EOS

Amalgamaren edertasuna

FITXA | Euskadiko Orkestraren abonu-kontzertua: 'Handiena'. zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: Gerenabarrena eta Brucknerren lanak. Lekua: Donostiako Kursaal Auditorioa. Data: abenduaren 9a. / JUANTXO EGAÑA
FITXA | Euskadiko Orkestraren abonu-kontzertua: 'Handiena'. zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: Gerenabarrena eta Brucknerren lanak. Lekua: Donostiako Kursaal Auditorioa. Data: abenduaren 9a. / JUANTXO EGAÑA

Euskadiko Orkestraren azken abonu-kontzertuan, Handiena izenekoan  –programa osatzen zuten bi obrei erreferentzia eginez– estiloen kontrajarritasuna eta soinu-bizipenen aurkakotasuna izan zen, zalantzarik gabe, topaketaren gauzarik erakargarriena.

Hasteko, Elkano: Mundubira musika bidelagun proiekturako enkarguzko azken obra entzuteko aukera izan genuen. Proiektu hau, lehenengo zirkunnabigazioaren –handiena hain zuzen ere– 500. urteurrena ospatzeko, Mikel Chamizo, Mikel Urquiza, Joel Merah eta Teresa Catalanen obrek osatu dute. Oraingoan, zikloa ixteko lana Zuriñe Gerenabarrenaren Lorratz izeneko pieza izan da. Tinbrika eta testura iradokitzailez betetako lana da. Konpositoreak berak adierazi zuen bezala, esplorazioz eta sentipenez betetako partitura da. Lan honek "aurkikuntza" zaporea uzten du. Elkanok, zalantzarik gabe, esperimentatu egingo zuen sentsazio hori. Euskadiko Orkestrak lan delikatua egin zuen, musikaren ehundurak destakatuz, eta sonoritateen argitasuna eta gardentasuna izan zen ezaugarri nabarmenena.

Jarraian, hasierako lan labur honen ondoren, obra "handiena" iritsi zen, izugarria esan genezake bere tamainagatik. Hain zuzen ere, Anton Brucknerren zortzigarren Sinfonia, 80 minutuko iraupenarekin, musikaren historiako sinfonia handienetako bat da.

Obra handi hau konpositorearen nahigabeen eta segurtasunik ezaren emaitza izan zen. Zazpigarren sinfoniaren arrakastaren ondoren, zortzigarren sinfonia hau Brucknerrek gehien miresten zuen orkestra zuzendarietako batek, Hermann Levik, baztertu zuen. Horrek izugarrizko tristura eta depresioa ekarri zizkion. Baina, austriarrak, bere lanean adoregabetu beharrean, etengabe hobetu eta aldatu zuen obra, Levik helarazitako kritikak kontuan hartuta. Azkenik, Vienan estreinatu zuen obra 1892ko Gabonak baino lehen. Eta arrakasta izugarria izan zen. Obra wagneriarra da bere sonoritatean, baina bere arkitektura Beethovenengandik dator, bere bederatzigarren Sinfoniatik nabarmenago.

Gerenabarrenaren obraren kasuan bezala, Euskadiko Orkestrak, Robert Treviñoren zuzendaritzapean, lan zehatza egin zuen sonoritatearen ikuspegitik eta baita psikologiaren ikuspegitik ere, mugimendu sinfoniko bakoitzean sentitzen diren mood-ak birsortzen jakin baitzuen. Bereziki azpimarratuko nuke Adagio-an lortutako giroa, gordin eta lazgarri gertatu baitzen bertsio interesgarri honetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EOS
2013-01-29 | ARGIA
Euskadiko eta Bilboko orkestrak fusionatzea proposatu du Jose Luis Bilbaok

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak Euskadiko (EOS) eta Bilboko (BOS) orkestra sinfonikoak fusionatzeko proposamena luzatu dio Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari. Bat egiteak "onurak" ekarriko lituzkeela dio Bilbaok, eta "traumarik gabeko... [+]


2012-10-23
Ikusgarria

Kontzertu ederra eskaini zuten Euskadiko Orkestrakoek abonu-denboraldiaren bigarren saioan. Esan genezake irudia, inpresionismoa eta deabruzko erritmoa –nahasketa ikusgarria– izan zirela protagonistak.


2012-10-03
Kutixia

Ze egitarau polita Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren denboraldi berria hasteko! Agian koherentzia gutxikoa, bai, baina ederra, dudarik gabe. Halere, eskaintzen diren obren edertasuna ez da nahikoa taxuzko kontzertu bat emateko. “Taxua” behar da, sasoia. Eta hori... [+]


2012-08-22
Hamar puntu

Bai horixe, hamar puntu merezi izan zituen Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Musika Hamabostaldian eskainitako kontzertuarengatik. Egitaraua erakargarria izan zen, oso, baina horrez gain, soinuaren oreka eta interpretazioaren dotoretasuna eta sakontasuna izan ziren ezaugarri... [+]


2012-06-09
Kulturaren agertoki berria

Hondarribian (Gipuzkoa) iaz amaitu zuten Itsas Etxea Auditoriumaren eraikuntza. Lehen kale animazioetan ageri zen kulturak bere gunea du, eraikin berria. Herriko taldeen elkargunea izan eta erabilera anitz ematea du helburu Udalak, eta 408 lagunentzako edukiera duen... [+]


Eguneraketa berriak daude