Laranjondoari eta etxeko beste zuhaitz guztiei


2021eko urriaren 31n
Krak | Maite Larburu | Zart.

Manex eta Ximun Fuchs eta Maite Larburu. Hirukote bat oholtza gainean, Amua antzezlanean, maitasunaren gogoetan: “Bi laranja erdi eta hiru bihotz”.

Antzerki obra baterako egindako soinu banda? Edo disko bat antzezlan bihurtuta? Harrigarria egiten zait nola uztartu dituen bi hizkuntzak horren ongi. Antzerkia entzuten ari zara, eta musika ikusten, istorio bera kontatzen, bide ezberdinetatik.

Amu(r) kantua, adibidez, antzezlaneko gidoitik osatutako collagea da. Saltoka, obran aurrera eta atzera eramaten zaituena, teaser baten moduan edo laburpen gisa. Kasu honetan, Carlos Taroncherren klarinete baxuaren dotoreziarekin. Esaldi modernoak eskaintzen ditu jazzera jo gabe. Diskoaren kolore tonalitatea zabalduz doa kantuz kantu.

Erritmoaren arduradun Karlos Arancegui dugu. O kantu erritmikoena dantzagarri izateaz gain, beti bezala bere lekuan mantentzen da. Badaki, bai, gutxirekin kantuari asko ematen.

Larbururen konposizioa eta kantaera ez da esperimentalismoa, baina kategorietan ezin dezakegu sartu. Bertso forma berreskuratzen du Arrailak-en, poesia konkretu artzetarra Igualak Igual-en (kasu honetan Harkaitz Cano lagun).

Ion Celestino gogora ekarriz –zenbatgarrenez lerro hauetan?–, euskal kantuaren inguruan honela zioen: “Anarik nola kantatzen duen: Anari biluzten baduzu, izan liteke beste garai bateko abeslaria...”. Antzekoa pentsatu dut Larburuz. Pop abangoardistan badabil ere, tradiziotik asko du, modu minorretatik. Bedaxagarrek –adibidez– soiltasun eta indarrarekin hartzen du eszena. Zein apaingarri gutxi eta zenbat dotorezia.

Maitasunari buruzkoa da beraz diskoa eta obra. Baina maitasuna zer da? 'Maitasuna da' kantuan ematen digu erantzun bat, akaso konbentzituko ez gaituena, akaso. Hala dio letrak: “...mmmmmmm...”.

Lekuari eman diote garrantzia. Nondik eta nora maitatzen den. Fuchs anaiek ondo dakite lekua izaten eta “lekutik” egiten, letrak dioen moduan. Diskoan leku asko asmatzen dira. Galdera gehiago erantzunak baino, agian: “Nondik balitz?” edo “Hautetsia izan al naiz?”.

Izan ere, maitasunaren gogoeta ezin da laborategian gauzatu. Denok daramagu erantzuna barnean, maitatzeko gure modu egoista, biktimista, pelikuleroa, prestamista, gaupaseroa, peloteroa, inbidiatsua edo interesatua agertzen delako gutxien espero dugunean. Eta Larburuk, Jean Paul Sartre parafraseatuz, argi uzten digu erantzun semantikorik ez dela, izan ere: “Maitasuna ekintzetan gauzatzen duk. Ez emozio eta sentimenduetan... Horiek beren kabuz bizi dituk, joan-etorrian dabiltza”.

PD: Itoizen As noites da radio lisboa kantuagatik soilik, merezi du diskoa eskuratzeak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Diskoak
2022-11-27 | Iker Barandiaran
Bizi(g)arria

Harritu nau –zentzu onean– proiektu berri honek. Adiera edo zentzu asko ditu hitzak eta Bergaran Aitor Aldanondok harri baten inguruan sortutako honek baditu hainbat. Urteetan hartutakoa –bizitakoa– nolabait atera nahi izan du lan honetan.

Ibilbide... [+]


2022-11-20 | Xalba Ramirez
Zintzo izatearen fantasia

Eñaut Elorrietaren inguruko dokumental bat egin zutela-eta, Tabakalerara gonbidatu ninduten orain bizpahiru aste. Gustuz hartu nuen lagunarteko estreinaldirako gonbita, baina zinema aretora hurbiltzean jende asko hasi nintzen topatzen; hor Paul eta Itziar, hor Sarri, hor... [+]


2022-11-06 | Iker Barandiaran
Katuek baino ertz gehiago

Batzuetan elementu asko elkartu behar dira aurreikusi ez duzun emaitza bat ateratzeko. Hori gertatu da nolabait Gernika eta Bermeo artean sortutako Feline taldearekin. Primeros Auxilios punk taldeko Iñaki Baini-k etxean elektronikarekin jolasteari ekin eta maketa batzuk... [+]


2022-10-30 | Xalba Ramirez
Gustuko lautadan nekerik ez

"Hemen, errebelazio bat bezala, espazioa eta denbora argiago ikusten dira". Miren Narbaiza bueltan da berriz, eta eskerrak. Eszenak eman duen kantugilerik berezienetako bat da Narbaiza. Kanta berriak nola gobernatzen dituen ikustea besterik ez dago.

Zeren, sortzaile... [+]


2022-10-16 | Iker Barandiaran
Bi altxor eta sorleku bakarra: Buenawixta

Asko poztu nintzen Artza anaiek diskoetxe berria abiaraztearekin bat Barrakos-en maketa –non erosiko nuen, Boga tabernan?– berreskuratu eta biniloan ateratzeko asmoa zutela jakitean. Izan ere, aipatutako maketa –1990koa– gure musika historian oharkabean... [+]


Eguneraketa berriak daude