Akademia eta herrigintza

Zutabe hau idazten ari naizen unean, Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) jardunaldi interesgarri bat iragaten ari da Iruñean, 49. Udako Ikastaroen baitan: Akademiatik herrigintzara, herrigintzatik akademiara. Plazerez entzunen nituen mahai inguruko hizlariak, baina zorigaitzez, lan eginbeharrengatik ez naiz joan ahal izan. Ekitaldiaren aktak edo grabaketa erdietsi artean, zenbait hausnarketa egin gogo nuke funtsezko gai horretaz.

Leporatzen zaio maiz unibertsitate akademikoari herri kezketarik, herritarrengandik eta oro har mundu errealetik urrun geratzea, eta hein handi batean, egia da. Ohar hori, ez da Euskal Herrian bakarrik egiten. Dakidanez, Frantzian gaindi azpimarratzen da unibertsitatearen huts handia dela ikasleak ez aski prestatzea merkatuko errealitatera, bestela erranda, langile enplegagaitzak formatzea. Funtsean, munduko unibertsitateak sailkatzen dira, besteak beste, formatu dituzten ikasleen enplegagarritasunaren arabera. Sistema kapitalistak eragin dituen behar sozio-ekonomikoei hobeki erantzun diezaien galdegina zaio beraz unibertsitateari. Baina ez du ildo horretatik bideratu gogoeta UEUk, unibertsitatearen lehen funtzioa ez baitaiteke izan jendea lan mundu berezi batendako formatuan ezartzea, baizik eta ikasi eta izpiritu kritikoa zorroztu nahi duten pertsonak formatzea.

"Indarrak batu behar dira kolektiboki sustengatzeko jendartean ernetasun eta irekidura intelektuala, bai eta jakitate gose eta transmisioa ere"

Ikusiz haatik, Iparraldean behintzat, zoin baliabide urriak dauzkan unibertsitateak, ikusiz irakasleei kurtsoak metatzen zaizkiela, lan administratiboa pilatzen, eta ikerketarako ez dutela kasik gehiago denborarik, iruditzen zait nehoiz baino gehiago harreman sendoak azkartu behar direla unibertsitatea eta herrigintzaren artean: indarrak batu behar dira kolektiboki sustengatzeko jendartean ernetasun eta irekidura intelektuala, bai eta jakitate gose eta transmisioa ere.

Mundu akademikoaren eta herrigintzaren arteko loturak literaturaren sailera eramateko, erran nezake iraganak erakusten digula jakintsu akademiko arrotzei esker abiatu dela zinezko interes kritikoa, Francisque-Michel eta Vinson bezalakoekin. Ondotik agertu dira tokikoak, Euskaldunen Biltzarra edo Euskaltzaindia izan aitzin herritar gisa lehenik ari izan direnak literatura ikertzen eta balioztatzen. Sorkuntza literarioa begiratzen badugu, adibidez narrazioa saila, ohartuko gara lehen kontaketa egileak beren garaiko jendarte intelektualetik jalgiak zirela, baina biziki garrantzitsua izan zitzaiela herri literaturarekin harremanetan egotea beren lanetan. Pentsatzen dut hemen Bizenta Mogel, Zaldubi edo Oxobi bezalako alegialariei, haiek abiarazi zutelako narrazio generoa euskal literaturan: lortu zuten, alegia genero erdi-jaso erdi-herrikoia hautatu zutelako, irakurlego zabala ukan zutelako xede, eta ez beste batzuek bezala publiko kultua bakarrik (hala nola Juan Antonio Mogelek Peru Abarka-rekin).

Beste jakitate edo sorkuntza esparruetan ere erakuts daiteke euskal kultura eta gizartea aitzinatu direla mundu akademikoa eta herrigintzaren lanak bide beretik eta bat bestea sustengatuz joan direnean. Erakunde publikoak ahultzen ari diren garai honetan, sekula ez baino gehiago beharrezkoa da, ene ustez, bien arteko elkar laguntza. Iparraldean dauzkagu elkarte kultural sendoak, Euskal Kultur Erakundea lehen... eta unibertsitateak, ikerketa laborategiekin batera, saiatzen da bulgarizatzen bere jakitatea. Elkarlan gehiago egin daiteke oraino, segur, herritarren eta herriaren onerako.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude