"Batzarraren eta auzolanaren formatu berri bat da akanpada"

  • Akanpalekuan bertan elkarrizketatu ditugu mugimenduko bi kide lekaroztar: Garbiñe Elizegi Narbarte eta Aintzane Ariztegi Barrenetxe. Lehena hogei urteotako borroka luzean egon da eta bertan jarraitzen du, eta bigarrena, 1998an lehen egitasmoa atera zenean jaio berria zen eta egun buru-belarri dabil proiektuaren aurka. Belaunaldi ezberdinetako bi kide, borroka berean.

Aroztak herri-ekimeneko kideek azaldu dizkigute akanpadaren nondik norakoak. Ezkerrean, Garbiñe Elizegi eta erdian, Aintzane Ariztegi (argazkia: Dani Blanco / ARGIA)
Aroztak herri-ekimeneko kideek azaldu dizkigute akanpadaren nondik norakoak. Ezkerrean, Garbiñe Elizegi eta erdian, Aintzane Ariztegi (argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Erresistentzia-kanpaldiarekin astebete pasatxo daramazue. Orain artekoaren zein balorazio egiten duzue?

Aintzane Ariztegi: Indartsu gaude eta jende mordoxka bildu gara aste honetan, egunez egun hemen irauten duen jendea gainera. Baztandik eta Euskal Herri osotik ari gara elkartasuna jasotzen, eta geroz eta babes handiagoa dugula eta gure borroka oihartzuna hartzen ari dela sumatzen dugu. Pozik gaude horrekin.

Zein da Aroztak herri-ekimenaren eta kanpaldiaren filosofia?

Garbiñe Elizegi: Desobedientzia da orain gure bidea, beste bide guztiak agortuta daudelako. Urte hauetan guztietan saiatu gara beste modu batera proiektua geldiarazten, indarrik erabili gabe eta guretzat ahalik eta arrisku gutxien hartuz, baina ez gara entzunak izan. Bake sozialaren izenean protestak eta herri mugimenduak geldiarazteko saiakeran ari diren garaiotan, erresistentzia akanpada abiatzea erabaki dugu guk. Ez dugu gure filosofiaren inguruan gehiegi teorizatu, baina eguneroko praktikan batzarra eta auzolana ditugu tresnak, horrela hazi garelako eta hori delako gure kulturaren oinarria. Beraz, akanpada hau batzarraren eta auzolanaren beste formatu bat dela esan daiteke, eta elkarren zaintza ere beti kontuan izaten dugu.

Koronabirusak kanpaldia antolatzea eta jendea erakartzea dezente zaildu izan dizue…

G.E: Egia da jende batek ez duela ikusten hona etortzea egoera dela-eta. Guk hori ulertzen dugu, eta badago kanpotik egiteko lana ere, beraz, ez dago arazorik. Hemen hasieratik izan dugu kontuan koronabirusaren egoera; bertako edonor arriskuan badago edo inguruan kasuren bat tokatu bazaio, kanpora atera behar du. Akanpalekuan test azkarrak ere baditugu, norbaitek susmoren bat duenean lehenbailehen egiteko. Dena dela, guk egungo pandemiaz gain, Aroztegia bezalako proiektuek osasunean duten eragina ere ikusten dugu. Horregatik diogu osasuna bi modutara zaintzen dugula hemen: beharrezko neurriak hartuz bakarrik ez, gure ingurua zainduz ere bai. Azken batean, bizitzaren aldeko borrokan gaude hemen.

Garbiñe Elizegi (argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Nola funtzionatzen duzue eta nolakoa da hemen egunerokoa?

A.A: Txanden bidez antolatzen gara, egunero doa jendea aldatzen, ez errepikatzeko eta iristen doazen pertsona berriak inplikatzeko. Otorduak ekartzeko, zikintzen ditugun gauzak garbitzeko, janaria banatzeko eta ingurua txukun mantentzeko txandak daude, adibidez. Gauzak erabakitzeko, berriz, eguneroko batzarrak ditugu: bertan banatzen dira txandak, antolatzen da erresistentzia eta zehazten ditugu hurrengo pausoak. Bestetik, goizero obrak hasten direnerako denak prest egoten gara, behar den tokira hurbildu eta makinak gelditzeko.

Eta hizkuntzaren aldetik, nola ari zarete moldatzen batzarretan-eta?

G.E: Dena euskaraz egiten dugu. Herri euskalduna da Lekaroz eta gure borrokaren oinarrietako bat  euskara da. Proiektu honen aurka egiteko argudioen artean pisu handia du hizkuntzarenak, frogatua baitago euskararen arnasguneetan horrelako urbanizazio eta makroproiektuek zein kalte eragiten duten. Beraz, batzarretan –eta bestela ere– euskaraz funtzionatzen dugu, akanpaleku barnean nahiz kanpoan. Espainol eta frantses hiztunak etorri direnean gure artean itzultzaile bat bilatzeko esan diegu, eta ez dute xuxurlariak topatzeko arazorik izan.
Akanpaleku “barruan” eta “kanpoan” bereizten duzue. Sare oso bat dago hemendik kanpo ere antolatuta, ezta?

