ARGIA.eus

2021eko ekainaren 16a
Marta Bellvehí. Ilustratzailea

"Hemendik hilabete batzuetara zertan lan eginen dudan ez jakitea gustatzen zait"

  • Bartzelonako Unibertsitatean diseinu grafiko ikasketak egin ondotik ilustrazio graduondokoa egin zuen Marta Bellvehík (Palamós, Katalunia, 1989). Ilustratzaile gisa Enderrock aldizkarian debutatu zuen eta 2014az geroztik bere proiektu propioan dihardu buru-belarri.

Saioa Baleztena @SaioB
2021eko maiatzaren 23a
"Bertze artisten lana ikusteak lagundu zidan kontzientzia feminista hartzen". (Argazkia: Laura Garcia)

Zer da zure ogibideaz gehien maite duzuna?
Nire erritmoaren arabera egunerokotasuna kudeatzeko dudan askatasuna. Enpresetan lan egiten nuenean gorroto nuen ordutegi zehatz bat bete behar izatea. Zenbaitetan ez zegoen ezer egiteko eta aulkia berotu behar izaten nuen zazpiak iritsi arte. Izugarria zen denbora lapurtzen ari zitzaizkidala sentitzea! Freelance moduan lan egiten dudanez geroztik balio handiagoa ematen diot nire lanari. Era berean, ilustratzaile gisa lan egiteak proiektu desberdinetan murgiltzeko aukera ematen dit. Gustatzen zait hemendik hilabete batzuetara zertan lan eginen dudan ez jakitea.

Krisiak eztanda egin zuen ikasten ari zinenean. Nola eragin zizun?
Egia erran, ikasten ari nintzen bitartean ez nuen kezka gehiegirik izan, zorionez gurasoen babes ekonomikoa nuelako. Baina egia da azken ikasturtea bukatzear zegoenean hutsunea sentitu nuela. Ez hainbertze nire ogibideagatik, ziurgabetasun bera baitzuten bertze ikasketak egiten zituzten lagunek ere. Nolabait onartu genuen denbora mugagabean gurea ez zen ogibideren batean lan egin beharko genuela, aukeraren bat iritsi arte. Lagunen erdiak kanpora joan ziren bizitzera eta ni ilustrazio graduondokoa ikasi bitartean hainbat enpresatan bekadun gisa aritu nintzen, kontratu mugatuen bitartez diseinatzaile gisa lanean hasi nintzen arte.

Duela sei urte abiatu zenuen zure proiektu propioa. Zaila izan zen?
Tira, zertxobait aurreztua nuen eta hasierako hilabeteetan gutxi kobratzeak ez ninduen beldurtzen. Enkarguzko erretratuak egin nituen hasieran, baina kontaktuak falta zitzaizkidan eta galduta sentitzen nintzen. Zaila egiten zitzaidan lan bolumena aurreikustea, proiektu bakoitzagatik zenbat kobratu behar nuen jakitea eta ziurgabetasuna kudeatzea. Eta bai, autonomoen tarifa hilabetero ordaintzea eutsiezina zen. Zorionez, proiektu berriak suertatu ziren eta geroztik ilustratzaile gisa lan egin ahal izan dut.

Zein paper jokatu dute sare sozialek zure ibilbidean?
Anitz erabiltzen ditut, batez ere Instagram. Nire lanaren erakusleihoa da eta, era berean, inspiratzeko eta gainontzeko ilustratzaileek egiten dutenaz informatzeko erabiltzen dut. Hori bai, okerrena da konparazioetan sartzea eta garrantzitsua da tarteka distantzia hartzea. Bertze ilustratzaile batzuekin ere solastatu izan naiz edukiak etengabe sortu behar izateak eragiten duen estresaz. Baliteke liburu bat prestatzen aritzea, ilustrazio pila egiten, baina Instagramen edukirik publikatzeko tarterik ez baduzu ez zara horren ikusgarri.

