Amondarain: A Mondrian Rain

  • Irudiak astintzea izenburua darama José Ramón Amondarain (Donostia, 1964) artistak Donostiako Kubo Kutxan zabaldu berri duen erakusketak. Atzera begirako gisa dago planteatuta proiektua, eta agian horregatik, erakusketak bisitaria lehen momentutik kolpatzen du: aretoan ez dago margolanik eta Amondarain, batez ere, bere margolanengatik da ezaguna. Beharbada, bizi guztiko lanak aurkeztea helburu duen erakusketa batean mihiserik ez erakustearen hautua, keinu erabakigarri hori, da proiektua interesgarri bilakatzen duena.

Argazkia: Juantxo Egaña
Argazkia: Juantxo Egaña

Nola komisariatzen da atzera begirako bat atzera begirako baten lehen premisa ukatzen denean? Beste era batera esanda, nola planteatzen da ibilbide artistiko baten berri ematea, ibilbide horretako mugarriak aurkezten ez badira? Lan horretan aritu da Francisco Javier San Martin ikertzaile eta komisarioa, Leioako Arte Ederren Fakultateko ikasle askorentzako irakasle ezaguna. Amondarainen 35 urtetako ibilbide artistikoa tailerreko lanera enfokatu du, urte hauetan guztietan bertan gertatu diren proba, soberakin eta esperimentazioak argitara ekartzeko. Lanak aurkezteko garaian ez da ordena kronologikorik jarraitu, eta bisitariak nekez aurkituko du obren gaineko informazio gehigarria emango duen txartel informatiborik. Irudiak astintzea erakusketan, Amondarainena bezalako ibilbide oparo baten atzean egon zitezkeen garai konkretuetara atxikitutako estiloak edo joerak desagertu egiten dira eta obrak metatuta eta nahastuta aurkezten dira.

Bisitariak Kuboko areto nagusia bistaratu bezain pronto korrika ateratzeko desira sentitu dezake, bertan pilatzen den obra kantitatea izugarria baita. Baina gutxinaka, eskulturez gainpopulatuko baso horretan sartzen hasita, Amondarainen kodigoak identifikatzen hasiko da, analogia batzuk bistaratzen, umore zantzuak han eta hemen ikusten, eta konturatu orduko, denbora luzea pasako zaio estilo eta material ezberdinez egindako eskulturaz inguratuta dagoen bitartean. Halaber, prozesu horretan murgilduta dagoela, egiaztatuko du erakusketan pintura egon badagoela, baina bere ohiko forma planotik aterata; mihisetik ihes egin du eta forma solidoa hartu du. Hiru dimentsioko margolana, alegia.  

Konturatu orduko, [bisitariari] denbora luzea pasako zaio estilo eta material ezberdinez egindako eskulturaz inguratuta dagoen bitartean.

Amondarainek pintura hedatuaren ideia praktikan jartzen du, koadroaren bi dimentsioetatik haratago pinturaren balizko aukerak arakatzearen aldeko joera artistikoa. Zentzu horretan, 90eko hamarkadaz geroztik, gaztelaniazko mocho terminoaz izendatzen dituen olio margoarekin egindako forma anitzeko artefaktuak daude. Pintura –gehienetan olioa– metatuz sortutako piezak dira, artistak pinturarekin esperimentatzeko duen desiratik sortutako forma solidoak. Pintura hedatuaren aztarnari jarraituz, margolariaren lanari erreferentzia zuzena egiten dion serie bat topatuko dugu erakusketan: margolari paleten seriea. Berrogeita hamar margo-paleta baino gehiagok osatzen dute sorta, material askotarikoekin egindakoak –dilistak, tostadak eta txokolatea tarteko–, eta hainbat motibo eta estilo gurutzatzen dira bertan. Gustu guztietarako adina paleta daude.

Espazio nagusi horretan badago biziki atentzioa ematen duen beste elementu bat: idulkiak. Eskultura oro idulki baten gainean dago kokatuta, eta idulki horiek tamaina, kolore eta material askotarikoekin egindakoak dira; konstelazio bat osatzen dute beren osotasunean. Abangoardiako eta modernitateko artistek krisian jarri zituzten idulkiak, uste baitzuten oztopoa zirela artelanaz gozatzeko, interferentzia bat eskulturaren eta bisitariaren artean. Amondarainek, ordea, biltegitik idulki guztiak berreskuratu ditu eta horien gainean aurkeztu ditu urte hauetan guztietan tailerrean egin dituen lanak. Tamaina eta akabera desberdinetako idulki horiek baso sentsazio hori areagotu egiten dute; espazioa modelatzen duen apustu ausarta da.  

Argazkia: Juantxo Egaña

Artelanen artean, besteak beste, Oteizaren klarionen laborategiko forma geometriko bat aurkituko dugu dimentsio handietara eramanda. Egurrez eginda dagoela dirudien arren, behin hurbiletik ikusita egiaztatuko dugu margoa dela egur itxura ematen diona; eta eskultura bera inguratzen badugu, barrutik hutsik dagoela ikusiko dugu. Ildo beretik, Oteizaren kaxa metafisikoen erreplikak ere aurkituko ditugu pintura brotxakada sendoekin eginak. Aretoaren hondoan kortina garden bat bistaratuko dugu, eta bertatik zintzilik dozenaka pieza eta forma anitzeko gailuak, pasa den urteko azaroan Donostiako Cibrian galerian izan zuen A Tientas (Itsumustuka) erakusketan egin zuen tankerakoa.

Amondarain artearen historiari etengabe begiratzen dion artista da, eta bere lanerako garrantzitsuak izan diren artisten lanak modu batean edo bestean txertatzen ditu. Modu horretan, artearen historia modernoan erreferenteak izan diren artisten izenekin anagramak sortzen ditu: Lucio Fontanatik Tu Lacan Fin aipua sortzen du, Mona Hatumetik Oh Mama Tu no, eta Law or Handy Andy Warholen letren konbinatoriatik asmatzen duen hitz berria da. Bere abizena osatzen duten letrekin ere aukera infinituetan aritu izan da Amondarain, A Mondrian Rain gisako hitz-jokoak eginez. Anagramekin egiten duen antzera, abangoardiako hainbat artistaren –Frank Stella, George Bracke, Joseph Albers– estilo piktorikoa gerrako hegazkinen gainazalean margotu du, Hegazkinak serierako. Koadroak izan zitezkeen hegazkinak dira, eta berriz ere edozein gainazal koadro bat margotzeko egokia dela adierazten du Amondarainek. Keinu hori indartzeko asmoz, hegazkin horiek koadroak garraiatzeko erabiltzen diren egurrezko kaxatan aurkeztu ditu.

Bukatzeko, Kubo aretoko bigarren solairuan bi kanaletako argazki proiekzioa dago. Bertan, argazki eta irudi sorta heterogeneoa proiektatzen da, modu batera edo bestera artistari lana egiteko orduan inspiratzaile edo erabilgarri suertatu zaizkionak. Irudi horiek segidan ikustearen ondorioz, badirudi artistaren lan egiteko metodologia zein den asma dezakezula: analogiagatik, kontrasteagatik, edo hustutzeagatik funtzionatzen duten irudiak dira. Kimikari batek probetetan substantzia askotarikoak nahasten lan egiten duen bezala, Amondarainek irudiekin egiten du lan, irudiak behin eta berriz astinduz, eta astintzearen ondorioz, erakusketa honetan aurkitu ditzakegun obrak azaleratzen dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Eguneraketa berriak daude