Gaztea, argala eta liraina izan behar duzu... emakumezkoa bazara

  • Naiara Vink EHUko ikerlariaren doktoretza tesiak agerian utzi du Espainiako Estatuko emakumezko berriemaile eta aurkezleek bizi duten presio estetiko sexista. Zein da egoera Euskal Telebistan eta nola irauli daiteke? Sei euskal kazetariri bota diegu galdera.

Ilustrazioa: Shu Otero.
Ilustrazioa: Shu Otero.

Gizonei profesionaltasuna eskatzen zaie. Kitto. Guri baita erakargarriak izatea ere”. Horrelako esaldi gordinak bota dituzte Naiara Vinken doktoretza tesian parte hartu duten Espainiako Estatuko telebistetako emakumezko aurkezle eta berriemaileek. Vink kazetari bilbotarra da eta ikerketa lan horren bidez, bere ibilbidean lehenengo pertsonan sentitu duena frogatu du: tirania estetiko heteropatriarkalak telebistako emakumezko profesionalen lan garapena baldintzatzen duela.

Pantaila aurrean agertzen zaizkigun gizonen gorputzak askotarikoak dira. Zaila da, ordea, gazte-argala-liraina kanonean sartzen ez diren emakume aurkezleak topatzea. Ikusleontzat hain agerikoa den kontraste horren inguruan ez dago, ordea, eztabaida handirik telebista kateen barruan. “Idatzia ez dagoen araua da, denek ezagutzen dutena, baina inork aipatzen ez duena”, azaldu du Vinkek. Gizartean oso errotua dagoen inertzia aldaezina dela diote elkarrizketatuek, baina hausnarketan sakondu ahala, bidegabea, kezkagarria eta frustragarria dela onartu dute.

Argiarekin solasean, Vinkek onartu badu ere ETBko egoera La Sexta edo Telecinco-koa baino lausoagoa dela, nabarmendu du “telebista irudia da” mantraren izenean, gurean ere emakumezko aurkezleak oso makillatuak, takoidun oinetakoekin eta arropa estuarekin agertzen direla kamera aurrean. ETBko berriemaile batek tesirako kontatu zion ilea egunero lisatzeko agindu diotela. “Eta pantaila aurrean agertzen diren emakume lodiak umore saioetan ari dira”, gaineratu du.

ETBko albistegietako aurkezleen aurkezpen argazkia. Naiara Vink tesi egilearen ustez, EITBk Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean jasotzen duena betetzeko neurririk ez du aurreikusi. Argazkia: EITB.

Presio horrek emakumeen lan aukerak baldintzatzen ditu, erredakzioetara heldu aurretik ere. Euskal Herriko Unibertsitateko kazetaritza ikasleei inkesta egin zien Vinkek. Haien burua telebistan lan egiten ikusten ez zutenen artean, zergatia galdetzerakoan kanon estetikoa ez zutela betetzen erantzun zutenen %100 neskak ziren.

Liraintasunaren tranpa

Estitxu Fernandez Maritxalar ETB1eko aurpegi ospetsuenetariko bat izan zen 2000 eta 2012 urteen artean. Bertsolaritzatik egin zuen salto telebistara. Plazetan erakusten zuen komunikatzeko erraztasuna ikusita, 1998an Tipi Tapa telebistakoek albistegiak aurkeztea proposatu zioten. Hurrengo urtean, ETB1eko Bertatik bertara saioan parte hartu zuen gonbidatu gisa eta hortik aurrera telebistako aurkezle karrera oparoa ondu zuen.

“Hasieran, 22 urterekin, ez nintzen oso kontziente zer gertatzen zen irudiarekin. Tipi Tapan gerritik gora ikusten zitzaidanez, betiko bakeroak eta botak neramatzan mahai azpian. Herriko festei buruzko saioak eta Sorginen Laratza bezalako gaueko showak aurkezten hasi nintzenean sentitu nuen presioa. Arropa aukeratzen zidaten, oso festiboa eta dotorea, batzuetan eskotearekin, beti takoiekin. Oso deseroso zitzaizkidan”.

Edertasunaren tranpa deskribatu du Vinkek tesian: neska lirainek aukera izango dute telebistan lan egiteko, baina frogatu beharko dute aurpegi polita baino gehiago direla. “Beti entzun dut hori, beste aurkezle batzuekiko, eta min egiten zidan. "Nik ez nuen Kazetaritza titulurik (Psikologia ikasi nuen) eta kazetaritza ‘ez serioa’ egiten nuen. Iruzurti sindromea itzela zen”, azaldu du Fernandezek. Azken urteetan Kirolak aurkeztea egokitu zitzaion, nahiz eta aditua ez izan. “Ordurako, telebistan eskarmentu handia nuen, eta EITBn plaza lortu nuen, baina hala ere inoiz baino txikiago sentitu nintzen”.

Berriemaileak
San Ferminetako
talde-bortxaketaz zuzeneko gogorra egin du:
“Zuzendariordeak Whatsappa bidali zidan, nire berokia kritikatzeko”

Oso fresko ditu gutxiespen begirada eta komentarioak eta, bereziki, emakumeen arteko lehia. “Ni hasi nintzen garaian, ia denak ziren gizonak. Uste nuen ni hobeto konpontzen nintzela haiekin, baina ez zen hori, baizik eta emakume lirainak niretzat mehatxu zirela eta baita ni beste emakumeentzat ere. Jazarpen bortitza bizi izan dut”.

Leire Madariaga [asmatutako izena, hark hala eskatuta] EITBko hainbat saiotako tertuliakide eta analista politikoa da. Kanon estetiko sexista betetzeagatik albo-kateak sumatu ditu: “Zure iritziek gutxiago balio dute, Barbie ilehoria baino ez zarelako. Bikoitza egin behar duzu besteen errespetua lortzeko”. Gogoan du Televisión Españolan (TVE) ezagutu duen bazterketa kasu bat: magazin bateko zuzendariak ez zion tertuliakide izateko aukera eman nahi adinekoa, ilezuria eta potoloa zen emakumezko analista bikain bati. “Emakume horren gaitasuna ezagutzen zutenak tematu ziren eta zuzendariak onartu behar izan zuen fitxaketa paregabea izan zela”. Doktoretza tesian parte hartu dutenek kontatu dituzte kanon sexista ez betetzeagatik erredakzio barruko lanetara bideratuak izan diren emakumeen historiak eta zokoratze horrek haien autoestimuan utzi duen zauria.

Jasone Agirre ETBko albistegietan berriemailea izan da 1991 urtetik Eusko Legebiltzarreko parlamentari hautatua izan den arte. Erredakzio Kontseiluaren sortzaileetako bat izan zen eta Berdintasun Batzordeko kidea ere izan da. Bere esanetan, “jakina da kamera aurreko probetan planta ona izateak puntu gehiago emango dizula. Gizon eder batek ere abantailak dauzka, baina baremoa bestelakoa da”. Haatik, irudi exijentzia edertasunaz eta genero estereotipoez harago doala azpimarratu du. Gogoan du “borroka itxura” zuen lankide bati ez ziotela kontratua berriztu eta urteetara jakin zuela hori izan zela arrazoia. “Hark pentsatu zuen ez zuela bere lana ondo egiten”. Estetika “alaiegia” duen emakume gaztea trafikoa edo jaiak kontatzen jarriko dute. “Eguraldia aurkezteko aukeratu dituzte lirainak ez diren gizonak; emakumeek, ordea, ederrak eta gorputz finekoak izan behar dute”.

Inork ez zaitu behartzen?

Ana Urrutia kazetaria 1999 urtetik ari da Eguraldia aurkezten, baita bestelako entretenimendu saio ugari ere. Horrez gain, EITBko talde feministako kidea da, erredakzioko zein ekoiztetxeetako hainbat langilek sortu duten lobby modukoaren kidea. “Orain dela 20 urte bezala jarraitzen dugu: gizon heldu eta lodi batek prime-time-ko saioa aurkeztu dezake, eta emakume baten kasuan pentsaezina da. Kirolak aurkeztuko dituen emakumeak kiroletan aditua izan behar du, baina baita polita ere, gizonezko audientzia erakartzeko. Eguraldia-n ere antzematen da mapen artean mugitzen den emakume sexiaren kontua”. Gogoan du casting batera aurkeztu zen metereologo eta komunikatzaile bikain bat ez zutela aukeratu, argala ez zelako.

Vinken tesian behin eta berriro aipatzen da emakumeek iraungitze-data dutela kamera aurrean. Urrutiak 49 urte ditu eta nahiago du adinak eman dion eskarmentua eta segurtasuna balioan jarri, makillaje gelan ezagutzen dituen neska gazteen mehatxua sentitu baino. “50-60 urte bitarteko emakumezko profesional paregabeak ditugu, prime-time-an egon beharko luketenak, baina zuzendaritzak ez du apustu hori egin”.

ETBn ‘Eguraldia’ saioa aurkezten duten esatariak. Argazkia: EITB.

Eguraldi aurkezleak iraultza txiki bat sustatu du EITB barruan: takoiei ezetz esatea eta tenis-oinetakoekin edo mokasinekin agertzea. “Telebistara heltzen zarenean, estilismo taldeak azalduko dizu takoiek irudia hobetzen dutela, arropa hobeto geratuko zaizula… Gazte zarenean, gorputzak jasaten du, baina gerora kalte fisikoa sumatzen duzu, orkatiletan, oinetako artikulazioetan… Gainera, kaleko jendeak ez du ulertzen zergatik daramatzagun hain takoi altuak”. Harro dago, bere borrokari esker beste lankide asko hasi direlako zapata lauak eskatzen. Zuzendariek ez diote kargu hartu eta iruditzen zaio horrek frogatzen duela norberak barne-lanketa bat egin behar duela ez idatzitako arauak apurtzeko.

Naiara Vinkek elkarrizketatu dituen kazetari askok adierazi dute kamera aurrean segurtasun handiagoa sentitzen dutela takoiak eta makillaje landua daramatenean. Berriemaile batek aitortu du neguko zuzenekoak beroki gabe egiten dituela, nahiago duelako polita atera nahiz eta hotz izan. Pierre Bordieu soziologoaren “indarkeria sinbolikoa” kontzeptua darabil ikerlariak azaltzeko zapalkuntza ez datorrela soilik kanpotik, baizik eta norberak onartzen duela. Horrela azaldu du Leire Madariaga tertuliakideak: “Badirudi zuk aukeratzen duzula nola jantzi edo dieta egitea. Baina ez da hautu librea: badakizu zer bilatzen duen kateak eta hori bete nahi duzu”.

Urrutiak beste tranpa bat identifikatu du: “Estilismo taldeak lan paregabea egiten du gu orrazten, makillatzen eta janzten. Hasieran, zure burua ederra ikusteak eta lausenguak jasotzeak segurtasuna ematen dizu. Baina estetika horren esklabo bihurtzen zara. Hainbeste transformatzen gaituzte, ezen gero kalean jendeari kostatzen zaio gu ezagutzea”. Behin taberna batean zegoela, surf egiten ibili ondoren, norbait entzun zuen bere lagunari esaten: “Ana Urrutia al da hori? Aurrez aurre ez du ezer balio!”. Lankide askok botox eta antzeko tratamenduak egiten dituztela kontatu du, baina berak nahiago du “duintasunez zahartzea” eta ispilu aurrean agertzen zaion irudia ere maitatzea.

Naiara Vink
tesiaren egilea
“Zergatik egon behar dute emakumeek ilea orrazten gizonek kazetaritza egiten duten bitartean?”

Vinkek jaso duenez, telebista kazetariei bereziki frustragarria egiten zaie estetikari buruzko iruzkin gehiago jasotzea, haien lan jardunari buruzkoak baino. Berriemaile batek kontatu du behin San Ferminetako talde-bortxaketari buruzko zuzeneko oso gogorra egin behar izan zuela. “Zuzendariordeak Whatsapp bat bidali zidan, nire berokia kritikatzeko”. Kazetari horrek gaineratu du Galizian ekaitz bortitz baten berri eman zuela eta erredakzio buruak belarriko entzungailuaren bidez ilekorda askatzeko agindu ziola, haizearen efektua ikus zedin. “Ezetz esan nion, ni ez naizela atrezzoaren parte eta nire lana eroso egin nahi dudala”.

Estitxu Fernandez Martitxalarri eta Leire Madariagari oso gogorra egin zaie ingurukoen eta gertukoen ahoan ere iruzkin horiek entzutea: “A ze soineko polita”, “Txarto makillatu zaituzte”, “Pantailak loditzen zaitu”… “Oso txarto sentitzen nintzen, baina ez nekien zer erantzun”, esan du lehenengoak. “Saiatzen zara entzungor egiten, baina zure segurtasun falta indartzen du”, bigarrenak.

Gardentasun eta apustu falta

EITB Taldeko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Planean (2019-2022) honakoa irakur daiteke: “Hedabideek gure nortasunaren eraikuntzan parte hartzen dute eta eragina dute gure mundu-ikuskeran eta gure baliorik errotuenetan. Generoari dagokionez, ideiak eskaintzen dizkigute: zertan datzan gizon izatea eta zertan emakume izatea, nola kontsumitu, jantzi, jokatu... behar dugun, etab.”. Naiara Vinkek azpimarratu du planak ez duela premisa hori betetzeko neurri bakar bat ere aurreikusi. Ana Urrutiak salatu du Prestakuntza eta Berdintasun zuzendariek ez dituztela talde feministaren eskaerak asetzen: “Planak erakustokira begira idazten dituzte, baina ez dago telebistako egiturak aldatzeko asmorik”.

Berdintasun planaren helburuen artean badago, halaber, “diskriminaziorik gabeko lan-ingurumena zaindu, sendotu eta segurtatzea”. Aitzitik, doktoretza tesian parte hartu duten kazetariek printzipio horren aurkako egoera bat aipatu dute: emakumeek askoz denbora gehiago eman behar dutela haien irudia zaintzen. Aurkezleen kasuan, gizonak ordu laurden, eta emakumeek ordubete baino gehiago.

Berriemaileek haien estilismoaren ardura dute eta haien soldatarekin ordaindu behar dituzte arropa, makillajea eta tratamendu estetikoak. Jasone Agirrek egoera hori “karga” bezala gogoratzen du, egun politikagintzan ere bizi duela gaineratu badu ere. “Andrazkoen janzkera eta makillajea esklaboagoa da. Gizonek, orain dela gutxi arte, gorbata jaka amerikarraren poltsikoan sartu besterik ez zuten egiten”.

Lan baldintzak egonkortzen diren heinean presio estetikoa lausotzen dela ondorioztatu du Vinkek tesian eta elkarrizketatu guztiek berretsi dute. “Gaztea zarenean eta lan kontraturik ez duzunean, dena onartzen duzu. Aldi baterako aurkezle bati entzun diot: ‘Ni nire irudiagatik bizi naiz’”, esan du Agirrek.

Berdintasun plan berriak jasotzen du “genero-ikuspegia txertatzea enpresa hornitzaileekin egiten diren hitzarmenen pleguetan eta kontratazioetan”, baina baliabide faltaren aitzakiarekin, ekoiztetxeetako langileek ez dute berdintasunari buruzko egitasmoetan parte hartzen. Tesian zein erreportaje honetan parte hartu duten kazetari gehienek argi daukate kontrol falta horrek kontratazioetan eta eguneroko jarreretan tirania estetiko sexista mantentzea errazten duela.  

Ana Urrutia, EITBko aurkezlea: “Orain dela 20 urte bezala jarraitzen dugu: gizon heldu eta lodi batek
‘prime-time’-ko saioa aurkeztu dezake eta emakume baten kasuan pentsaezina da”.

Agirreren aburuz, hausnarketa kolektiboa zabaldu behar da, erredakzioko zein ekoiztetxeeko kontratazio prozesuetan irudiak izan behar duen garrantzia gardentasunez eta sexismo barik jasotzeko. “Zer itxura da egokia hedabide publiko batean? Zapatilen alde egiteak freskotasuna eta identifikazioa indartu dezake? Arau ez idatzietatik arauak idaztera pasa behar dugu”. Ildo berean, Vinkek berdintasun politikek auzi konkretuak lantzearen beharra adierazi du: “Zergatik ezin du emakume batek gizonak daraman makillaje hautsa besterik ez erabili? Zergatik egon behar dute emakumeek ilea orrazten gizonek kazetaritza egiten duten bitartean?”.

 

Eta telebista alternatiboetan, zer?

Hamaika TBko aurkezlea eta edukien eta komunikazioko arduraduna da Ekhiñe Atorrasagasti. “Joko zelai patriarkal horretan arau asko hautsi ditugu”, adierazi du. Lantaldeko kide guztiek dute eskarmentua pantaila aurrean eta atzean, eta horrek hierarkiak hautsi eta emakumeen ahalduntzea sustatu du. Vinken ikerketak berretsi duen hipotesi bat bota du. “Ziur naiz beste kateetan gizon gehiago direla aurkezle eta editore emakumeak baino. Oso desberdina da beste batek idatzitakoa telepromterrean irakurtzea. Nik aukera izan dut edukiak zuzentzeko, garapen osoa emateko eta lantaldeak osatzeko”.

Hamaika TBn onartua dago kazetari eta kolaboratzaileek nahi duten bezala agertzeko askatasuna dutela: “Gizonek hauts batzuk botatzen dituzte eta kito. Nik begiak bakarrik makillatzen ditut, beste emakume batzuek ezpainak ere bai”. Baliabide faltagatik ez dute estilistarik, ileapaintzaile edo makillatzaile profesionalik. “Guk kudeatzen ditugu lan horiek. Horrek eztabaida interesgarriak piztu ditu: ea argiztapena hobetuz makillajea kendu daitekeen, baina baita ere zer garrantzi eman behar diegun lan sektore ikusezin eta feminizatu horiei”.

Halere, zaila da estetikaren tiraniaz guztiz askatzea: “Norberak bere burua ispiluan begiratzen duenean, egoera emozionalaren arabera, segurtasun-gabezia batzuk agertuko dira. Horri eransten badiozu telebistak dakarren difusioa, beldurrak eta une txarrak biderkatzen dira. Edukiak ondo landu dituzu, baina deseroso agertuko zara ezpain gainean ileak dituzulako edo gizendu zarelako”. Beste buruhauste potolo bat da telebistak dakarren presio estetiko horrek emakume kolaboratzaileak aurkitzeko zailtasuna areagotzen duela.

“Misoginia euri azidoa da. Hedabide alternatiboan lan egiteagatik babestuta gaudela iruditzen zaigu, baina zirimiri horrek erretzeko gaitasun handia dauka. Erronka bat da pantaila aurrean aritzeak utz dezakeen ajea nola zaindu asmatzea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sexismoa
Zuen etxean ere emakumeak arduratzen al dira opariak erosteaz?

Opariak erosteaz batik bat emakumeak arduratzen direla diote azterketek. Durangoko Azokan murgilduta eta Gabonak gertu, gai aproposa dirudi inkestek erakusten duten errealitateaz, gizonek jartzen dituzten aitzakiez eta emakumeek duten "zama mental ikusezina"... [+]


Nolakoak dira haurrentzako ipuinak, genero ikuspegitik?

Haur literaturako pertsonaietan aniztasun falta dagoela eta estereotipo eta rol sexistak gehiegitan erreproduzitzen direla ondorioztatu du Parean elkarteak, azterketa egin ostean. Sustraietatik eraldatuz dokumentala atera du orain, ikerketaren emaitzak, ipuin gomendioak eta haur... [+]


Zumaiako festetan gutxienez hiru eraso salatu dituzte

Zumaiako Mugimendu Feministak jakin duenez, txosnagunean bi eraso sexista izan dira, eta taberna batean eraso homofoboa. Elkarretaratzea egingo dute asteartean, 19:00etan.


Haurrei zuzenduta dauden iragarkietako genero estereotipo errepikatuenak

Jostailuen interneteko iragarkiek genero rol eta estereotipo gehiago erreproduzitzen dituzte, telebistako iragarkiek baino. Hori da Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak egin duen txostenaren ondorioetako bat. Hamar estereotipo errepikatuenak zerrendatu dituzte, horien... [+]


Eguneraketa berriak daude