Hormigoiaren kultura

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

XX. mendean zehar burutu dugun hirigintzak, hiria ulertu eta egiteko pentsamendu eta eraikuntza horrek, gizakiaren eta inguru naturalaren arteko lotura eraldatu du. Erdi Aroko hiria gotorturik zegoen fisikoki beste gizakien babesean baina naturarekin sinbiosian; hiri garaikidean hormigoizko horma mental bat zimentatu dugu hiria eta inguruko basoen artean, bata eta bestearen arteko lotura posibleak deseginez. Gizakia urbanoa da, zigortzen du hiriak.

Hormigoiaren kulturak lurraldearen irakurketa banatu eta hierarkizatu batekin batera, paisaia urbano batean hezi gaitu. Ohitu gara kaleak landareen presentziarik gabe zapaltzen, normala da landareak jardineretan herstea beraien bizileku naturaletik atzerriratuz. Ohitu gara kaleetako txorkoetan zuhaitz enborrak itotzen. Naturala zaigu azalera zabalak landarerik gabe ikusten, basamortutze sentsazioa naturalizatuz. Hostorik gabeko urbanizazio garbiaren irudia sortu dugu. Kontrastean, potentea da gizakiak utzitako urbanizazioetan landarediak bere lekua nola hartzen duen.

Urriaren 3an Arkitekturaren Eguna ospatzen da mundu mailan, eta arkitekturari zuzendutako aktibitateak antolatu dira leku askotan. Seguru naiz arkitekturaren festan hormigoiaren kulturaren aurrean, basoaren kultura azalduko dela zirrikituren batetik. Arkitektoen komunitatean, irakaskuntzan, filosofian eta psikologian bezala, zuhaitz, baso edota landareen presentziaren gertutasuna aldarrikatzen ari da, presentzia berak ekartzen dituen onurak defendatuz, kalearen garbitasun irudian arrakala berdeak sortuz. Eskoletako patioetan edota kaleetako urbanizazioetan landarediarekiko beste sentsibilitate baten zantzuak nabari dira hormigoiaren zulatze lanak burutzen direnean zuhaitz edo hazi bat landatzeko. Ekintza hauek inklusio ariketa bat bezala ikusi behar ditugu, hiriak kanporaturiko izaki bizidunei espazio emateko eraikuntza aktibitate baitira.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude