Bertan goxo

Argazkia: Maider Aldasoro Diaz

Zoriontasuna utopia bihurtu da garaiotan. Etengabeko bonbardaketaren bidez sinestarazi digute zoriontasun osoa posiblea ez ezik, derrigorrezkoa dela. Zoriontasuna lortu beharreko egoera bilakatu da, arkadia bat, zoriontsua ez izatea zama, sufrimendu iturri bilakatu den bezala. Zoriontasuna kapitalismo berantiarrak saldu digun promesa da, garapenean fedea izanez gero, bere bidea jarraituz gero lortuko duguna. Maider Aldasoro Diazen Aurrean Goxo erakusketa fede eta promesa faltsuen ukapena da, gauza txikien zoriontasuna eta hedonismoa aldarrikatzearekin bat, desiren alde ilunaz ohartarazi nahi gaituena.

‘Aurrean Goxo’ erakusketa
Noiz: irailak 16 / urriak 10
Non: Bilboko Azkuna zentroa

2018tik sortu dituen piezak bildu ditu artista donostiarrak erakusketa horretan. Askotariko momentu eta motibazioak eragindako obrak diren arren, bada guztiak lotzen dituen hari bat. Izenburua Kalabaza Tripontziaren ipuin batetik hartuta dago, zeinetan ardi goseti batzuek aurrerago dagoen belarra goxoagoa izango denaren promesak gidatuta, parean dutena jan ordez etengabe aurrera egiten duten.

Ongi etorria ematen duen pieza zoruan proiektatutako bideo bat da, zeinetan Maider Aldasoro Diaz agertzen den lantegi abandonatu batean berak eraikitako kulunka erraldoian saltoka. Pieza horrek ondo baino hobeto deskribatzen du artistaren asmoa, abandonatutako lantegi zahar batean, errepide bazterrean, bere funtzioa bete eta gero gizarteak ahaztutako leku horretan gozamen eta bizi-pozerako lekua aurkitu baitu. Produktibitatearen jainkoa gurtzeko eraikia izan zen tenplua jolas-leku bilakatu da. Salto artean, artistak nor izan nahi duen hausnartu du. Bere hurrengo asmoa hegan egitea dela erabaki eta helburu horrekin fabrikatu ditu erakusketako bi pieza nagusiak: hego beltz erraldoiak.

Argazkia: Maider Aldasoro Diaz

Hegoen kolorearen aukeraketa ez da hutsala, desioak bere alde iluna ere baitu. Horri buruz ohartarazi nahi gaitu artistak bere gainerako piezekin: maitasun erromantikoaren gezurrei eta adiskideen arteko harreman eta dinamika toxikoei buruz. Desira ere kartzela izan daiteke, gezur bati lotzen gaituen katea. Horrela, musu eternalak antsietaterekin lotu ditu; maitasun erromantikoa bizkarrean daramagun zama bezala irudikatu du; eta lagunen arteko jolasak lehiaketa jasangaitzean bukatu daitezkela erakutsi digu. Sentimendu horiek guztiak ondo baino hobeto transmititzen ditu sortu dituen artefaktu eta jantziekin, jokoa eta fantasia kondena bilakatu daitezkeela argi utziz.

Promesez aspertuta, goseak hiltzear daudela, ipuineko ardiek parean duten belarra jaten amaitzen da Kalabaza Tripontziaren istorioa. Parean dutena, unean unekoa, izango baita belarrik goxoena. Beraien desioei baietz esateko gai izan direnean, promesa hutsak baztertu dituztenean, asetu dute haien gosea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Nestor Basterretxea jaio zela 100 urte: munduari leihotik begira, baina leihoak itxita

Gaur 100 urte beteko zituen Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014). Hamaika lanetan nabarmendu zen, eta hamaika bider mintzatu zen ARGIArekin. Pasarte interesgarri batzuk ekarri ditugu hona.


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Eguneraketa berriak daude