Ekainaren erdialdean hasita, ezohiko uholdeek txikizio galantak eragin dituzte Europako hainbat eskualdetan. Udan barrena eurite eta uholde izugarriak errepikatu dira munduko lau muturretan, Txinan bezala Afrikako Sahelen, Pakistanen edo Amerikako Estatu Batuetan, beroketa globalak eragindako klimaren aldaketa jada gertatzen hasia dela erakutsiz. Badatoz euri jasa izugarriak... ura xurgatzeko gaitasuna galdu duten lurzoruen gainera.
Abuztuaren 31n titulu hau zekarren El Pais egunkari madrildarrak: “Euri handiek Sahel ito dute. Klimaren aldaketak ekaitz bortitzak hirukoiztea eragin du Sahararen hegoaldean”. Dakar hiriburuko auzoak urak erabat harrapatuta omen zeuden, Senegalen, Nigerren ehundaka jende itoak eta eraikin asko hondoa jota, Sudanen 6.000 etxe suntsituak eta Nilo bideratu behar zuten ezpondak lehertuta. Adituek diotenez, Sahelen betidanik udako hiru hilabetetan barreiatu izan diren euriak orain eraso bakanago eta bortitzagoetan biltzen dira han-hemenka gogor kolpatuz: 1950 eta 1960etan baino euri gutxiago egiten du, baina kontzentratuago.
2021eko uda osoan heldu dira eurite bortitzen albisteak mundu osotik. Europako uholdeak uztailaren 12an Ingalaterran hasita ondoko egunetan kontinentean barneratu ziren Herbehereak, Belgika, Luxenburgo, Alemania, Austria, Italia, Eslovenia eta Errumaniaraino, gutxienez 230 heriotza eraginez, gehienak Alemanian eta Belgikan.
Hildako jendeez gain, kalte ekonomiko itzelak utzi ditu urak eskualdean, handienak Alemania eta Belgikan: etxebizitza, industria, komertzio, klase guztietako azpiegitura eta nekazaritzan 2.550 milioi eurotan kalkulatu dituzte kalteak, soilik aseguruek babestuta zeudeneak zenbatuz. Nori egotzi behar ote zaizkio kalteok?
Hasteko, aurreikuspen, prestaketa eta ordenaren eredugarria den Alemanian agintarien fundamentua jarri dute auzitan, hauteskunde erabakigarrien atarian daudenean: nola ez du hobeto funtzionatu alerta sistemak?
Europako Uholdeen Zaintza Sistemaren aholkulari den Hannah Clokek garbi utzi du erakundeak garaiz ohartarazi zituela Europako gobernu guztiak, 2002ko uholdeen ostean garatutako protokoloekin: “Alertak jakinarazi ziren, euri eta uholde gogorrak zetozela, kontuz ibiltzeko. Baina estatuetako aginteei dagokie informazio hori kudeatzea”.
Alemanian hartu beharreko neurriak erabakitzea eskualde autonomo bakoitzari dagokionez, erabakien katean hausturak gertatu omen ziren: herri batean agintariek jendeak garaiz ebakuatu ez, beste batean ebakuazioa aginduta ere herritar batzuk etxean geratu… Dena dela, alertarik sistemarik eraginkorrenak ere ezingo zuen eragotzi zerutik halako zaparradak errukigabe lurreratzea.
“Atmosferaren goiko aldean tenperatura hotzek blokeatuta eduki dituzte urez zamatutako aire masa handiak eta gero urok lau egunetan zehar isuri dira eskualdearen gainean”, horrela laburbildu zion AFP agentziari uztaileko dilubioa Jean Jouzel klimatologoak, IPCC Klimaren Aldaketarako Gobernu arteko Paneleko lehendakariorde izanak.
Adituek aipatu dute beste fenomeno osagarri bat: Jet Stream haize korrontearen geldotzea. Zarrastada korrontea –euskarazko Wikipediak azaltzen duenez– haize indartsua da, egitura tubularra duena eta Ipar poloaren inguruan mendebalde-ekialde norabidean mugitzen da 9-11 km arteko altueran. Guri dagokigunez, Artikoko izotzak urtzearen poderioz Jet Stream ahuldu da eta honek ere larriagotuko ditu muturreko klima istripuak.
ERAIKUNTZARI MORATORIA
Europak aldika nozitu izan ditu uholde handiak, baina aurtengoa berezia izan da, bai eroritako euri kopuruagatik eta bai zaparraden bortitzagatik. Klimaren aldaketak ekarriko dizkion ondorioetako bat ezagutu du, horrela, Europak. Lehortekin, suteekin edo itsas mailaren igoerarekin batera, muturreko eurite eta uholdeak gero eta ugariagoak izanen dira, adituek oroitarazi eta herritarrok pixkanaka onartzen hasi garenez.
Fenomenoaren mekanika The Lancet zientzia aldizkariak laburbildu du udan plazaratu duen editorialean: “Tenperatura berotzen den gradu bakoitzeko airea irits daiteke %7 hezetasun gehiago metatu eta hori denbora luzeagoz atxikitzera, eraginez batetik lehorte handiagoak eta ondoren –hezetasuna askatzean– eurite bortitzagoak; muturreko eguraldi eredu hau beroketa handitzearekin okerragotuko dela uste da”.
