ARGIA.eus

2021eko apirilaren 22a
2019ko argitalpenei buruzko txostena

Zenbat balio du euskarazko liburugintzak?

  • Esaten da euskal kulturgintza txikia dela. Txikia, ikuspegi ekonomikotik. Gutxitan plazaratzen dira, ordea, zenbakiak. Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailak urteroko Euskarazko argitalpenei buruzko txostena argitaratu du, 2019ko datuekin. Euskarazko liburugintzaren sektore ekonomikoaren irudi bat eta joera nagusien zertzeladak ematen ditu.

Peru Iparragirre @peruiparragirre
2021eko urtarrilaren 31
 “Euskal literatura” deitura ia esklusiboki aitortzen zaion helduentzako fikzioa sailari (eleberria, antzerkia eta poesia biltzen dituena) fakturazio osoaren % 5 dagokio Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntz Politika Sailak argitaratu berri duen txost
“Euskal literatura” deitura ia esklusiboki aitortzen zaion helduentzako fikzioa sailari (eleberria, antzerkia eta poesia biltzen dituena) fakturazio osoaren % 5 dagokio Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntz Politika Sailak argitaratu berri duen txostenaren arabera. (Argazkia: Cecili Gil / La Gralla)

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskarazko argitalpenei buruzko XV. txostena argitaratu berri du. Izenburuak dioen moduan, 2019ko euskarazko liburugintzari buruz egindako ikerketaren emaitza da. Azken urteetan bezala Madrilgo Conecta Research & Consulting enpresak egin du, Euskadiko Editoreen Elkartearen (ez nahasi Euskal Editoreen Elkartearekin) eta Espainiako Editoreen Elkarteen Federazioaren laguntzarekin.

Bi urte atzera begira jartzen gaitu txostenak eta izurriaren aurreko egoeraren irudi bat ematen du ikerketak.

2019ko euskarazko liburugintzari erreparatuz gero berehala datozkigu gogora Karmele Jaioren Aitaren etxea (Elkar) eta Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan (Susa) nobelak, Elena Olaveren Zeldak. Gorputz honetatik (Balea Zuria) poema-liburua eta Hasier Arraizen Maitasun keinu bat besterik ez (Erein) saiakera, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, ordea, ez die liburuen egileei eta gaiei erreparatu, ezta, oro har, literatura ikuspegiari edo ikuspegi artistikoari ere. Beste bat da ikerketa honen helburua: liburuen produkzioari, eskaintzari eta fakturazioari buruzko datuak aztertzea.

Behin eta berriro errepikatzen den zerbait da euskal kulturaren industria (edo euskarazko kulturaren industria) txikia dela, neurri estrategikoak behar direla egunerokoan iraun baino gehiago egingo badu. Izurriarekin batera ere azaleratu den gaia da ondokoa: erakunde publikoen eskutik batez ere, baina oro har kulturgintza delakoaren egoerari aterabidea eman beharra. Hala eta guztiz ere, egoera benetan zertan den ez da modu publikoan eztabaidatzen sarri, ez dira zenbakiak mahai gainean jartzen. Kultur industria txikia izango da ekonomikoki, baina zer da txikia izatea? Zenbat balio du, adibidez, euskarazko liburugintzak?

Datuen dantza
Eusko Jaurlaritzak euskarazko argitalpenei buruz osatu duen hamabosgarren txostena da hau dagoeneko. Urteroko liburugintzari errepasoa egiten dio, halaber, Jakin aldizkariak. Joan Mari Torrealdai zenak egin zituen 1976tik 2017ra bitarteko azterketak, eta Xabier Eizagirre Gesalagak hartu dio erreleboa orain. 241. zenbakian argitaratu dute 2018ko euskal liburugintzaren errepasoa. 2019koa datorren urtean argitaratuko dute.

