“Berdetik gutxi dute energia berriztagarriek”

  • Jackeline Romero Epiayu giza eskubideen defendatzaile wayúu-a da. Kolonbiarra da sortzez, La Guajira departamentukoa, Wayúu herri indigenaren gehiengoa bezala. Munduko aire-zabaleko ikatz meategi handienetakoa dago bertan kokatua, eta beronen eskutik heldu dira inguruetara hainbat natur –eta giza– eskubideren urraketa. Urraketa horiek salatzera eta Kolonbiako gatazka armatuak bere herrian izandako eraginak ikusaraztera bideratzen du Romerok Sütsuin Jieyuu Wayúu (Wayúu Emakumeen Indarra) mugimenduan egiten duen lana. Eginkizun horregatik heriotza mehatxuak jaso ditu. Mugarik Gabe GKEak antolatutako Bizitza Jokoan kongresuan parte hartzeko Euskal Herrira egin duen bidaia baliatu dugu berarekin hitz egiteko.

Jackeline Romero Epiayu (Argazkia: Mugarik gabe)
Jackeline Romero Epiayu (Argazkia: Mugarik gabe)

1976an, Carbocol kolonbiar enpresak eta Intercor enpresa transnazionalak sinatutako kontratuak martxan jarri zuen La Guajiran ikatza ustiatzeko plana. Urte berean jaio zen Romero, eta bertatik bertara ikusi du etxe ondoan eraiki dieten El Cerrejon ikatz meatzearen sorrera eta hedapena. Denboraren igaroarekin, meatzea beren lurretan eragiten ari zenaren kontzientzia hartu ahala, bere jarduna bideratu du El Cerrejonen praxi okerra eta eskubide urraketak salatzera, bizitza bera jokoan jartzeraino. Garesti ordaindu ohi baita interes ekonomikoen aurrean lurra eta herritarren bizitzak defendatzea. Global Witness erakundearen datuen arabera, Kolonbia da defendatzaileentzat herrialderik arriskutsuenetarikoa; 2020an beste inon baino defendatzaile gehiago hil zituzten bertan, 65 zehazki. Tamalez, heriotzarena hartu beharreko arriskua dela diosku Romerok, arrazoi argiarengatik: “Berez ez nuke eskubideak erreklamatu beharrik izan beharko, estatuak baitu horiek bermatzeko derrigortasuna. Baina indigenen errealitatea bestelakoa da”.

Mugarik Gabe GKEak argitaratu duen Bizitza Jokoan. Giza eskubideak eta naturaren eskubideak urratuta liburuan Jesus González Pazos egileak jasotzen duenez, El Cerrejonen iritsierarekin garapena, enpleguaren sorrera eta ustiapen arduratsua promestu zizkieten herritarrei Kolonbiako Gobernuak eta enpresa transnazionalek. Alabaina, pobretzea, desplazamenduak, kutsadura eta gaixotasunak dira oinordetzan utzi dietena egiatan. “Meategi horren eraginez Guajiran ez dago, eguzkiaz gain, distira egiten duen beste ezer, ikatzaren hauts kutsakorra dena beltzez estaltzen ari baita inguru hartan”, irakur daiteke liburuan.

Sütsuin Jieyuu Wayúu (Wayúu Emakumeen Indarra) mugimenduak urteak daramatza hori guztia salatzen, arreta berezia jarriz emakumeetan izan duen inpaktuan. Horrekin batera, beren lan lerroetako bat wayúu emakumeak trebatzea ere bada, hainbatetan urratu dizkieten eskubideak betearaztea exijitzeko gai izan daitezen. Jardun horrek eraman ditu heriotza mehatxuen jopuntu izatera.

Nola aldatu ditu El Cerrejonek La Guajira, bertako herriak eta horien bizimodua?

Meatzeak esplotaziorako beharrezkoak zituen lur guztiak bereganatu ditu, eta horrek bertako komunitateen –indigenak, afroak zein nekazariak– desterritorializazioa eragin du. Enpresa heldu zenean oraindik ez zegoen indarrean Lanaren Nazioarteko Erakundearen (OIT) 169. hitzarmena, herri tribal eta indigenei aitortzen diena kontsultatuak izateko eskubidea, beren lurraldean egin asmo dituzten proiektuen aurrean. Hala bada, enpresak ez zuen kontsultarik egin, eta gobernuaren partetik ere ez zuen inolako kontrolik izan. Gerora meatzea hedatuz joan da, eta 169. hitzarmena indarrean egonik, printzipioz kontsulta eskubidea bete behar luke; baina kontrara, ahal izan duenean enpresak araudia urratu egin du herriei kontsulta egin behar ez izateko.

La Guajirako erdialdea eta goi partea, iparralderantz eta itsasotik gertuen dagoena, eremu erdi-basamortukoa da. Meatze-eremua Ranchería ibaiak gurutzatzen du, La Guajirako ibai bakarrak; Sierra Nevadan jaio eta La Guajiran eta Karibe itsasoan isurtzen da. Ibaiaren behe eta erdialdean enpresak kutsatu egin ditu urak, eremu horretan pilatzen baita meatzearen jardunetik datorren ur toxikoa. Horrez gain, ibaiadarrak ere suntsitu ditu, ibaia are gehiago ahulduz, eta hori guztia La Guajira bezalako eremu erdi basamortukoan eta ekosistema ahulekoan. Aparte, lurra apurtu eta ikatza ustiatzeko dinamita erabiltzen da egunero meatzean, eta horrek lur azpiko uraren maila geroz eta baxuagoa izatea dakar. Hala diote ikerketek ere. Eta ondorioz, ibaitik urrunen kokatutako komunitateentzat geroz eta zailagoa da lur azpiko uretara heldu ahal izatea.

Horrez gain, ehun soziala ere hautsi du, heldu bezain pronto informazio okerra sartu eta komunitatean zatiketa giroa sortzen baitute enpresek. Eta ekonomiari dagokionean, gaur egun La Guajira herrialdeko eskualde pobreenetakoa da.

Meatzeak 69.000 hektarea hartzen ditu, eta horri gehitu behar zaizkio karga terminalaren 38.000 hektareak. Horrez gain, ikatza garraiatzeko 150 kilometroko trenbideak zeharkatzen du departamentua, eta egunero 30 milioi ur-litro inguru kontsumitzen ditu 108.000 ikatz tona ateratzeko (Argazkia: Tanenhaus)

Oker ez banabil, diru-sarrera gehien dituen herrialdeko bigarren ikaztegia da El Cerrejon, eta La Guajira, aldiz, Kolonbiako bigarren eskualderik txiroena.

Hala diote estatistikek. La Guajirako hiriburuan, Riohachan, langabezia maila Kolonbiako altuena da. Eta eskualdean 5.000 haur baino gehiago hil dira, oso behetik jota. Haur asko gosez eta egarriz ari da hiltzen, eta meatzea da horren erantzule nagusietako bat, baina ez bakarra. Horri gehitu behar zaio utzikeria instituzionala. Gobernu arrazista eta klasista da Kolonbiakoa, eta komunitate indigenari ez digu bermatu osasuna, hezkuntza edota zerbitzu publikoetara sarbidea, horiek oinarrizko eskubideak izanik. Indigenok ere bagara eskubidedun herritarrak.

Meatzea eraiki aurretik promestu zutenaren oso bestelako eszenatokia sortu du enpresak. Zer da saldu zutena?

Heltzean, enpresak departamentua ilusioz bete zuen, garapenaren, enpleguaren eta baldintza ekonomiko hobeen ilusio faltsuaz. “Ikatza ustiatuko da, baina baliabide asko eta inklusioa ekarriko dizkio La Guajirari”, hori zen helarazi zena.

Instituzioek ere badute beren erantzukizuna hemen, enpresaren praktikak egokiak direla bermatzeko beharra haiena baita; bermatu behar dute enpresak baldintzak betetzen dituela, eskubideak bermatzen dituela. Kolonbiako Estatuak ez du halakorik egin.

Enpresak gauzatutako eskubide urraketen erreparazioa eskatzen duzue.

Gaur artean, enpresak uko egin dio kalteak erreparatzeari. Hala egin dezan lortzea oso zaila da, badirudielako enpresek, korporazioek, jatorrizko herrialdeetan ere ez dutela beren jardunaren gaineko kontrolik. El Cerrejonek, bere garaian, hiru jabe zituen: Glencore suitzarra, BHP Billiton britainiarra eta Anglo American hegoafrikarra. Horiek beren akzioak saldu eta erretiratzen joan dira, eta Glencore bilakatu da jabe bakarra, praktika okerren zerrenda luzea duen transnazionala. Testuinguru horretan, komunitateon beldurra da biharko egunean enpresa horrek ere hirugarren bati saltzea bere akzioak, eta dituen erantzukizunei iskin egitea.

"Komunitateon beldurra da biharko egunean Glencore enpresak ere hirugarren bati saltzea bere akzioak, eta dituen erantzukizunei iskin egitea"

Meatzeak ez ditu maila berean kaltetu gizonak eta emakumeak. Hala seinalatu du Wayúu Emakumeen Indarrak.

Hasteko, enpresa heldu zenean elkarrizketak soilik komunitateetako gizonekin mantendu zituen. Wayúu herriaren antolaketa soziala matrilineala da, familiaren leinua amaren bidez hartzen da oinordetzan, baina familiako autoritate figura maskulinoa izaten da: amaren aldeko osaba, amonaren seme nagusia… Kultura matxista da, eta aipatutakoa bezalako elkarrizketak abiatzen direnean, hor jazotzen da lehen inpaktua. Emakumeak, horien hitza, ez da kontutan hartzen; emakumeei ez zaie parte hartze politikoa aitortzen.

Horrez gain, meatzeak ura ondasun urri bilakatu izanak eragin zuzena izan du bereziki neskatoen eta emakumeen bizitzetan, ur bila edo arropa garbitzera joan ohi direnak baitira. Ura lehen baino urrutiago izateak –5, 10, 15 edo 20 kilometrora– nabarmen kaltetu ditu beren biziak.

Osasunari begira jarriz gero, meatzetik gertuen dauden komunitateetan jaso dugun informazioaren bitartez, lehen ezohikoak ziren gaixotasunen kasu ugari identifikatu ditugu. Emakume askori umetokiko minbizia diagnostikatu diete, bularreko minbizia ere bai. Lehen halako oso kasu gutxi egoten zen, beraz, ondorioztatu dugu emakumeen osasunean ere eragin zuzena izan duela meatzeak. Instituzioei eskatu izan diegu ikertu dezaten, baina ez dugu halakorik lortu.

Bestalde, meatzearen kedarrak eragindako kutsadurak gurea bezalako gune hauskorretan dagoen landaredi urria ere kaltetu du, eta horrek ere era berezituan kaltetzen ditu emakumeak. Izan ere, wayúu herrian emakumeak dira medikuntza tradizionalean jarduten dutenak, eta egun sendabelarrak hazten diren eremuak kutsatuta daude.

Behin hasita, etenik gabe segi ahalko nuke meatzeak emakumeei eragindako kalteak zerrendatzen.

Argazkia: Sütsuin Jieyuu Wayúu

Zerk eraman zintuen Wayúu Emakumeen Indarrarekin bat egitera?

Uste dut egokitu zaidan zerbait dela. Ez nintzen egun batean jaiki eta honetara dedikatzea erabaki, esango nuke biziak berak eraman nauela nagoen tokira. Nire amonetako bat oso emakume aurreratua izan zen bere garaietarako, kemen ikaragarria eta harremanetarako erraztasuna zituen, eta ez zuen isiltzen uste zuena. Bere kudeaketari esker sortu zen komunitateko lehen eskola. Beraz, nire jardunak badu herentziatik zertxobait.

Horrez gain, nire ama arduratu zen ni komunitatetik ateratzeaz, ikasketak izan nitzan. Horrek ahalbidetu zidan nire ama hizkuntzaz gain –wayuunaiki– espainola ere menderatzea, besteak beste. Ikasketak amaitzean komunitatera itzuli eta irakasle gisa hasi nintzen lanean, eta inguruan gertatzen ari ziren hainbat kontutaz ohartzen joan nintzen. Hala hasi nintzen komunitatearen kudeaketan laguntzen. Apurka sentsibilitatea eta kritikotasuna garatu nituen zenbait konturen aurrean, meatzearekin, kasu. Gertatzen ari zena ulertzen hasi, eta ohartu nintzen komunitateak oso bakarrik zeudela meatzearen aurrean.

2000. urtean jazotako gertakari batek ere izan zuen eragina nigan. El Cerrejon enpresak beren lurrak kendu zizkion Tabaco komunitate afroari; beren lurretatik kanporatutako lehenbiziko komunitateetakoa izan zen, eta horretarako baliatu zituzten armada, indar publikoa, makineria… Kolpatu egin ninduen ikusteak nola kanporatzen zituzten beren lurretatik, joateko beste tokirik eskaini ere egin gabe. Sinpleki, kanporatu egin zituzten.

2008tik ari zarete mehatxuak jasotzen. Zuk zeuk heriotza mehatxuak jaso dituzu. Nor dago horien atzean?

Mugimenduak laguntza eskaintzen die meatzearen biktima diren komunitateei, eta baita Kolonbiako gatazka armatuak kaltetutakoei ere. Ondorioztatu dugu jardun horregatik jaso ditugula mehatxuak. Orain eta hemen, ezingo nuke baieztapenik egin eta “enpresa da mehatxu egiten didana” esan, ez baitaukat frogarik. Halere, mugimenduko kideok argi dugu gure jarduna dela mehatxuen arrazoia. Ekintzak gauzatu ditugu, korapilatsuak diren gaien bueltan eragin dugu; nondik etorriko dira, bada, mehatxuak?

Frogatuta dago Kolonbian paramilitarismoa beti egon dela aliatuta indar publikoekin, korporazioekin eta enpresekin. Kasu batzuetan hori frogatu izan da, César-eko meatzeetan adibidez, zeinetan sindikalistak hil dituzten eta kasua epaitua izan den. Kontua da El Cerrejonen kasuan lotura hori ez dela frogatu. Aguilas Negras-en izenean mehatxuak jaso genituenean [2020], gobernuaren eta justiziaren partetik entzun genuena izan zen halako talderik ez dela existitzen, panfletoak idazten dituzten alprojak besterik ez direla. Kolonbiako Fiskaltzak berak darabilen argumentua da hori. Baina hainbat mehatxu eta hilketa gauzatu dituzte herrialdean. Hori frogatuta dago. Nola esan dezakete existitzen ez direnik? Ondo dakite talde paramilitarrak direla.

"Mugimenduko kideok argi dugu gure jarduna dela mehatxuen arrazoia. Ekintzak gauzatu ditugu, korapilatsuak diren gaien bueltan eragin dugu; nondik etorriko dira, bada, mehatxuak?"

Mehatxuen egileak identifikatzeko, judizializatzeko eta ikertzeko ezintasunak ditugu, eta ondorioz erabateko inpunitateari aurre egin beharrean aurkitzen gara. Testuinguru konplexuegia da lider sozialen segurtasuna bermatzeari dagokionez, eta estatuak, beste ezer baino gehiago, estigmatizatu egiten du horien lana.

Nola eramaten du batek hori? Nola eragin dizu mehatxuak jasotzeak?

Lehenbiziko mehatxua ez nuen zuzenean nik jaso, 15 urte betetzear zen nire alabak baizik. Niretzako mezua zen arren, bere bidez helarazi zidaten. Gibelean den logika ondokoa da: zure alderdi sentibera seme-alabak dira, beraz, hortxe joko dugu. Zentzu honetan ere, emakumeenganako mehatxuek berezitasunak izaten dituzte.

Denborarekin ikasi dut beldurrarekin elkarbizitzen, ezin baitut utzi nire bizia suntsitu dezan. Gaur soineko hau daramat soinean, bada, bihar ere kalera irtengo banaiz, aldatu egingo dut arropa. Hala ibiltzen ikasi dut. Une zailak bizi izan ditut, mehatxatzen zaituztenean ez baitzaituzte zu bakarrik mehatxatzen, eta horren ondorio izaten da familiaren presioa: “Zergatik zaude zu hor? Hil zaitzaten, eta zeure alabak hil ditzaten eragingo duzu”. Eta komunitatea berdin, beldurra nagusitzen da eta esaten dizute “aizu, ez dugu nahi zu honetan gehiago sartzerik, utz ditzagun gauzak dauden moduan”. Mehatxuak egiten dituztenek diseinatutako estrategiak dira, helburu dutenak komunitateen ahotsa isilaraztea, horien eskakizunak eta erreklamazioak ere isilarazteko.

