Kanariak kartzela eta hilobi bihurtuta

  • Uztailean, azken sei urteetan bezala, Mugak Zabalduz Karabana ekimena martxan jarri zen Europaren migrazio eta muga politikak salatzeko. Aurtengo mobilizazioan Euskal Herriko ehun lagunek baino gehiagok parte hartu dugu, Espainiako Estatuko beste hainbat parte-hartzailerekin batera; 350 pertsona denera. Oraingoan, ekintzaileok Kanaria uharteetara abiatu gara, “Kanariak, ez kartzela eta ez hilobi” lelopean.

Abuztuan, gazte bat kanporatua izan ostean, Las Raices harrera kanpamentuko gazte migratzaileak berriz ere mobilizatu dira, haien bizi baldintzak salatzeko. Argazkia: Francesco Fusi eta Rachele Renno

Astebetez Kanaria Handian eta Tenerifen Espainiako Estatuaren utzikeria eta arrazismo instituzionala, mugen militarizazioa eta migrazioaren inguruko negozioa –GKE handiak barne– salatu ditugu manifestazio, performance, kontzentrazio eta ekintzen bitartez; kalean eta hedabideetan. Bitartean, zuzenean ezagutu ditugu uharte horietan harrapaturik sentitzen direnen egoera, baita haiek laguntzeko antolatu den Kanarietako herritarren erantzuna ere.

Pasabiderik arriskutsuena
Bestelako migrazio bideen itxiera dela eta, udazkenetik aurrera Kanaria irletara iristen ziren migratzaileen kopurua biziki handitu zen –22.000 pertsona 2020an–. Afrikatik Europarako migrazio biderik arriskutsuena dela esan digute. Datu ofizialen arabera 2.000 hildako baino gehiago izan dira 2020 urtean eta 3.000 baino gehiago 2021eko lehen seihilekoan. Sukeina Ndiaye Tenerifeko migratzaile sarearen presidentearen arabera aldiz, “askoz gehiago dira itsasoan desagertzen direnak. Atzean historia oso bat daukaten pertsonak dira eta jatorrizko herrietan lur jota geratu diren familiak daude.”

Itsasoz Kanaria uharteetara iritsi aurretiko bizipenak errepikakorrak dira: egunak eta egunak pateran, noraezean, bidelagunak hiltzen ikusi eta itsasora bota, hotza, beldurra, gosea. Elena Martínez-Darve Sanzek, pertsona migratzaileenganako elkartasun asanbladako kideak dioenez, “jakin izan dugu Karibera iritsi izan dela Kanarietara zihoan patera galdurik”. Baina ohiko albistea da berandu iristen direla salbamendu taldeak.

Mohamed gazte senegaldarrak arriskua hartzeko arrazoia azaldu digu: “Senegalen arrantzale aritu naiz, 7 urte nituenetik. Oso diru gutxi irabazten dugu arrantzaleok, Europako ontzidiak arrantza guztia kentzen digu. Ez dugu beste aterabiderik migratzea baino, soldata irabazi eta gure lanarekin bizitza duina lortzeko. Arriskutsua da, baina ez dugu beste modurik Europako lurretara etortzeko. Itxaropena dugu gure bidaia jarraitzen utziko digutela. Lan egin nahi dugu gure familia laguntzeko, neska-mutilek ikas dezaten eta sendagaiak eduki ditzaten. Hemen gaude, pazientzia handiz, hilabete luzez".

Vicky, Karabanako kide eta Regularización Ya plataformako kideak dioenez, “ez dago inolako dei-efekturik, hau kanporatze efektua da, jatorri koloniala duen pobrezia estrukturala”. Sukeina Ndiayek ildo berean egin du salaketa: “Europara arrain bat ekartzea, hori bai dela erraza, ez da behar asilorik, ez nazioarteko babesik. Baina gizakiei, haiei eskubideak urratzen zaizkie”

Afrikatik Kanarietara iristeko migratzaileek erabiltzen dituzten paterak. Argazkia: Dabid Ekinklik.

Kanaria irletan blokatuta
Migratzaileak baimen legalik gabe iristen direnean, asilo eskaera egin ohi dute. Eskaerak denbora ematen die, administrazioak urte bat edo bi behar izaten duelako erantzuteko, eta tarte horretan Estatuan barna mugitzeko eskubidea dute. Hala ere, praktikan eskubide hori ez da bermatzen.

“COVID-aren eta alarma-egoeraren aitzakian, urritik aurrera aireportuan blokeoa zegoen, mutil horiek ezin zuten penintsulara hegan egin”, azaldu digu Ana Vizcaínok, pertsona migratzaileenganako elkartasun asanbladako kideak. Apirilean kasu bati helegitea jarri eta asilo eskaerarekin penintsulara bidaiatzea baimentzen hasi ziren”. Elena Martínezen hitzetan, “turismoarengatik komeni zitzaien Kanariak hustutzen hastea”.

“Kanaria uharteek hego-mugaren papera betetzen dute, irla izanda errazagoa delako migratzaileak kontrolpean edukitzea. Muga militarizatu dute eta inbasioaren diskurtsoaren bitartez justifikatzen dute. Pateran Espainiako Estatuan sartzen diren migratzaileen kopurua inoiz ez da izan %5a baino handiagoa, baina gobernuari foku mediatikoa pertsona horiengan jartzea interesatzen zaio”, hausnartu du Bea Villahizanek, Karabanako kide nafarrak.

Harrera baliabide instituzionalak
Migratzaileen iritsiera masiboak eta blokeo horrek ekarri zuten migratzaileak Arguineguineko portuan lehenik, pandemiak hutsik utzitako hoteletan gero eta, azkenik, GKE batzuek kudeatzen dituzten makro-kanpamentuetan pilatzea. Espazio horietan –kartzela ohiak, barrakoiak eta karpak– gazte migratzaileek dituzten bizi baldintzak izan dira Karabanaren salaketa ardatz nagusia: masifikazioa, janari txarra eta eskasa, hotza –bai, Kanarietan hotza ere egiten du–, ur berorik eza eta ezagutzera eman ez diren kanporaketak. “25 urte bete dira Kanarietan migratzaileen harrera modu inprobisatuan kudeatzen dela. Bada garaia harrera hurbila eta gizalegezkoa egiteko”, esan digu Kanarietako Karabanako kide Marife Navarrok.

Bidaia traumatikoa egin duten gazteek ez dute GKE eta erakundeen aldetik laguntza psikologikorik jasotzen eta osasun sistemarako sarbidea ere ez dute bermatuta. “Hemen mediku bat eta bi erizain daude 3.000 pertsonarentzat. Buru osasunaren zaintza penagarria da. Itzultzaileak, gizarte langileak, informazioa, laguntza legala… falta dira. Langileek eta poliziek gaizki tratatzen dituzte, arrazismo instituzionala dago eta horrek ondorioak ditu”, dio Raquelek, pertsona migratzaileenganako elkartasun asanbladako beste kide batek, mikrofonoa hartuta, Las Raíces kanpamentuaren atarian. Karabanako kideak bertan elkartu gara, salaketa gehien pilatzen dituen gune horretan, kanpamentuan bizi diren hainbat lagunekin eta elkartasun sareko kideekin, haien esperientziak entzuteko. Kanpamentuaren kanpoaldean, hainbat txabola dago, plastiko urdinez estaliriko egitura prekarioak. Orain hemen inork ez du lorik egiten, baina otsailean, gazte askok, barruko baldintzak zirela eta, instituzioen babesari uko egin zion eta kanpoaldean kanpatu zuen.

Mugak Zabaldu Karabanaren manifestazioak Tenerifeko kaleetan barna migrazio politikak salatu ditu. Argazkia: Dabid Ekinklik

Autobusez Tenerifeko hegoaldera goaz. Los Cristianos hondartza turistikoan manifestazioa egingo dugu, lehen mailako atzerritarrak –turistak–  eta bigarren mailakoak –migratzaile afrikarrak– kontrajartzean sortzen den kontraesana ikusarazteko. Las Raícesen bizi diren gazte batzuk gurekin datoz eta haietako batekin, Mohamedekin, egin dut bidaia. “Janaria oso txarra da eta ez dugu inolako dirurik jasotzen geuk erosi ahal izateko. Kanpamentuko langileek gaizki tratatzen gaituzte. Arrazistak dira. Hemengo bi abokatuak arrazistak dira, ez gaituzte laguntzen. Kanpamentuan ez dugu ezer egiten, jan, lo eta egon, besterik ez”. Elkartasun asanbladako kidea den Ana Vizcaíno ere ildo beretik mintzo da: “Ezer ez egite horrek, beren bizitzaren jabe ez izateak, apatia dinamikan murgiltzen ditu gazteetako batzuk eta gero ezin dira hortik atera”. Jakin dugu farmako lasaigarriak ematen dizkietela, ohiko prozedura moduan, eta eraso fisikoak eta sexualak gertatu direla.

Migratzaile ugari dago uharteetan harreraleku ofizialetatik kanpo, izan kanporatu dutelako edo hala hobetsi dutelako. “Otsailean, hoteletatik kanpamentuetara mugitzen hasi zituztelarik, deportatuak izateko beldurrez edo kanpamentuetako baldintzei buruz entzundakoagatik, gazte afrikar askok kalean geratzea erabaki zuen. Astebetean 200 bat izatetik 800 bat izatera iritsi ziren. Eromena zen”, azaldu digu Ana Vizcaínok.

Gazte horiek ezin dute kanpalekuetara itzuli, araudiak hala aginduta, eta Poliziaren jazarpena jasaten dute. “Mutil pilo bat hondartzan ezarri zen. Aste Santua iritsi zenean Polizia kamioi batekin iritsi, hondartzan zirenen gauza guztiak bota eta hurrengo astean itzul zitezkeela esan zien”, dio Vizcaínok.

Emakumeak, adingabeak eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonak
Kanarietara iristen diren pertsonen gehiengoa gizonezkoa da, baina badira emakumezkoak ere, askotan haurrekin etortzen direnak. Haientzat Gurutze Gorriak kudeatzen duen egoitza dago, kartzela ohi bat, eta han hilabeteak pasatzen dituzten emakumeek eskubideen urraketak salatzen dituzte. Gizonen modura, blokeo egoeraz eta bizi baldintzez kexu dira, baita laguntza ezaz ere: juridikoa, psikologikoa, osasun aldetik… Mobilizazioen ondoren eta herriaren defendatzailearen bitartez salaketa bideratu zuten arte ez zuten lortu umeak eskolaratzea.

Pertsona guztien eskubideen aldarria, Mugak Zabalduz Karabanak antolatuta, Tenerifeko kaleetan barna. Argazkia: Dabid Ekinklik.

Haurrekin iristen diren emakumeek amatasuna frogatu behar dute eta dokumentazio nahikorik ezean haurrak amengandik bereizi izan dituzte, amatasuna ADN frogen bitartez baieztatu arte. Prozesu hori bi eta zortzi hilabete artekoa izan daiteke eta denbora horretan adingabeak estatuaren tutoretzapean geratzen dira, amarekin harremanik izan gabe. Amek prozesua itzultzaile eta abokatuen laguntza eskasaz bizi izan dute, harik eta “herri mugimenduei esker hori aldatzea lortu genuen arte”, dio Sukeina Ndiayek.

Itahisa Calderónekin hitz egin dugu, LGTBIQ+ migratzaileekin lanean aritu den abokatuarekin, kolektibo horretako pertsonen kasuez. “Sarritan, pertsona horiek beren kideen partetik sufritzen dute diskriminazioa eta beren sexu-joera adierazteko beldur dira. Jarduneko abokatuek asilo eskaeraren inguruko azalpenak ematen dituztenean, taldean egiten dute eta pertsona horiek normalean ez dute besteen aurrean adierazi nahi asiloa sexu-joera arrazoiengatik eskatu nahi dutela”.

