ARGIA.eus

2021eko irailaren 25a
Ione Fernandez Zabaleta. Feminista izango da edo ez da izango

"Bizitzea merezi duen bizitza baten aldeko jarduna da ekonomia feminista"

  • Ara!Gorputz elkarteko kidea da Ione Fernandez Zabaleta (Irun, 1991), eta Mundu Bat gobernuz kanpoko erakundearekin batera euskara hutsezko lehen Ekonomia Eskola Feministaren arduradunetariko bat da. Metodologia eta teoria guztia erdaraz dituen ikasketa prozesu hau lehen aldiz euskaraz garatu ahal izatea “lan asko baina pribilegio handia” da irundarraren ustez.

Aitziber Zapirain Etxaniz
2021eko maiatzaren 16a
"Egoerara egokitzen ikasi dugu, eta hori ere erakusten du ekonomia feministak". (Argazkia: Irantzu Pastor)

Non du jatorria Ekonomia Eskola Feministak?
2008.urtean sortu zuen bizitza duin bat ukaitearen aldeko erresistentzian dauden ertamerikako emakumeen sareak Abya Yala-n [horrela deitzen diote jatorrizko herriek kontinenteari]. Mundu Bat gobernuz kanpoko erakundeak ekarri zuen Euskal Herrira eskolaren ideia eta teoria.Eskola edo eskolatxoa deitzen diogu, prozesu luzea eta konplexua delako. Ez da kontsumo azkarraren ereduarekin egin daitekeen zerbait. Ikasten dena gorpuztu eta barneratu egin behar da. Behar duen astia eman behar zaio. Bederatzi hilabetez hilean birritan lau orduz elkartzen gara. Norberaren esperientzia pertsonaletatik hasten gara eta hori teoriarekin eta oso zabala den bizitza filosofia batekin lotzen dugu gero. Ekonomiaren eta feminismoaren ezaugarriak uztartzen ditugu.

Zer lantzen duzue?
Patriarkatua, kapitalismoa, emakumeentzako diru sarrerak sortzeko iniziatibak, emakumeek sorturiko ekonomia erresistentzia iniziatibak, eskubide, behar eta pribilegioak, desirak, eta dekolonialitatea dira eskolatxoan lantzen ditugun moduluen izenburuak. Ekonomia feministak bizitza duinaren aldeko apustua egiten du, egun indarrean dagoen sistemari aurre eginez. Kapitalismoak bizitza zapaldu egiten du, hil egiten du eta, gainera, aplikatzen dituen politikek heriotza sustatzen dute. Bizitzea merezi duen bizitza baten aldeko jarduna da ekonomia feminista. Icebergaren irudia hartuko bagenu, produktibitatea legoke goialdean. Hori mantentzeko azpian gelditzen dira inolaz ere aitortzen eta ikusgarri egiten ez diren hamaika lan, egun hainbeste aipatzen dugun zaintzarena adibidez.

Euskal Herrian Ekonomia Eskola Feminista ugari egin dira orain arte, baina zuek lehen aldiz euskaraz egitea lortu duzue.
Bai, Oiartzunen ari gara lanean bertako asanblada feministak onartu baitzuen proposamena, eta han ezin zuen bestela izan. Guretzat euskaraz egitea zen aukera bakarra. Enara Iruretagoiena kidearekin batera ari naiz lanean eta euskaldun gisa erronka handia da guretzat. Teoria guztia gaztelania hutsean dago gaur egun, hala sortu baitzituzten eskola eta teoria, eta gure gain hartu dugu itzulpena.

