"Prostituzioa ez da lanbide bat, esplotazio mota bat baizik”

  • 300 euroren truke proxeneta bati saldua izan zen Amelia Tiganus (Galati, Errumania, 1984), 18 urte zituela. Bost urtez prostituzioan aritu zen klubez klub eta Gipuzkoako putetxe bat izan zen ibilbide hartako azkena. Tolosaldean bizi da geroztik. Egun, prostituzioaren abolizioaren aldeko munduko aktibista ezagunenetakoa da. Bere historia eta borroka La revuelta de las putas (Prostituten matxinada, Ediciones B, 2021) liburuan kontatu du.

Amelia Tiganusek barrutik ezagutu zuen prostituzioaren mundua eta abolizioaren aldeko aktibista ezaguna da (argazkia: Ander Leon)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Aspaldi utzita baduzu ere, zure burua “puta” bezala definitzen duzu.

Bai, eta arrazoiak baditut. Alde batetik irainaren presioa kentzeko; erasotzeko modu bat “puta” deitzea izaten baita, eta aurretik naizela esaten badut, desarmatuta geratzen dira. Beste alde batetik, ez dut nahi prostituzioan aritzen direnengandik desmarkatu edo haiek baztertu, gainera nire nortasunean badago oraindik puta zati garrantzitsua, hortik ateratzeak utzi didan aztarna besteak beste. Ezin dut ukatu puta naizela eta gainera ez dut nahi.

“Sexu langilea” ez zaizu gustatzen.

Ez, izen hori lobby proxenetak bultzatutakoa da; beraiek proposatu zuten izendapen aseptikoagoa izateko, alde iluna ezkutatzeko, prostituzioa lan harreman arrunta bezala aurkeztu ahal izateko. Puta langilea bada, beraiek enpresari zintzoak dira, ez benetan direna, miseriaren esplotatzaileak. Ezustean, arlo progresista askotan hitz hori onartu eta baliatzen da emakumeen duintasunaren izenean.

“Putero” hitza ere erabiltzen duzu...

Oso egokia iruditzen zaidalako. Eufemismoak desagertzearen aldekoa naiz. Bezeroa? Erabiltzailea? Kontsumitzailea? Zer kontsumitzen dute? Zer erabiltzen dute? Pertsonak, emakumeak, neskak. Putero askoz egokiagoa da, eta gainera badakit ez zaiela batere gustatzen; beraz, aurrera. Tristea da, baina euskal gizonezkoen %39 puteroa da edo izan da noizbait.

"Puta langilea bada, beraiek enpresari zintzoak dira, ez benetan direna, miseriaren esplotatzaileak”

Liburuan putero deitzen diezun pertsona mota desberdinak aipatzen dituzu, azaldu dezakezu zure ustez zein diren?

Logelan egon arte ez duzu zurea zein motatakoa den antzematen. Hasieran beraien ustez jatorrak dira, hitz egin nahi dute, azalpenak ematen dituzte, puta neskalaguna balitz bezala tratatu... Ez, ez da horrela, egin beharrekoa egin eta ospa, nire gorputza erosten duzu baina nire arima ez. Gero matxoak datoz, bere bizitzaren ardatza ahalik eta emakume gehien zulatzea dena, “konkistak” zenbatzen dituztenak. Bukatzeko misoginoak, emakumeak gorrotatzen dituztenak. Azken horiek biolentoak eta arriskutsuak izaten dira. Putero bezala katalogatzen ez badugu ere, badago beste espezie bat, putetxetara joaten dena “soilik trago bat” hartzera. Horiek ere sistemaren parte dira. Parrandan daude eta klubera joaten dira taberna arruntetan egin ezin dutena egitera, hau da, neskei lizunkeriak esatera, beraiei aurpegian barre egitera, ahal dutena ukitzera edo komunean masturbatzera. Kubataren prezioaren hirukoitza ordaintzen dute, gizarte librean onartezina dena gure kontzentrazio esparruan egiteko.

Putetxea kontzentrazio esparrua?

Ekosistema berezia da. Hasiera batean, hor dauden emakumeak libreak dira, baina ez dut inoiz prostituzioan aritzen den neskarik ezagutu bizimodu hori utzi nahi ez duenik. Denak daude hor beraien borondatearen kontra, ustezko zorrak kitatzen, mehatxupean edo beste irtenbiderik ez dutelako. Gaixotasun eta heriotza esparruak dira, higienearen kontrakoak, biolentoak, duintasunik gabekoak. Askotan manifestazio feminista pasa izan da klub baten aurretik, “Ahizpa, sinesten dizut” edo “Ez ezetz da” oihukatuz, horma horren bestaldean gertatzen dena kontutan hartu gabe, hor taberna arrunta balego bezala. Feminista batzuentzat ikusezinak bagara, pentsa gizartearentzat.

