Suiziden plaza

Haurren 2021-22ko ikasturterako matrikulazioa gauzatu berri da Nafarroan. Lerro hauek idatzi orduko daturik ez dugu sare publikoan zer gertatu den jakiteko. NIEko ikastoletan, beherakada nabarmena izan da, areago Iruñerriako ikastola handietan.

Ez da kontu berria.

Zenbait hamarkadatan, Nafarroako euskaltzaleen kontsolamendurako balio izan dute ikastetxeetako matrikulazioaren emaitzek. UPNk eta PSNk alor guztietan hesitu nahi izaten gintuzten, baina bederen, urtez urte goiti egiten zuen seme-alabak euskaldun nahi zituen guraso nafarren kopuruak. Noizbait lelo ere bilakatu genuen, harrikada errekurrentea, etsaia amorratu edo argudiorik gabe utzi nahi genuenerako.
Akitu dira halako garaiak.

"UPNk eta PSNk alor guztietan hesitu nahi izaten gintuzten, baina bederen, urtez urte goiti egiten zuen seme-alabak euskaldun nahi zituen guraso nafarren kopuruak"

Barcinak asmatu zuen IIP (Ingelesez Ikasteko Programa; erdaraz, PAI) abiatu zuelarik duela 10 urte inguru. D ereduaren gorakada moteldu zuen pixkana, arruntik geldiarazteraino. Ordutik, urtez urte, hamarrenen batek ihes egiten digu matrikulazioaren ehunekoetan. %33tik hurbil ibili ginen noizbait. Iaz, %29 juxtu-juxtu. Aurten, ikusiko.
Ingelesezko irakaskuntzaren hedapenak ez du, dena dela, pixkanakako beheraldi hau bere osoan argitzen. Barkosen gobernuak (2015-2019) politika garbia eraman zuen D eredua indartzeko eta IIP ahultzeko. Seguru aski gehiago egin zezakeen. Egin zuena ez zen aski izan joera orokorrari bihurtze bat emateko. Chiviteren etorrerak ez du, bistan denez, deus hobetu.

Matrikulazioari dagokionez, gero eta nabarmenagoa da faktore demografikoaren eragina. Jaiotzeak, orokorrean, gero eta gutiago dira, eta gero eta handiagoa, berriz, etorkinen pisua jaiotze tasetan. Ez litzateke hizkuntzarendako hain arazo handia izanen, D eredura hurbiltzen diren etorkinen kopurua handiagoa balitz. Foru Komunitatean, ordea, kolektibo horrek, haurretan emankorrenak, aukerarik baldin badu, euskararik gabeko ereduak aukeratzen ditu nagusi-nagusiki bere seme-alabendako. Aldiz, euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren hautua egin ohi duen gizarte sektorearen presentziak gero eta ahulagoa dirudi piramide erreproduktiboan.

Ez dakit inoiz batailarik irabazi(ko) dugun. Demografiarena nabarmen galtzen ari gara Nafarroan, baita, susmo hutsez, Nafarroatik kanpo ere. Alabaina, nahiago afera ez harrotu, atzerakoitzat har ez gaitzaten. Gazteriak bertzelako gizarte politika batzuk beharko ditu gure jaiotze tasak handituko badira. Hori ukatu gabe ere, badugu zertaz gogoeta egin. Alor honetan –eta bertze batzuetan– bakoitzak nahi edo ahal duena egiteko eskubidea du, bertzerik ez zen falta. Hori argi izanik ere, euskaldun eta euskaltzale gisa, suizida samarra iruditzen zait amatasuna eta aitatasuna desinzentibatzen duten jarrerei gure mundutxoan ematen zaien plaza zabala.

Adibide bat ipintze arren.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude