakumeei tratamenduak ematen ari zaizkie, eta haurdunaldiak lortzen gainera. Bestalde, obulu-emaile asko dago Espainian. Zergatik? Bada, besteak beste, donazioa anonimoa delako, beste herrialde askotan ez bezala. Horrek emaile-kopurua handitzen du, eta hartzaile askok ere nahiago dute donazioa anonimoa izatea.

Argazkia: Dani Blanco
"Obulu-emaile asko dago Espainian. Zergatik?Bada, besteak beste, donazioa anonimoa delako, beste herrialde askotan ez bezala”

Nola aurkitu zenituen obulu-emaileak?
Banekien klinikek ez zidatela horretan lagunduko. Saiatu nintzen, eta bazirudien behin lortuko genuela, baina azkenean ez zen atera.

Klinikek ez dute nahi emaileek hitz egiterik?
Hori ere bai. Baina kliniken barruan emaileak gauza preziatua dira, eta ez dituzte behar baino gehiago gogaitu nahi, askotan errepikatu didate hori. Jakina, klinikek ospea galtzearen beldurra ere badute.  

Beraz, zeure kabuz bilatu zenituen elkarrizketatuak. Zaila izan zen jendea animatzea?
Kartelak jarri nituen hiriko hainbat lekutan, eta sare sozialen bidez ere zabaldu nuen deialdia. Hortik aurrera, jendeak iragarkia ikusi eta idatzi egin zidan. Ez nituen aldez aurretik ezagutzen, eta esanguratsua iruditzen zait, jende askok zeukalako hitz egiteko gogoa. Hala aurkitu nituen 26 elkarrizketatuak.

Emaileen artean askotariko profilak egongo dira, baina behar ekonomikoak pisu handia du.

Ordainsari ekonomikoa jende askorentzat izan daiteke erakargarria, noski, eta zentzu horretan aniztasuna dago emaileen artean. Hau da, emaileetako batzuk egoera prekarioan daude, baina agian une batean norbaiten babesa jasotzeko modua izango lukete. Beste kasu batzuetan, egoera oso-oso prekarioak dira. Eta gero jatorriaren faktorea ere hor dago: emaileen % 25 ez da espainiar jatorrikoa, eta hori ere gai inportante bat da. Nolanahi ere, harreman zuzena dago lan-mundu prekarioan sartzeko zailtasunen eta obuluak emateko erabakiaren artean, hori argi geratu da nire ikerketan.

Gaztetasunaren faktorea ere azpimarratu duzu.
Datuek diotenez, obuluak ematen dituen jende gehienak 18 eta 24 urte bitarte ditu. Sektore zaurgarri asko daude, baina gazteak oso biztanleria zaurgarria dira, adibidez langabezia-tasa eta lanerako sarbidearen datuak begiratzen baldin badira. 2008ko krisiaren garaian oso argi ikusi zen, baina uste dut beharrezkoa dela gazteen egoeraz hausnartzea. Eta oro har obuluak ematen dituen jendea zer egoeratan dagoen serio aintzat hartzea.

Hel diezaiogun baimenaren gaiari.
Gaur egun, obuluak emateko baimena emateaz hitz egiten dugunean, eta jakinaren gainean emandako baimena izan dadin, arazo handi bat dago: oso ikerketa gutxi egin dira epe luzera halako prozesuek izan ditzaketen ondorioen harira. Eta askoz informazio gehiago egon beharko litzateke, oso praktika normalizatua delako eta urtean 15.000 lagun inguruk egiten dutelako. Beraz, ez badago epe luzeko ondorioei buruzko ikerketarik, ezin du egon jakinaren gaineko baimenik. Badirudi obuluak emateak ez duela arriskurik: egia da klinikek, gaur egun, kontrolpean dituztela prozedura egin eta berehala sor daitezkeen arriskuak, baina hortik aurrera zer gertatzen den ez dakigu. AEBetan gai hau lantzen hasita daude, eta hainbat ikertzailek adierazi dute aztarnak daudela obulu-donazioa eta minbizi-mota batzuen arteko loturen susmoa izateko. Oso garrantzitsua da hori, halako zikloak 20 aldiz egin dituen jendea baitago; legez ezin da, baina gertatu izan da.

