"Haurrak katean eta mugaz bestalde ekoiztea ez da jasangarria"

  • Itziar Alkorta Idiakez Zuzenbide Zibileko irakaslearen ustez, haurdunaldi subrogatuak giza eskubideen kontrakoak dira. Hala ere, nazioarteko debeku bat posible ez den bitartean, arautze murriztailearen aldekoa da.

Argazkia 'Pikara Magazine-'n argitaratua da, elkarrizketatuak berak utzia.
Argazkia 'Pikara Magazine-'n argitaratua da, elkarrizketatuak berak utzia.

Ciudadanos alderdi politikoak 2017. urtean haurdunaldi subrogatuak arautzeko lege proposamen neoliberala Espainiako Diputatuen Kongresuan aurkeztu zuenean eztanda egin zuen eztabaidak Espainiako Estatuan. Urte hartan ere, EH Bilduk oso bestelako legeztatze proposamena egin zuen Eusko Legebiltzarrean: osasun sistema publikoan eta diru trukerik gabekoa. Feminismoan, korronte abolizionistak izan du oihartzun handien, alokairuzko sabelak emakumeen gorputzaren esplotazioan oinarritzen direla argudiatuta, besteak beste. Euskal Herriko mugimendu feministako hainbat kidek ere analisi kritikoa zabaldu dute, negozio globalizatu hori bizitza eta kapitalaren arteko talkan kokatuz.

Itziar Alkorta Idiakez (Donostia, 1967) euskal feministontzat gai honetan aditu nagusia da. EHUko Zuzenbide Zibileko irakaslea, 2001ean lagundutako ugalketaren tratamendu juridikoari buruzko doktoretza tesia defendatu zuen, bi urte geroago erreferentziazko liburu gisa publikatu zuena. Tartean, doktoretza osteko formazioa Amerikako Estatu Batuetako bi bioetika zentrotan osatu zuen eta han obulu salmentaren eta haurdunaldi subrogatu komertzialaren fenomenoa ezagutzeko parada izan zuen. Geroztik, Europako Legebiltzarrari zuzendutako bioteknologien arauketaren inguruko gomendioak egin ditu, eta ikerketa eta aholkularitzaz gain, zabalkunde lan handia egiten du.

2020ko azaroaren 18an, Pikara Magazine-k hamar urte bete zituen egunean, Azpeitiko Emakumeen Txokoak antolaturiko solasaldian egin nion elkarrizketa. Aitortu nion amatasunak nire ikuspuntua aldatzera eraman nauela, eta zera erantzun zidan: “Gai hau oso esperientziala da, argudio guztiak dira baliozkoak, bai burutik zein erraietatik ateratzen zaizkigunak”.

Izenak badu izana. Zein izen erabiliko dugu guk, “alokairuzko sabelak” edo “haurdunaldi subrogatuak”?

Ez zaizkit ez bata ez bestea gustatzen. “Haurdunaldi subrogatua” anglizismo batetik dator, Baby M kasuan jatorria duena: 1986an New Jerseyko [AEBak] mediku bat estatu hartako lege zibilak aurreikusten duen surrogacy deitutako figura batez baliatu zen, emazteak haurrik ekarri ez zuela eta, bigarren emakume batekin kontratu bat sinatzeko. Mary Beth Whitehead intseminazio artifizialaren bidez bere haziarekin haurdun geratu zen, erditzerakoan haurra emango zuela adostu ondoren. Inportatutako termino zentzugabea da gure testuinguruan, etimologiaren aldetik zein esanahiaren aldetik. Aditzera ematen du ordezkaritza kontratu bat besterik ez dela. Bestetik, “alokairuzko sabelak” ez dut gustuko, ez direlako errespetuzko hitzak horrelako kontratuetan parte hartzen duten emakumeentzat. Beste hitz bat asmatu beharko genuke denon artean!

Erresuma Batuko egoeraz: "Umerik izateko aukerarik ez baduzu, zure senide edo lagun bat prest badago haurdunaldia diru trukerik gabe izateko eta zuri haurra emateko, epailearen aurrera joateko aukera duzu"

Zure ustez, legearen aurrean nork izan behar du jaioberriaren ama?

Ugalketaren zatikatzeak izugarrizko buruhauste juridikoak dakartza. Ikertzaileak konturatu zirenean emakumeok gai garela edonoren obuluak onartzeko (organoak onartzeko, aldiz, bateragarritasun genetikoa beharrezkoa da), ikaragarrizko ezustekoa hartu zuten. Nire ustez, zibilizaziozko egitatea izan zen. Kapitalak aukera ikusi zuen: giza ernaltze industriak obuluak in vivo transplantatzeaz gain izoztea eta esportatzea lortu zuenean, umeak katean ekoiztearen negozioa deskubritu zuen. Demagun obulua Ukrainako emaile anonimo batek jartzen duela diru truke, ernaldutako obulu hori Indiako emakume bati transferitzen zaiola eta, haurra jaiotzen denean, Donostiako emakume batek jasoko duela, prozedura ordaindu duelako. Ikuspegi juridiko batetik, nor da ama? Karga genetikoa jarri duena? Haurdunaldian haurrarekin hartu-eman fisiologikoa izan duena? Ala ama soziala, adopzioekin gertatzen den bezala? Erantzun egokia eman nahi badugu, balizko gurasoez gain, haurrengan, emakumeengan eta eraiki nahi dugun gizartean pentsatu behar dugu.

AEBetan nor da ama, legearen arabera?

Ordaintzen duena, oso argi daukate.

Espainian, ordea, erditzen duena da ama?

Espainian ez dago arautua, ezta debekatua ere. 1988. urtean egin zen giza ugaltze teknikak arautzeko legea eta zehazten zuen horrelako kontratuak ez direla baliozkoak. Hortaz, kode zibilera jo behar dugu: ama da erditzen dena, ez ama genetikoa eta ezta ordaindu duena ere. Baina aita genetikoak aitatasuna eskatu dezake eta hori egiten dute bikote gehienek: aitak umea jaio den herrialdean DNA proba eskatuko du, haurra erregistratuko du eta, ondoren, bere bikoteak haurra adoptatzeko tramiteak egingo ditu. 2019an Justizia Ministerioak instrukzio baten bidez debekatu zuen atzerritik ekarritako umeak erregistratzea, baldin eta herrialde horretako epaile batek ebazpen judiziala eman ez badu. Ukrainan ez dute ebazpen hori ematen (bai ordea AEBetan) eta, horregatik, balizko familiek arazoak izan dituzte. Gainera, Ukrainako Ministerio Fiskalak ospitale batean esku hartu du, haurren salerosketa leporatuta.

Besteentzako haurrak izango dituzten emakumeak Indiako ospital batean. Argazkia: indiansurrogatemothers.com.

Haurdunaldi subrogatuen praktika giza eskubideen kontrakoa dela uste baduzu ere, arautzearen aldekoa zara.

Bi eredu gertutik ezagutzeko aukera izan dut. Alde batetik, Kalifornian [AEBak]fenomenoa erabat onartua eta hutsalduta dago. 35 urte daramatzate eta oso ondo ordaindua dago! Neska gazte askok beren ikasketak ordaintzeko darabilte, 100.000 dolar inguru kobratzen dituzte. Legeak emakumeei gutxieneko diru sarbideak izatea exijitzen die, umeak inguru egokian hazi ditzaten. Hau da, ez dira emakume txiroak, paperik gabeko etorkinak ezin du haurdun subrogatua izan.

Bestetik, Indiako emakumeen egoera ezagutu dut, bai Indian bertan zein Australiara migratzen dutenena. Horiek bai, emakume txiroak dira eta diru sarbidea lortzeaz gain, bederatzi hilabetez bizi baldintza duinak izateko estrategia gisa ikusten dute: beren umeekin, senarrengandik urrun egongo dira, egunero hiru aldiz jango dute…

Leku horiei ‘emakumeen abeltegiak’ edota ‘haurrak egiteko fabrikak’ izenak jarri dizkiete ahots kritikoek.