"Hau da sistemari interesatzen zaion bidea: landa eremua aberaskumeen denbora librerako parke bihurtzea, eta ez bertako herritarrek bizitza jasangarriak bizitzeko toki"
Aintzane Ariztegi

A.A: Bai. Koronabirusaren kontuagatik, bakoitzak dituen muga petsonalengatik edo borroka ulertzeko moduagatik, badago jendea akanpatzera etorri ez baina beste moduren batean parte hartzen ari dena. Honen parte izateko ez dago zertan hemen bi aste kanpin batean pasa: hor daude otorduetako txandak egiten dituen jendea eta kanpotik babesten gaituen sare osoa, gu hemen akanpatuta egon ahal izateko lanean ari direnak. Zaintza lan hori guztia da gure sostengua, hori gabe ezingo ginateke hemen egon.

Baztandik eta Lekaroztik kanpoko pertsona eta eragile askok ere bat egin du borrokarekin.

A.A: Hasieran hemengo jendea ginen, baina ikusi genuen gure indarrak neurtu behar genituela, eta epe luzerako zerbait denez, kanpoko babesa ere behar genuela. Nafarroako herri-mugimenduko hainbat eragileri hona hurbiltzeko proposamena luzatu diogu, hasieran proiektu txikitzaileen kontra eta ingurumenaren eta landa eremuaren defentsan ari direnei, baina gerora bestelakoei ere bai. Azkenean, hau ez da ingurumenaren aldeko borroka soilik, gizarte eredu baten aurkakoa da, eta horrek eragile desberdin askori ematen dio bertara atxikitzeko lekua. Euskal Herrian Euskarazek adibidez kartela atera du gure borroka babesteko; bada hortik hasi eta Bilgune Feministaraino goaz, AHTren kontrako borrokatik pasatuz…

G.E: Tira, guretzat borroka bakarra da. Ez da borroka bat ingurumenaren alde egitea, beste bat feminista izatea, beste bat euskaldun izatea… hori dena gara gu. Baina egia da proiektu honek alde askotatik gurutzatzen gaituela, horregatik gaude talde desberdinetako jendea.

Hemen gertatzen ari dena bizi eredu kontrajarrien arteko talka bezala ulertu behar dugu, beraz?

A.A: Baztanen pasatzen ari dena prozesu zabalago baten eta gizarte eredu baten garapenaren bertze adar bat bezala ulertu behar dugu, bai. Landa eremuak eta bizitza jasangarriak sistema honetan ez dute lekurik, eta urtetik urtera proiektu txikitzaile hauek prozesu hori bizkortzen ari dira. Ekonomia osoa turismoan oinarritzeko bidea hartu du Baztanek, eta berdin dio turismo horrek mugarik ez izateak ere. Badirudi gure aterabide eta sostengu bakarra dela. Bitartean, hemen beste prozesu batzuk gertatzen ari dira: nekazaritza eta herriko bizitza galtzen ari dira, gazte nekazari guti dago, etxebizitzarekin eta lanarekin sekulako arazoak daude… Hau da sistemari interesatzen zaion bidea: landa eremua aberaskumeen denbora librerako parke bihurtzea, eta ez bertako herritarrek bizitza jasangarriak bizitzeko toki.  

G.E: Sinetsarazi nahi digute ez dela posible hiriko bizimodutik kanpo bizitzea, gure kulturak eta hizkuntzak ez duela baliorik. Bizitza sostengatzeko beharrezkoak diren gauzei balioa kendu zaie: zaintza, emakumea, lurra, nekazaritza, kolektiboa, batzarra, auzolana… Guk horri buelta eman behar diogu. Baztanen denentzat tokia badagoela diotenei esaten diegu ezetz, gauza guztiak ez direla bateragarriak: ez da bateragarria hemen 228 etxebizitza egitea hiritik heldu diren erdaldunentzat eta esatea Lekaroz euskalduna izango dela. Hori gezurra da.

Aintzane Ariztegi (argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Egunero ari zarete poliziaren bisitak jasotzen. Nola daramazue hori?

A.A: Poliziaren presentzia etengabea da, akanpalekuko eremuraino ailegatu dira zenbaitetan, eta ingurua ere behin eta berriz ari dira zelatatzen. Bereziki akanpalekuaren eta kanpoaldearen artean dagoen mugimendua jazartu dute, eta hor sartzen da herrikoa ere: momentu batez Lekaroz kasik setiatua izan dute, egunero daude kontrolak herriko sarrera-irteeretan, eta herritarrek ere presentzia horretaz kokoteraino daudela adierazi dute.

