Gosearen geopolitika: Ukrainako gerra da azken errematea, gosetea lehendik handitzen ari zen munduan

  • Ezker internazionalistan klasiko bat den Centre Tricontinental elkarteak aldizkari berezia eskaini dio gosearen geopolitikari: Un système alimentaire à transformer (“Eraldatu beharreko elikadura sistema”). Gosetea, azken hamarkadetan, eten ez, baina zabaldu egin da, nahiz eta aspalditik egon formulatuta mundu guztia elikatzeko alternatibak. Ukrainakoak azken kolpea eman dio mundutar guztiak asetzeko gaitasunik ez duen sistemari.

USAID. Haurrak Kenyako Turkana herrian, buru gainean hartuta AEB-en laguntza humanitarioak banatutako olio potea. Goseteak hobera ez baina okerrera egin du munduan urteotan. Argazkia: John warren.
USAID. Haurrak Kenyako Turkana herrian, buru gainean hartuta AEB-en laguntza humanitarioak banatutako olio potea. Goseteak hobera ez baina okerrera egin du munduan urteotan. Argazkia: John warren.

Errusiarrek Ukraina inbaditu zutenerako, otsailaren 24an, inprimategian zegoen Centre Tricontinental-ek (CETRI) argitaratu duen Un système alimentaire à transformer (“Aldatu beharreko elikadura sistema”) hainbat adituren artean ondua. Geroztik, 20 minutes pour comprendre podcastean elkarrizketaturik, CETRIren ikerketaburu Laurent Delcourt soziologo eta historialariak aurkeztu ditu lerro nagusiak. Hemen laburbildu dugu Géopolitique de la faim (“Gosearen geopolitika”) izenburuko elkarrizketa.

Lehen egiaztapena: aktualitatearen lerro nagusietan azaldu ez arren, gero eta jende gehiago bizi da goseak hil edo gaixotzeko arriskuan. 2015ean Nazio Batuen Erakundeak garapen iraunkorrerako proposamenak onartu zituenean, gizadiaren helburu nagusien artean izendatu zuen 2030rako munduan gosea desagerraraztea. Geroztik, ordea, zazpi urteotan handitzen jarraitu du. 2015ean kalkulatzen zen 630 milioi pertsona zeudela goserik munduan. 2019rako 50-70 milioi gehiago ari ziren janari falta kronikoa jasaten. Hori zen COVID-19 zabaldu aurretik…

Koronabirusak eta hura kontrolatu nahian 2019tik ezarritako itxialdi eta murrizketek arriskuan jarri zituzten elikagaiak ekoiztu eta banatzeko nazioarteko zirkuituak. Gainera, ekonomiaren izozteak eragindako lanpostuen galtzearekin –bereziki ekonomia ez formalean– milioika familia geratu ziren diru sarrerarik gabe. Eta XXI. mendean dirurik gabe, otordurik ez. 2022 hasieran goseteak munduan jada 870 milioi pertsona zeuzkan harrapatuta. Baina hori gutxi bazen, Ukrainako inbasioa eta gerra heldu da.

Gosearen banaketa geografikoa lotuta dago herrialde bakoitzean familiek daukaten diru sarrera mailarekin: “diru gutxi daukaten herrialdeak” esan beharko genuke, ez “janaririk ez daukaten herrialdeak”. Herrialde behartsuak, txiroak. Esaterako, Afrikako Sahelekoak, azken urteotan nagusiki Niger, Burkina Faso, Txad, Mali eta Mauritania. Gero datoz gerran daudenak edo egon berri direnak, Afganistan, Yemen… Hor daude Asian Hegoaldeko Bangladesh, India eta Pakistan ere. Eta Erdiko Amerikakoak, krisi oso sakona nozitzen ari direnak; krisi horrek eragiten ditu bai elikatzeko arazoak eta bai migrazio masiboak.

Sahelen azken urteotan bikoiztu egin dira goseak dauden jendeen kopuruak eta migratu dutenenak lau halakotu. Berdin egin dute okerrera Afrikako Ekialdeko Adar deituan –Etiopia, Eritrea...–, Sudanen eta Hego Sudanen. Madagaskar uhartearen hegoaldeak azken bi urteotan bizi du sekulako lehortea –klimaren berotzeari lotua dela hain nabarmen ikusi den lehenbiziko idorte handia– eta arriskuan jarri du bi milioi pertsonaren biziraupena. Eskualde horietatik kanpo ere badira elikagaien segurtasunean atzera egin dugula dioten adibide adierazgarriak: Brasil batean, XXI. mendearen lehen 15 urteetan gosea desagertutzat jo zen, baina azken urteotan berriro azaldu da.

ELIKAGAI MERKEEN MORROI

Gerrak, klimaren zoratzea eta –energia krisiaren eraginez– laborantzarako ongarrien garestitzea estuki lotuta daude goseteekin. Baina tragedia honek baditu beste bi osagai funtsezko, bat gutxi aipatua: Delcourtek “elikagaien gobernantza” deitzen duena, hots, gauza bat dela nazioarte mailan gosea desagerrarazteko helburuetan adostasuna lortzea, eta oso beste bat horretara iristeko estrategia eta politiketan ados jartzea.

NBEk historikoki FAO Elikadura eta Nekazaritzaren Erakundea eduki du arazo honen aurrerabideak lantzeko tresnatzat, baina AEBak beti mesfidatu dira FAOz eta lortu dute Elikagaien Mundu Programa –WFP ingelesezko sigletan– bilakatzea munduko gosearen erreferentziazko tresna.

NBEren batzarrarentzat bezala, FAOren oinarria baldin bada “herrialde bat, boto bat” –Burkina Fasok boto bat, AEBk boto bat– WFP printzipio horietatik askatuta, AEBek lortu dute beren nahieran kudeatzea janari-larrialdiak, nagusiki AEBetako agro-industriaren soberakinak munduan zabaltzeko erabiliz.

Kontua da herrialde txiroak harrapatuta daudela AEBek 1960etatik, Gerra Hotzaren garaietatik, erabili duen estrategiaren ondorioengatik. AEBek –eta haren uberan, Mendebaldeko beste herrialde aberatsek– orduan erabaki zuten herrialde txiroak itotzea janari merketan. Ordurako Mendebaldeak urteak zeramatzan nekazaritzako produktuak soberan ekoizten. Horiek –dirulaguntza publikoz dopatuta– leku guztietara barreiatu zituzten, bertako nekazarien produktuak baino askoz merkeago salduz. Berehala, ordura arte elikagaiak esportatzen zituzten herrialde asko bilakatu ziren janari merkeen inportatzaile.

Populazioen elikadura planifikatzeko modu hau ideologia izatera iritsi zen 1980eko hamarkadan, neoliberalismoa nagusitu zenean Mendebaldean. Ronald Reaganen Nekazaritza ministroak esan zuen moduan, herrialde txiroek elikatzeko bidea ez zen nork bere elikagaiak sortzea, baizik eta AEBei erostea elikagai merkeak. Geroztik, zorretan itotako herrialde batek Nazioarteko Diru Funtsarekin eta Munduko Bankuarekin finantza-irtenbideak negoziatzerakoan, baldintzetako bat zen nekazaritzan ez dirurik inbertitzea.

2008ko krisiak erakutsi zuen nekazaririk gabe geratutako herrialde zorpetu bat gauetik goizera aurkitu zitekeela herritarrei eguneroko ogia edo arroza segurtatu ezinean. Ondoko hilabete eta urtetan janaririk ezak eragindako matxinadak ez ziren gutxi izan, baina gosearen munduko gobernantza aldatzea lortu barik. 2000tik 2015era artean, munduko herrialde txiroenen taldeak ikusi du elikagaien inportazioen faktura igotzen 2.5000 milioi dolarretatik 33.000 milioietaraino.

“Zer gertatzen da, funtsean? Txiroari debekatzen zaio nekazaritza sustatzea, populazioaren gehiengoa osatzen duten nekazariei debekatzen zaie beren lanetik bizitzea, herrialde eta jende horiek inportazioen morroi bihurtzen dira. Nazioarte mailan elikagaiak garestitzen baldin badira, hondamendia da. Horretan gaude. Arazoa menpekotasuna da. Hil ala bizikoa da birlokalizatzea, bai elikagaien produkzioa eta bai beste produkzio askorena. Hil ala bizikoa haientzako... eta guretzako ere bai”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura segurtasuna
Beste 'Prestige' bat Galiziako kostaldean? Plastikozko milioika bolatxok marea zuria eragin dute

Duela hainbat astetatik etengabe ari dira azaltzen plastikozko bolatxoak Galiziako Rias Baixaseko hondartza eta arroketan. Kargamentua abenduaren 13an galdu zuen itsasontzi batek Portugalen eta geroztik kostaldeko naturguneei ere eragiten ari da. Ekologista taldeek salatu dute... [+]


2023-09-26 | Aiaraldea
Errioxan menuetan zizare larbak izateagatik ikertzen ari diren enpresa eta Laudioko Lamuza Eskolakoa bera dira

Lamuza Eskolako Guraso Elkarteak kritikak indartu ditu, ikusita janari eskasa ekartzen dien enpresa ikertzen ari direla, Serunion.


Laudioko Lamuza Eskolako umeentzako janaria "ezin dela jan" salatu dute gurasoek

Lamuza Eskolako Guraso Elkarteak eskutitza bidali dio Hezkuntza Saileko Sailburu Jokin Bildarratzi jakinarazteko ikastetxeko umeak kexu direla janariaren kalitate eskasagatik. Gurasoek nabarmendu dute bazkaria Logroñon prestatzen dutela eta 120 kilometro garraiatzen... [+]


FoodTech vs agroekologia, nork irabaziko du lehia?

FoodTech edo elikagaien industria teknologikoak biderkatzen ari dira elikadura segurtasunaren izenean. Gainprodukzioan oinarritutako elikadura-sistema industrialaren parte izanik, onura ekonomikoa dute helburu, ez ordea elikadura-eskubidea, elikagai-xahuketa ere merkantilizatuta... [+]


2023-07-17 | Ilargi Manzanares
Aspartamo edulkoratzailea “balizko kantzerigeno” gisa izendatu du OMEk

Aspartamo edulkoratzaile artifiziala minbizia eragin ditzakeen substantzien artean jarri du Osasunaren Munduko Erakundeak, nahiz eta aldi berean “kontsumoa, neurrian, segurua” dela esan.


Eguneraketa berriak daude