Etxe kaleratze bat gelditu du Bilboko AZET sindikatuak, herritarren antolakuntzari esker

  • Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen jabetzakoa den etxebizitzan bizi den Judithek maiatzaren 14ko datarekin zuen etxe kaleratze agindua. Kaleratzea oztopatzeko, AZET etxebizitza sindikatuak egindako mobilizazio deialdiarekin bat egin dute hainbat pertsonak, eta Judithen ataria blokatuta eduki dute harik eta etxe kaleratzea bertan behera gelditu dela jakinarazi dieten arte. Etxe kaleratzea behin betiko atzera bota arte, negoziaketekin jarraitzeko asmoa agertu du sindikatuak.

Judith lagunekin inguratuta eta lorpena ospatzen, etxeko balkoian (Argazkia: Ecuador Etxea)

2021eko maiatzaren 14an - 12:09

Bilboko AZET etxebizitza sindikatuaren deialdiarekin bat eginez, ostiral goizeko 08:30etatik jende andana bildu da Bilboko Cortes kaleko 9. zenbakian, Judith eta lau hilabeteko bere alaba bizi diren eraikinaren ateetan harresia osatuz. Helburua: Judith etxetik botatzeko agindua ez gauzatzea.

Zalaparta eta aldarriak kalea hartzen joan ahala eta auzoa esnatzen joan den heinean, leihoetara ere atera dira auzokideak, lapikoak eskuan hartuta asko, mobilizazioarekin bat egin eta Judithi elkartasuna adierazteko. “Judith geratu egingo da!” aldarria nagusitu da kalearen luze zabalean.

Astearte goizaldean Bilboko Udaltzaingoak Arrakala espazio liberatua hustu ondotik egindako manifestazioan, AZETek argi utzi zuen beren kide Judithen etxe kaleratzea bai ala bai geldituko zutela. Susmoa izanik Arrakala hustea Bilboko Udalaren agindu politikoa izan dela, udalari aste berean beste espazio batetik kanporatzen ez ziotela utziko ozen adierazi zuten mobilizazioan. Hiru egunen buruan, konbentzimendu berarekin bildu dira Judithen etxeko atarian.

Mobilizazioa hasi eta tarte motzera, Ertzaintzak sindikatuko kideei jakinarazi die etxe kaleratzea geratzeko aukerak zeudela. Alabaina, Bilboko Udal Etxebizitzen deia jaso eta etxe kaleratzea bertan behera geratzen dela idatziz jaso artean, baieztapen ofizialaren esperoan bertan eusteko eskatu diete auzokideei. Mobilizazioak ordubete eskas zeramanerako, bozgorailutik eman dute berria: Judithen etxe kaleratzea bertan behera geratzea lortu dute. Hitzok aditu eta pozak eztanda egitea, dena bat izan da. Txalo zaparrada eta besarkada artean zela, “Zuena biolentzia geurea auzodefentsa” zioen pankarta ireki dute Judithen etxeko balkoitik, garaipena ospatuz.

 

Klase antolakuntzaren eta auzokideen artean elkartzearen aldeko aldarriarekin eman diote itxiera mobilizazioari, gogoraraziz bizitakoa ez dela garaipen indibiduala, baizik eta desjabetutako klase guztiarentzat lorpena.

ARGIAri jakinarazitakoaren arabera, Judith eta haren alabaren etxe kaleratzea behin betiko atzera bota arte, arduradun politikoekin negoziatzen jarraitzeko asmoa du sindikatuak.

Bilboko Udal Etxebizitzak erantzule

Judith etxean geratuko zela zioten oihuekin batera, “Zuena da biolentzia!” edo “Udal Etxebizitzak etxe kaleratu egiten du!” leloak nagusitu dira gaurkoan, salatzeko etxe kaleratze aginduaren erantzulea Bilboko Udal Etxebizitzak erakundea dela.

Konfinamenduan lanik gabe geratu zen Judith, eta diru-sarreren faltan ezin izan zionez alokairuari aurre egin, kale gorrian geratu zen. Egoera horretan egonik, Bilboko Udal Etxebizitzen jabetzako etxebizitza batean sartu zen bizitzera. Udal Etxebizitzak, baina, gutuna helarazi zion urte hasieran, kaleratu egingo zutela jakinaraziz. Bertan jasotzen zenez, etxe kaleratze azkarra egiteko prozesua abiatu zuten, kaleratzea hamar egunen buruan gauzatzea ahalbidetzen duena. Testuinguru horretan, AZETek deituta mobilizazio jendetsua burutu zen Bilbon urtarrilaren 16an, "Judith auzoan. Viviendas Municipales desahucia" (Judith auzoan. Udal Etxebizitzak etxe kaleratu egiten du) lelopean.

Prozedura luzatu egin da, bere garaian AZETek jakinarazi zuenez “klase elkartasunari eta herritarren presioari esker” lortu baitzuten Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeko buru Jon Bilbaok negoziazio mahaira deitzea. Aukera hori baliatu zuen sindikatuak ondoko eskakizunak egiteko: etxe kaleratzearen prozedura judiziala gelditu eta etxe kaleratzea bertan behera uztea, Judith eta alabarentzat alternatiba bilatu arte. Negoziaketak iraun artean Judith ez zela kalean geratuko, hitza eman zien beste aldeak, baina Judithek maiatzaren 14ko data zeukan etxe kaleratze agindua jaso zuen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxegabetzeak
2024-04-04 | Gedar
La Caixak hiru familia etxegabetu nahi ditu Bilbon

Babes Ofizialeko Etxebizitzetan bizi dira familiak, eta La Caixak ez dizkie alokairu-kontratuak berritu nahi. Bilboko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, bizilagunak kaleratuz, "alokairu sozialetatik aberasten da" banketxea. "Etxegabetzeak berehala eta... [+]


Etxegabetzeak 48 ordutan burutu ahal izateko lege aldaketa proposatu du EAJk

EAJren asmoa da legezko aldaketa azkar bati ekitea, 48 orduko epean etxegabetzeak egin ahal izateko etxebizitzak okupatzen diren kasuetan.


Iruñean familia bat etxegabetuko dutela salatu dute Harituk eta Jaki Tokik

Bilatu dituzten beste etxeetako jabeek ez diete etxerik alokatu nahi izan familia ugaria, soldata bakarra eta atzerritar jatorrikoak izateagatik.


2024-02-13 | ARGIA
Hamabi familia etxetik bota nahi dituzte Pasaian, trenbide zati bat egiteko

Pasaiako portuko langileen familiak bizi diren Trintxerpeko etxebizitza bloke bat bota nahi dute Pasaiako Portu Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak, 400 metro inguruko trenbide zati bat egiteko. Lau hilabetetan etxea utzi behar dutela ohartarazi diete.


Eguneraketa berriak daude