Hautetsien interpelazioa eta protesten biderketa dakarzki arazoaren larriagotzeak

  • “Vivre et se loger au pays [Herrian bizi eta aterpetu], espekulazioari ez!” lelopean, manifestazio jendetsua eta anitza aurreikusten da azaroaren 20ko Baionan. Aterpetzeko eskubidea bermatuko lukeen “etxebizitza politika ausarta”  galdetuko zaie lekuko hautetsiei. Bigarren etxebizitzen biderkatzea, turismora bideraturiko bizitegiak, etengabean emendatuz doazen alokairuak, etxebizitza sozialen eskasia, laborantza lurren artifizializazioa eta prezio espekulatiboak, Ipar Euskal Herriko panoramaren deskribapena duzue ondokoa.

Arbonatik deia: Ekintza zuzenaren bidez espekulazioaren kontra borrokatzeko deia luzatu zuten okupazioaren azken egunean (Argazkia:Matiuzalem).Matiuzalem

Galdu ditugu 30 urte, edo gehiago. Baina dena ez da galdua. Kostaldean biziki zaila dugu, haatik oraindik posible da eragitea entrekostan [kostaldea eta barne aldearen artean] eta landa-eremuan; prezioak gora doaz baina eragin dezakegu, ez dezagun kostan galduriko denbora hor ere gal”. Peio Etxeberri-Aintxart donibandarraren hitzak dira, EH Bai koalizioko hautetsi eta militantearenak. Urteak daramazki arazoaz ohartarazten, eta aterabideei buruz hausnartzen. Nola ez, “Vivre et se loger au pays [Herrian bizi eta aterpetu], espekulazioari ez!” lelopean azaroaren 20an Baionan eginen den manifestaziorako deitzaileen artean da.

Hamarnaka eragilek eta ehunka herritarrek deitu dute mobilizaziora eta segur aski, milaka lagun batuko dira etxebizitza eskubidearen alde Lapurdiko hiriburuan. Sindikatuak, talde feministak, ekonomia sozial eta eraldatzailean dabiltzan eragileak, kulturgileak, herrigintzako elkarteak, abertzaleak zein abertzale ez direnak, askotarikoa eta luzea da hitzorduarekin bat egin dutenen zerrenda. Arazoa ez da berria, aterpe bat atzemateko bidea aspaldian da astuna munduko hainbat txokotan bezala Ipar Euskal Herrian ere. Lapurdi kostaldeko problema zena poliki-poliki hedatuz doa barne aldean ere. Horren lekuko, adibidez, Baigorrin etxe bat 899.000 eurotan salgai ezarri izana –etxearen aitzinean irailaren 20an herritarrek burutu elkarretaratzeaz geroztik iragarkia salgunetik kendurik du jabeak–.

Hein handi batean lekuko hautetsien “kultura politikoari” lotzen dio egoera Etxeberri-Aintxartek: “Borotra Miarritzen, Grenet Baionan, Alliot-Marie Donibane Lohizunen... denak ziren kontserbadoreak eta ekonomiaren ikuspegi liberalarekin: eskaintza eta eskaera libre utzi, merkatua horren arabera finkatuz. Eskaintza biziki ahula zenez eta eskaera handituz ari zenez, prezioek gora egin zuten. Dena uzten zen libre, etxebizitza sozialak ere ez ziren bideratzen. Guzti horrek eragin du amildegia sakondu izana”.
Halere, 2010 inguruan “aldaketa ttipia” sentitu zela dio, arazoaren kontzientzia hartzeak eraginik, baita legediak akuilaturik ere. Baina “berantegi eta gutxiegi” bideraturikoa izan dela dio, eta gaur egun bere horretan segitzen du egoerak, merkatuaren esku utziz prezioen erabakimena.

