Laborantza lurren desagerpen basatia geldiarazteko neurriak erdiesteko borroka-gunea

  • Laborantzara bideratu ehunka hektarea galtzen ditu urtero Ipar Euskal Herriak ere. “Lurra behin saldua, betiko galdua” errana egia borobila izanki, egoera kezkagarria da. Espekulazioa dugu arrazoien artean, neurrigabeko preziotan salerosten direlako geroz eta lur gehiago. Militantziaz eta borrokaz salmenta batzuk ezeztatzen lortzen dute ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak –baina guztiak ezin–. Okupazioaren hautua egin dute, gaitza ezeztatzeko edo behintzat mugatzeko neurri politikoak eta legislatiboak lortzeko. 3,2 milioi eurotan salerostekoak diren hamabost hektarea lur okupatzen dabiltza, Arbonan.

Erreportaje hau idazterakoan, hilabete bat bete du Arbonako lurren okupazioak. Gure bazterrak betetzen dituzten turistek ez bezala, uda ez dute Lapurdi kostaldean akanpatzen pasatzeko urtarorik idealena laborariek, eta ahal bezala, etxaldeko lanetatik libratuz Arbonan dabiltza, okupazioa aitzina eramaten, egunez egun, eta azkenean astez aste. Lehen egunetatik laborari ez diren batzuk ere batu zaizkie borrokara. “Ustez egun batzuentzat jinak ginen, ez genuen pentsatzen hilabete baten buruan hor izanen ginela oraindik”, dio Maryse Cachenaut ELBko laborariak. Munduko hainbat txokotan bezala, Ipar Euskal Herrian pairatu behar izaten dugun espekulazioa eta honek ondorioztatu laborantza lurren desagerpena salatzen dabiltza bertatik. Ekainaren 23an hasi ziren lur batzuk okupatzen ELB sindikatua eta Lurzaindia, laborantzatik bizi nahi dutenei lurrak prezio eskuragarri batean bideratzen dabilen elkartea.

Arbonako plazatik bi kilometrotara den pentze xabal eder bat okupatzen dabiltza. Hiruzpalau baratzezain instalatzen ahal lirateke bertan, hurbil-hurbil dituen Baiona, Miarritze eta Angeluko kontsumitzaileei zuzenean eta bertatik eskaintzeko jakia. Baina ez: hamabost hektarea hauek beretzako bakarrik nahi ditu erosleak, beretzako bakarrik eta bere horretan, belar izpi bakar bat ere hunki gabe, etxeko leihotik parez-pare duen Larrun mendiari trabarik gabe begiratzen segitzeko gisan –harrigarria badirudi ere, hau da eroslearen abokatuak borrokan dabiltzanei helarazi azalpena–.

Hori horrela, hamabost lur hektarea eta hauei loturiko etxea 3,2 milioi eurotan salerostekoak dira. Bere horretan 800.000 eurotan estimaturikoa lau aldiz garestiago pagatzeko eroslea badauka jabeak. Espekulazioa deitzen zaio horri. Saltzailea zein eroslea, biak dira ikaragarri aberats, biak Euskal Herritik kanpo bizi direnak, eta ez bat ez bestea ez dira laborari –eta lurra ondasun gisa kontsideraturik, axolarik gabe, honen bokazio elikagarria galarazteko prest dira biak–. Logika espekulatiboak eragindako laborantza lurren desagerpen basatiaren sinbolo bilakatu dute Lapurdiko herri honetako kasua. “Biziki aberats dira, nahi dutena egitera usatuak, sosarekin kasik dena erosten ahal baita. Hor behar dute gure aitzinean belaunikatu... eta ez da erraza horientzat. Joan den primaderan, Donibane Lohizunen 30 hektarea saldu zituen hamabi milio eurotan! Beste mundu bat da, eta bistan da ez dute maite jende xehea oldartzen zaienean” dio Dominique Amestoy Lurzaindiako eta ELBko laborariak. Konkretuki, salerostea ezeztatzea nahi dute, eta SAFER laborantza lurren kudeaketarako egiturak erosteko lehentasun partzialaren urratsa bideraturik, lurrak laborantzarako gelditzea.

