Guk jateko, lagunok eta gainontzeko animaliek jateko baliatzen ditugun kuiak denak kukurbitazeo familiakoak dira, Cucurbita generokoak eta gehienak espezie bakar baten eboluzioaren emaitza dira. Ama espezie hori Cucurbita pepo da, eta egun, oso gure ditugun bere ondorengo batzuk hauek dira: kuia erraldoia (Cucurbita pepo), kuiatxoa (Cucurbita pepo var. pepo), espageti kuia (Cucurbita pepo), kuia leuna (Cucurbita pepo var. pepo), apaiz txapela (Cucurbita pepo var. ovifera), ezkur kuia (Cucurbita pepo var. turbinata), eta abar. Badira baita ere potimarron kuia (Cucurbita maxima var. Hokkaido), kakahuete kuia (Cucurbita moschata “Butternut”), Albengako tronpeta (Cucurbita moschata “Albenga”), zirikilotea (Cucurbita ficifolia), eta abar.
Cucurbita generoa Mexikon sortua da eta ikerlariek diote gutxienez badirela 10.000 urte bertan lantzen dela. Hamar mila urte! Etxekotu zen eta etxekotzen jarraitzen den landare zaharrenetakoa da. Egun topa dezakegun aukera zabala kuiek berak berez duten aldakortasun handiari zor zaio, baita kuia bakoitzak dituen ezaugarri berezi asko jarauntsigarriak izateari ere.
Urteko landareak dira: sasoi hasieran jaio, hazi, loratu eta fruitua ekarri. Nekazariak urtero-urtero, urtea joan eta hamarkada etorri, gustukoen dituzten aleen haziak jaso eta ereinez, genero eta espezie bereko aldaera berriak sortu eta sortu aritu dira. Bati fruitu gozoena gustatu zaio, bada orain kuia gozoak ditugu. Beste bati azala zailena izanik iraupen luzeena zuena, bada ia urte osoan usteldu gabe jasotzeko moduko aldaerak etorri zaizkigu. Baten batek ale txikiak eta ugariak nahiago zituen, bada sukaldean hasi eta buka egiteko moduko kuiak gureganaino. Milaka urtetan urtero egindako hautaketari eta oinordetzan jasotako testamentuko balio material eta immaterial handiena duten hazien zaintza-lan erraldoiari esker, izugarrizko kuia aukera dugu.
Hainbeste landu diren kuiatarrak hiru helburu asetzeko ziren: janaria, erabilgarritasuna eta kultura. Jateko adibidez, lehen kuia basak ahosabaira desatseginak ziren, mikatzak baita toxiko xamarrak ere. XVII. eta XX. mendeen artean italiar baratzezain hautatzaileek egungo kuiatxoak sortu zituzten kuia luze, zilindriko eta mikaztasun gutxien zutenen haziak hautatuta. Erabilera zabala izan dute mundu guztiko kulturetan kuia lehorrek: ontziak, koilarak, arrantza-zamak eta abar. Era berean, sendagai izan dira kuiaren mamia eta haziak, artritiserako, urdaileko minerako eta heste zizareetarako, adibidez.
Udazkenaren fruitu adierazlea izanik, kulturetan ere baditu tarteak: ospakizunetan, apaingarri eta abarretarako gai dira, baita Gau Beltz, Arimen Gau, Halloween eta antzeko jolasetarako ere. Ostikoka ere erabiliko du baten batek. Eta inori ospea ere ekarri izan dio. Aurten, Valtierrako Anabel Vicente eta Ruben Mendiri, adibidez; Espainiako Estatuko kuia erraldoien errekorra ezarri dute bere baratzean gizenarazitako 1.187,5 kiloko kuiarekin. Guinness Munduko errekorra AEBko Minesotako Travis Giengerrena da, 2023an hazi zuen 1.247 kiloko kuiatzarra.