Desinformazioa da beste traba bat, ezta?
Bai, aipagarria da emaile askok ez dakitela zer gertatuko den obuluak eman eta gero. Askok ez dakite zenbat obulu atera dizkieten, edo zenbat laguni zerbitzu emango zaien donazio bakar batekin... Bezeroek zenbat ordaintzen duten interneten aurkitu lezakete, baina askok ez dakite obuluen nazioarteko merkatu bat dagoenik. Hau da, kontuaren dimentsio komertzialaren berririk ez dute. Uste dut garrantzitsua dela hori ere. Klinikek ez diete informazio hori emango emaileei; aldiz, esango diete ea norbaiti lagundu ahal izan dioten, ea haurdunaldirik gertatu den emandako obuluei esker. Laguntzaren narratiba horiek indartzen dira, eta alde komertzialarekin lotutako guztia, berriz, bazterrean uzten da: horrela, emailea ez da eragile bat izango, eta, adibidez, ez du diru gehiago eskatuko.

Legez zenbat aldiz eman daitezke obuluak?
Espainiako Estatuko legeak ez du donazio-kopurua mugatzen, pertsona batetik atera daitekeen haur-kopurua baizik: sei. Baina lege hori 2006koa da, eta ez da oso argia. Praktikan hainbat gauza gertatzen dira. Erreprodukzio lagunduari buruzko lehendabiziko legea 1988koa da, eta emaileen erregistro nazional baten beharra aipatzen zuen jada. Kontuak kontu, 2019ra arte ez ziren hasi lehen erregistro nazionalaren proba pilotua egiten. Orduan, klinikek, ezer mugatzekotan, donazio-kopurua mugatzen dute, pertsona bakoitzeko sei. Baina, gero jendea joan zitekeen beste klinika batera eta beste sei egin, aurrez bat bera ere egin ez zuela esanda. Azkenaldian ez dut landa-lanik egin, eta ez dakit erregistroaren kontuarekin nola dabiltzan.

Elkarrizketez aparte, behaketak ere egin dituzu kliniketan. Zer topatu duzu?
Emailearen eta klinikaren arteko harremana ere interesatzen zitzaidan, nola kudeatzen zen maila praktikoan. Zer ikusi nuen? Ba emaileak oso garrantzitsuak zirela klinikarentzat; are, elementurik garrantzitsuena zirela, tratamendu horrek ematen dielako diru gehien. Honekin ez nuke ulertzera eman nahi klinikako langile indibidualei ez zaizkienik axola emakume horiek, eta askotan saiatzen dira emakume horien beharretara egokitzen eta beste. Baina, negozioari dagokionez, oso inportantea da emaileak edukitzea eta emaileek zikloa amaieraraino garatzea. Langileek azaldu zidatenaren arabera, ohikoa zen emaileek prozesua ez bukatzea edo prozesuaren erdian desagertzea. Hori eragozteko mekanismo batzuk dauzkate kliniketan.

Esaterako?
Emaileak klinikara hurbiltzen direnean lehendabiziko aldiz, egunean bertan ahalik eta gauza gehien egiten saiatzen dira klinikakoak. Izan ere, balizko emailea informazio bila etorri bada eta hurrengoan bere kabuz itzuli behar badu, agian ez da berriro etorriko. Beraz, sarritan, lehen bilera informatiboan baimena sinatzen da, dokumentuak ematen dizkiete, eta ezin direnez etxera eraman, ba momentuan bertan sinatu behar dira. Halaber, ahal bada probaren bat egiten saiatzen dira —odol-analisiak, ekografiak...—, pertsona hori emaitzen bila itzuli behar izateko. Prozesuarekin lotzeko modu bat da.

Eta diruarekin?
Ordainsaria baldintzazkoa da beti. Baliteke zu prozesuarekin hasi izana, baita injekzioekin ere, eta hala ere ez dago ziurtatuta dirua jasoko duzunik. Pertsonak zikloan zehar duen jokabidearen araberakoa da. Adibidez, pertsona batek huts egiten badu hitzorduetara, esaten diote agian ordainsaria murriztuko diotela edo ez diotela emango. Bestalde, aipatu behar da emaileen baimenean badagoela klausula bat, hala dioena: arrazoi ez medikoengatik prozesua eteten bada, bertan behera utzi behar bada emaileen “zabarkeria” edo “fede txarragatik”, klinikak ordura arte gastatutako dirua itzuli behar luke emaileak. Klinikek esan didate ez dutela inoiz halakorik egin —bestela ere ez luke zentzurik, emaileak hor diruagatik daudela kontuan hartuta—, baina tira, hertsapen-neurri bat da argiki.

Argazkia: Argazkia: Dani Blanco

"AEBn gai hau lantzen hasita daude, eta hainbat ikertzailek adierazi dute aztarnak daudela obulu-donazioa eta minbizi-mota batzuen arteko loturen susmoak izateko"
 

Kliniken praktiken inguruan beste zerbait aipatu nahi zenuke?
Orain arte aipatutakoak kontrolarekin lotutako neurriak dira, baina badago beste geruza bat emaileak zaintzeari dagokiona. Hori askotan errepikatzen zuten: emaileak zaindu behar ditugu, bestela beste klinika batera joango dira. Klinikentzat, arrakasta-adierazlerik onena emaile batek klinika adiskide bati gomendatzea zen. Eta, zentzu horretan, bestelako profil batzuetako langileak dauzkate, arlo medikotik kanpokoak, emaileekiko komunikazioaz bakarrik arduratzen direnak. Emakumeak dira beti, gehienetan gazteak, eta halako gertutasun-sentipen bat lortzen saiatzen dira. Eta, adibidez, errusiar jatorriko emaile asko dagoenez, ba itzultzaileak dauzkate.

Emaileak eta hartzaileak ez dira espazio berean egoten, ezta?
Ez. Klinikek esaten zutenaren arabera, hau zen arrazoia: batzuek eta besteek elkar ez epaitzea, oso agerikoa baita nor den nor. Horrez gainera, klinikek batzuetan ez dute nahi izaten hartzaileek emaileak ikustea. Hor badago klase-kontu bat, ezkutatzen saiatzen direna.

Hau guztia aintzat hartuta, gomendiorik egingo zenuke?
Tesian ez nuen gomendio politikorik proposatu ondorio gisa, baina nire iritzia eman dezaket. Egia esan, ikuspegi pesimista samarra daukat egin daitekeenaren harira. Ez dut uste ezin daitekeenik ezer egin, baina honen inguruan dagoen industria hain da handia, ez dakit zer neurritan antola litekeen beste modu batean.

Emaileen anonimotasuna deuseztatzea urrats bat litzateke?
Faktore garrantzitsua da. Anonimotasunak gauza mordo bat baimentzen ditu, eta deuseztatuko balitz gauza asko aldatuko lirateke, emaileen ikusezintasun hori ez litzatekeelako posible izango.

Eta gero?
Gauza batzuk aldatuko balira, nire ustez emaileen onerako –eta, orain arte aipatu ez dugun arren, jaioko diren horien onerako ere– litzateke, donazio-kopurua ere jaitsi egingo litzateke, eta prozesuen abiadura ere bai, beste herrialde batzuetan gertatu den bezala. Orduan, itxaron-zerrendak sortuko lirateke berriro, eta jende askok agian ezingo luke nahi duen hori lortu. Baina hausnarketa atzerago eraman behar dugula uste dut. Haurrak izatearen harira sortzen diren arazoak nola kudeatzen ari garen hausnartu behar dugu.

 


ASTEKARIA
2022ko azaroaren 27a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude