"Alokairu sabelek emakume langileon zapalkuntza betikotzen dute"

  • Bilbon egin zuten uztailaren 20, 21 eta 22an alokairu sabelen lehen kongresua. Hainbat ikerlari, jurista eta akademialarik parte hartu zuten, Asociación Son Nuestros Hijos, Asociación Gestación Subrogada en España eta Gure Umeen Ametsak elkarteak antolatutako elkargunean. Itaia emakumeen antolakunde sozialistak kongresua arbuiatzeko elkarretaratzea egin zuen. Antolakundearen ikuspuntua ezagutzeko Naia Izko Itaiako kidearekin hitz egin du ARGIAk.

Alokairu sabelen lehen kongresuan Itaiak egindako elkarretaratzea / Argazkia: Itaia

2023ko irailaren 01an - 06:16
Azken eguneraketa: 09:06

Bilbon egin zuten alokairu sabelen inguruko lehen kongresua, zein izan daiteke hori antolatzearen helburua?

Kongresuaren eta horrelako ekimenen helburu nagusia praktika hori normalizatu eta zilegitzea da. Alokairu sabelen merkatua handitzeko eta babes legala eskuratzeko ari dira lanean. Haurdunaldi subrogatuaren sorrera 1980ko hamarkadan dagoen arren, orain arte maila publikoan ez du hainbesteko zentraltasunik hartu. Azken boladan, ordea,  fenomenoaren normalizazioa eta mediatizazioa ikusten ari gara: pertsona ospetsu ugari praktika honen alde, politikariak legeztatzearen alde, Bilboko kongresua, eta abar.

Lan kulturalaren bitartez (komunikabideak, sare sozialak…) azken boladan zabalpen sozial handia izan du. Merkatuaren deshumanizazioa beharrezkoa izaten ari da horretarako. Hau da, haurrak dituzten emakumeak eztabaidatik kanpo uzten dituzte, eta, horren ordez, haurrak eduki ezin ditzaketen pertsonak jartzen dituzte erdigunean eta haurra izateko eskubidea aldarrikatu.

Beste aldetik, politika instituzionalaren esparruan haurdunaldi subrogatuaren inguruko hainbat jarrera badaude ere, azken aldian alokairu sabelen legitimazioa ari da gailentzen.

Hitz egin dezagun kopuruez. Zenbatek praktikatzen dute?

Ezkutuko praktika horiek zenbatzea eta datu zuzenak jasotzea ezinezkoa da. Hala ere, azken estimazioen arabera, urtero munduan 20.000 ume jaiotzen dira alokairu sabelen bidez. Horrez gain, Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian 2018an 250 haur erregistratu ziren eta Espainiako Estatuko datuei erreparatuz gero, 2010- 2018 urte bitartean 3.273. 

Nolakoa da prozesua? Umedun eta erosle batena.

Herrialdearen eta kontratuaren arabera prozesuak ezberdinak dira. Baina ezaugarri orokor eta komunak aipatzearren: kontratatzaileek agentzia batera jotzen dute eta enpresa arduratzen da ama eta kontratatzaileak elkartzeaz, zein, kontratatzaileen nahiak betetzeaz, adibidez, lotura genetikoak bermatzeaz. 

Emakume haurdunek jasaten duten prozesua ere ezberdina da lekuaren arabera, baina beraien gorputzen kontrola erabatekoa da. Emakumeak bederatzi hilabeteetan bizi duen guztiaren gaineko kontrola izaten du enpresak: janaria, harremanak, aisialdia, eta abar.

Egoera gogorragoak ere ikus ditzakegu, zeinetan emakumeek isolamendu orokorra jasaten duten edota bahituak izaten diren, haurrak izateko. Erditzean amei haurrak kentzen dizkiete, inolako aukerarik eman gabe.

Jarrera mafioso eta deshumanizatzaileak al daude haurdunaldi subrogatuaren atzean?

Esan dezakegu praktika bera dela deshumanizatzailea. Haurraren jaiotza salmenta logikan egiten baita, hau da, haurra saldua izateko jaiotzen da, beraz, haurra bera deshumanizatzen du. Horrez gain, emakumeok haurrak izateko makina soil bihurtzen gaituzte.

"Horrez gain muturreko egoerak ere ikus ditzakegu, non emakumeek isolamendu orokor bat jasan behar izaten duten edota bahituak izaten diren haurrak izan ditzaten"

Aipatu duzu egoera aldakorra dela nazioartean, zein dira alokairu sabelaren mota ezagunenak?

Praktika hori legala den estatuetan bi modalitate daude: komertziala eta altruista. Ezberdintasuna prezioan dago. Lehenengoak ordainsari bat du, eta bigarrenak konpentsazio ekonomikoa deritzona (gastu medikuak eta abar.). Batzuen ustez ordainsariaren existentziak emakumearen borondatea baldintzatzen duela, eta askok altruismoaren defentsa egiten dute, komertzialak emakumea eta haurra kosifikatzen dituelakoan. 