Sexu-joerarengatik edo identitateagatik asiloa eskatzeko, izaera frogatu behar dute, eta hori oso zaila da. Polizia-etxean asilo eskatzaileei egiten zaien elkarrizketan eskaera justifikatu behar dute. “Oso kontu intimoak jende askori azaldu behar dizkiete eta beraientzat oso bortitza da. Gainera, itzultzailearengan konfiantzarik ez badute, ez dute egoera azaltzen, edo batzuetan itzultzaileek ez dute ongi itzultzen, edo beren iritzia ematen dute”. Komisariako itzultzaileak ez dira profesionalak, bi hizkuntzak ezagutzen dituen edonor izan daiteke. Azpikontratatutako zerbitzua da.

Adingabeek ere, amek edo LGTBIQ+ pertsonek bezala, beren izaera frogatu behar dute. Agiririk ezean, auzitegi-mediku analisi baten bitartez administrazioak adina ezartzen die. “Froga horrek errore-tartea du eta ez dira gutxi helduentzako prozesuetan sartu dituzten adin txikikoak, haien zaurgarritasuna areagotuz”, azaldu digu Elena Martínezek.

Kanariar herriaren laguntza sareak
Migratzaileak harrera zentroetan edo kalean egoera larrian ikusirik, kanariar herriak babes eta laguntza sareak sortu ditu. Kanaria Handian, Somos Red sarea 600 pertsona inguru biltzera iritsi zen. Gainezka egin duen harrera sistemak ez ditu bermatzen migratzaileek eskubideak ezagutu eta erabiltzea. Irletako biztanleak “GKE horien eta instituzioen kudeaketa txarrak eragindako arazoak konpontzen” aritu dira.

Lantaldetan antolaturik janaria eta arropa lortu, kontu burokratikoetan lagundu edo ordezko harrera tokiak bilatzen dituzte, sarritan beren etxeetan. Ana Vizcaínok adibide bat azaldu digu: “Martxo hasieran 67 mutil kalean geratu ziren, ez dago garbi Gurutze Gorriak Canarias 50 zentrotik bota zituen ala beren kabuz atera ziren. Hortik aurrera, Poliziaren jazarpena jasan zuten gazte horiek eta horietako hogei deportatu egin zituzten. Haientzat mendialdean babesleku bat aurkitu genuen eta han ezkutatu ziren bi hilabetez”.

Gaztelera klaseak antolatu, erroldatzeko helbideak bilatu eta aireportura laguntzen dituzte. “Aireportura bakarrik badoaz, askotan ez dira hegazkinera igotzen. Airelineak Poliziari deitu eta bi lerro egiten dituzte, zuriena eta beltzena. Jendaurrean iraintzen dituzte”, azaldu digu Elena Martínezek.

Elkartasun sare hauek eragile politiko ere badira. Harrera sistemaren gabeziak eta migratzaileek jasandako gehiegikeriak salatzeaz gain, jarrera arrazistei aurre egiteko diskurtso politikoa garatu eta zabaldu dute.

Une honetan, larrialdi egoera baretu delarik, sare hauen jarduera gutxitu egin da, baina udazkenean itsasoz iritsiera masiboa berriro gertatu daitekeela eta, ez dute aurreikusten instituzioen erantzuna ezberdina, hobea, izango denik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migrazioa
Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


2024-04-25 | Gedar
Pertsona migratuak preso izateko zentro bat eraikiko du Espainiko Gobernuak Alborango irlatxoan

Espainiako Gobernuak dio "behin-behinekoa" izango dela itsasoaren erdian sortuko duten kartzela. 600 metroko luzera du uharteak, eta Almeriako kostaldearen eta Marokoko Tres Forcasen artean dago. Militarrek erabiltzen dute.


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


Eguneraketa berriak daude