Baina parean, hitz egiteko eta negoziatzeko jarrerarik ez da. Saiakerak behin eta berriz errepikatu arren, ez dute lortzen saltzailearekin ezta eroslearekin zuzenean hitz egitea ere –“ez dut ezer entzuten, hitz egin ene abokatuarekin” erantzunez mozten die deia erosleak–. Dirudun handien kapritxoari gehitu behar zaizkio beraz errespetu eza eta mespretxua: Amalurraren geroaz kezkaturik direnekin solastatzeko nahi edota behar eza.

Hori horrela, ekintzak gogortzeko hautua egin zuten ELB eta Lurzaindiak uztailaren 9an: lurra okupatzetik lantzera pasaz. Hortik lau egunetara, indar harremanean gehiago pisatzeko xedez, traktorez bertaratu ziren 120 bat laborari, Ipar Euskal Herriko hainbat herritatik abiaturik, eta Miarritzeko errepideak blokeatu zituzten. Saltzailearen bitartekariaren bulegoak ere okupatu zituzten, baita etxea okupatzen hasi ere uztailaren 15ean. Hala eta guztiz ere, elkor eta mutu segitzen dute saltzaileak eta erosleak. SAFERak erosteko lehentasun partzialaren urratsa bideratu zuen uztailaren 16an –pauso juridiko horrek permititzen die lurren eta etxearen salmentak bereiztea, lurrek nekazaritzara bideraturik segitzeko gisan– eta hortik, beste bi hilabete ditu jabeak, edo salmenta ezeztatzeko eta lurretaz bereiztea onartzeko, edo eskaerari bizkar egin eta guztia erostea galdetzeko SAFERari –prezio horretan ezinezkoa den aukera–.

Arazoari erantzuteko neurri politikoak galdetzen dituzte Euskal Hirigune Elkargoari

Erosteko lehentasun partzial hau 11,20 hektarearentzat pausatua izan da, eta eremua 100.000 eurotan baloratua da. Saltzailearen orain arteko jokamoldea ikusiz, errefusa irudikagarriagoa baldin bazaigu ere, lur hauek ez dira oraindik galduak eta borrokak segitzen dueino irabazteko esperantzak bizirik darrai laborarien artean. “Memento latza da, indar joko batean gara eta ezin dugu bakarrik segitu. Bortizkeria baten aitzinean gara, diruz armaturik heldu dira eta gure kontra bortizki ari dira. (...) Egun ederra da gaurkoa, erakusten digu badela Euskal Herrian borrokatzeko nahikeria. Baina ez da aski, behar da segitu beti”, zion Amestoyk bertaraturiko 120 bat laborariei. Egun inportante gisa oroitzen du Cachenautek ere: “Traktoreekin irudikatu egun horrek markatu du laborari mundua, motibazio eta laborari kopuru handia bazen egun horretan”.

Arbonakoaz haratago, arazoa bere orokortasunean

“Mementoa latza da" ELB eta Lurzaindiaren ustez, Arbonakoa ez delako kasu isolatua. Berdin-berdin salatu zitezkeen, iaz Donibane-Lohizunen 6,2 milioi eurotan saldu hamasei hektareak; Urruñan eraikina duten bi hektareak 440.000 eurotan saldu izana; edota Bidarrain hamasei hektarea eta eraikina 600.000 eurotan saldu izana. Arazoaren larritasuna islatzen digun adibidea dugu Arbonakoa eta erakusleiho horretatik dabiltza espekulazioaren fenomenoa eta laborantza lurren desagerpenak salatzen. Salatzen baita problemari erantzuteko neurri politikoak galdetzen.

