“Ezer egiten ez denean, euskara askoren arteko bat da hizkuntza aniztasunaren erdian”

  • Zenbakiak gogoan harturik etorri da Beñat Garaio (Gasteiz, 1990) elkarrizketara. Sei ikasturte egin ditu Gasteizen Hitz Adina Mintzo zikloak; 43 hitzaldi, 42 hizkuntza, 61 hizlari izan dira orotara. Eta, bestalde, entzuleak, noiz gehixeago, noiz gutxixeago, ziklo bereziari arreta eskaini diotenak. Bidea eginik, datorren urtean ez da izango munduko hizkuntza gutxituak helburu zituen zikloa.

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.

Nola ekin zenioten Hitz Adina Mintzo zikloari?

2014-15eko kontuak dira. Sasoi hartan Londresen ari nintzen Ekialdeko eta Afrikako Ikasketen Eskola SOAS unibertsitatean, hizkuntza biziberritzeari buruzko masterra egiten. Oihaneder euskararen etxekoak nirekin harremanetan jarri ziren eta hizkuntza gutxituei buruzko zerbait egitea proposatu zidaten. Nik Hitz Adina Mintzo formatuko zikloa proposatu nien. Ondo iruditu zitzaien, eta Londresen bertan nengoela hasi nintzen lehen ikasturtea egituratzen.

Zer dela-eta hartu zenituen hizkuntza gutxituak zikloaren gaitzat?

Ordurako, hizkuntza gutxituak ezagutzera emateko irratsaio baten asmoa ibilia nuen buruan. “Zeintzuk dira hizkuntza gutxitu bati buruzko gauzarik garrantzizkoenak? Zer jakin nahiko luke hartaz ezer ez dakien batek?”. Galderarekin batera, laster etorri ziren erantzunak: “Ondo legoke dena delako hizkuntza gutxituari buruzko informazio orokorra jasotzea, hizkuntza komunitatea nondik nora garatu den azaltzea, haren lege estatusaren berri ematea, ezaugarri linguistiko behinenak...”. Horrekin batera, balizko entzuleen jakin-mina asetzea zetorren eta, horretarako, ezinbestekoa zen elkarrizketari tartea uztea. Azkenik, hizkuntza gutxituaren gaineko ikastaro txiki-txiki bat eskaintzea pentsatu nuen, zenbait hitz edota esaldi oinarrizkoenak ikasteko. Horixe izan zen nire planteamendua.

Sei urte egin ditu zikloak.

Sei ikasturte, 43 hitzaldi, 42 hizkuntza, 61 hizlari denera. Horiexek dituzu zenbakiak. Ikasturtearen hasieran beti egin izan dugu soziolingustikari buruzko aurkezpen orokorra eta urtean zeharreko hitzaldietan, berriz, hizkuntza gutxitu bana aztertu dugu. Esan behar dut hasieran bakarrik Oihanederren ekimena izan zela. Gero, zikloa unibertsitate ikasleentzat ere interesgarria izan zitekeela pentsatu genuen, eta EHUrekin hitz egin eta hitzaldietara etortzea aukera askeko kredituen barruan sartu zuten. Harrezkero, urteko lehen hitzaldi edo aurkezpena EHUren Gasteizko Letren Fakultatean egin izan da. Deia egiteko modu bat zen, hitzaldi haren ondotik Oihanederrera joateko deia, alegia, hilean behingo hitzordura: hileko hirugarren asteazkenean, arratsaldeko zazpietan beti. Hitzordu finkoa zen.

"Hizkuntza aniztasuna badago, baina ikusgarritasunik ez. Zikloak Euskal Herrian zer dugun ikustera behartu gaitu"

Horrek zikloa indartzen lagundu zizuen?

Ondo etorri zitzaigun, ze lehenengo ikasturtea oso irregularra izan baitzen entzuleei dagokienez. Lehenengo hitzaldian 70 lagun izan zirela gogoratzen naiz. Sechu Sende eta Andoni Barreña izan ziren hizlari. “Beti horrela bada, arrakasta itzela!”, pentsatu genuen. Baina bigarren hitzaldira zazpi pertsona etorri ziren. Entzule kopuruari dagokionez, gorabehera handiak izan genituen. Oihanederrek zenbait baliabide jartzen zituen zikloa gauza zedin, eta zenbaitetan entzule kopuruak ez zuen muga jakin bat gainditzen, eta hori, niri pertsonalki, gogorra egiten zitzaidan. Ondoko urteetan, EHUrekin ez ezik, Garabiderekin, Munduko Hizkuntzen Unesco Katedrarekin eta UEUrekin ere harremana landu genuen. Baita hedabideekin ere. Eta, harrezkero, erregularragoak izan ziren kopuruak, nahiz eta apalagoak izan. Joan den azken ikasturtean, berriz, Ainhoa Moronekin batera hasi nintzen seigarren ekitaldi hau egituratzen, eta haren energia eta ikuspegiari esker, egitasmoa sendotu genuen. Nik esatera, azken urte honetan giroa askoz hobea izan da, entzule kopurua handitu da, eta kopuru hori, gainera, erregularra izan da.

Eta orain, gailurrera iritsi zaretenean, bukatutzat eman duzue zikloa.

Nekea. Bestelako zenbait proiektutan ere ari naiz lanean eta garrantzitsua zitzaidan zikloa zapore onarekin bukatzea. Oihanederrekoei esan nien ez nuela jarraitzeko modurik eta haiek, berriz, nirekin hasitako proiektua elkarrekin amaitu nahi izan zuten, eta aho gustu onarekin. Oso gauza xume bezala hasi ginen, luzerako aurreikuspenik gabe. Gogoan dut lehen ikasturtea egituratu eta gero ere, kezka nuela, hizkuntza gutxituetako euskara hiztunak aurkituko ote genituen, hitzaldia egin zezaten. Bai erraz asko aurkitu ere! Zikloa bukatutzat eman orduko, beste ikasturte oso bat egiteko bezainbat hitzaldi etorri zaizkit burura. Aukera handia baita.

Euskara hiztunak izan dituzue hizlari, nor bere hizkuntza gutxituari buruz mintzo. Gure artean ere bada dibertsitaterik franko.

Aniztasuna bai, baina ikusgarritasunik ez du. Zikloak Euskal Herrian zer dugun ikustera behartu gaitu. Atzerrira begiratu ordez, bertan begiratu behar izan dugu, hiztun bila. Oso lagungarri izan da 101L egitasmoa, Ahotsak.eus-eko proiektua, alegia. Euskal Herriko hizkuntza aniztasuna dokumentatzea helburu du egitasmo horrek. Arduradunekin harremanetan jarri eta bateko eta besteko hiztunen zerrenda lortu genuen, publikoa baita. Hortik abiatu eta hainbat hizlari inguratu genituen. Euskal herritarrak ez zirenean, euskararen erromantizismoa edota erakargarritasuna medio, euskara ikasi duten atzerritarrak gertatu zaizkigu. Bretainiatik, adibidez. Metig Jakez-Vargas etorri zitzaigun, bretoieraren aldeko aktibista. Euskal Herrian oso gutxi egona da, baina badaki euskaraz. Hura etorraraztea derrigorra iruditu zitzaigun.

"Zenbait irakasle gogotik saiatzen dira gela barruko hizkuntza aniztasuna ikasgelaren erdigunean jartzen"

Hizkuntza aniztasunaz ari garela, zertan da dibertsitate hori Gasteizen?

Hori Anhitzak proiektuak erakutsi du ondoen [Ikusi iragan apirilaren 4ko ARGIA]. Anhitzak-ek bi ekitaldi izan ditu. Bata 2016an, formatu handikoa, non aniztasuna espazio fisiko handi batean irudikatu nahi izan baitzuen. Bigarren ekitaldia egitekoa zenean, pandemia lehertu zen. Orduan, zerbait txikiagoa egitea hartu zuten gogoan, hizkuntzaka batuz hiztunak; hilabete batean, arabiera hiztunak, bestean amazigh hiztunak, hurrena… Hementxe da aniztasuna, eta Javier Maroto hiriko alkate zen garaian [2011-15] hasieran modu txarrean azaleratu bazen ere, geroztik, eta haren jarrerari erantzunez, positiboki ekarri nahi izan da plazara aniztasuna. Ordutik hona, aniztasuna areagotu besterik ez da egin. Besterik da zer egiten den aniztasun horrekin, zer baliabide eta lehentasun dauden, zer gertatzen den hezkuntzan eta hezkuntza segregazioarekin.

Hizkuntza dibertsitate hori aintzat hartzen ote da hezkuntzan? Zertan da hizkuntzen tratamendua ikastetxe segregatuetan?