Aldaketaren bidea aski goiz hartu ez izanaren emaitza da ere laborantza lurren desagerpena. “Lurren kontsumoaren bukaera galdetzen dugu, lurren artifizializazioak gelditu behar du”, dio ELBko Maryse Cachenaut laborariak. Arbonako okupazioan buru-belarri aritutakoa da. Azaroaren 20ko mobilizaziora deitzen dute okupazioa sustatu zuten Lurzaindia eta ELB sindikatuak. Zenbaki bakarra aski dugu lurren desagerpenaren fenomenoaz ohartarazteko: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, 2015 eta 2018 urteen artean laborantzarako 2.450 hektarea desagertu ziren –Baiona hiriaren heineko desagerpena–, SAFER egituraren datu ofizialei segi. Hirigintza Agentziaren datuei so eginez gero, urtean batez beste 250 hektarea laborantza lur dira desagertzen Ipar Euskal Herrian. Cachenautek argi du: “Lurra kontsumitzen segitzen badugu, lekuko laborantza galduko dugu”. Hori horrela, orain arteko hirigintza eta etxegintza ikuspegia errotik aldatu behar dela dio, bide hau ez delako jasangarria. “Hautetsien aldetik nahikari eskasa sendi da, baina ez bakarrik: irudimen eskasa ere badute”.

Etxebizitza plangintzak modu jasangarrian bideratzea eskatuko zaie hautetsiei manifestazioaren bidez, hau da, klima larrialdia kontuan hartzea: “Hamarnaka urtez Ipar Euskal Herriko etxebizitzen eskasari eman zaion erantzun nagusia beti izan da gehiago eraikitzea. Bere mugak erakusteaz gain, oroz gainetik estrategia hau bateraezina da buru egin behar diegun klima eta ekologia larrialdiekin”. Bizitegien zaharberritzea da aterabideetako bat. Gaur egun, 11.930 etxe huts badira Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan, kasik lau urtero eraikitzen denaren heina. “Lehentasunez erosteko eskubidea” sistematikoki erabiltzea eskatzen zaie herriko etxeei, hutsak diren aterpeak errekuperatzeko eta biziarazteko gisan.

Modu horretara, manifestaziora deitzearekin batera, instituzioei hainbat neurri politiko galdetzen dizkiete antolatzaileek: “Ausardia politikoa eskatzen duen asmo handiko etxebizitza politika bat” aldarrikatuko dute. Hain zuzen, nahiz eta neurri interesgarri batzuk ukan, orokorrean urriaren 2an Euskal Hirigune Elkargoak bozkaturiko Bizitegien Tokiko Programak ez dituelako beharraren heineko erantzunak bideratzen. Ondoko bost urteentzako helburuak eta norabideak finkatzen ditu dokumentu honek.   

4.250 eurotan  metro koadroa, eta alokairuak ere goregi

2018an batezbesteko 4.250 euro balio zuen metro koadroak eta hori horrela, bakarrik familien %30ak zuen erosteko ahalmena. Miarritze da Euskal Herriko hiri garestiena: 6.489 euro metro koadroa (ondotik daudelarik Angelu 4.800 euro/m2 eta Donostia 3.737 euro/m2). Biztanleriaren %1 baino gutxiagok du aterpea eskuratzeko ahala itsas bazterreko hiri horretan –eta %41 dira bigarren etxebizitzak–. Etengabean emendatuz doaz prezioak, 2015 eta 2018 artean %18az. 2020an COVID-19ak eragindako konfinamenduak fenomenoa areagotu besterik ez du egin, herritarren kexua eta etsipena puztuz. Datu orokorrik ez baldin badugu ere, badakigu, demagun, 7.400 eurotan dela gaur egun metro koadroa Getarian.

Gaitz erdi alokatzeko aukera balitz, baina bide hau ere nekeza da, eta zertaratuak garen, gaur egun, alokatzeko aterpeak baino bigarren etxebizitza gehiago badira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. 2008ko krisiaren ondoko urteetan etxebizitza salerosketen uzkurtzeak alokairuko etxebizitzen garestitzea eragin zuen, eskaerak gora egin zuelako. Joerak segitu zuen etenik gabe eta Gaindegiak zehazten duenez, 2014 urteaz geroztik merkeagoa izan ohi da hipoteka bidez etxebizitza bat jabetzan eskuratzea alokairuan bizitzea baino –baina noski, hipoteka ez dio orori onartzen bankuak...–.