Bigarren aldarrikapen bat esku artean hasi zuten okupazioa ekainaren 23an: Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko laborantza lurrei buruzko politika bat abiaraztea galdetzen diote Euskal Hirigune Elkargoari. Neurri eta erabaki politikorik gabe, ezinezkoa zaielako lurren desagerpena geldiaraztea. Hain zuzen, Ipar Euskal Herriko bazterrak oraindik berde eta landurik ageri bazaizkigu ere, egoera larria eta kezkagarria da: laborantza lurrak desagertuz doaz, izan laborantzarako izatetik eraikigarri izatera pasatzen direlako, izan Arbonan bezala, laborari ez direnek eskuratzen dituztelako, funtzio elikagarria galduz.

Bi egunen buruan okupaziora jin ziren Jean-Rene Etxegarai elkargoko presidentea eta Isabelle Pargade laborantzaren ardura duen presidenteordea. Haien sostengua erakusteaz gain, udazkenean lanketa abiarazteko engaiamendua hartu zuten.
Horrez gain, Arbonako kasuari dagokionez, bi aldeen arteko bitartekari izateko proposamena luzatu zien Etxegaraik, laborariek onarturikoa –baina, parekoen kolaborazio eza dela eta, bitartekaritza lana betetzeko nekeziak ditu–. Udazkenean laborantza lurrei buruzko jardunaldiak antolatuko dituztela baieztatu dio ARGIAri Pargadek. Bertan bilduko dira elkargoko laborantza batzordekoak baita laborantza arloan dabiltzan eragile guztiak ere, hautetsi hazpandarrak zehaztutakoari segi, ondoko galderei erantzuteko asmoz: “Kolektiboki zer egin dezakegu laborantza lurren desagerpenaren kontra? Nola moldatu dezakegu legedia? Zein tresna berri sortu ditzakegu?”.

Zenbaki bakarra aski dugu fenomenoaz ohartarazteko: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, 2015 eta 2018 urteen artean laborantzarako 2.450 hektarea desagertu ziren –Baiona hiriaren heineko desagerpena–, SAFER egituraren datu ofizialei segi. Hirigintza Agentziaren datuei so eginez gero, urtean batez beste 250 hektarea laborantza lur dira desagertzen Ipar Euskal Herrian. “Errealitate itsusi baten erakusleihoa da Arbonakoa. Gisa horretako lur galtze anitz badira, beti badira prezio handitan bideratu saltzeak”, Amestoyren hitzetan.

Iaz 34 aldiz galdetu zion Lurzaindiak SAFERari erosteko lehentasuna baliatzea, eta 23 salmentei buruz onartu zuen. Hori horrela, ELB eta Lurzaindiari esker, sei saltze berrikusi ziren; logika espekulatiboan egin hamaika saltze ezeztatu ziren; batez bestean %71 apaldu ziren salmenta prezioak eta 60 hektareatan aitzina egin zuen laborantzak.
Baina gaur egungo legeak dakar nahi bezain beste ez dezaketela egin ELB eta Lurzaindiak, eta Arbonako adibidea dugu beste behin ere froga: lurrak salmenta espekulatibotik kentzeko eta laborantzarako atxikitzeko gisan, SAFERak erosteko lehentasun partziala bideratzen ahal badu ere, saltzaileak du azken hitza –onartzeko ala errefusatzeko eskumena duelako–.

Legearen aldaketa

Horregatik, beharrezkotzat daukate legediaren aldaketa ELB eta Lurzaindiak, eta hori helburu jarririk, harremanetan dira parlamentariekin –Frantziako Parlamentuan laborantza lurrei buruzko lege-proposamenaren ardura duen Jean-Bernard Sempastous diputatuarekin ere bildu ziren uztailaren 2an Arbonan–.

Arazoa areagotu du COVID-19 testuinguruak: etxeaz gain, lurrak ere nahi dituzte

Legea moldatzeko beharra ikusten du Pargadek ere: “Irakurketa bera egiten dugu denek, laborantza lurren zaintzeko nahikari bera dugu, baina legediak ez digu ahalbidetzen: saltzaileak ez badu onartzen, ez dugu tresnarik horretara behartzeko. Gizatasun kontua da: laborantzaren inportantziaz eta herritarrak bertatik elikatu beharraren kontzientzia ez duten batzuen parean gara; eta legea ez doanez gure alde, haien interes pribatuak segitu ditzakete, interes kolektiboaren gainetik pasaz”.