Argazkia: Anna Bellvehí

Zure ilustrazioek berezko zigilua dute. Zerk inspiratzen zaitu?
Artista oso desberdinak jarraitzen ditut, paisaien argazkiak egiten ditut eta gustatzen zaizkidan gauzen pantaila-irudiak gordetzen ditut. Sarri marrazkiak nire sentimendu batetik edo sentitu dudan moduan adierazi nahi izan dudan bizitako esperientzia batetik sortzen dira. Askotariko pertsonen adierazpenak marraztea maite dut, batez ere emakumeenak, eta elementu naturalekin konbinatzea.

Bi pasio uztartzen dituzu, ilustrazioa eta musika, abestiei bizia emanez.
Dibuixar Cançons (Abestiak marraztu) proiektua abiatu nuen ikasten ari nintzenean. Blog bat ireki eta estilo desberdinekin esperimentatzea ahalbidetuko zidan ilustrazio serie bat publikatzea erabaki nuen. Musika talde anitz entzuten nituen garai hartan eta abestiak interpretatzeko modu polita iruditu zitzaidan. Katalanez eginiko musikaren aldarrikapena egiteko modua ere izan zen niretzat. 2013an Enderrock aldizkariarekin kolaboratzen hasi nintzen, eta bortz urtez hilabetean ilustrazio bat publikatu nuen bertan. Herrialde Katalanetan izen bereko ikastaroa irakatsi izan dut, batez ere gazteekin. Eta horretaz aparte bi pasio horiek uztartu ahal izan ditut Cesk Freixas, Andrés Suarez eta Hesian taldearekin lan eginez.

Noiztik dago presente borroka feminista zure obran?
Duela zazpi edo zortzi urte edertasun normatiboa zuten emakumeak marrazten nituen: argalak, ile luzea… eta maitasuna gizon eta emakume cisen bitartez adierazten nuen. Bertze artisten lana ikusteak lagundu zidan kontzientzia feminista hartu eta normalizatuta nituen hainbat jarrerekin kritikoago izaten. Horrela hasi nintzen bertze errealitateak marrazten. Ikastaroa ere egokitu nuen, ikuspuntu feministatik egiteko. Indarkeria matxistaren kontrako hainbat kanpainetan ere muralak egiten parte hartu dut.

Noizbait irakurri dut erran duzula emakumea izateagatik harreman profesional paternalistak pairatu dituzula.
Batez ere gazteagoa nintzenean. Publizitate agentzia batean lanean aritu nintzen eta bertan emakume bakarrak bekadunak edo juniorrak ziren: txantxetan, aipamenetan eta zuzendarien jarreretan maskulinitate toxikoa zen nagusi. Eta nire ibilbide propioa abiatu nuenean ere, lehen enkarguetan batez ere, presionatuta sentitu nintzen eta nire esperientzia faltaz baliatu ziren miseria bat ordaintzeko. Edo muralak marraztean eta azoka zein ferietan parte hartu dudanean komentario desegokiak entzun izan ditut maiz. Zorionez ez da ohikoena.

Betidanik marrazkilari
“Txikia nintzenean etxean denbora anitz pasatzea gustuko nuen: ahizpa sei urte nituenean jaio zen eta lehengusurik ez nuenez, ohituta nengoen bakarrik ongi pasatzera. Gurasoek berehala ikusi zuten marraztea maite nuela eta plastikan apuntatu ninduten eskolaz kanpo. Gogoratzen dut arbel magnetiko bat ere erosi zidatela eta edonora eramaten nuela: orain ilustrazio digitalak egiteko erabiltzen dudan iPad-aren bertsio primitiboa zen hura. Eskolan egiten ziren marrazki lehiaketak irabazten hasi nintzen eta jendeak erraten zuen hori izango zela nire ogibidea. Egia erran, nik nire burua ere handitan ipuinak marrazten ikusten nuen”.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Ilustrazioa  |  Herrialde katalanak  |  Feminismoa

Ilustrazioa kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2021eko maiatzaren 23a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude