Zeri egiten zioten barre erromatarrek?

(Argazkia: Napoliko museo arkeologikoa)
(Argazkia: Napoliko museo arkeologikoa)

Erroma, 192. Marko Aurelio Komodo enperadoreak ikuskizun handia antolatu zuen 50.000 ikuslek betetako Koliseoan. Komodok ikuskizuneko protagonista izan nahi zuen eta, horregatik, aurrez hilzorian utzitako hartz batzuei lantzak jaurti zizkien, sareetan harrapatutako beste animalia batzuk hil zituen eta haren aurka inolako ahaleginik egin ez zuten gladiadore batzuk ere mendean hartu zituen. Erakustaldi ahaltsu eta heroikoa behar zuen, baina emaitza barregarria izan zen. Eta enperadoreak lehen lerroetako patrizioei ostruka baten buru odoleztatua erakutsi zienean, barrez lehertzeko zorian egon ziren senatariak –vehementius risimus esango zuketen haiek–. Beste enperadore batzuek ondo hartzen zituzten haien kontura herritarrek botatzen zituzten algarak, bereziki Augustok, baina Komodo ez zegoen horien artean. Horregatik, senatariek barreari eutsi behar zioten, ostruka hark bezala bukatu nahi ez bazuten. Haietako batek, Kasio Dionek, buruan zeraman koroari erramu hostoak kendu zizkion, ahoan sartu zituen eta mastekatzeari ekin zion, barrez lehertu baino lehen. Kasio eta gainerako senatariak onik atera ziren Koliseotik; Komodo handik gutxira hil zuten.

Pasarte hau Kasio Dionek berak kontatu zuen Erromako historiari buruz idatzi zituen 80 liburukietatik azkenekoan. Eta duela urte batzuk Mary Beard historialari ezagunak jaso zuen Laughter in Ancient Rome (Barrea antzinako Erroman) lanean. Beard Erromari buruzko lan dibulgatzaile eta entretenigarriengatik da ezaguna, baina juxtu umoreari buruz hitz egiteko inoiz baino serioago eta akademikoago jardun zuen: antzinako testuak aztertu, txisteetako hitzen etimologia bilatu, erromatar umoreari buruzko beste lan teoriko batzuk azaldu eta ezbaian jarri ditu.

Aztertutako testuen artean IV. mendeko Philogelos bilduma dago, orain arte aurkitu den txiste bildumarik zaharrena. Grezieraz idatzita egon arren, Erromako 265 txiste jasotzen ditu. Hauxe da horietako bat: “Nola nahi duzu ilea moztea?” galdetu zuen ile-apaintzaileak, eta bezeroak erantzun, “Isilik!”.

Antzinaroko umorea, gaur arte

Adibideari erreparatuta, ez dirudi 2.000 urtetan txisteak asko aldatu direnik. Txiste onak eta txarrak botatzen zituzten, gaur bezala, eta Zizeronek berak aholkatzen zuen tarteka txiste txarrak botatzea, txiste onak gehiago nabarmendu zitezen. Garai hartan Abderako biztanleen lepotik egiten zuten barre nagusiki, eta egun, Traziako hiria desagertuta, beste toki batzuetako biztanleak hartu ohi ditugu biktimatzat; eunukorik ere ez dago gaur egun, baina ustezko maskulinitate gabeziak oraindik grazia egiten die batzuei. Gizarte oso misoginoa zen Erromakoa, eta emazteei tratu txarrak ematen dizkieten senarrei buruzko txisteren bat, esaterako, iritsi zaigu. Txiste arrazistak egiteko ohiturarik, aldiz, ez zeukaten. Antzinako Erroman ez zegoen arrazakeriarik, zentzu kolonialistan behintzat. Berdin zitzaien norbaitek Asian, Afrikan edo Erroman bertan jatorria izatea; axola zuena klase soziala zen. Arrazista ez, baina zeharo klasista baitzen inperioa. Hala, gustu txarreko txisteak egiten zizkieten azpitik zeuden guztiei: pobreei, esklaboei, emakumeei…

Baina alderantziz ere gertatzen zen. Gaur egun bezala, boteretsuen bizkar barre egitea haien kontrako armetako bat zen, maiz bakarra, tarteka erramu hostoak irenstea beste erremediorik ez zuten arren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Umorea
Maria Rivero
"Umorea oso maskulinoa da oraindik, gauza asko aldatu beharra dago arlo horretan"

Korrika Kulturalaren eskutik, Olatz Beobidek zuzendutako eMcumeak umorezko obra taularatuko dute Maria Riverok eta Itxaso Payak asteartean, 19:00etan, Antsoaingo Antzokian.


Umorea

Astean galdetu didate ea nolakoak ziren idazten nituen artikuluak, eta ea umoretsuak ziren. Ezetz esan nion galdetzaileari, nahiko nukeela, baina ezin, inguruan gertatzen dena ikusita.

Uste dut umoretsua naizela normalean, baina ez da erraza ezer umorez idaztea munduan dauden... [+]


Eguneraketa berriak daude