"Kasik egunero heldu zaigu norbait, jabearen kanporatze abisua jasorik, aterpea ezin atzemanez dabilena"
Xebax Christy

Duela urte bat auzo popularretako beharrei erantzuteko osaturiko Alda mugimendu berriak laster jarri zuen lehentasunetan etxebizitza eskubidea. “Kasik egunero heldu zaigu norbait, jabearen kanporatze abisua jasorik, aterpea ezin atzemanez dabilena. Legediari segi lekuak husteko sei hilabeteko tartea ukan arren, ez dute aterperik atzematen, ezinezkoa zaie”, dio Xebax Christy Aldako bozeramaileak. “Egoera biziki larria da”. Urtez urte garestituz doaz alokairuak, baldintzak ere geroz eta gogorragoak dira –hilabete sariak alokairua bider hiru izatea galdetua zaie, hots, gaur egungo errealitatetik at doa egoiliarrei eskatzen zaiena–.

Alokairuak mugatzeko neurri politikoen bideratzea eskatzen zaio Euskal Hirigune Elkargoari. 2014ko Alur Legeak eta 2018ko Elan Legeak dakar eskumen hau, Ipar Euskal Herrian oraindik bideratua ez dena. Absurdoa badirudi ere, anitz eraikitzen delakoan ez zitzaion onartu neurri hau bideratzeko baimena Euskal Hirigune Elkargoari. Zirrikituak atzeman ala asmatu, neurri hau gauzatzea eskatuko zaio instituzioari azaroaren 20ko herri mobilizaziotik.

6,5 eskaeretatik bakarrak lortzen du bizitoki soziala

Etxebizitza sozialak ere eskas dira: 11.000 eskaeraz gora bideratzen dira urtero, eta bataz beste 22 hilabete igurikatu behar dira abantailazko aterpea eskuratzeko. 6,5 eskaeretatik bakarrak lortzen du bide horretatik aterpea Ipar Euskal Herrian. Kopuruaz gain, prezioagatik ere dira eskuraezinak biztanleriaren zati handi batentzat. Sekulako beranta dago arlo horretan ere.
2012ko Duflot Legeari segi, 3.500 biztanlez goragoko herriek aterpe nagusien %25 behar dituzte etxebizitza sozial gisa zuzendu. Gaur egun, hamasei udalek dute obligazio hau (Baiona, Donibane Lohizune, Hiriburu, Bokale, Bidarte, Hendaia, Angelu, Uztaritze, Urruña, Ziburu, Miarritze, Mugerre, Azkaine, Kanbo, Senpere eta Hazparne), eta bakarrik Baionak betetzen du helburua. “Hainbat urtez ez zen horri buruzko axolarik, nahikari politiko eskasa bazen. Orain, nahiz eta borondatea ukan, zaila dute, prezioak eta lur kopuruak ikusiz neke zaie horretara bideratzea”, dio Etxeberri-Aintxartek.

Urgentziazko aterpetzeak bermatzeko bizitokiak ere eskas dira. Eskaera egindakoen artean, bakarrik %26ak zuen aterpea jaso 2020an eta gaurko egunean, Ipar Euskal Herrian 300 bat lagun dira karrikan bizi.

46.000 bigarren etxebizitza, 2026 urterako 51.000

Bigarren etxebizitzen errealitatea dugu arazoaren parte: lau etxetatik bat horretara bideratua dago. Orotara, 42.238 ziren 2017an, ia 46.000 dira aurten eta Euskal Hirigune Elkargoaren Tokiko Etxegintza Planari segi, 51.000 izanen dira 2026an. Hots, urtero 892 gehiago. Erakargarria delako mendia eta itsasoa eskuz esku dituen gurea, eta diru eskaintza liluragarria eginez gero eskuragarri zaielako dirudunei etxe zabal zahar ederra.

