Euskal Herrian Euskarazek aurrera egingo du baldin eta eraberritzen bada. Hala azpimarratu du mugimenduak egin berri duen barne-hausnarketan. Garai berrietara egokitutako EHE antolatu nahi dute orain. Independentzia beharra aldarrikatuko dute Euskal Herria euskalduntzeko tresna modura. Instituzioen eta euskalgintzaren arteko harreman eredu berria proposatu dute, bigarren horrek azpikontrata moduan funtziona ez dezan. Haizea Ramirez de Alda eta Urko Aierbe mugimenduko kideak elkarrizketatu ditugu.
Nola dago EHE?
Haizea Ramirez de Alda: Azken urteetan euskalgintza bezala egon da, geldirik edo lozorroan. Orain egin dugun eraberritze prozesuaren ondoren, badirudi heldu zaigula garaia berriro kalera indartsu ateratzeko, gogotsu gaude. Prest gaude Euskal Herria euskalduntzen lanean jarraitzeko. Egokitze prozesuan ateratako guztia jendearekin konpartitzeko eta gurekin batera lan egitera jendea erakartzeko ilusioz gaude.
Euskalgintza, hizkuntza politikak eta euskararen normalizazioa impasse egoeran daudela diozue. Zuek ere bai?
Urko Aierbe: Hala da. Faktore gehiago daude, baina bi nagusi ikusten genituen. Batetik, EHEk 40 urte eginak ditu eta goitik behera berrikustea behar zuen, izaera, oinarri ideologikoa, funtzionamendua, dinamikak eta abar. Ikusmira dokumentua eraberritze horretan kokatzen da. 1979an aurkeztu zen sorrera agiria eta hura garai berrietara egokitu dugu. EHEk barrura begira egin behar zuen lana izan da. Bestetik, ingurunea edo abagunea dago, azken hamarkadan gertatutakoa. Euskalgintza osoa egon da lozorroan, nahi eta ezinean, garai berrietara egokitu ezinean.
H. Ramirez de Alda: Ikusi genuen egoerak goia jo zuela. Hizkuntza politikek ez zuten aurrera egiten, ezagutzari dagokionez hainbat eta hainbat pertsona euskaldundu gabe, erabilera kateatuta, murgiltze ereduak bereak emanda... Horrek ere eragin digu jauzia emateko orduan.
Ikusmira agiria EHE berrindartu baten seinale da?
U. Aierbe: Hori da borondatea. Gure buruari galdetu diogu ea EHEk euskararen normalizazioan baduen funtziorik eta erantzuna izan da baietz, baldin eta bere burua eraberritzen badu.
Zein oinarri humano du orain EHEk? Militatzeko ereduak aldatu dira. Nola antolatuko zarete?
U. Aierbe: Militantzia ereduak aldatu dira, jendeak parte-hartze politiko-soziala egiteko moduak aldatu ditu. Ekarpenak egiteko moduak aldatu dira eta aldatuko dira, are gehiago gazteetan. Aldaketa horietara egokitu beharra genuen. Dena den, aldeko baldintzak daudela uste dugu, hau da, gazteek parte hartzeko modu berriak izanda ere badago abiapuntuko erregaia: gazteak euskaltzaleak dira. Kontua da erregaia ondo antolatzea eta eraginkorrak izatea emaitzak lortzeari begira.
H. Ramirez de Alda: Berria izango da komunitatearen kontzeptua. EHEko kide antolatuez gain, garrantzia emango diogu gure oinarriekin bat egiten duten euskaltzaleekin osatu dezakegun sareari.
U. Aierbe: EHEk bazeukan antolaketa eredu klasikoa, nolabait esan, egitura nazionala, herrialdeka, eta abar. Gauza batzuk mantendu behar dira, baina garai hauetan antolaketak eta funtzionamenduak malguagoak eta eraginkorragoak izan behar zuten. Komunitatearekin esan nahi dugu parte hartzeko modu anitz eta desberdinak planteatuko ditugula. Euskararen normalizazioari ekarpena egin nahi dioten euskaltzaleei bestelako moduak eskaini nahi dizkiegu. Hurrengo hilabeteetarako lana izango da asmo horiek zehaztea.
Bestalde, herrietako talde klasikoak indartuko ditugu. Taldeok, azken urteotako euskalgintzaren egoeraren antzera, apalduta daude, baina aurrera begirako zeregin nagusietako bat da horiek aktibatzea.
