Seychelle inguruetako atunak ahitzen ari da Europako arrantza industria eta euskaldunok tartean gaude

  • Indiako ozeanoko atun hegats-horia desagertzeko bidean dago eta ez inguruko –Seychelleak, Somalia, Kenya...– arrantzaleen kulpaz, baizik eta Europar Batasunako itsasontzi-faktoriek suntsituta. Atun ontziratua hainbeste maite duten europarrak, beren ingurukoak kontsumitu ostean ur horietakoak ari dira ahitzen. Euskal herritarrek jakin beharko lukete horren berri, hemengo arrantza industria ere badagoelako artean.

‘Belouve’ ontzia Seichelleetako Port Victorian. Konpainia frantses batena izanik, Maurizioko banderapean dabil. Ondoan, bertako arrantza ontzi artisanal bat.
Argazkia: Seychelleetako Gobernua.
‘Belouve’ ontzia Seichelleetako Port Victorian. Konpainia frantses batena izanik, Maurizioko banderapean dabil. Ondoan, bertako arrantza ontzi artisanal bat. Argazkia: Seychelleetako Gobernua.

Red flag: Predatory European ships help push Indian Ocean tuna to the brink (“Bandera gorria: Europako itsasontzi harrapariak Indiako Ozeanoko atuna galbidera daramate”). Horra titulu gordin bat laburbiltzeko Europako arrantza industria bere mugetatik urrun eragiten ari den hondamendi ekologikoa. Ingurumen eta kontserbazio kontuetan munduan erreferentzietakoa den Mongabay hedabideak argitaratu du, Malavika Vyawahare kazetari indiarrak sinatuta. Kronika osatzen du bigarren honek: European tuna boats dump fishing debris in Seychelles waters ‘with impunity (“Atunetan ari diren ontzi europarrek Seychelleetako uretan lagatzen dituzte arrantza-tresnen hondakinak ‘inpunitate osoz’”). Mongabay-ren erreportaje irakurrienetakoak izan dira 2021ean. Ez da izango euskaldunok oihartzun handia egin diegulako.

“Europar Batasunak kontrolatutako ontziek hiru hamarkada baino gehiago daramatzate arrantzatzen eskualde honen ondasun handienetakoa den atun hegats-horia (Thunnus albacares). Orain atun kopurua ia hondoa jotzeko mugan dago eta gehiegizko arrantza geldituta, hura biziberritzeko planek huts egin dute”. Krisi ekologikoa bideratzeko martxoan EBk eta Indiako Ozeanoko Atunaren Batzordeak (IOTC ingelesezko sigletan) burututako negoziaketak ere porrot egin du, Vyawahareren esanetan.

Atun hegats-horiaren ibilbidea Indiako Ozeanoan: migrazio eremuaren erdian geratzen dira Seychelleak. Irudia: Liam Campling / John Pearce.  

Atun arrantzak milaka milioi fakturatzen ditu urtero eta gaur egun munduko arrantza leku oparoena Indiako Ozeanoa da, zehazki Mendebaldekoa, Seychelleetako uharteen eta Afrika ekialdearen arteko itsasoa: urtean 1.000 milioi dolar (881 milioi euro) inguru mugiarazten du hemen harrapatutako atunak. Atlantikoko hegaluze eta hegalaburrak ahitu ahala, Afrika ertzeko ur horietara jo zuten Europako ontzidiek, funtsean Frantzia eta Espainiakoek, europarrek apetitu handiz kontsumitzen duten arrain honen xerka. Atun hegats-horiaz gain, lanpo sabelmarraduna (‘Katsuwonus pelamis’) eta atun moja (‘Thunnus obesus’) ere arrantzatzen dituzte.

1982an Nazio Batuen Erakundeak estatuei aitortu zienean beren inguruko 200 milietako uren jabegoa, altxor izugarri horrekin egin zuten topo Seychelleek, Madagaskarrek, Mauriziok, Komoreek.... Eta herrialde txirook arrain saldo handiok ustiatzeko azpiegiturarik eta teknologiarik ez zeukatenez, laster hurbildu zitzaizkien laguntzera europarrak… Lehen nagusi kolonial izandakoak, arrantza eskubideen truke dirulaguntzak eskainiz. Adibidez, Seychelleek gaur egun, azken hitzarmenarekin, urtean 5,3 milioi euro jasotzen dituzte EBren ordaintzat. EBko itsasontzien jabeek, gainera, harrapatutako atun tona bakoitzeko 80-85 euro pagatzen diete Seychelleei. Atunetan ari diren bapore modernoak, munduko itsasontzi-faktoria handienetakoak direnak, inguratze arrantzan aritzen dira: bi kilometro arteko sareak ur azalean zabalduta inguratzen dute arrain saldoa. Europar Batasunari dagokionez, urotan hamabost itsasontzi ari dira Espainiako banderarekin eta hamabi Frantziakoarekin.

HARREMAN NEOKOLONIALA

Beste hamahiru gehiagok daramate Seychelleetako bandera, Europarren jabetzakoak izan arren. “EBren dokumentazioak erakusten duenez –dio Vyawaharrek– Pesquería Vasco Montañesa SA (Pevasa) konpainiak, berea du Playa de Anzoras ontzia. Albacora SAk hiru ontzi darabiltza Seychelleetako banderapean, S. Echebastarrek hiru, Inpescak bi eta Atunsak bat. Denak Espainiako Euskal Herrikoak (Spain’s Basque Country) dira, betidanik Europako arrantza industriaren gotorlekua izan denekoak”.

Badabiltza, noski, EBkoak ez diren bapore gehiago Mendebaldeko Indiako Ozeanoan, Mongabay-k aipatu ez dituen arren. IOTCk bere txostenetan aipatzen ditu Koreakoak, Japoniakoak eta batik bat Txinakoak, batzuk inolako baimen eta kontrolik gabe arrantzan ari direnak.

Arrantza intentsiboaren eragina fite azaleratu da: IOTCk txosten batean esana du atun hegats-horiaren kopuruak kolapsoan sartu daitezkeela 2026rako. IOTCk berak 2016an jarri zuen martxan atuna berreskuratzeko plana, bertara doazen ontziei ezarriz harrapaketak %15ean murriztea. Baina agentziak iaz bertan aitortua zuen gutxienez ondoko urteetan kopuru horien gainetik harrapatu zutela EBkoek, zehazki Espainiakoek 2018an harrapatuaren %30ren berri ez zutela eman.

Indiako Ozeanoan urteotan arrantzatutako atun hegats-hori kopuruaren igoera. Iturriak: Mongabay eta Indiako Ozeanoko Atunaren Batzordea (IOTC).

Vyawaharek jaso du Espainiako baporeen patronala den OPAGACen iritzia ere: “1960ko hamarkadatik hasita, konpainiek asko inbertitu dute herrialde horietan, bai arrantza ontzietan eta bai prozesatzeko lantegietan. Atunaren industria garatu dute Seychelleetan, Maurizion, Madagaskarren eta Kenyan, 15.000 lanpostu sortuz”.

Kontua da Europako arrantza industria boteretsuaren lana gainbegiratzeko ahalmen gutxi daukala Seychelleetakoa bezalako gobernu batek, urtean 350 milioi euroko aurrekontu ximur batekin. Nola kontrolatu itsasontziek betetzen dituztela kontrol neurriak, esaterako etengabe beren posizioak jakinaraztea edo non zenbat arrain lehorreratu duten osorik aitortzea? Nola saihestu itsasontziok uretan  galtzea inguraketa arrantzan erabilitako plastikozko tramankulu asko,  biodibertsitate handiko ur eta kostaldeak kaltetuz?

Horrela, atun hegats-horiaren harrapaketak jarraitzen du business as usual. Arrantza industrialak milaka milioiko dirulaguntzak jaso ditu azken bi hamarkadetan, EBrenak eta Espainia eta Frantziarenak. 2020an 100 zientzialari baino gehiagok publikoki salatu zuten horiek erabili direla “gehiegizko arrantza sustatzeko eta itsasoaren hondamendia areagotzeko”.

Malavika Vyawahare: “Seychelleetan atuna ontziratzen duen enpresa handienak –Indian Ocean Tuna Ltd.– ondo irudikatzen du zenbateraino den berdintasun gabea hemengo herrialdeen eta Europaren artean atunaren bueltan antolatutako harremana. Bere jabea da Thai Union/M.W. Brands, atuna ontziratzen liderra eta egoitza Thailandian dauka. Atun ia guztia erosten die EBko baporeei; atun gehiena bidaltzen du EBra zergarik ordaindu gabe eta gehien bat kanpotik ekarritako langileak enplegatzen ditu”.

Boluntarioak, atun arrantzan ari diren bapore industrialek galdutako sare eta beste hondakinak biltzen Seychelleetakok uharte batean. Argazkia: Sam Rankalawan

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrantza
Arrantzaleak haserre agertu dira arrantza debekuarekin

Bizkaiko Golkoko uretan arrantza debekatu dute hilabetez, izurdeak babesteko. Arrantzaleek prezioen igoera aurreikusi dute, eskaintzak behera egingo duelako. Talde ekologistak neurriaren alde agertu dira.


Bi arrantzale desagertu dira Ziburun, itsasontzi bat hondoratuta

Hiru arrantzaleetatik bi desagertuta daude, eta erreskatatu dutena Baionako ospitalean artatu dute, hipotermiak jota.


Arrantzale asko ezin bozkatu geratuko dira datozen hauteskundeetan ere

Bai hauteskunde egunean, bai posta bidez botoa eskatu ahal izateko epean itsasoan direlako, arrantzale asko ezin bozkatu geratzen dira hauteskundeetan. Telematikoki bozkatu ahal izan dezaten legea aldatu bitartean, oraingoan ere abstentzionisten zerrendan sartuko dituztela... [+]


Eguneraketa berriak daude