Izan manifestazio, hautetsien interpelazio, desobedientzia ekintza, pintada ala sute, urteetan bide desberdinak erabili izan dira bigarren etxebizitzen fenomenoa geldiarazteko.

Hainbat neurri konkretu eskatuko dituzte azaroaren 20ko hitzorduan. Batetik, bigarren egoitzen gaineko bizitegi zergaren emendio ausarta. Manifestazioaren antolatzaileek diotenez, jabea atzerarazteaz gain, herriko etxeen aurrekontuan diru sarrera handiagoa ekarri lezake, “hortik tokiko biztanleriaren bizitegi beharrei erantzuteko bidea erraztuz, etxebizitza sozialak ekoiztuz, besteak beste”. Legediari segi, guztira 24 herri dira etxebizitza eskaintzari dagokionez “egoera estuan” sailkaturik –guztiak Lapurdin– eta hauek dute bideratu behar bigarren egoitzen gaineko bizitegi zergaren emendioa (gehienik %60ko igoera). Gaur egun denek dute gauzatzen eta gehienek %60ko igoerarekin. “Ez dute bertute politiko bati segi bideratzen, ez da espekulazioaren kontrako neurri gisa hartzen. Argiki diote haien borondatearen kontra doala, behartuak direla, estatuaren emaitzak ttipituz doazenez, diru sartze berriak behar dituztelako”, dio Etxeberri-Aintxartek. Arrazoiak arrazoi, behintzat gauzatzen da aberatsei bideratu zerga. Baina tamalez, emaitza guti ditu eta urrunago joan beharra argi da.

Zentzu berera, aldakuntza gaineko zerga ausarki emendatzea galdetzen dute ere. Gaur egun, %5 inguru da zerga, egoitza nagusi izatetik bigarren egoitza izatera pasatzen denean. “Neurri horiek existitzen dira, praktikan jarri behar dira ausarki. Eta beste batzuk asmatu beharko ditugu. Utopikoa dirudiena, azkenean, saiatuz gero egingarri bihurtzen da”, Etxeberri-Aintxartek dionaz. Justuki, bigarren etxebizitzaren gaineko zergarena hark landu zuen eta proposamena Frantziako Legebiltzarrera eraman zuen Sylviane Alaux diputatu sozialista ziburutarrak 2014an.

Herrian eta herritik eragiteko gogoa sendi da konfinamendu biharamun honetan 

Neurri berriak hartzera behartzeko herri mobilizazioa ezinbestekotzat du Christyk ere. “Bigarren etxebizitzen kontra egiteko tresna eraginkorrik ez dugu, horregatik dugu herritar mobilizazioa aktibatu behar, indar-harremana gure alde ezarri eta instituzioak presionatzeko, konbentzitzeko”. Munduan zehar erabaki politiko batzuk harturik dituzte guneka. Adibidez, Suitzak %20ra mugaturik du bigarren egoitzen kopurua eta Italiako Bolzano eskualdean “egoiliar estatutua” sortu dute, tarte nahiko luze batez bertan bizi direnei mugatuz erosteko aukera. Baina, estatutu hau sortzeko eskumenik ez du Euskal Hirigune Elkargoak: Frantzia mailan bideratu beharko litzateke, eta kortsikar abertzaleek luzatu eskaera honi ezetzaz erantzun zion Parisek, zehaztuz “Konstituzioaren kontra” doala.

Airbnb alda-ren jomugan

Eskaintzatik atera behar dira ere turismora bideraturiko etxebizitzak. Alda elkarteak egin kontaketari segi, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan barna 6.000 eta 7.000 aterpe artean dira urte osoan epe laburreko alokatzeetara bideraturik, eta urtean 120 egun baino gehiago turistei alokaturikoak 10.000 dira. Bistan da, Airbnb, Booking eta Abritel gisako zerbitzuen bidez aterpeak alokairu turistikora bideratzeak areagotu besterik ez du egiten arazoa, eskaintzatik kanpo geratzen direlako milaka eta milaka etxebizitza

Fenomeno honen kontrako borrokari lotu da Alda, okupazio sinbolikoak burutuz. “Ikusten genuen egoera nahiko laster aldarazteko aukerak bagenituela, Euskal Hirigune Elkargoak hainbat erabaki hartuz gero”. Bi neurri eskatu dizkio elkarteak instituzioari, urte bukaera arteko epea emanez. Batetik, egoitzaren erabilera aldatzeko udalari egin beharreko baimen-eskaera ez soilik pribatuentzat izatea, baizik eta sozietateei ere orokortzea (prozedura hau saihesteko jabe askok dutelako sozietate bat sorturik). Bestetik, konpentsazioa deitu desmartxa: aterpe bat turismorako erabili ahal izateko, jabeak beste bat bideratu behar du urte osoko aterpetzera. Ikusiz baimenak hiru urte guztiz berritu behar direla, ondoko aldian anitzek ezingo lukete Airbnb, Abritel edota Poplidays plataformetan segitu, ez luketelako konpentsazioa segurtatzeko ahalik. “Ehunka eta segur aski milaka aterpe berreskuratzeko aukera dugu hor”. Hori horrela, urte osorako etxeen eskaintza berriz igo eta behintzat prezioen etengabeko emendioa gelditzeko aukera ikusten du Aldak.

Bi eskaera hauei buruzko irekidura erakutsi dute elkargoko ordezkariek. “Borondate politiko azkarra” sendi dela dio Christyk. Uztailaren 24ko elkargoaren batzar nagusian aipagai ukan zuten urte osoan turismora bideraturiko aterpeen arazoa. Sektorearen kontrola areagotzeko zerbitzu baten sorreraren alde bozkatu zuten aho batez, fenomenoa beste aldera bideratzeko tresnak sortzeko nahikari argia plazaratuz. Ikusteke dago orain urte bukaeran jakinarazi behar luketen proposamenean zehazki zer planteatuko duen elkargoak. Azaroaren 20ko protestarekin aldarri hau entzunaraztea dute xede antolatzaileek. Nola ez, Alda ere manifestaziorako deitzaileen artean da.

Arbonatik baigorrira, herritarrak erne

Hautetsien interpelazioaz gain, herrian eta herritik eragiteko gogoa sendi da, are gehiago konfinamenduaren biharamun honetan. Biderkatu dira etxebizitzaren arazoa salatzeko iniziatibak. Etxe agentzien erakusleihoak ere pintaturik agertu dira behin baino gehiagotan azken garai hauetan. Okupazioaren bidea ere irekiz doa poliki-poliki. Izan BAM mugimendua Baiona-Miarritze eta Angelu aldean, Gazte Ekintza, Alda mugimendua, Bizi!-ren baitako lantalde berria, Arbonan osaturiko Bost kolektiboa, Hazparneko etxe okupatua, Kanbon Marienia guneko laborantza lurren alde gorpuztuz doan mugimendua ala beste, loratu egin dira dinamika berriak.

“Bost kolektiboa sortu zen Arbonako Berroetako okupazioaren sustengu talde gisa. Baina borrokak segitzen du. Segituko dugu ekintza zuzenaren bidez lurraren kontrako proiektu espekulatzaileen geldiarazten”, mezua luzatu zuten hogeita hamar bat herritarrek okupazioaren azken egunean, oholtza gainetik eta Lurramaren baitatik. Baigorrin ere burutu zuten orain duela aste batzuk bilkura irekia, herri ezberdinetako laurogei bat lagun batuz. Hiru xede adosturik etxeratu ziren: herri mobilizazioen bidez salmenta espekulatiboen kontra eragitea eta herritarren informatzea; ekimen ezberdinen saretzea; eta juridikoki formatzea, legediak dakarrena hobeki ulertzeko eta behar orduan bide hau ere erabiltzeko. Dinamika ezberdinak saretuz doaz, eta horren froga dugu azaroaren 3an hamarnaka lagun bildu izana Kanbon burutu asanbladan.