Independentziaren beharra lehen lerrora ekarri duzue. Zein gogoeta egin duzue?
H. Ramirez de Alda: Lehen ere bagenuen buruan, orain espresuki idatzi edo adierazi dugu. Frantziako eta Espainiako estatuen menpe argi dago ezinezkoa zaigula benetan euskaraz biziko den Euskal Herri euskalduna lortzea. Independentzia ez da helburua, baizik eta gure helburua egi bihur dadin beharrezkoa dugun tresna. Txillardegik esaten zuen euskara estatua izanda agian salbatuko dela, baina estaturik gabe ziur ezetz.
U. Aierbe: Bi adibide emango ditut. Duela gutxi Espainiako Kongresuan Kontseiluak eta estatuko beste hainbat berezko hizkuntzen aldeko taldeek ez-legezko proposamena aurkeztu zuten. Puntu batean gaztelaniaren inposizioa amaitzea eskatzen zen eta puntu hori ez zen onartu. Beste adibidea Lasarte-Orian gertatutakoa da. Udalak gazteei begirako aisia eskaintza euskara hutsez izatea eskatu zuen eta epaitegiek esan dute ezin duela izan euskara hutsezkoa.
H. Ramirez de Alda: Argi dugu independentzia ez dela nahikoa eta zer garrantzi duen ez itxarotea independentzia lortu arte. Burujabetza prozesua euskaraz egin behar da, garrantzitsua da gaurdanik hastea sortzen buruan dugun Euskal Herri euskalduna.
Irlandakoa gertatzeko arriskua ez al da handia?
U. Aierbe: Horregatik aipamen agerikoa: independentzia ez da helburua. Burujabetza behin lortuta ere, Euskal Herri euskalduna lortzeko lanean jarraitu beharko da eta euskaraz bizitzen jarraitzeko etengabeko arreta eta kezka egon beharko da. Ez dira Frantziako eta Espainiako estatuak bakarrik, mundu globalizatu honetan ingelesaren oldarraldiak beste erronka batzuk jartzen dizkigu hizkuntza komunitate bezala.
Euskalgintzako eragileen egitekoa da independentzia aldarrikatzea?
U. Aierbe: Gure gogoeta egin dugu eta euskalgintzako eragileekin hurrengo hilabeteetan partekatuko dugu. Ea proposamena nola hartua den, ez gara aurreratuko. Alabaina, euskalgintza gero eta gehiago ari da esplizituki adierazten burujabetzaren beharra. Kontseiluak berak egin du. Gure Esku-ren Hamaika Gara dinamikan euskalgintzako hainbat eragile gaude eta kezka partekatua da zerbait egin beharra. Adostasuna dago hizkuntza politikek goia jo dutela eta urrats berriak eman beharra dagoela.
Urko Aierbe: "Euskalgintzak kritikatzen jarraitzeko eskubide osoa du. EHEk behintzat, hala egiten jarraituko du"
Espainiako eta Frantziako estatuak aipatu dituzue. Euskal Herriko hiru administrazioen hizkuntza politikek ere badute eragina hizkuntzaren normalizazioan. Hizkuntza politika ausartagoak egin ditzakete. Haiei kontu hartuko al diezue?
U. Aierbe: Dituzten eskumenekin askoz gauza gehiago egin zitzaketen. Mila aldiz kontatu da Kataluniako adibidea. Antzeko eskumenak izanda, helburua oso argi izan du: hizkuntza nagusia katalana izatea bere lurraldean. Eta neurri ausartak hartu dituzte, edo hobe esanda, ausartak baino, hemen baino neurri garatuagoak, ez baita ausardia kontua borondate kontua baizik. Han oso argi zuten belaunaldi berriek katalana jakin behar zutela eta murgiltze eredua orokortu zuten. Hemen 40 urte eta gero hor gabiltza irakats ereduen sistemarekin, A, B D, G, frantses hutsean... Emaitza da gaur egun oraindik ere milaka ikaslek euskararen ezagutza nahikorik gabe bukatzen dituztela ikasketak. Irakaskuntza aipatu dut, baina arloz arlo egin genezake ariketa.
H. Ramirez de Alda: Administrazio publikoak, batetik, gehiago egin dezake, eta bestetik, euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatzeko ardura du. EHEren eginbeharretako bat gure eskubideak aldarrikatzea da. Hortaz gain, EHEk euskaldunak aktibatu behar ditu, kontzientzia hartzen lagundu eta aktibazio horren bidez administrazio publikoei presioa egingo zaie pauso ausartak eman ditzaten.