Bai, baina ospitaleak dira. Han emakumeak ondo monitorizatuak daude, izan ere, inor ez dago prest emakume bati ordaintzeko haurdunaldi hori osasun aldetik bermatua ez badago. Nik uste dut nazioarteko debeku batera jo beharko genukeela, esplotazioa ikusten dudalako praktika horretan. Baina ametsezkoa da, AEBetan oso errotua dagoelako; Nazio Batuen Erakundearen asanblada orokorrean ez dute ezta gai-ordenean sartu ere. Bien bitartean, eskaria murrizteko modu bat izango litzateke gurean arautzea, inoren eskubideak urratu gabe. Hau da nire proposamena: orain bezala, erditzen dena da ama, ez bitartekari edo surrogate bat, eta erregistro zibilean lehendabizi bera agertuko da. Ondoren, epailearen onespenarekin, bere borondatez umea emango du. Bigarren baldintza: umeak erregistro zibileko haren jatorriari buruzko datuak ezagutu ahal izango ditu. Azkenik, zuzenbide kontinentalak arautzen du giza prestazioak ezin direla ordaindu. Nik ezin dut giltzurrun bat erosi eta, era berean, haurra izateko emakume baten gorputza baliatzeak komertziotik kanpo egon beharko luke. Haurdunaldi subrogatuak onargarriak iruditzen bazaizkigu, modu burujabe eta jasangarrian egiteko prest al gaude? Ni prest nago.

Arazoa globalizazioa da: familia askok nahiago dute kontratu komertziala legeztatu duen herrialde batera jo zuk proposatzen duzun eredu murriztailearen baldintzak onartu baino.

Hala da. Australian hasieran legeztatu zuten, gero erabaki zuten bakarrik altruista izan zitekeela, ordaindu gabekoa. Zuk esan bezala, jendeak nahiago du Indiara edo Thailandiara joan, ez dutelako umea erditu duen emakumearen albisterik izan nahi. Baina nire tesirako are eta etsigarriagoa den beste zerbait gertatu da Australian: atzerrian egindako haurdunaldi subrogatua Zigor Kodean lurraldez kanpoko delitu gisa kalifikatzeko ausardia izan badute ere, lege hori ez da aplikatu eta haurrak erregistratzen jarraitzen dute. Zergatik? Gurasoak kartzelara eramateak umearen interes gorena lehenetsi behar den doktrina urratzea dakarrelako.

Frantzian, ordea, haurdunaldi subrogatuak debekatu dituzte. Zer gertatzen da han adingabeen interes gorenarekin?

Frantzian askoz ere zorrotzagoak izan dira, bai. Bikote heterosexual batek Kaliforniatik umea ekarri zuen, epaileak esan zuen bazekitela kontratu hori legearen kontrakoa zela, eta ondorioz umea adopzioan ematea agindu zuen, aitaren haziaren bidez jaio bazen ere. Giza Eskubideen Epaitegira heldu ziren, umeak ja 14 urte zituela, prozesu horretan nazionalitate barik hazi zen… Estrasburgok erabaki zuen ume horrek ez zuela errurik, bere gurasoak zirela eta eskubidea zuela atzeraeraginezko nazionalitatea izateko. Mekanismo maltzurra garatu da: alegia, balizko familiek badakite legearen kontra egiten dutela, baina negozioa ondo egituratuta dago eta hor daude bidean agertuko diren arazoak konpontzeagatik kobratzen duten agentziak. Estatuek agentzia horien jardueraren kontra erraz egin lezakete, baina ez dute egiten! Lasai asko daude zerbitzu hori eskaintzen.

Frantziako Estatuko egoeraz: "Hipokrita iruditzen zait amatasun subrogatuak debekatzea eta aldi berean etorkinei umeak kentzean datzan adopzio eredua onartzea"

Lege-iruzurra egin duten balizko gurasoak zigortzearen alde al zaude?

Nazioarteko debekurik lortzen ez dugun bitartean, ahalik eta min gutxien egiten lagunduko duen akordioak legeztatzearen aldekoa naiz. Erresuma Batuan, esaterako, umerik izateko aukerarik ez baduzu, zure senide edo lagun bat prest badago haurdunaldia diru trukerik gabe izateko eta zuri haurra emateko, epailearen aurrera joateko aukera duzu, egoera azaldu eta hark erabakiko du ea akordio hori garbia den, hau da, benetako adostasun informatua dagoen.