Iparraldea: aberatsek gustuko duten lurraldea

Bigarren etxebizitza anitz bada Ipar Euskal Herrian: 198.000 etxebizitzetatik 40.000. Biarritzen adibidez, %42 dira bigarren etxebizitzak. Logika espekulatibo bati segi, gehienetan dirudunak dira hauen jabe, bertakoen aterpetze ezina eraginez. Bizilekuen Tokiko Programaren (BTP) aurreikuspenen arabera, 2026rako 51.000 bigarren etxebizitza izanen dira Ipar Euskal Herrian.

Gustuko dituzte gure bazter berde landuak –laborariek landutakoak!–, gustuko dute itsasoa eta mendia eskura ukaitea... Aspaldiko arazoa da hau, urteak joan arau indartuz doana. Azken urte eta erdi honetan bizi dugun COVID-19 testuinguruak fenomenoa areagotu egin du: orain arte etxebizitza eskuratzen bazuten, gaurko egunean inguruko lurrak ere nahi dituzte –berriz konfinaturik izanez gero naturan eta lasaitasunean pasatu ahal izateko etxean gelditzeko manua–.

Arazoa da haien lasaitasun espazioa besteentzako lan tresna eta elikadura burujabetzarako bidea dela. Etxalde eta laborari anitz dituen lehen sektorearen alde dabiltza ELB eta Lurzaindia eta COVID-19 testuinguruan sendi den bilakaerak oraindik gehiago kezkatzen ditu. “Lurra behin saldua, betiko galdua” lema ezin hobeki ezagutzen dute ELB eta Lurzaindiak. Egia hau iparrorratz dutela, badu lau hamarkada lurraren funtzio elikagarria bermatzen eta logika espekulatiboa borrokatzen badabiltzala –ELB 1982an sortu zuten, Lurzaindia aitzin izandako GFA Lurra 1980an–. Gehienetan, itzaleko lanaren bidez, eta behar orduan mobilizazioen bidez. Hala nola, ekainaren 23an hasitako Arbonako okupazioaren bidez.

Okupazioaren hautua ez da hutsala eta ez dute usu erabili izan borroka bide hau Ipar Euskal Herriko laborariek. Egoeraren larritasunaren heineko borroka tresnaren hautua egin dute. Hilabete bat hor dabiltza, eta horrela doaz egunak, asteko egitaraua proposatuz, laborari eta laborari ez direnen arteko topagune bilakaturik Arbonako okupazioa.

Horrela segitzea nahi dute: “Arbonako okupaziora etorri behar du jendeak, itzuli bat eginez sostengua adieraztera. Arbonara jin, hurrupa bat egitera, afaltzera… hori guretzat pozgarri da, kuraia ematen digu borrokan segitzeko. Biziki inportantea da sostengu hori erakustea” Amestoyk ohartarazten digunez. Azken finean, borroka hau ez delako bakarrik laborarien afera.

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lurraren espekulazioa
2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Otxantegi Herri Lurraren II. urteurren jaia
"Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute"

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]


2023-11-21 | ARGIA
Otxantegi Herri Lurrak erresistentzia gosaria deitu du ostegunerako

Bi urtez landu dituzte Berangoko lur horiek modu kolektiboan, eta epaitegiak desalojo agindua eman du azaroaren 23rako. Aguirre-Lipperheide familiak Otxantegiko zortzi hektarea nekazal lur saldu nahi ditu Amenabar enpresak etxeak egin ditzan. Horren aurrean, "espazioa... [+]


2023-11-07 | ARGIA
Aske utzi dituzte astearte goizean Lapurdin atxilotu dituzten herritarrak

Martxoaren 12an izango dute epaiketa Ostia! kolektiboko militante Jeanine Beyrie, Filipe Laskarai, Jakes Bortayrou eta Dominika Daguerre-k, kalteak eragitea leporatuta. Manifestazioa egin dute goizean Baionan atxilotuen askatasuna eskatzeko, eta hitzordua jarri dute... [+]


Eguneraketa berriak daude