Ikusmira agirian diozue jarduera nagusiak desobedientzia eta aktibismoa izango direla. Nola desobedituko duzue?
H. Ramirez de Alda: Desobedientzia lotuko dugu euskaraz bizitzeko hautuarekin. Joan gara edozein tramite egitera leku publiko batera eta ez gaituzte euskaraz artatu; guk gureari eustea izango litzateke desobedientzia ekintza. Horrelako mila jarrera har daitezke gure egunerokoan.
U. Aierbe: Gure hausnarketa prozesuan jaso dugu badagoela lasaitze bat, garai bateko euskaltzaletasun aktibo, exijente eta aldarrikatzailea leundu dela hainbat arrazoirengatik eta ezinbestekoa da hori berreskuratzea.
Horregatik, dei egin nahi diegu euskaltzaleei eta euskaldunei, berriz ere beraien hizkuntzan bizitzeko hautua egin dezaten, hautu kontziente eta aldarrikatzailea. Aurrekoa mitifikatu gabe, lehen bazegoen exijentzia maila handiagoa eta orain Haizeak aipatu dituen egoera horietan, ez badigute euskaraz egiten berehala aldatzen dugu hizkuntza. Grina hori berreskuratu behar dugu, EHE berri honen erronketako bat da.
Gaztealdia izan daiteke adibideetako bat?
U. Aierbe: Ekimen hura eredugarria izan zen eta poztu gintuen gazteak protagonista izatea. Horrelako gehiago behar ditugu.
Bestelako zein desobedientzia ekintza mota egingo ditu EHEk? Historikoki erabili izan dituen metodoak berreskuratuko ditu ala bestelakoak izango dira?
U. Aierbe: Ez da apurketa, egunerokoan baliagarriak ziren gauzak mantendu ditugu. Oraindik forma eman behar diogu, dinamika eta egitasmo zehatzetara ekarri. Tokian tokiko eremuak irabazi nahi ditugu euskaraz bizi ahal izateko eta irabazitako eremuetan euskararen aldeko hautua egitera bultza nahi ditugu herritarrak. Adibide bat jartzearren, mediku euskaldunak behar ditugu eta toki askotan ez daudelako haien aldeko aldarrikapenak egin beharko ditugu. Baina mediku euskaldunak dauden lekuan haiek hautatzeko dinamikak ere sustatu nahi ditugu. Administrazioari erantzukizunak eskatuko dizkiogu, baina eremu askotan emanak diren aurrerapausoak baliatzeko mezua helarazi nahi diegu herritarrei.
H. Ramirez de Alda: Lehendik dakartzagun bi ildoak jorratuko ditugu: batetik, aldarrikatzea eta salatzea, eta bestetik, Euskal Herri euskalduna modu eraikitzailean egitea. Salatu bai, baina eraiki ere bai.
Nola irudikatzen duzue euskalgintzaren eta instituzioen arteko harremana?
U. Aierbe: Argi dugu euskara normalizatzeko ezinbestekoa dela herri mugimenduaren eta instituzioen arteko elkarlana. Sartu gabe zer gertatu den azken hamarkadan, bestelako gobernantza eredu bat egituratzea nahi dugu. Orain dela lau urte egin genuen aurre-gogoetan planteatu genituen oinarrizko irizpide batzuk. Elkarlan egokia egon dadin funtsezko irizpidea da instituzioek hizkuntza politika egokiak aplikatzea. Alegia, elkarlana izan dadila hizkuntza politika egokiak aplikatzeko. Bigarrenik, elkarlanerako eredu berri horretan elkar onartu behar da. Herri mugimenduen aldetik badago instituzioen onarpena, baina instituzioen aldetik ez dago onarpenik eta zilegitasun aitortzarik. Hirugarrenik, elkarrekin hausnartu eta erabakiak hartu behar dira, dela egoeraren azterketa, zein neurri hartu, zein egitasmo gauzatu, finantzaketa... Oraingo ereduan instituzioek hausnartzen eta erabakitzen dute eta herri mugimendua, asko jota, azpikontrata da. Hainbat egitasmo garatzeko dirua eskaintzen zaigu, baina beraiek erabakitzen dutena egiteko.