Hala bada, “nire gorputza, nire erabakia” leloa onartuko genuke?

Bai. Ez badago preziorik, ez badago pizgarririk ezta presiorik ere, baizik eta esaterako ahizpa laguntzeko grina, uste dut emakume hori libre dela eta bere autonomia errespetatu beharko dugula.

Eta motibazioa ez bada senide edo laguna laguntzea baizik eta ezezagunak laguntzea, militantzia moduan?

Kasu horretan ere epaileak perituen txostenen bidez ebatziko luke ea emakume horrek adostasun informatua eman duen. Zergatik ez?

Emakumeak besteekiko sakrifizioan hezten gaituzte. Obuluen negozioan ikusi dugu altruismoa darabiltela emakumeak erakartzeko.

Ciudadanos-en lege proposamenak “ordaina duen modalitate altruista” proposatzen du. Ez ditzagun errepikatu obulu dohaintzan egindako hanka-sartzeak! Altruismoaren argudioa oso azalekoa da, sistemari estaldura polita emateko baino ez du balio. Bai emakumeek zein gizonek, patrikan mila euro sartzeko ematen dituzte gametoak, horregatik jotzen dute klinika pribatuetara eta ez ospitale publikoetara. Eufemismoak kontzientzia desarmatzeko balio du eta industriaren etekina handiagotzen du. AEBetan obuluak enkantean jartzen dituzte! Harvardeko ikasle kaukasoar batek 120.000 dolar eskatu ditzake erraz. Haiek gutxienez ez dira hipokritak!

Kanadako estatu batek haurrak bi guraso baino gehiagorekin erregistratzea onartu du. Ugaltze-eredu alternatiboak babesteko eta sustatzeko aukera egokia iruditzen zaizu?

Bai, nik uste dut hori dela bidea. Figura biologiko eta sozial horien artean zaintza eta jagoletza akordioa sinatzen da, denek parte hartzen dute haurraren heziketan, umeak bere biografia ezagutu eta onartzen du… Ordea, haurdunaldi subrogatuen dinamikak bikote egitura tradizionala indartzen du, baita bikote homosexualen kasuan ere.

Dena den, gure buruari galdetu beharko genioke ea haurrak izatea eskubidea den. Haurdunaldi subrogatuen aldeko aktibista bati entzun diot: “Emakumea naiz, nire ugaltze-proiektua aurrera eramateko eskubidea daukat eta Estatuak bermatu behar du”. Nire ustez, Ciudadanos-ek ere programan jasotzen duen eskubide hori ez da existitzen. Adopzioen nazioarteko araudiek argi adierazten dute umeek gurasoak izateko eskubidea dutela, baina gurasoek ez dutela umeak izateko eskubiderik. Horri eutsi behar diogu.

Adopzioak sustatzea eta erraztea aldarrikatzen dute alokairuko sabelen kontrako feministek. Baina adopzioen inguruan ere esplotazioa eta salerosketa barra-barra salatu izan dira, bai herrialde txirotuetan zein etorkinen artean ere.

Egun ume gehiago ekartzen ditugu gurera amatasun subrogatuen bidez nazioarteko adopzioen bidez baino, iturriak itxi direlako, arazo etikoak tartean. Bi gaiak oso lotuta daude: familiek bide berri bat ikusi dute haurdunaldi subrogatuetan. Frantziako adopzio tasak oso onak dira baina barne-adopzioekin gertatzen dena ez da garbia: haurdun dagoen emakumeak haurra aldez aurretik adopzioan emateko prozesua martxan jar dezake, era anonimoan, eta emakume etorkin txirotuak dira aukera hori gehien hartzen dutenak. Hipokrita iruditzen zait amatasun subrogatuak debekatzea eta aldi berean etorkinei umeak kentzean datzan eredu hori onartzea.

Indiako Gobernuak lortu du haurdunaldi subrogatuen fenomenoa errotik murriztea. Azaldu dezakezu?

