Basahaideen mezua eta habia

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Animalia naiz eta | Habia | Lagunarte, 2021.

Urre handia da gure iragana. Eta urre handia gure oraina. Nafarroa Beheretik eta Lapurditik datorren soka hirukoteak abantailarekin jokatzen du, gure iraganaren urrea bizirik mantentzen delako bertako oihanetan, zühainetan, kantarietan.

“Humanitatea bere barnatasun handian hartzeko” sortutako Habiak harien bitartez hari bat egiten du tradizioaren eta molde modernoen artean. Baina ez, ez autotunearen ezta sintetizagailuen bidez ere. Amaia Hiriartek, Maia Iribarnek eta Elena Hairak, txeloaren, arrabitaren eta biolaren bitartez asmatu dute unibertso berri eta bikaina, Kristof Hiriartek zuzenduta.

So-n sokarekin esperimentatuz, Les veilleuses-en ahotsekin. Diskoa, osorik, bidaia hipnotiko bat da, armonia eta erritmo aberatsaren iturritik edango dugu. Iturri zaharretako ura –jakina den bezala– mugagabea delako, beti berria delako.

Urre Handia kantaren melodiak harrapatu nau. Fantasiazko pelikula bateko galderari basahaireen tonalitate bereziarekin erantzuten die. Txoriñoa Kaiolan-en, moldaketa lan finean, pizzicatoan tonu minorraren eta maiorraren arteko anbiguetateak irekitzen ditu askatasunaren aukera guztiak: “Zeren, zeren, libertatea zoinen eder den”.

Hain zuzen, ez garelako kontziente zenbat libertate ari garen galtzen gure basoetako doinuen galerarekin batera. Ion Celestinok Berria-n esandakoak ekar ditzakegu hona, berdin du noiz irakurtzen duzun hau: euskal musikaren ezaugarri nagusia ez dela hizkuntza, gehiago duela afinaziotik, erritmotik... eta horrek guztiak zuen askatasunetik.

Aberastasun horri lekua egin behar zaio. Ez folklore gisa –kopia monotono eta errepikakor gisa–, tradizioaren ikuspegi berritzaile moduan baizik. Km0 izateaz gain, eder, aberats eta mugagabea delako.

Disko batek eduki behar duen (ia) guztia dauka honek. Denboran irauteko eta garaikideak izan ginela harrotasunez esateko moduko lana. Nork eskainiko dion arreta, nork hartuko duen arnasa sakon bertan, hori beste galdera bat da. Bitartean, saia gaitezen denbora galdua berreskuratzen.

 


Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.