Euskaraldiak proposatzen duzuen ereduaren printzipioak betetzen ditu ala haratagoko zerbait izan behar du?
U. Aierbe: Bai, haratago izan behar du. Euskaraldia aurreko ereduarekiko hobekuntza bada, zalantzarik gabe, baina ez da nahikoa eta gehiago sakondu behar da instituzioek euskalgintza osoa onartzen eta aintzat hartzen.
Harreman horrek ez dauka arriskua instituzioen menera gelditzeko eta hizkuntza politiken aurrean izan beharreko kritikotasuna epeltzeko?
U. Aierbe: Hori da arriskua. Beste momentu batzuetan konfrontazio garbia zegon, ezinikusia, ez zegoen hitz egiteko espaziorik ere. Orain, EAEn, instituzioak hasi dira bestelako bide bat jorratzen eta positiboki baloratzen dugu, baina ez da nahikoa. Arriskuetako bat da menpekotasunak sortzea eta batez ere ekonomikoak. Guk planteatzen dugun eredua ez da instituzioek erabaki eta euskalgintzak jorratu, horretarako euskalgintza kontratatuta.
H. Ramirez de Alda: EHE definitzen duen ezaugarrietako bat da instituzioekiko autonomia. Garrantzi handia ematen diogu presio lanari. Horrek ez du baztertzen elkarlanerako aukera, baina ez ‘dirua eman eta egin nahi duzuna’ formulan, baizik eta pareko subjektu gisa hartuta.
U. Aierbe: Instituzio batzuekiko sentsazioa da euskalgintzaren isiltasuna erosi nahi dutela diruarekin, hau da, dirulaguntzen menpekotasuna tarteko “ez nazazu kritikatu”. Euskalgintzak kritikatzen jarraitzeko eskubide osoa du. EHEk behintzat, hala egiten jarraituko du, zalantzarik gabe, baina nahiko genuke bestelako elkarlan batean urrutiago joatea.
Euskaraz deklaratzea ukatu dio epaileak, eta erabaki du ez parte hartzea bere aurkako epaiketan. Auzitegi kanpoan babesa ematera joandako hamarnaka euskaltzaleren aurrean desobedientziarako deia egin du Torrek. Guztira 3.268 euro ordaintzera zigortu dute.
Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]
Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.
Taldea ezagutarazteko eta proiektua finantzatzeko antolatu dute egun osorako egitaraua.
Euskal Herri euskalduna aldarrikatzeaz gain, euskararen aldeko borrokak kalean ikustaraztea eta indartzea izango du xedetzat.
Asteburuko egitaraua aurkeztu dute EHEko kideek. Besteak beste, sei tailer egingo dituzte bi txandatan, euskalgintzako pertsona esanguratsuekin.
Topaketak urriaren 7an eta 8an Villabona-Amasan izango dira. Euskara eta independentzia ardatz hartuta, zenbait gairen inguruko hausnarketak egingo dituzte.
Ehunka lagun elkartu dira Euskal Herrian Euskaraz-ek Iruñean egindako mobilizazioan. Zonifikazioaren legea alde batera utzi, eta Nafarroa osoan euskara ofizial izatea aldarrikatu dute.
Euskal Herrian Euskarazek hiru aldarri izango ditu abenduaren 6an, Durangoko Azoka garaian, Landako gunetik abiatuko den manifestazioan: hizkuntza eskubideak defendatzea, euskararen aurkako erasoei aurre egitea eta Euskal Herri euskaldunaren alde egitea.
Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduak garai berrietara egokitzeko ariketa egin duela adierazi du eta bere sorrera-printzipioak eguneratuta jaso dituen Ikusmira agiria aurkeztu du.
Euskal Herrian Euskarazek (EHE) salatu du 34 urte pasatu direla herrialdean zonifikazio linguistikoa ezarri zuen euskararen legea Nafarroako Parlamentuan onartu zenetik. Nafarren hizkuntz eskubideak urratzen dituen lege hori alda dadila eskatzeko ellkartu dira... [+]
Joan den urtarrilaren 30eko greba orokorrean grebalari batek jasandako Ertzaintzaren eraso eta hizkuntz eskubideen urraketa salatzeko, elkarretaratzea deitu du asteazkenean Durangoko Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak.
Asteazkenean deitu du elkarretaratzea Euskal Herrian Euskarazek. Iragan osteguneko greba egunean Ertzaintzak herritar baten hizkuntz eskubidea urratu izana salatuko dute.