Politikoki oso azkarrak izan dira. Krisialdi ekonomikoan, Indiako zenbait estatu oso industrializatutan, “berrikuntza laborategiak” deitutako ospitaleak jarri zituzten martxan: batzuetan entsegu klinikoak egiten zituzten eta beste batzuetan ama subrogatuak monitorizatzen zituzten. Hau da, giza haragia lehengai zuen industria sortu zuten. Pobretutako jendea ospitale horietara zihoan baldintza onak eskaintzen zituztelako, baina hemen onartuko ez liratekeen transakzioak ziren. Indiako legebiltzarrak erabaki sotil bat hartu zuen: aduanetan kanpoko enbrioirik sartzea ez onartzea, arrazoi sanitarioak argudiatuta. Horrela eten zuten horniketa, atzerritarrak ez baitzeuden Indian prozesu guztia egiteko prest. Ondoren, lege baten bidez haurdunaldi subrogatuen praktika indiarren artean modalitate altruistan egitera mugatu dute. Zioen azalpenean adierazi dute haurdunaldi subrogatuak biokolonialismoaren adar berri bat direla. Uste dut termino hori benetan argigarria dela.

Pandemiak ugaltze-turismoa delakoa geldiarazi du?

Obuluen esportazioak ez dira eten. Haurdunaldi subrogatuan arazoak egon dira atzerrira umearen bila joateko edo zesareak programatzeko data zehazteko, balizko gurasoek bidaiatzeko ziurgabetasun handia dutelako.

Agian momentu ona izan daiteke zer edo zer aldatzeko?

Bai! COVID-19ak kalte handia eragin du, baina testuinguru hau aprobetxatu beharko genuke gauzak bere onera ekartzeko. Nik uste dut haurrak katean eta mugaz bestalde ekoiztea ez dela jasangarria.


ASTEKARIA
2021eko otsailaren 21a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haurdunaldi subrogatua
Naia Izko, Itaiako kidea
"Alokairu sabelek emakume langileon zapalkuntza betikotzen dute"

Bilbon egin zuten uztailaren 20, 21 eta 22an alokairu sabelen lehen kongresua. Hainbat ikerlari, jurista eta akademialarik parte hartu zuten, Asociación Son Nuestros Hijos, Asociación Gestación Subrogada en España eta Gure Umeen Ametsak elkarteak... [+]


Haurdunaldi subrogatuaren aldeko kongresua arbuiatu dute Bilbon

Emakumeak eta Amatasun Subrogatuaren I. Kongresu Internazionala hasterako bildu dira Azkuna Zentroaren parean. “Erreprodukzioaren merkantilizazioa” salatu eta "alokairu sabelen amaiera” aldarrikatu dute. Itaiak antolatu du elkarretaratzea.


Emakumeak eta Amatasun Subrogatuaren I. Kongresu Internazionala egingo dute Bilbon uztailaren 20tik 22ra

Bilboko Udalaren azpiegitura den Azkuna Zentroak jasoko du kongresua. Hainbat akademizista, ikerlari eta juristek parte hartuko dute bertan. Protesta antolatu du Itaiak, erreprodukzioaren merkantilizazioa salatu eta kongresua bertan behera utz dezaten eskatzeko.


Erosi

Erosi jertse bat, galtza batzuk, zapatak, autoa, etxea, sofa, telebista handi bat eta manta bero bat sofan botata zaudenean telebista handi hori goxo ikusi ahal izateko. Erosi doritos pakete bat, garagardo batzuk eta lagunekin konpartituko duzun pizza.

Erosi. Erosi zure... [+]


2022-09-27 | ARGIA
Kubako herritarrek baiezkoa eman dioten Familiaren Kode berriak sexu berekoen ezkontza eta haurdunaldi subrogatua onartzen ditu

Kubako herritarrek baiezkoa eman diote Familiaren Kode berriari (orain arte indarrean zegoena 1975ekoa zen). Bertan onartzen dira sexu berekoen ezkontza eta hauek haurrak adopzioan hartzeko aukera, haurdunaldi subrogatua arautzen du eta 18 urtez beherakoen ezkontza debekatzen... [+]


Eguneraketa berriak daude