Prostituzioak gizartean eragin handia dauka, noraino iristen da sistema hori?

Estatuan egunero bost miloi euro mugitzen ditu prostituzioak, eta horiek BPGren kalkuluan daude zenbatuta. Sistema horretan jende asko dago: proxenetak, udal karguak, putetxeetan negozioen arrakastak ospatzen dituzten enpresarioak… Denek ateratzen dute zerbait, baina prostituzioan aritzen diren nesken borondatearen arazoa dela ematen du. Klasismoan, matxismoan, arrazakerian eta biolentzian oinarritutako sistema da.

Zein dira jasandako biolentzia horren ondorioak?

Ondorio fisikoak ikaragarriak dira: orduak ematen ditugu takoi pare deseroso baten gainean, elikadura txarra, gaixotasunak, droga menpekotasuna, derrigortutako abortuak... Baina psikologikoak ez dira txikiagoak: apatia, depresioa, autoestimu eza, estresa, beldurra, mesfidantza, autolesioak… Eta horri gehitu behar zaio bezeroen eta proxeneten partetik jasandako biolentzia.

"Puta eta errumaniarra nintzen, dena neukan. Ez zidaten ezer esaten baina begiradek dena azaltzen zuten". (argazkia: Ander Leon)

Baina ezkutuan gelditzen dela dirudi.

Proxenetak ez du merkantzia kaltetu nahi, beraz kontu handiz ibiltzen da. Bezeroena beste kontu bat da. Feminizidioak uste baino ugariagoak dira. Klub batetik neska atzerritar bat desagertzen bada, zeinek botako du faltan? Beste klub batera joan dela edo bere herrialdera itzuli dela esaten da, eta inork ez du ezer gehiago galdetzen. Orain dela gutxi arte, prostituten hilketak ez ziren genero indarkeria kontsideratzen, hildakoak ez ziren zerrendetan azaltzen. Orain hori aldatu da, baina ezin da ahaztu estatuan gutxienez 48 prostituta hil dituztela azken urteetan, haietako batzuk Euskal Herrian.

Zerbitzu publikoa dela esaten dutenei zer erantzungo zenieke?

Zer zerbitzu? Neska baten barruan isuritzearen eskubidea bermatzekoa? Bortxaketak saihestekoa? Hor bi puntu daude. Bat: gizonak kontrolaezinak direnaren ustea. Bi: hala balitz, billete baten trukean batzuk, “galduok”, sakrifikatuak eta bortxatuak izan beharko dugula besteak, “zintzoak”, salbatu ahal izateko. Emakumeak bi multzotan banatzen dira: diruaren truke bortxagarriak direnak eta besteak, zaindu beharrekoak. Hau da defendatzen duten zerbitzu publikoa.

Eta bezeroa aukeratzeko eskubidea duzuela esaten dutenekin, zer?

Usoak badu ehiztaria aukeratzeko eskubidea? Asmoa ahalik eta diru gehien egitea da, ez da komeni bezeroari uko egitea, gehien bat ospe txarra hartzen duzulako. Puteroek aplikazio batzuk sortu dituzte eta hor neskak eta beraien zerbitzuak puntuatu eta komentatzen dituzte, hotelak eta jatetxeak balira bezala. Puntuazio txarrak gizonak aukeratzen lortzen dira, besteak beste. Konpetentzia handia da, Ukrainako gerra aprobetxatuz neska gehiago ekartzen dituzte, baina orain Kilometro 0 moda prostituziora ere heldu da. Askotan sare sozialetan ikusten dituzten hemengo neskak erakartzen saiatzen dira Only fans bezalako ereduekin. Kontu handiz ibili behar da.

Ez duzu prostituzioa arautzerik nahi, baina ez zaude debekatzearen alde...

Prostituzioa arautzea neoliberalismotik baino ezin da ulertu, dena salgai dagoenaren ustetik. Baina ezberdintasunean oinarrituta dago, klase, generoa eta arraza ezberdintasunean ere, esango nuke. Eredu hori Alemanian eta Herbeheretan dago indarrean, eta datuei erreparatuta, porrota izan da: emakumeen kontrako indarkeria igo egin da eta bortxaketak ere bai.

Debekua, berriz, irtenbide moralista edo kontserbadorea da: arazoa ez da prostituzioa, ikusgai egotea baizik. Ekialdeko Europako eredua da hori eta ez ditu giza eskubideak kontutan hartzen. Azkenean prostitutak zigortzen dira, erruduna ahulena balitz bezala.

"Prostituzioa arautzea neoliberalismotik baino ezin da ulertu, dena salgai dagoenaren ustetik. Baina ezberdintasunean oinarrituta dago"

Abolizioa da proposatzen duzuena, baina nola?

Neurrien konbinazio batekin. Batzuk positiboak: diru-laguntzak, aholkularitza, lan-poltsa, arreta psikologikoa... Eta beste batzuk zigor tankerakoak, bereziki proxeneta eta puteroen kontrakoak. Tristea da baina legeak irakasten du. Gaur egun inori ez zaio okurritzen jatetxean zigarroa piztea, legeak ez duelako uzten eta denok dakigulako gaizki dagoela. Prostituzioarekin gauza bera, puteroari isuna jartzen bazaio, denek jakingo dute gaizki egin duela eta eredugarria izango da; eskaria da desaktibatu behar dena. Herrialde eskandinaviarretako eredua da.

Prostituzioa utzi zenuen, baina gogorra izango zen urrats hori ematea. Nola lortu zenuen?

Irtenbide indibidualak bilatzen dira, bakoitzak berea. Klubetan ikusi ditudan matxinadak norbanakoenak izan dira, eta gehienetan droga edo alkoholaren menpe egindakoak. Iraultza ez da egingo bakarrik eta drogatuta, hori argi dago. Nik ere irtenbide pertsonala bilatu nuen. Hasieran gizon batek etxea eta janaria eskaini zidan sexu harremanen truke. Hortik hasi nintzen lan bila eta ez, ez zen erraza izan. Puta eta errumaniarra nintzen, dena neukan. Ez zidaten ezer esaten baina begiradek dena azaltzen zuten. Urteak pasata, bertako gizon batekin ezkondu nintzen eta horrek eman zidan zilegitasuna, hor hasi nintzen onartua izaten. Gero feminismora heldu nintzen eta hortik aktibismora, abolizioaren aldeko borrokara.

Prostituzioa lanbiderik zaharrena dela eta desagerraraztea ezinezkoa dela esan ohi da. Ezinezkoa da?

Hasteko, prostituzioa ez da lanbide bat, esplotazio mota bat baizik. Gauzak horrela direla eta ezin direla aldatu pentsatzen dutenei historiako hainbat adibide emango nizkieke. Emakumeak antolatu direnean, bere garaian pentsaezinak ziren lorpenak eskuratu dituzte: boto eskubidea, dibortzioa, abortu eskubidea… Borroka egin behar da, bestela ez dago ezer lortzerik.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
Hemeretzi atxilotu eta zauritu ugari Gasteizen, Falangearen Hispanitatearen egunaren ospakizunaren harira

Eskuin muturreko taldeak Espainiako Estatu mailako deialdia egin du, eta dozenaka pertsona batu dira Probintzia plazan. 300 bat metrora deitutako mobilizazio antifaxistara ehunka pertsona batu dira. Istiluak izan dira, gazte antifaxisten eta falangisten artean zein, batez ere,... [+]


Maria Corina Venezuelako oposizioko buruari eman diote Bakearen Nobel saria

“Venezuelako herriaren eskubide demokratikoen alde egindako lan nekaezinagatik” eman diote 2025eko Bakearen Nobel saria María Corina Machadori, Jorgen Watne saria eman duen batzordeko lehendakariak ostiral honetan Oslon jakinarazi duenez.


2025-10-10 | ARGIA
Jaizkibeleko bi kidek alardean jasandako erasoak salatu ditu konpainiak

Alardea egin eta hilabetera argitaratu duen oharrean, Jaizkibel konpainiak erakunde publikoei egotzi die “legeak ez betetzeko bermea” eman izana alarde baztertzailea antolatzen duen elkarteari. Konpainia parekideak adierazi du “elkarbizitzaren garaia amaitzen... [+]


2025-10-10 | Estitxu Eizagirre
“Jaten ditugun onddo espezie gehienak gordinik toxikoak dira, adibidez, shiitakea”

Udazkenean zentzumen guztiak erne dituztela joaten dira onddo biltzaileak mendira. "Hau jangarria ote da, edo toxikoa?", horra onddoen erreinuko ale bakoitzaren aurrean egiten duten galdera. Asmatu ez dutenek, kasurik larrienetan, ospitalean bukatuko dute eta orduan... [+]


Jaizkibel konpainia
"Elkarbizitzaren garaia bukatzen eta eskubideen garaia irekitzen ari da"

Jaizkibel konpainiak aurtengo jaien balorazioa egin berri du. Datozen hiletako estrategia definitzeko eta "konponbiderako orria berriz ere marrazteko" lanean hasi dira jada. 


2025-10-10 | Antxeta Irratia
6.000 lagun kontrolatu ditu Poliziak mugan, martxotik urrira indarrean ezarritako Force Frontières operazioan

Martxoaren 27an "presio migratorioa kontrolatzeko eta trafikatzaile-sareak deuseztatzeko" indarrean ezarritako dispositiboak Bidasoaldeko muga, eta departamenduko bide, tren-geltoki zein nazioarteko autobus zerbitzuetan kontrolak zorroztu ditu. Horietatik, egoera... [+]


2025-10-10 | Irutxuloko Hitza
EHUko errektoretzarekin izandako harremanak jakitera eman ditu EHU-Palestinak

EHU-Palestinak agerraldia egin du gaur, Ignazio Barriola ikasgelategian; sarearen jardueraren berri emateaz gain, EHUko errektoretzarekin izandako harremanak jakitera eman nahi izan dituzte, eta emaitza horien inguruko posizionamendua ezagutarazi.


2025-10-10 | Hala Bedi
Urriaren 12an Gasteizen Falangeari aurre egiteko hainbat deialdi egin dituzte

Espainiako Falangea alderdi faxistak ekitaldia egingo du Gasteizen urriaren 12an, “Hispanitatearen eguna” deitzen dutenean, Espainiaren batasuna goraipatzeko. Sare sozialetan zabaldu dutenez, 12:00etan elkartuko dira Probintzia Plazan.


"Kimioterapia honek DNAko bi kateen edo harien haustura eragiten du"

Biogipuzkoa ikerketa zentroak kimioterapia formula berri bat aurkitu du. Jesus Bañalesek,  Biogipuzkoa ikerketa zentroko Gaixotasun Hepatikoen Taldeko arduradun eta ikertzaileak, xehetasun gehiago eman ditu.


Israelgo enpresen hiru medikamenturen kontratuak ez ditu berrituko Nafarroako Gobernuak

Nafarroako Gobernuak Israelgo Estatuarekin edozein harreman hautsiko zituela iragarri ondoren, Osasun Sailak adierazi du ez dituela luzatuko Israelgo enpresen hiru farmakoren kontratuak.


Osasunbidean atzerriko hizkuntzak ezin direla euskararen gainetik egon ebatzi dute Nafarroako Auzitegian

Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak arautzen dituen 97/2024 Foru Dekretuaren bi artikulu utzi ditu bertan behera Nafarroako Auzitegi Gorenak. Argudiatu denez, euskararen balorazioari muga jartzen zioten, eta ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren balorazioei ez.


Unibertsitate pribatuak sortzeko baldintzak gogortzeko dekretua onartu du Espainiako Gobernuak

Espainiako Estatuko presidente Pedro Sanchezek duela sei hilabete agindu zuen “txiringito pribatuei” muga jarri behar zitzaiela. Tamaina, irakasleak, ikerketa eta finantziazio kaudimena dira ezarri berri diren oinarrizko baldintzak.


Bartzelonako Ekonomia Solidario Migratzaile eta Anitzaren azokan oldartu da Polizia

Bartzelonako Coòpolis Ateneo Kooperatiboak bultzatzen duen Migrazioaren eta Ekonomia Solidarioaren Zirkuluak joan den urriaren 4an Katalunia Plazan antolatu zuen azokan sartu zen polizia. Ekitaldia aurrera eramatea eragozteaz gain, antolatzaileek eraso fisiko zein... [+]


2025-10-09 | Sustatu
Elon Musk hasi da Grokipedia elikatzen, eta momentuz Wikipediako edukia erakusten du literalki

Joan den astean iragarri zuen Elon Musk oligarkak Wikipediari aurre egingo zion proiektua: Grokipedia. Bere adimen artifizialeko (AA) Grok zerbitzuaren bidez elikatuko omen den entziklopedia benetakoa eta ez-wokea, ildo ideologikoki zuzenekoa. Jada ireki du webgune bat,... [+]


Eguneraketa berriak daude