Tokian toki, herrian gertatzen dena hurbiletik segitzen dabilen jendea bada. Hori nahiko berria da, edo behintzat lehendik ere baldin bazen, azken urtean garatu eta zorroztu egin da segipena. Etxeak dirudunek erosten baldin badituzte, bertako herritarrek dituztelako saltzen: espekulazioaren logika erosleak bezainbat saltzaileak du bideratzen. Muturreko kontraesana izan arren, gerta daiteke ezkerreko abertzaleak ere kausitzea multzo horretan, izan espekulatuz etxebizitza salduz edota urte osorako Airbnb, Abritel edo Poplidays plataformetan jarriz aterpea. “Badira euskaldun peto-petoak lur-peza edo ondasun batekin espekulatzeko aukera ikusten dutenak. Ez dira deitzen Martin edo Dupont, deitzen dira Etxexuri. Diru perspektibaren aitzinean ez da ez nazionalitaterik, ez euskaltasunik ez eta kontzientzia politikorik”, Etxeberri-Aintxartek deitoratzen duenez. Nola ez, beste aldean ere, kanpotar erosle guztiak ez dauzka aberats espekulatzailetzat eta garrantzitsutzat dauka zehaztapen hau Euskal Herri ireki baten alde dabilen abertzaleak.

Pentsamoldeak aldarazteko lanketa sakon bat egiteko beharra ikusten du Christyk ere: “Kasuan kasu hartuz, ikuspegi partikular batetik begiratuz gero, bakoitzak badu bere erabakia azaltzeko esplikazio bat... Baina kontua da fenomeno orokorra bideratzen dutela denen artean”. Arazoaz baita bakoitzaren ardurez ere kontzientzia harraraztea da beste eginbehar bat.

“Okupazioak iraun duen lau hilabete hauetan ez da deus aldatu, problemak bere horretan segitzen du. Haatik, gauza bat aldatu da: badugu egoera aldatzeko gogoa eta aldarriak oihartzun gehiago badu jendartean eta hautetsien artean”, Cachenauten hitzetan. Arbonako hamabost lur hektareak eta hauei loturiko etxea 3,2 milioi eurotan erosteko ideia baztertu zuen erosle dirudunak. Lorpena aprobetxatu eta okupazioa gelditzeko erabakiaren berri eman zuten irailaren 9an ELB eta Lurzaindiak. Arrazoi nagusia: Arbonakoaren gisa, salmenta espekulatiboak noiznahi eta non-nahi badirela eta indarrak atxiki behar dituztela beste kasu batzuen kontra borrokatzeko. Adibidez, Kanbon Bouygues enpresak hiru milioi eurotik gorako prezioan erositako lau hektarea lurren errekuperatzeko borroka marrazten ari dira Cade eta Nahi Dugun Herria elkarteekin batera.

Saleroste espekulatiboak izanen direla ez da dudarik, aldaketarik ez da sendi joera orokorrean. Baina parean sekula baino gehiago herritar bada, arazoaren kontra eragiteko determinazioarekin. Horrek alda dezake norabidea.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxebizitza eskubidea
Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


2024-04-09 | Euskal Irratiak
Iñaki Etxeleku: "Gure estatutuek espekulazio merkatutik kanpo ezarri dute gure etxebizitza kooperatiba"

Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen.


2024-04-05 | Uriola.eus
Alokairuen laguntzak eskuratzeko baldintzak gogortu direla salatu du Berri-Otxoak plataformak

Lanbideren Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eta gizarte-zerbitzuen Larrieldietarako Laguntzak desagerrarazi ditu Etxebizitzaren Lege berria garatu duen Dekretuak.


2024-04-04 | Gedar
La Caixak hiru familia etxegabetu nahi ditu Bilbon

Babes Ofizialeko Etxebizitzetan bizi dira familiak, eta La Caixak ez dizkie alokairu-kontratuak berritu nahi. Bilboko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, bizilagunak kaleratuz, "alokairu sozialetatik aberasten da" banketxea. "Etxegabetzeak berehala eta... [+]


Eguneraketa berriak daude