"Hemen artisauei prezioa jaisteko eskatzeko ohitura dugu, baina ez Iberdrolari"

  • Ura eta minerala garela dioen artisaua eta artista da. Artistentzat artisauegia eta artisauentzat artistegia. Hurbiltasuna eta babesa  sumatzen ditu harrien artean, kobazuloan bezala. Hargintza garaikidea egiten du. Aldi berean, praktikoak eta erabilgarriak diren artelanak maite ditu bereziki, jatetxe dotoretan dauden bere platerak, adibidez. Orain pantailan ikus dezakegu Petrus Erdi Aroko harginarekin solasaldi birtual moduko batean, Petrus film dokumentalean.

Argazkia: Dani Blanco
Joseba Lekuona. Iruñea, 1972

Hargintza ikasi zuen Iruñeko Udal Lantegi Eskolan eta han bertan irakasle aritu zen bost urtez.  Tailerra Urnietan du. Zaharberritze lanak, eraikuntzakoak, hilarriak, enkarguzko piezak, baxerak eta bere sormenezko artelanak egiten ditu harri mota eta teknika desberdinak erabiliz. “Hartea, sormenezko hargintza” da bere marka eta Haruru Filmak estreinatu berri duen Petrus dokumentaleko protagonistetako bat da. Lan hau uda osoan zehar herriz herri ari dira ematen aurkezpen gisa.

Nola iritsi zinen hargina izatera?
Betidanik gustatu izan zait marraztea eta margotzea. Horregatik, institutuan amaitu ondoren, Iruñeko Udalaren Lantegi Eskolan ikasi nuen, duela jada 30 urte. Hasi nintzen hargintza gustukoa nuelako eta, gainera, lanbide arteko oinarrizko soldata ordaintzen zidaten. Bitxia da, baina garai hartan ikasteagatik ordaintzen zidaten eta orain, aldiz, neuk lan egiteko ordaindu beharra dut eta ozta-ozta bizirauteko.

Iruñekoa estatuko bigarren lantegi eskola izan zen, Alemaniako lantegi eskolen eredua hartuta eta alderdi guztien adostasunarekin sortu zuten. Oso ekimen interesgarria.  

Eskola honekin hainbat zaharberritze lan egin genuen, besteak beste, Iruñeko Gaztelu Gibeleko atari bat. Han bost urte izan nintzen irakaslea ikasketak amaitu ondoren, baina nik hargina izan nahi nuen eta nire tailer propioa zabaldu nuen, lehenbizi Noainen eta gero Urnietan.

Zer egiten du hargin batek XXI. mendean?
Harginarena ofizio galdua da. Denetariko lan motak egiteko aukera izaten dut: eraikuntzan zaharberritze lanak egiteko deitzen naute. Foruen monumentuaren oinarrian dagoen bakearen alegoria zaharberritu nuen, adibidez, eta berdin Luis Pareten iturria edota Artxibo Nagusiko armarriaren koroa, besteak beste. Eskultura erlijiosoa ere egin izan dut: Nafarroako ospitaleko kaperan dagoen San Migelen irudia nirea da.

"Zer sentitzen dugu, gizaki bezala, mendian edo haitzen artean gaudenean? Hurbiltasun bat sumatzen dugu, babesa, eta hori bera da nik sentitzen dudana”

Oso ofizio galdua da eta aldi berean oso zabala: elementu arkitektonikoak egin ditzaket (harresiak, arkuak) edo taila bat, adibidez. Bestalde, hargintza oso lotuta egon da betidanik lan funerarioarekin. Hilarriak bidegurutzetan jartzen ziren hasieran eta gero kanposantuetan. Sinbolismoz beteriko lanak izaten dira hauek eta naturan dagoen materialik gogorrenarekin, harriarekin alegia, egiten dira agian betiko iraun dezaten ideiarekin. Arte funerarioko gauzak beste webgune batean dauzkat, oraindik tabu handiak ditugulako heriotzaren inguruan. Arlo honetan ohorea izan dut Lolo Rico, Joxemiel Bidador edo orain berriki zendu den Aitor Etxarteren hilarriak egiteko.

Eta honetaz guztiaz gain, noski, nire sormen lan propioak egiten ditut. Orduak eta orduak ematen ditut nire tailerrean isilpean eta denbora asko dut pentsatzeko. Duela lau urte lehen erakusketa indibiduala egin nuen Apaindu aretoan: Panta Rei. Uhinaren inguruan lan egin nuen. Harria uhinen bitartez mozten da. Kolpe bat ematean, uhinak transmititzen dira. Uhin horiek presioa sortzen dute eta horrela mozten da harria.

Argazkia: Dani Blanco

Nolakoa  da zure eguneroko lana?
Gure iruditegian harria oso lotuta dugu mundu zaharrarekin eta neu ere formatu naiz antzinako tekniketan, baina nire sormen lanei arkeologia edo zahar kontzeptu hori kendu nahi izan diet beti. Gauza modernoak sartu ditut beti nire obratan. Biguintasuna ere eman nahi diot berez horren gogorra den materialari. Nire lanak erakutsi dit, adibidez, harria behin moztuta malgutu daitekeela. Behin lau metrotako  xafla bat egin nuen, 5-6 zentimetrotako lodierakoa, eta tolestu egin zela ikusi nuen. Harriak badu malgutasuna! Harrituta gelditu nintzen.

Ikertzea asko gustatzen zait. Donejakue bidearen Nafarroako lau etapen inguruko lan bat egiten ari naiz. Lau figura geometriko dira, lau harri mota desberdinez egindakoak.

Tokian tokiko harriak ezagutzea interesatzen zait eta honek ingurune geologikoak aztertzera eraman nau. Harginarena ofizio galdua den bezala, harrobiak ere gero eta galduago daude.

Zer harri mota erabiltzen dituzu?
Iruñerriko harri urdina, adibidez. Ezkaba mendian dagoen kalkarenita gogor samar bat, oso ugaria dena hemen inguruan eta toponimo askoren sorburua: Arriurdiñeta, esate baterako. Ziudadelako Glazisetan dagoena da eta ertzetan dauden harrietan ezagutzen dira tenperaturaren gora beherak: kimikoki deseginda daude hego aldera ematen dutenak eta ipar aldera daudenak, aldiz, bikain daude.

Niretzat oso aurkikuntza handia izan zen Igantziko marmola. Zoragarri polita da: zuria beta urdinarekin. Igantzin bada harrobi ikaragarri bat. Orain hormigoia eta harri xehea egiteko erabiltzen dute eta justizia poetiko bezala hasi nintzen ni edertasunez beteriko gai hori erabiltzen baxerak egiteko. Jatetxe dotoreetarako egiten ditudan baxerak marmol horrekin eginak dira.
Eratsungo marmola ere erabiltzen dut. Garai batean oso garrantzitsua izan zen material hau, baina orain ez da erabiltzen. Harrobia itxita dago ez zituelako ingurumen arauak betetzen. Alaitz edo Oskiako harrobiak zabalik dauden arren, soilik harri xehea egiteko erabiltzen dira.

Kintoan sekulako magnesita harrobia dago. Erraldoia da, baina baimen piloa eskatu behar dira han sartzeko.
Nik ofizioa aldarrikatu nahi dut eta materiak askotan berak bakarrik hitz egiten du. Materialek erantzun askotarikoak ematen dituzte eta hori kontu ederra da.

Argazkia: Dani Blanco

Hargina eta eskultorea zara zu?
Ez dut desberdintasunik ikusten. Neure burua hargintzat ematen dut. Zaila da desagertzen ari den ofizio bat deskribatzea. Edozein modutan ere, nik gure lanaren duintasuna aldarrikatzen dut beti.

Urte askotan joan izan naiz azoketara nire lanak saltzera, baina orain ez. Nire lanak garestiak direla entzuteaz nekatuta nago. Nik honetaz bizi nahi dut, besterik ez. Hemen, artisauei prezioa jaisteko eskatzeko ohitura dugu, baina ez Iberdrolari. Ahulenari exijitzen diogu aberatsari baino gehiago. Horregatik askotan artisauok egiten dugu merkatuan saltzen ahal dena soilik eta sorgin gurpil batean sartzen zara horrela.

Azoketan jendeak askotan galdetzen dit ea zenbat balio duen armarri batek. Armarriak ez ditut gustuko dauzkaten konnotazioekin, baina egiten ditut jan behar dudalako. Nire ustez, jendeari gustatzen zaizkio Erdi Aroaren nolabaiteko idealizazioa dagoelako. Eta pentsalari zenbaitek uste du hori gertatzen dela neo-feudalismo batean bizi garelako. Orduko jaunak Leiungo edo ez dakit nongo jaunak ziren eta gaur egungoak, aldiz,  Zarako edo Microsofteko  nagusiak dira eta gu  haien  esklaboak. Hori gero eta argiago ari gara sentitzen.

Dena den, nire galdera da: zertarako nahi duzu armarri bat noblea ez bazara? Nahasmen handia daukagu eta handinahia oso zabalduta dago.

Orduan artisauak eta artisten arteko muga oso fina da, ezta?
Bai, hala da. Artisautza sortzailea egiteko joera dago gero eta gehiago. Artisautza garaikidea da bide bakarra. Gero eta argiago ikusten dut ezin zarela gelditu beti gauza bera egiten saldu ahal izateko. Konpetentzia gero eta handiagoa da. Txinatarrek zuk baino hobeki egingo dute, seguruenera.

Nire ustez artisautza da zure eskura dauden tresnak erabiltzen dituzunean ideia bat gauzatzeko. Teknologia erabiltzen da beti. Eskuz egitea goraipatzen da, baina horrek bakarrik ez du bermatzen balioa izatea.

Artistentzat artisauegia naiz eta artisauentzat artistegia. Artea gero eta gehiago kontzeptualki lan egiten den zerbait da gaur egun, eta ez eskuekin. EHUko Arte Ederretako Fakultateko tailerra oso jende gutxik erabiltzen du orain. XVI. mendeko altzariak ikusten ditugu orain eta artetzat hartzen ditugu, baina bere garaian artisau on baten lanak baino ez ziren izango.

Nola iritsi dira zure platerak jatetxe handietara?
Nik beti aldarrikatu ditut artelan erabilgarriak, eta horregatik egiten ditut harrizko platerak, hotza eta beroa izugarri ongi mantentzen dituztenak.

Mugaritzen erabiltzen dituzte, adibidez, izozkia zerbitzatzeko. Mugaritzen sentsorialitatea nahi dute azpimarratu haien sukaldaritza berriarekin. Bilatzen dute bazkaltiarrak nola harritu, bai jatetxeetan baita etxeetan ere, eta horretarako oso egokiak dira harrizko ontzi hauek, eskuaren formari oso ongi egokitzen zaizkionak, gainera.  Mugaritzerako Igantziko marmolezko lau plater dorre egin nituen. Berez eskulturak dira, baina, aldi berean, platerak.  

Harrien ezaugarriak baliatzen ditut baxerak eta sukaldeko ontziak egiteko. Ofita harriak, esate baterako, tenperatura oso altuak agoantatzen ditu. Mamiari kezkelurrin zaporea emateko erabiltzen zen lehen.

Mugaritzekin lan egiten dut eta gauzak egin izan ditut Aithor Zabalarentzat (Los Angeleseko Somni restaurant) Hélène Darrozek Londres eta Parisen dituen jatetxeetarako eta, azkenekoa, Aitor Jerónimori egin diodana izan da, Singapurren duen Basque Kitchen jatetxerako.

"Artea gero eta gehiago kontzeptualki lan egiten den zerbait da gaur egun, eta ez eskuekin. EHUko Arte Ederretako fakultateko tailerra oso jende gutxik erabiltzen du orain”

Zer da Petrus?
Petrus kultur ekimen gisa sortu zen, Petrus Museumeko egilea den Simeón Hidalgoren eta bion arteko harremanetik abiatuta. Arte erromanikoa eta XXI. mendeko hargintza sortzailea lotzen dituzten ildoak marraztu nahi izan dituzte egileek, bai eta museoko sormen-prozesuaren eta negozio artistikoaren arteko dibergentziak ere. Haruru Filmak ekoiztetxeko Ruben Marcilla eta Helena Bengoetxeak izan zuten Itzagaondoko Lizarraga herrian dagoen museo honen berri eta deitu zidaten zerbait egiteko.

Simeón Artearen Historian eta Teologian espezialista da eta berak ikusi zuen  hargin baten aztarna jarrai zitekeela hainbat tokitako kapiteletan hosto-kiribil berdinak agertzen zirelako. Gainera Gergitiaingo elizan kapitel batean sinadura agertu zen: Petrus me fecit. Petrus Erdi Aroko hargin maisua zen eta bere izena agertzea ez da batere ohikoa, bere garaian harginak ez zirelako jenio ezagunak eta oso lan anonimoa egiten zuten. Nafarroan dauden lanen artean, adibidez 8-10 sinadura baino ez dugu ezagutzen.

Erroma inperialaren izpiritua Europa osora nahi zuen zabaldu erromanikoak eta landa eremuko erromanikoan ikusten da nola plazaratzen zituzten mezuak irudien bidez jendearenganaino helarazteko.

Petrus ekimena herri txikien desagerpenarekin ere dago lotua. Filmean egiten dugun erromanikoaren ibilbide horretan ikusten da hori argi. Zinemagintzaren bitartez tokiko artea eta landa-garapena balioan jarri nahi ditu Petrus proiektuak.

Argazkia: Dani Blanco

Nola dago kontserbatuta gure erromanikoa?
Ondare handia izanda, diru asko inbertitu da, baina kontuan hartu behar da gero inbertsio horren zati bat itzuliko dela, adibidez, turismoaren bidez. Adibide argi bat da Gasteizko katedrala. Txarrenetik onena ateratzen jakitea da hori, azken finean.

Alde handia dago Petrusena eta zure lan moduaren artean?
Ez dakit alde handirik egongo zen. Haiek mugitzen ziren askotan herriz herri eta hiriz hiri, baina gaur egun gauza bera gertatzen da hiri berri bat egiten denean munduko auskalo zein txokotan. Hargin garaikidearen bizimoduan ordu asko sartu behar dira eta sormen lanean eten gabe aritu, honetaz bizi ahal izateko.

Zergatik euskaldunok maite dugu harria hainbeste?
Ura eta minerala gara. Horregatik mineralarekin dugun harremana ezinbestekoa da. Harrizko herria da gurea. Gabriel Arestik hala zioen eta Oteizak ere azaltzen du harrespila espazio magikoa dela. Elementu sinbolikoak dira eta gure herrian dugun kosmogonia kolektibo hau halako ideietatik dator. Horrek badu zerikusirik ere Aro Modernoan Oteiza, Chillida, Mendiburu… bezalako artista handiak izatearekin. Zizelkarien herria da gurea.

Ulibarrenak, bere aldetik, azpimarratzen zuen herri honek harriekiko duen hurbiltasuna. Estetika euskaroaren inguruko bere lanetan “acervo euskaro gremial” kontzeptuari buruz ari zen.  Pirinioetatik hona eta eguneroko elementuetan, edertasun estetiko hori detaile txikienetan erakusten duen herria gara. Gazta egiteko tresnak edo baserrian erabiltzen zirenak, adibidez, irizpide horien arabera zeuden diseinatuta. Estetikoki atsegin eta politak dira, baina, aldi berean erabilgarriak eta niretzat hori da helburu gorena.

Jorge Oteizak honetaz hitz egiten zuen. Nociones para una filología vasca de nuestro preindoeuropeo bere lanean azaltzen zuen honen inguruan zuen harrikada handia: zer sentitzen dugu, gizaki bezala, mendian edo haitzen artean gaudenean? Hurbiltasuna sumatzen dugu, babesa, eta hori bera da nik sentitzen dudana.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskultura
2024-02-25 | Hedoi Etxarte
Chillida izan beharraz

Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrenaren kontura, ideologia guztietako hedabideetan hagiografiak izan dira nagusi eta ez da inolako aipamenik egin bere “gaztaro falangista ultra eta erradikalaz”.


Mañariako grisa

1970eko hamarkada hasieran, Robert Smithson artistak bogan zegoen arte minimalista auzitan jarri eta artea paisaian eta naturan bertan egin zitekeelaren ideia zabaldu zuen. Hartara, sortze-ideia horri segika, lursailean prestakuntzak egiten hasi zen hainbat artista, beren... [+]


“Gure herria matriarkalista da eta beste nortasun bat eman nahi izan diet eskulturei”

Xabier Santxotena Alsua (Bozate, 1946) eskulturagilea da. Egurra du lanabes, eta pieza erraldoiak egiten ditu. Buru-belarri dabil uneotan emakumeei eskulturen bidezko aitortza egiten. Agota dela dio harro, “egurraren gremio edo kolektibokoa”. Jorge Oteiza... [+]


“Betirako” Nafarroan gordetzeko eskaera

Pompeluko togatusa Nafarroako Museoan dago ikusgai azken urtebetean, baina urte luzez galduta egon da bere pista. Duela 128 urte aurkitu zuten Iruñeko Alde Zaharrean, munduko aberats baten gordailuan egon da urte batzuetan eta haren jabetza estatubatuar batena da egun.


Buru-belarri, burugogor!

Bilatzeak, etengabe bide baten bila abiatzeak, nahi zein espero ez duguna aurkitzea dakar. Artista bat bilaketa gose hori elikatu beharrean dago bere espiritua bizirik mantendu nahi badu. Burugogorkeria handia ere beharko du bere ibilerak. Bide berriak bilatu, azalberritu eta... [+]


Eguneraketa berriak daude