Ez gaude heriotzaren esperoan, baina zerrenda bat latente balego bezala da. Gaur lagun bat da hil dutena, atzo beste bat hil zuten, eta bihar batek daki, beharbada zeu izan zaitezke. Horrela bizi gara. Esango nuke hori dela Kolonbiako liderrok guzti hau bizitzeko dugun modua. Oso gogorra da, eta terapia egitea dagokigu, espiritualtasunetik eta egiten dugunetik bizi, ahal deneraino. Hori da egokitu zaiguna.

Deskarbonizazioa

“Deskarbonazioa ez da erreala gure lurraldeentzat, ikatza ustiatzen jarraitzen baitute hemen. Hori bai, Kolonbian ez da La Guajiratik ateratzen den ikatz gramo bakarra ere kontsumitzen. Bertako matrize energetikoa hidroelektrikak dira. Ikatza kanpora ateratzen da: AEBetara, Europara, Asiara… Horregatik arreta ematen diegu kontsumitzaileak diren herrialdeei”.

Trantsizio… bidezkoa?

“Trantsizio energetikoaren diskurtsoa arrotza da guretzat. Horretaz hitz egiten dute gobernuek, baita erakunde anbientalistek ere, baina gurea bezalako lurraldeetan –non ustiapena gure errealitatearen parte den– trantsizioetaz hitz egitetik urruti gaude, gure galdera ondokoa baita: trantsitatu, nora? Nora trantsitatuko dugu ustiaketak eragindako kalteak erreparatu ere ez baditugu egin. Jendeak ez du astirik izan trantsizioan pentsatzeko.

“Bidezko trantsizioa” entzuten dugunean, burura datorkigun lehen gauza da gobernuen trantsizio bidegabea. Izan ere, trantsizioak gobernuetatik ari dira pentsatzen, kapitalaren interesen arabera, eta helburu bakarrarekin: baliabide naturalak komertzializatzen jarraitzea. Ez dute deus bidezkotik, ustiatuko den lurraldea eta bertako komunitateak kontutan hartzen ez badituzte. Parametro horietan ez dago ez bidezko trantsiziorik, ez ekonomia berderik”.

Energia “berdea”

“Emanak daude La Guajirako zentral eolikoei bide emateko lehen lizentziak. Ikatz meategiak eragindako kalteak ez ditugu konpondu, eta orain aldaketa klimatikoa arintzeari buruz hitz egiten duten munstro berriei ere aurre egin behar diegu. Energia eolikoa bidezkoa, berdea dela diote. Baina berdetik gutxi dute energia berriztagarriek, ikusten ari baikara nola ari diren heltzen enpresak. Baliabideak ustiatzeko formak berriak dira, baina baldintzak iraganeko berberak: lurraldeko biztanleen proposamenei, iritziei eta parte hartzeari ez zaio lekurik egin”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Enpresa transnazionalak
2024-03-14 | Gedar
Mercadonak %40 areagotu ditu irabaziak, eta %30 Inditexek

Marka historikoak hautsi dituzte bi enpresek 2023an: Mercadonak lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea.


Iberdrolak 4.803 milioiko irabazi garbia izan zuen 2023an

% 10,7ko igoera izan du aurreko ekitaldiaren aldean; iaz, 4.339 milioiko errekorra lortu zuen. Hala ere, Ignacio Sanchez Galan presidenteak irabazi elektrikoen kargaren aurka egin du.


Repsol, demonioak hemen eta han

Davoseko talaimendi distiratsu eta zuritik hitz egin digu Repsoleko sheriffaren ahotsak, denok entenditzeko moduan: “We have to broaden our mind”. Alegia, mentalitatea zabaldu behar dugula, ezin dugula pentsatu erregai fosilik gabe bizi gaitezkeenik. Ze uste zenuten... [+]


Repsol, demonioak hemen eta han

Davoseko talaimendi distiratsu eta zuritik hitz egin digu Repsoleko sheriffaren ahotsak, denok entenditzeko moduan: “We have to broaden our mind”. Alegia, mentalitatea zabaldu behar dugula, ezin dugula pentsatu erregai fosilik gabe bizi gaitezkeenik. Ze uste zenuten... [+]


Iberdrolak 2013an ez zituen prezioak manipulatu Auzitegi Nazionalaren arabera

Epaitegiak adierazi du ez dagoela nahikoa frogarik akusazioa babesteko.


Eguneraketa berriak daude