Paisaia porteñoetatik pagodetara, Alhambratik igaroz

Musika Música jaialdia Euskalduna Jauregia, martxoaren 6a. Bayerische Kammerphilharmonie Zuzendaria. Gabriel Adorjan Egitaraua: Vivaldiren eta Piazzollaren lanak Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa Zuzendaria: Gabriel Bebeselea Egitaraua: Joaquín Rodrigoren eta Manuel de Fallaren lanak

Alaitasun handiz ari gara, azkenean, ia dena normala eta lasaia den ekitaldietara joaten musikazaleok, interpretazio onez eta programa bikainez gozatzera. Hau poza!

Horren adibide izan da joan den asteburuan Bilbon egin zen Musika Música jaialdia. Jaialdi honetan musika klasikoko maratoi bat ematen da, ordu guztietan, interprete eta estilo anitzekin; beraz, konplikatua da bakoitzaren gustuko kontzertu edo errezitaldi bat ez aurkitzea. Egia esan, zaila egin zitzaidan zein kontzerturi buruz idatzi aukeratzea. Baina nabarmendu nahi ditudan programa erakargarriak eta interprete bikainak dituzten bi saio aukeratu ditut.

Gabriel Ardojan kontzertinoaren gidaritzapean jo zuen Bayerische Kammerphilharmonie-rekin hasiko naiz. 1990ean Augsburgen musikari gazte talde batek sortutako talde honek Euskaldunako publikoari dardara eragin zion energiaz beteriko eta izugarri trinkotutako interpretazio batekin. Saioa benetako gozokia izan zen: batetik, Vivaldiren Uda eta Negua eta, bestetik, Astor Piazzollaren Udaberri porteñoa eta Udazken porteñoa. Hasiera batean zerikusi gutxi duten estiloek ohiz kanpoko lotura lortu zuten. Vivaldiren barroko pasiotsuak eta Piazzollaren dantzak eta sakontasunak giro paregabea sortu zuten, eta entzuleek txalo zaparrada handiz eskertu zuten.

Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoarekin norabidea erabat aldatu genuen. Espainiako musika klasikoko bi obra enblematikoz osatutako programa interpretatu zuten, soinuaren fintasun handiarekin. Gitarra eta orkestrarako Rodrigoren Aranjuezko Kontzertua zoragarriak zentzu berria hartu zuen Rafael Aguirre bakarlari gaztearen interpretazioarekin, une honetan munduan erreferentzia diren gitarristetako bat baita. Benetan belusezko bertsioa izan zen artista honek eskainitakoa, bisean ere liluratu zuena Tarregaren Alhambraren oroitzapenak piezarekin.

Era berean, Judith Jauregi ere asko gustatu zitzaigun bakarlari gisa Fallaren Gauak Espainiako Lorategietan izeneko piano eta orkestrarako obran. Lan honetan, pianistak birtuosismoa, soinu dotorea, fantasia eta adierazkortasuna zabaldu zituen une oro. Propina gisa, bakarlari donostiarrak Debussyren Pagodak pieza eskaini zuen. Beharbada musikagile frantziarraren musikaren giro etereoa falta izan zen arren, dotorea eta teknikoki perfektua izan zen bertsioa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Orkestra sinfonikoak
Amalgamaren edertasuna

Euskadiko Orkestraren azken abonu-kontzertuan, Handiena izenekoan  –programa osatzen zuten bi obrei erreferentzia eginez– estiloen kontrajarritasuna eta soinu-bizipenen aurkakotasuna izan zen, zalantzarik gabe, topaketaren gauzarik erakargarriena.

Hasteko,... [+]


Denboraldi hasiera errusiar erara
Euskadiko Orkestra.

Zuzendaria: Robert Treviño.
Bakarlaria: Alexei Volodin (pianoa).
Egitaraua: Falla eta Shostakovitxen lanak. Lekua: Gasteizko Principal Antzokia. Data: irailaren 23a.

Tragedia gainditzea da Euskadiko Orkestraren abonu denboraldi berri... [+]


OLBE
Denboraldiaren hasiera liluragarria

Operazaleok pozez itxaroten dugu OLBE-ren denboraldiaren hasiera. Eta aurten poza bikoitza izan dugu. Alde batetik, titulu eder-ederra, publikoaren kuttuna izan dugulako, eta, bestetik, interpretazio mundialak disfrutatu ditugulako. Behin baino gehiagotan entzun dugu Bilbon... [+]


Kolore eta giroak

Donostiako Musika Hamabostaldiaren azken txanpa honetan orkestra ospetsu eta sendo izango ditugu gure artean, eta, beraz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarentzat erronka bat da talde hauen artean bere indarra erakustea. Apustu serioa egin zuen abuztuaren 24an.


Eguneraketa berriak daude