The Lancet-en editorialak, ordea, hau ere badio segidan: “Klimaren aldaketaz gain, badira uholdeei laguntzen dieten paisaia faktoreak, tartean lurzoruaren ura xurgatzeko ahalmena, topografia eta hiritartzea, uraren isurketa abiadura [runoff] handitzen dutenak”. Horra hiri ordenamendu oker baten arriskuak, Europan jada populazio handia daukan eskualde batean are hormigoi gehiago erabiltzearenak: gero eta euri kolpe bortitzagoak, gero eta ur gutxiago xurgatzeko gai diren lurzoruetan.
Adibide argigarria eskaini du hedabide guztietan ikusi dugun Erftstadt herriak, errekaren indarrak eta lubizi erraldoiek suntsitu dutenak. Irudiak ikustita, ezin da ulertu nolaz sortu ahal izan ziren lubiziok hori paraje hain leunean. Errekak gainez egiteaz gain, herri ondotik pasatzen den autopista ere ito zuen urak –bertan harrapatuz dozenaka auto eta kamioi, ondo egunetan militarrek erreskatatu behar izan zituztenak– betoizko oztopo eta hesietan harrapatutako urak azkenean ubide berriak sortuz lehertu ziren.
Uztailean arazo larrienak jazo dira ez ibai handietan baizik horietara doazen erreka txikiagoen inguruetanira. Erftstadten ikusi den moduan, Europako herrietan errekak ubide artifizial bihurtu ta daude, hormigoiari esker lurzoruek ura xurgatzeko ahalmena galdu dute eta landa eremu osoan etxe, industria, trenbide, autopista eta beste eraikinez butxatu zaizkio urari euri jasa berezietan behar dituen zabaldi eta pasabideak.
Uztailaren amaieran Hans Ibelings arkitekto herbeheretarrak Bartzelonako La Vanguardia egunkariaritik eskatu zuen eraikuntzari moratoria ezartzea Europar Batasunean, dagoeneko behar baino gehiago eraiki dugulako, lur berririk artifizializatu gabe ere industriak aski lan izango duela hutsik eta zaharturik direnak berritzen. Hona funtsezko datua: “Eraikuntza da beroketa globalaren %40aren errudun”. Euri bortitzen erruduna bera da lurrari euriak xurgatzea eragozten diona...
Baina ixo, 1983ko dilubioa aspaldi ahaztu zuen Euskal Herrian ez aipatu eraikuntzarentzako moratoriarik.
Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]
Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.
Azken asteko sapa lehergarri egunetan gure zereginen egitarauak aldatu beharrean aurkitu gara. Freskura erlatibo batek seietan atera gaitu ohetik, gosaldu eta lan gehienak bederatzietarako plegatu ditugu eta hamarretan jalgi gara oinezko ibilaldia egitera. Eta ez ginen bakarrak... [+]
Prekaritate global hirukoitza pairatzen dute Pakistanen, klimak, energia gabeziak eta finantza publiko arazoak elkarrekin eragindakoak, bakoitzak bertze bien kalteak areagotzen dituela. Halere, arazoaz jabetu dira bertako agintariak eta bideratu dituzte aldaketak, nahiz eta... [+]
2003ko udarekin batera, 1970etik beroena izan da aurtengoa. Europar Batasuneko "Copernicus" behategiak larrialdi klimatikoa dela-eta bero boladak "maizago" egongo direla dio, eta aurtengo ekainean bere ondorioak izan ditu: ehunka pertsona hil dira Europan.
Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.
Lurreko bi heren baino gehiago ura da; ur horretatik %96, ozeanoetako ur gazia. Eguzki izpiak ozeanoetako lehen 200 metroko sakonerara heltzen dira, eta bertan bizi dira munduko arrantza industriak ustiatzen dituen espezie ia guztiak. Aitzitik, zientziak gehiago erreparatu izan... [+]
Ehun konpainia multinazional baino ez daude baliabide naturalen erauzketarekin lotutako gatazka guztien % 20aren atzean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak egin duen ikerketa baten arabera. Ikerketak agerian utzi du iparralde globaleko herrialdeetako konpainiak baliabideez... [+]
Berria izateari utzi dio: beroketa globalak bi graduak gaindituko ditu, eta gainditze horrek ondorio oso garestiak ditu. Klimaren gaia tabu bilakatzen ari den testuinguru berri honetan, banketxe handiek ez dute horri buruz komunikatzen, baina arazoaz ongi jabetu dira eta... [+]
Klima-aldaketari buruzko BC3 ikerketa-zentroak baieztatu duenez, Europako hiriak atzera geratzen ari dira klima-aldaketari egokitzeko neurrietan. Hain zuzen, nazioarteko beste zentro batzuekin batera egindako ikerketan frogatu dute egokitzapen klimatikoko planen ia % 70k ez... [+]
Apirilaren 28ko gauean Bartzelonako Badal Ramblako terrazak gainezka zeuden; hoztu gabeko garagardoak zerbitzatzen ziren, baina jendeak zoriontsu zirudien. “Munduaren amaierak iritsi behar badu, pozik harrapa gaitzala”, esaten zidan auzokide batek. Hamar ordu baino... [+]
Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak aspaldiko urteetan ez bezala bete zuen Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen eliza asteazkenean. Zientoka lagun elkartu ziren Urumeako Mendiak Bizirik taldeak antolatuta Trantsizio energetikoaren mugak izeneko bere hitzaldia... [+]
Klima aldaketaren eraginez, munduko lurralde gero eta gehiago idortzen ari dira, milioika pertsonaren jarduera eta bizimoduak kolokan ezarririk. Fenomeno horren frontean dago India erdialdeko Maharashtra estatua, non klimaren berotzeari eta lehortzeari metatu zaizkien oihan... [+]