Nafarroako Gobernuak neurriak hartuko ditu Orkestra Sinfonikoko irregulartasunen aurrean

  • Urtarrilean Nafarroako Kontuen Ganberak foru erkidegoko orkestra sinfonikoaren kudeaketari buruzko txostena argitaratu zuen, zenbait irregulartasun nabarmenduz. Asteartean azalduko ditu Gobernuak txostenaren ondorioz hartuko dituen neurriak.


2016ko otsailaren 15an - 13:52
Nafarroako Orkestra Sinfonikoak operazio arraroa egin zuen UNICEFekin Kontuen Ganberaren txostenak dioenez.

Besteak beste Orkestrako kudeatzaile ohi Florentino Brionesek kobratu zuen 92.777 euroko gainsoldata berretsi du Kontuen Ganberako txostenak. 2012an onartu zen Santa Zezilia Kontzertu Elkartearen bidez kopuru hori ordaintzea, Brionesek soldata hobea eskaintzen zion lan bat hartuko zuela adierazi ondoren.

UPNren esku zegoen Nafarroako Gobernuak urte hartan Brionesen soldata murriztu zuen, besteak beste kudeatzaile ohia Antena 3 kateko Adictos al lujo saioan agertu izanak eragindako polemikaren erdian. 2014ra arte izan zen Orkestraren kudeatzaile postuan, aipatutako gainsoldataz aparte urtean 140.000 euro inguru kobratuz Diario de Noticiasen irakurtzen denez. Ondoren, PP alderdiaren aholkulari lanetan aritu da Madrilen.

Bi erakunderen arteko diru-mugimendu arraroak

Ez da txostenak agerian utzi duen diru-mugimendu bitxi bakarra izan. Kontuen Ganberak nabarmendu duenez, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren atzean dauden bi erakundeek, Santa Zezilia Kontzertu Elkarteak eta Pablo Sarasate Fundazioak, elkarren arteko harremanak ondo erregulatu gabe jardun dute urtetan.

Lan egiteko modu horren erruz, Santa Zeziliak Fundazioari eman behar zizkion diru-sarrera guztiak ez dira behar bezala transferitu. Kontuen Ganberaren arabera, 454.583 euro “galdu” dira bidean. Abonu eta sarreren salmentatik eta kobratutako faktura batzuengatik Fundazioari zegozkion diruak dira, baina ez zituen kobratu.

Kopuru horren barruan daude UNICEFekin egindako operazio bat, txostenean “arraro” gisa deskribatzen dena (129.148 euro), baita “hainbat gastu” gisa sailkatuta 2011n egindako 49.409 euroko ordainketa bat ere –Kontuen Ganberak Fundazioko langileei eta kudeatzaileari egindako ordainketak direla ondorioztatu du–.

Santa Zezilia eta Sarasateren arteko harremanak erregulatzeko zenbait aukera jarri zituen mahai gainean Kontuen Ganberak, bi erakundeetako bat desagertzea, biak desagerrarazi eta Orkestra Sinfonikoaz arduratuko den erakunde berri bat sortzea edo Gobernuak Orkestraren ardura bere gain hartzea, besteak beste.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako Orkestra Sinfonikoa
2016-07-03 | Julen Leuza
Haize bohemio landuak

Ohikoa da kurtso amaieran, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren programaren barnean, kontzertu bat kontserbatorioko orkestrak ematea. Aurten erronka ez zen makala: J. Brahmsen Haydnen gai baten gaineko bariazioak, Bizeten Carmen, lehen suitea, eta Dvoraken 8. sinfonia.

Orkestra,... [+]


Pablo Sarasate Fundazioa desegingo du Nafarroako Gobernuak

Abuztuaren 31n Pablo Sarasate Fundazioa desegingo du Nafarroako Gobernuak. Kontuen Ganberak Orkestra Sinfonikoan izandako irregulartasunen ondorioz hartu dute erabakia.


Eguneraketa berriak daude