G.E: Ez da onartzen ahal gobernu batek baliabide hauek guztiak erabiltzea enpresa pribatu batek egin nahi duen astakeria defendatzeko. Kapitalaren defentsa modu erabat lotsagabean egiten ari dira. Zergatik ari dira baliabide publikoak modu horretan gastatzen, zergatik egon behar dira etengabe herria jazartzen?

Herritarrak nekatzea eta kanpaldiaren aurka jartzea izanen da agian haien helburua…

A.A: Ba uste dut justu kontrakoa lortzen ari direla.

G.E: Nire ustez, urteetan herrian jendea proiektuaren aurka egon arren, fisikoki bertako haritzak eta arbolak xehatzen ikusi dituztenetik mina eta amorrua presenteago daude.

A.A: Bai, sentsazioa da gure herria ez dela orain arte ezagutu duguna izatera inoiz itzuliko, eta horrek jendeari min handia sortzen dio. Orain arte agian ez zuten ikusten, edo batzuk pentsatuko zuten ez zela eginen. Bada, orain egi bihurtzen ari da, eta egia hori min ari da bilakatzen herritarrentzat.

Zein momentutan daude obrak?

"Osasuna bi modutara zaintzen dugu hemen: beharrezko neurriak hartuz bakarrik ez, gure ingurua zainduz ere bai. Azken batean, bizitzaren aldeko borrokan gaude"
Garbiñe Elizegi

G.E: Ez dute gehiegi aurreratu, baina egia da hondeamakina batek eta lau motozerrek egun gutxitan triskantza handia egin dezaketela. Sarrerako arbola horiek denak bota dituzte eta goian pista egin dute. Lehen egunetan obrak gelditzera etortzen ginen, baina gu arratsaldean iristerako goiz osoan lanean arituak ziren eta arbolak botata zituzten. Gero, Telleriako inguruan –Lekarozko herriarentzat toki oso sinbolikoa, festetan bazkari asko bertan egiten genituen– hasi ziren haritzak botatzen, eta hor esan genuen: listo, nahikoa da, ez diegu arbola bat gehiago ere botatzen utziko!

TEX enpresa lanak modu irregularrean egiten ari dela ere salatu duzue.

G.E: Bai, udaletik adierazi dutenez, haiek ez dute baimenik momentu honetan hemen egoteko. Proiektua UGPS bezala izendatua egon arren, badira udalak eman behar dituen baimen batzuk, eta horiekin arazoak egon dira. Bestetik, lurretan dagoen ermitaren espropiaziorik ez dute egin, udalak erreklamatu eta epaitegietan dago orain. Gainera, UGPSak bete beharreko irizpide eta klausula sozial guztiak ez zituen betetzen proiektuak; LAB sindikatuak helegitea sartu eta sententzia atera zen erranez esleipena bertan behera gelditzen zela. Dena dela, guk diogu berdin zaigula baimenik baduten edo ez: onartuko dugun gauza bakarra UGPSa bertan behera uztea izanen da.

Akanpada mugagabea deitu duzue eta babes gero eta handiagoa duzue. Proiektua gelditzeko aukera errealik badago?

G.E: Bai. Proiektu hau gelditzen ahal da, gelditu behar da eta geldituko da. Argi eta garbi dugu hau bizitzaren aldeko borroka dela, gure bizimodua erabat baldintzatuko lukeela eta oso garrantzitsua dela irabaztea. Hemen izanen gara proiektua gelditu arte, ez dakigu akanpadatik edo beste modu batzuetan, baina hori da gelditzen zaigun aukera bakarra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baztango Aroztegia
2022-05-16 | ARGIA
Aroztegiako obrak geratzea lortu eta urtebetera, festa egin dute Lekarozen

Ereindakotik omen uzta izena jarri dio egunari Aroztak! herritar talde antolatzaileak. Besteak beste, borroka horretan parte hartu duten guztiak eskertu nahi izan ditu larunbateko besta egunarekin, erresistentziaren lehenbiziko urteurrenean.


Aroztegiako erresistentziaren lehen urteurrena ospatuko dute maiatzaren 14an Lekarozen

Ereindakotik omen uzta izena jarri dio egunari Aroztak! herritar talde antolatzaileak. Besteak beste, borroka horretan parte hartu duten guztiak eskertu nahi izan ditu besta egunarekin.


2022-02-16 | ARGIA
Aroztegiko lanak legez kanpo hasi zirela berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak
Herritarrek eta Baztango Udalak esandakoa berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak emandako epai batek. 2021eko maiatzean abiatutako Aroztegia urbanizatzen hasteko lanak legez kanpo egin zituzten.

2022-01-27 | ARGIA
Aroztegiako proiektuaren aurka egiteagatik, sei herritarrek deklaratu behar izan dute Nafarroako Auzitegian

Elkartasunez, hamarnaka herritar elkartu dira Nafarroako Auzitegiaren aitzinean, "herri baten borondatea ezin da epaitu" banderola plazaratuz.


Eguneraketa berriak daude