Europar Batasunak ebatzi du “meategi berde”-en loraldia

  • Maiatzaren 5ean Lisboak aterpetu zuen “meatzaritza berdea”-ri buruzko biltzarra, zeinetan elkartu baitziren Europar Batasuneko herrialdeetako agintariak, nazioarteko erakundeetakoak, enpresa, unibertsitate eta industria elkarteetako buruzagiak, denak ere Europan mineralen ustiapena azkartzean interesatuak.


2021eko irailaren 26an
Litio meategiaren kontrako protesta Portugalen.
Litio meategiaren kontrako protesta Portugalen. "Berde meatzaritza? Berde Barroso dago!" irakur daiteke pankartan.

2008ko krisi ekonomikoarekin Europako agintariak ohartu ziren –eta COVID-19 pandemiarekin berretsi dute–  jarduera ekonomikoak lehentasunezkoak dituen lehengaien hornidura zorrotzago kontrolatu beharra daukatela, datozen arazo geopolitikoen eraginez kolapsatuta geratu nahi ez badute. Bestetik, ekonomia “deskarbonizatu” beharrak izugarri handitu du mineral gosea, nabarmenki litioarena, baina baita urre, kobre eta beste gehienena ere. Jarduera ekonomikoetan suntsitzaileena den meatzaritza garapen iraunkorrarekin lotu nahian, Europar Batasunak Green Deal itun berdearen barruan sustatzen du “Meatzaritza berdea”.

Lisboako maiatzeko biltzarraren bildutako agintari, enpresaburu eta akademikoek, atarian protestan zeuzkaten Portugaleko eta Espainiako –funtsean Galiziako– hamalau elkarte herritarrek deituta etorritako herritarrak, meategi proiektu berriek erasotuak sentitzen direnak. Hauen artean nabarmenenak ziren Covas de Barroso herrikoak, Portugaleko herri hartan urratu nahi duten litio meategi erraldoiak mobilizatuta dauzkanak.

Hamalau elkarteok zabaldu zuten 180 elkarte gehiagok ere sinatu duten “Meatzaritza ustez ‘berde’ edo ‘iraunkorraren’ kontrako agiria”. Hona pasarte bat: “Meatzaritza industriak, Europako Batzordeak eta herrialdeetako agintariek diote posible dela “meatzaritza berde” iraunkor eta arduratsu bat, ura, energia eta mineralak eraginkortasunik handienez kudeatuz eta natur baliabideak etorkizuneko belaunaldientzako segurtatuz, eta aldi berean minimizatuz eragin sozial, ingurumenezko eta materialak. Guk diogu helburu horiek guztiak lortzea ezinezkoa dela. Aipatzen dituzten proiektu gehienek dakarte gero eta errentagarritasun txikiagoa izango duten hobiak ustiatzea, hondakin asko sortzea eta kostuak gutxitu eta etekinak handitzearren sustatzea aire libreko meatzaritza”.

Elkarteok eskatu dute bazterrera uztea “meatzaritza berdea” eufemismoa eta horrek berekin dakarren greenwashing zuriketa berdea eta ordainetan beharrezkoa ikusten dute bai Portugalen eta bai Europar Batasuna osoan ere industriak esku artean dauzkan proiektuei buruzko informazio egiazko, argi eta gardenak zabaltzea.

Iberiar penintsulak Europako meatze berrien mapan garrantzia handia dauka. Espainiako Estatuan aipatzen dira lurpeak arakatzeko 2.000 proiektu eta Portugaleren kasuan herrialdeko lurzoruaren %10ean jada industriak baimena badauka indusketak egiteko.


ASTEKARIA
2021eko irailaren 26a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: meatzaritza
2024-01-18 | ARGIA
Nafarroako Gobernuak Baztango Erdiz inguruan magnesita meategia eraikitzeko plana onartu du

Nafarroako Gobernuak asteazken honetan onartu du proiektua udalerriz gaindiko eragina duen plan modura (UGEP), eta horren ondorioz, Magnesitas Navarras SAk 25 urtez ustiatu ahal izango du Erdizen ireki nahi duen meatzea.


Norvegiak atea ireki die meatzaritza enpresei Artikoko itsas sakona arpilatzeko

Ozeanoaren sakonean dauden mineralak ustiatzeko urrats garrantzitsua egin du Norvegiako Parlamentuak: baimena eman du meatzaritza enpresek itsas sakona esploratu eta komertzialki ustiatu dezaten, gizakiak ukitu gabe duen munduko azken tokia. Zientzialariak eta ekologistak... [+]


2023-08-18 | Ilargi Manzanares
Energiaren Nazioarteko Agentziak trantsizio ekologikoa sostengaezina dela ohartarazi du

Azken hiru urteetan material arraroen ustiaketa industriaren ingurumen-eragina asko handitu dela adierazi du agentziak, uraren kontsumoa bikoiztu delako, hondakin kopuruak ugaritu direlako, eta berotegi-efektua ekartzen duten gasen isuriek " oso maila altuan"... [+]


Mineralen erauzketa laukoiztu egin beharko litzateke auto elektrikoen eta eolikoen eskaria asetzeko

Energiaren Nazioarteko Agentziak egindako txosten baten arabera energia berriztagarrien bidez planetaren berotze globala 1,5 gradura mugatzeko helburua lortzeko, kobrea, nikela, litioa eta kobaltoaren ekoizpena 2030 urtean ia lau aldiz handitu beharko litzateke.


Eguneraketa berriak daude