Hala ere, nahiz eta eredu altruistan konpentsazio baten truke izan, diruak tartean egoten jarraitzen du. Obuluen dohaintzaren kasuan (zeina konpentsazioaren truke ere baden ere) emakume horiek diruagatik egiten dute; adibidez, prozesua ondo joan bada diru gehiago eskaintzen diote emakumeari beste prozesu batean parte hartzeko.

Modalitate altruistak, erreprodukzioaren merkantilizazioa amaitzetik urrun, praktika bera zilegitzen du, Erresuma Batua da horren adibide. 1985etik legezkoa da subrogazio altruista, baina eskaintzak eta eskariak bat egiten ez dutenez erosleak Erresuma Batutik kanpo joaten dira haurren bila. Modu horretara, praktika zilegitu eta legeztatu egiten da. Praktika legeztatzeak areagotu egiten du erabilera: 2011n 117 ume izatetik 2021ean 435 izatera igaro dira.

Euskal Herrira etorrita, zein da Espainiako eta Frantziako Estatuetako egoera legala?

Espainiako Estatuaren kasuan, 14/2006 Legearen 10. artikuluan kontratuak baliogabeak direla azaltzen da. 1/2023 Legeak ere honen aurkako kanpainen sustapena eta publizitatearen debekua ezarri ditu. Hala ere, egoera hauek legeztatzeko bide den 2010eko urriaren 5eko Instrukzioak indarrean jarraitzen duenez, errealitateak ez du egoera juridikoarekin bat egiten. 

Frantziako Estatuan ere egoera antzekoa da. Kode Zibilean kontratuen baliogabetasuna ezartzen da (16-7 atalean). Era berean, ume bat adoptatu nahi dutenen eta jaiota edo jaio gabe dagoen ume bat abandonatu nahi dutenen artean bitartekaritzan dabiltzanei urtebeteko kartzela zigorra eta 15.000 euroko isuna ezartzen die Zigor Kodeak (227-12 atalean). Nahiz eta debekatua egon, 2013ko urtarrilaren 25eko Zirkularrak atzerriko erregistroen inskripzioa onartzen du, betiere baldintza formalak betez gero.

Espainiako Gobernuko legealdia berdintasunaren legealdia izan dela aldarrikatu dute hainbatek, baina zer egin dute praktika honekin amaitzeko?

Berdintasun Ministerioak alokairu sabelak emakumeen aurkako indarkeria gisa kalifikatu izan baditu ere, errealki praktika hau gauzatu egiten dela. Merkatu global horrek duen dimentsioa eta gaitasun politikoa estatu bateko alderdi instituzionalek eduki dezaketen nahiaren gainetik daude. Urte hauetan Espainiako Gobernuak alokairu sabelen merkatua kontrolatzeko izan duen ezintasuna agerian geratu da: albisteek gai horren inguruan hitz egiten dute, telesailetan alokairu sabelaren praktika ikus dezakegu, praktika honen bitartez jaiotako haurrak Espainiako Estatura ekartzen dira inolako arazorik gabe, eta abar. 

Estatuen erabakitze ahalmena kolokan jarri du azken denboran Europar Batasunean eztabaidatzen ari den filiazio-agiriaren proposamenak. Modu horretara, nahiz eta estatu batean haurdunaldi subrogatua alegala izan, Europar Batasuneko beste estatu batean egitea posible izatea eragingo luke. Praktika hau legala den estatu batean filiazio-harremana onartuz gero beste herrialde guztietan ere onartzea eragingo luke. Hau da, estatu batek duen gaitasuna ezerezean geratuko litzateke, estatuz gaindiko marko juridikoak aginduko luke eta.

"Guzti honekin amaitzeko bidea oinarri kapitalista gainditu eta gizarte sozialista eraikitzea da, horrek ekarriko baitu emakume langilearen askatasun erreala"

Bilboko kongresura itzulita, antolatzaile bati entzun nion gizarte aurrerakoi eta demokratikoetan gertatzen ari den fenomeno bat dela alokairu sabelena. Zerbait aurrerakoia dela uste duzue?

Merkatu horrek eta hau zilegitu nahi duten agente guztiek albo batera uzten dute emakume langileak jasaten duen esplotazio basatia. Haurrik eduki ezin duten horiek jartzen dituzte fokuan, haurra izatea eskubidea dela aldarrikatuta. Baina onargarria eta zilegi al da zuk haurra izateko emakume bat zapaltzea? Praktika aurrerakoia al da emakumeon esplotazioa? Eta haurrak merkantzia hutsera mugatzea? Diskurtso aurrerakoiez margotuta ere emakume langileon zapalkuntzan sakontzeko eta kapitalaren boterea areagotzeko beste fenomeno bat gehiago da.

Bide beretik, azken urteetan sarri entzun dugu “nire gorputza nire erabakia” leloa. Haurdunaldi subrogatua askatasun indibiduala dela uste duzue, eta ondorioz errespetatu beharrekoa?

Emakume langileon esplotazio basatia eta haurren salerosketa sustatzen duen merkatuaz ari gara, eta beraz, argi izan behar dugu, ez dela auzi indibiduala, baizik eta auzi soziala dela, emakume langile guztioi eragiten diguna.

Batetik, norberak egiten duen hautua ez da askatasunez egina, eragin sozial-kulturalaren (duen onarpen, zabalpen eta interesaren araberakoa izango da) eta dugun behar ekonomikoaren ondorioa da. Beraz, arriskutsua da pentsatzea norberak hartzen duen erabaki bakoitza modu aske eta autonomoan egina dela. 

Bestetik, norberaren erabakia ez da zertan zilegia izan, erabaki horrek maila sozialean eragina duelako. Alokairu sabelen praktika hautatzeak erreprodukzioaren merkatua normalizatzen du eta premia larrian dagoen emakumea horretara kondenatu eta emakumeon zapalkuntzan sakontzen du.

"Emakume langileon esplotazio basatia eta haurren salerosketa sustatzen duen merkatuaz ari gara, eta beraz, argi izan behar dugu, ez dela auzi indibidual bat, baizik eta auzi soziala dela, emakume langile guztioi eragiten diguna"

Nola amaitu daiteke haurdunaldi subrogatuarekin?

Testuinguru ekonomiko honetan egiturazko langabezia bizitzen ari gara eta emakume langile asko eta askoren irtenbide izaten ari da merkatu horretara jotzea. Beraz, beharrezkoa da guztiok kalitatezko bizi eta lan baldintza berak izateko norabidean borroka egitea, emakume langileek beren gorputza saldu beharrik ez izateko.

Gaur egun interes ekonomiko kapitalistek egituratzen dute gizartea, logika horren barruan ulertzen dugu emakume langilea bigarren mailako subjektu izatea, eta horrek berarekin dakar emakume langilearen erreprodukzio gaitasuna diru gehiago eskuratzeko erabiltzea. Beraz, hori guztia amaitzeko bidea oinarri kapitalista gainditu eta gizarte sozialista eraikitzea da, horrek ekarriko baitu emakume langilearen askatasun erreala. Horretarako ezinbestekoa da geroz eta emakume gehiago antolakuntza politikora batzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haurdunaldi subrogatua
Haurdunaldi subrogatuaren aldeko kongresua arbuiatu dute Bilbon

Emakumeak eta Amatasun Subrogatuaren I. Kongresu Internazionala hasterako bildu dira Azkuna Zentroaren parean. “Erreprodukzioaren merkantilizazioa” salatu eta "alokairu sabelen amaiera” aldarrikatu dute. Itaiak antolatu du elkarretaratzea.


Emakumeak eta Amatasun Subrogatuaren I. Kongresu Internazionala egingo dute Bilbon uztailaren 20tik 22ra

Bilboko Udalaren azpiegitura den Azkuna Zentroak jasoko du kongresua. Hainbat akademizista, ikerlari eta juristek parte hartuko dute bertan. Protesta antolatu du Itaiak, erreprodukzioaren merkantilizazioa salatu eta kongresua bertan behera utz dezaten eskatzeko.


Erosi

Erosi jertse bat, galtza batzuk, zapatak, autoa, etxea, sofa, telebista handi bat eta manta bero bat sofan botata zaudenean telebista handi hori goxo ikusi ahal izateko. Erosi doritos pakete bat, garagardo batzuk eta lagunekin konpartituko duzun pizza.

Erosi. Erosi zure... [+]


2022-09-27 | ARGIA
Kubako herritarrek baiezkoa eman dioten Familiaren Kode berriak sexu berekoen ezkontza eta haurdunaldi subrogatua onartzen ditu

Kubako herritarrek baiezkoa eman diote Familiaren Kode berriari (orain arte indarrean zegoena 1975ekoa zen). Bertan onartzen dira sexu berekoen ezkontza eta hauek haurrak adopzioan hartzeko aukera, haurdunaldi subrogatua arautzen du eta 18 urtez beherakoen ezkontza debekatzen... [+]


2022-06-26 | June Fernández
"Estatuak ez luke arautu behar familiak nolakoa izan behar duen, askotariko ereduak babestu baizik"

Gizon ez-heterosexualen aitatasun desira ikertu du Borja Muñoz Arrastia sexologoak. Familia nuklearraren eredu hertsia errepikatu baino, umeak hazteko alternatiba komunitarioak sendotzea aldarrikatu du EHGAMeko kideak.


Eguneraketa berriak daude