Hizkuntza dibertsitatea aintzat hartzen da, bai, baina, baldin eta ikastetxeak, oro har, eta irakasleak sentsibilitate berezia badauka, eta baliabide eta ahalmenik badauka. Badakigu, datuak eta lekukoak baititugu, zenbait irakasle gogotik saiatzen direla gela barruko hizkuntza aniztasuna ikasgelaren erdigunean jartzen. Balio erantsi garrantzitsua izan dadin saiatzen dira. Eskola segregatuei dagokienez, dokumentatuta dago, matrikulazio datuek esaten baitigute, etorkin jatorriko ikasleak ikastetxe publikoetan pilatzen direla, eta horixe da hitza, pilatu, ez baitago banaketa orekaturik. Salbuespenak salbuespen, aniztasun handiena eskola publikoan dago, eta urrutira joan gabe, Gasteizko zenbait eskolatan ehuneko ia osoa etorkin jatorrikoa da. Kontrara, beste zenbait ikastetxetan, ikasleen ia guztiak gasteiztar, euskal herritar edo espainiar jatorrikoak dira.

Eta nola bizi da euskara Gasteizko hizkuntza dibertsitate handi horretan?

Ezer egiten ez denean, euskara askoren arteko bat da aniztasunaren erdian. Diferentzia bakarra da ofiziala dela eta irakasten dela. Ikasgelaz kanpora, aldiz, zenbait ikaslerentzat euskara ez da existitzen. Plangintza zehatz bat eginez gero, erabakiz gero ikasleen zubi eta komunikazio hizkuntza euskara izango dela, gurasoak jakinaren gainean jarriz, hizkuntzak beren nortasunaren atal izatea helburu hartzen bada, besterik litzateke euskarak aniztasun horren barruan lukeen espazioa. Horretaz hausnartu beharra dago, euskararen biziberritzeari dagokionez, hori erronka garrantzitsua izango bailitzateke, euskara lehentasunezkoa izatea aniztasun handiko tokietan, hau da, Euskal Herriko herrigune ia guztietan.

 

Mugarriak

Beñat Garaio Soziolinguistika eta Hizkuntzen Biziberritzea ikasketak egina da eta doktorego tesia burutzen ari da oraintxe. Etorkin jatorriko ikasle asko dituzten Gasteizko bi eskola publiko aukeratu, D eredukoak biak, eta haietan hizkuntza jarrerak eta ikasleen ahozko gaitasuna zertan diren aztertzen ari da. Bestalde, Soziolinguistika Klusterreko langile da, Euskarabenturako antolatzaileetakoa eta hizkuntza gutxituetako gazteen e-GA egitasmoaren arduradun. Eta, jakina, Hitz Adina Mintzo proiektuaren buru eta bihotz.

“Nire iritzi xumean, Hitz Adina Mintzo zikloa bakarra da munduan. Hitzaldi guztiek utzi dute aztarna. Oso ezberdinak izan dira giroz, edukiz eta hizlariz. Sechu Sendek eta Andoni Barreñak egindako lehen hura gogoratzeko modukoa da, abiapuntua izan zelako eta jendetza bildu zuelako. Lehen urte hartan bertan, Frank Dolosorren saioa ere gogoangarria izan zen... Saio interesgarriak asko baino gehiago izan dira. Ikasturte honetan, esaterako, Aitor Esteban gure ziklora etortzeko konbentzitu izana pozgarria izan zen. Jorge Naurren ukitu pertsonala ere hortxe da. Halaber, nasa yuweari, Anhitzak-i edota groenlandierari buruzkoetan ere maitasun handiz jardun zuten hizlariek. Hori bat zetorren gure helburuekin, gure xedea ez baitzen entzuleak dena delako hizkuntza gutxituari buruzko datuz betetzea. Ez. Irudi orokorra zen helburu”.


ASTEKARIA
2021eko uztailaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Gorka Bereziartua
#5
Estitxu Eizagirre
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza gutxituak
Hizkuntza gutxiagotuak: sortzen ari diren diskurtsoei gainbegiratua

Soziolinguistika Klusterrak antolatuta 2024ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldia egin berri da Gasteizen apirilaren 23an. Azken urteetan euskararen eta katalanaren alde eta aurka agertu diren diskurtsoak izan ziren ardatz. Onintza Legorburu, Xan Aire eta Mikel Peruarena aritu... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Carolina Gandulfo, doktorea eta guaraniera ikertzailea
“Haurrak ‘isilak’ ziren, gaztelaniaz, ez guaranieraz, baina hizkuntza honek ez zuen balio”

Carolina Gandulfo doktorea. Argentinan jaioa, Ipar-ekialdeko Unibertsitate Nazionaleko Humanitate Fakultateko irakaslea. Iragan udazkenean Garabidek gonbidaturik egonaldia egin zuen gure artean, eta mintzatu zitzaigun Argentinako guaranieraz. Ikastetxe bateko esperientzia... [+]


Eguneraketa berriak daude