Argazkia: Irantzu Pastor

Nola bizi duzue ikasketa prozesua euskaraz eskaini ahal izatea eta aldi berean teoria guztia itzultzearen erronka?
Lan handia izan arren, gure identitatearen parte da. Ara!Gorputz elkartean apustua egina dugu gure dinamika oro euskara hutsean garatzeko, Euskal Herrian bizi garen euskaldunak baikara. Beraz, hein handi batean, bada geure buruari zor diogun aitorpena. Eta ekonomia feministak hori ere biltzen du: aitorpena; jendarte patriarkal honek eta sustatzen duen sistema kapitalistak une oro zapaltzen dutena azaleratzea. Ezberdina ikustea eta aintzat hartzea, zapalketak ekiditea edo lantzea, ekonomia monetatik harago ulertzea… Egiten ari garen prozesuan aski ikusezin gelditzen da teoriaren itzulpenak ematen digun lana, baina merezi du. Oso gustura gaude.

Zaintza aipatu duzu lehen, Ekonomia Eskola Feministak badu horren inguruko proposamenik?
Oso zaila egiten zait erantzun zuzen eta orokor bat ematea, Ekonomia Eskola Feministak proposatzen duena oso zabala baita. Prozesua bera modu komunitarioan landu behar da eta zaintza zer den kide guztien artean zehaztu. Izan ere, zaintzaren inguruko hainbat esparru agerikoak badira ere gaur egun beste asko guztiz ikusezinak dira, eta baita mespretxatuak ere. Nire ustez, eztabaidarako espazioak sortuz egiten da bidea. Izurrite garai honetan, gainera, are zailagoa da gisa horretako eztabaidak ematea. Dena indibidualizatzera bultzatu gaituzte, kutsatzearen beldurrez. Eskolatxoak ordea, kolektiboa defendatzen du. Euskal Herrian esperientzia baikor eta ederrak diren sareak sortu badira ere gutxiengoa dira. Puntualak diren ekintza baikor horiek orokorrak izan beharko lirateke eta, gainera, instituzioek bultzatu beharko lituzkete. Une hauetan asko igartzen dugu jendearentzat eskolatxoan elkartzea bera arnas gune bilakatzen dela.

Nola eragin dio pandemiak eskolatxoari?
Logistika aldetik aski zaila izan da batzuetan, baina prozesuaren amaieran gaude eta ez dugu saio bakar bat ere bertan behera utzi behar izan. Lan egiteko beste eredu eta metodologia batzuk aurkitu ditugu, elkar besarkatzea eta elkar ukitzea jasotzen baititu jatorrizko metodologiak. Egoerara egokitzen ikasi dugu, eta hori ere erakusten du ekonomia feministak. Bizitzen ari garena kontuan harturik, partaide gehienontzako oso sendagarria izaten ari dela esango nuke. Pozik gaude eta balio monetariotik harago nire soldataren zati baten iturria pozaren bidez jaso ahal izatea oso atsegina da.

Nolakoa litzateke pandemiaren kudeaketa indarrean legokeen sistema ekonomia feminista balitz?
Oso zaila egiten zait irudikatzea, errealitate horretatik oso urruti gaudelako. Baina zinez diot, inolako zalantzarik gabe, hobea izanen litzatekeela. Pedagogia feministak elkar entzutea dakar bere baitan, sentimendu eta bizipenak aintzat hartzen ditu, besteak beste. Egungoaren guztiz kontrakoa da!

Ekonomia gure egiten
Baratze kooperatiba batean jardun du lanean azken lau urteotan Ionek. Hazi, uzta eta belarrez inguraturik, horrek ere usu jarri dio ekonomia erdigunean. Dioenez, “ekonomia ere bada sozializatzeko bidea eta hor ere emakumeok prekaritatean eta bigarren planoan ibili izan gara beti”. Zerbait egin beharra sentitu zuen, “ekonomia ere gurea izan behar” delako. Hala, Mundu Bat GKEren eskaintzari ilusioz heldu zion joan den irailean, pandemia bete-betean eta protokolo guztiek eskatzen duten zorroztasunari helduz eta gisa honetako prozesuak aurrera eramateko beharrezkoak diren goxotasuna eta gertutasuna baztertu gabe.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Ekonomia feminista  |  Ekonomia  |  Feminismoa  |  Irun

Ekonomia feminista kanaletik interesatuko zaizu...


ASTEKARIA
2021eko maiatzaren 16a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude