Haize bohemio landuak


2016ko uztailaren 03an

Ohikoa da kurtso amaieran, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren programaren barnean, kontzertu bat kontserbatorioko orkestrak ematea. Aurten erronka ez zen makala: J. Brahmsen Haydnen gai baten gaineko bariazioak, Bizeten Carmen, lehen suitea, eta Dvoraken 8. sinfonia.

Orkestra, kontserbatorioko ikaslez osatua eta Nafarroako Orkestrako errefortzu frankorekin (sokan batez ere, haizean tronpak soilik). Zuzendari lanetan Vicent Egea valentziarra, kontserbatorioko banda eta orkestra irakaslea eta La Pamplonesa udal bandako zuzendaria.

Brahmsen Haydnen gai baten gaineko bariazioak lanak eman zion hasiera emanaldiari. Momentu batzuetan deskoordinazio arriskuak sumatu baziren ere, orkestrak obrari eutsi zion zortzi bariazioetan. Indar falta sumatu zen maiz, bereziki biolontxeloetan, soka familiako besteen azpian geratu baitziren. Haize-egurra fin. Konpositore alemaniarrak hau bezalako piezekin ongi demostratu zuen klasikoen lengoaia eta estiloa menperatua zuela, eta hala sumatu ahal izan genuen guk. Keinu polita, austriarra imitatuz amaierako akordea sarritan (ohi baino gehiago) egitea.

Georges Bizeten Carmen, opera frantziarraren lanik garrantzitsuena eta historiako operarik ezagunenetariko bat da. Operaren zati instrumental nagusiekin Ernest Guiraudek bi suite egin zituen orkestrek errezitaldietan jo ahal izateko. Kontserbatoriokoak lehena eman zuen Baluarten. Orkestrazio fresko eta folklore ukituei ezinbesteko faktore bat batu zitzaion: gai aunitz sobera ezagunak zirela publiko guztiarentzat. Haize metala gainetik geratu zen pieza batzuetan (akaso gainontzeko orkestraren indar faltagatik), baina bestenaz ongi, nabari zen aspalditik prestatua zegoela. Intermezzoak eman zuen emanaldiaren momenturik goxoena, preludio-Toreador gaiak amaiera ederra eman ziolarik lehen zatiari.

Atsedenaldia eta gero, pastelaren zatirik garrantzitsuena. Antonin Dvoraken 8. sinfonia sol maiorren. Aitortuko dut sentikortasun berezi bat dudala Dvorakekin. Maite dut orokorrean XIX. mendeko bigarren erdialdeko Europa eta Errusiako konpositore askoren folklore eta musika tradizionalean oinarritutako lana (Bela Bartokekin muturrera iritsiko zen joera), eta Dvorakek sinfonia eta dantza eslaviarretan lortu zituen emaitzek beti txunditu naute. Bere lurraldeko (Bohemia, gaur egungo Txekia) musika eta melodia tradizionalak garaiko estilo erromantikoarekin ezin hobe uztartu zituen, orkestraziorako talentu ikaragarria beti lagun.

8. sinfonia Amerikako Estatu Batuetan 9. famatua estreinatu baino hiru urte lehenago konposatu zuen, Europan oraindik. Luzea izan gabe (40 minutu motz), lau mugimenduetan energia, sentsibilitatea, indarra eta melodia ikaragarri onak (buruan ordutan izaten ditugun horiek) jaso genituen, haize tradizional nabariaz lagunduak. Orkestra, askoren harridurarako, oso fin. Oraingoan txeloak indar handiagoz (bateren bat gehiago balitz, hobe), biolinak energia biziz eta kalitatezko egur eta metal sekzioak. Orkestra tradizional handiek (Berlin eta Vienako filarmonikoak bereziki) beti tronpetak bikoiztu egin dituzte hau bezalako obretan, bolumena eta indarra ikaragarri handituz. Kasu honetan ez zen hala izan (bi tronpeta ziren soilik), baina ongi erabakia, orkestra ez baitzen bolumen maila horretan mantenduko. Atzean zegoen lan handia agerian geratu zen egun horretako interpretazioarekin. Xume, baina duin.

Merezitako txalo zaparradaren ondoren, Carmen operaren preludioa errepikatu zuten bisean, saioari akabera emanez.

Badakigu non gauden. Badakigu Nafarroako Orkestra Sinfonikoa ez dela Euskadikoa, eta kontserbatorioekin berdin gertatzen da. Hala ere, poztasun handia da horrelako sorpresak jasotzea, musika orkestralak hain garrantzi gutxi duen hiri honetan horrelako saio on bat entzutea, eta gozatzea. Hala bedi hemendik aurrera.

Emanaldia: Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko orkestra. Zuzendaria: Vicent Egea. Maiatzak 3, Baluarte auditorioa. Brahms, Bizet eta Dvoraken obrak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako Orkestra Sinfonikoa
Pablo Sarasate Fundazioa desegingo du Nafarroako Gobernuak

Abuztuaren 31n Pablo Sarasate Fundazioa desegingo du Nafarroako Gobernuak. Kontuen Ganberak Orkestra Sinfonikoan izandako irregulartasunen ondorioz hartu dute erabakia.


Nafarroako Gobernuak neurriak hartuko ditu Orkestra Sinfonikoko irregulartasunen aurrean

Urtarrilean Nafarroako Kontuen Ganberak foru erkidegoko orkestra sinfonikoaren kudeaketari buruzko txostena argitaratu zuen, zenbait irregulartasun nabarmenduz. Asteartean azalduko ditu Gobernuak txostenaren ondorioz hartuko dituen neurriak.


Eguneraketa berriak daude