Hala eta guztiz ere, Conectak egindako Euskarazko argitalpenei buruzko txostena eta Jakinek egin ohi duen azterketa konparatuz gero, desberdintasunak nabariak dira urtez urte. 2018ko ekoizpenari buruz egindako ikerketan, adibidez, Euskarazko argitalpenei buruzko XIV. txostenak guztira 118 argitaletxeko unibertsoa hartzen du kontuan; Jakinek, ordea, 334 argitaletxekoa. Alde hori zenbatutako tituluetan ere nabaria da. Conectak 1.842 ematen ditu 2018an, Jakinen ikerketak, aldiz, 2.138.

Xabier Eizagirrek Jakinen dioenez, alde hori bi aldagaiei dagokie nagusiki: informazioaren iturburuari, batetik, eta metodologiari, bestetik. Tituluen eta argitaletxeen kopuruari dagokienez ia esklusiboki ISBNan oinarritzen baita Euskarazko argitalpenei buruzko txostena. Gainerako informazioa argitaletxeengandik baino ez dute jasotzen.

2019ko ekoizpenari buruzko azterketetan ere, beraz, baliteke Conectak egindako ikerketan euskaraz argitaratutako guztia benetan kontuan hartu ez izana.

Txostenaren amaieran zehazten den moduan, datuak euskarazko argitalpenak plazaratzen dituzten enpresetan egindako laginketatik lortu dituzte eta, beraz, ikerketa ez da zurruna. Hala eta guztiz ere, euskarazko argitalpenaren joera nagusien adierazgarri gisa har daiteke.

Joera nagusiak
Zeintzuk dira, beraz, joera nagusiok? Zer datu azaleratzen ditu ikerketak? 2019an euskarazko liburuak 108 argitaletxek plazaratu dituztela dio ikerketak. Hori da kontuan hartzen duen unibertsoa. Horietatik 99 ISBN datuetatik identifikatu dituzte, gainerako bederatziak Iparraldeko argitaletxeak dira. Guztira 55 argitaletxek hartu dute parte ikerketan, gainerako datuak bigarren eskuko iturrietatik jaso dituzte.

Ikerketaren arabera, argitaletxe pribatuak eta Euskal Herriko Unibertsitatea kontuan hartuta, euskarazko 1.847 titulu argitaratu ziren 2019an. Inprimatutako aleen datua ere ageri da: orotara ia hiru milioi liburu. Paperean argitaratutako liburu bakoitzaren bataz besteko tirada: 2.226 liburu.

Nork argitaratzen du euskaraz? Argitaletxeka banaketa ageri ez bada ere, eta Ipar Euskal Herriko argitaletxeak kanpo utzita, euskaraz libururik argitaratu dutenen artean % 34,3k baino ez du argitaratu bere tituluen % 75 edo gehiago euskaraz.

Ekoizpena sailka ere aztertzen du txostenak. Egindako banaketaren arabera, helduentzako fikzioa (eleberria, poesia eta antzerkia, saiakera literarioak eta abar), haur eta gazte literatura, unibertsitatekoak ez diren testuak (hezkuntza arautuko testu-liburuak eta material osagarriak) eta fikziozkoak ez direnak (zientzien eta giza eta gizarte-zientzien arlokoak eta liburu praktikoak, dibulgazioa eta hiztegiak) bereizten dira. Datuen esparrua mugatuz, argitaletxe pribatuek paperean argitaratutako liburuei erreparatuta, unibertsitatekoak ez diren testu-liburuetan argitaratu zen izenburu berri gehien: 554; haur eta gazte literatura dator gero, 343 izenbururekin; fikziozkoak ez diren liburuak gero, 211 izenbururekin; eta, azkenik, helduentzako fikzioa, 179 izenbururekin.

Argitaratutako tituluetan ageri den banaketa hori beste datuei erreparatutakoan ere errepikatzen da, gutxi gora behera. Liburu bakoitzaren bataz besteko tiradari dagokionez, liburu gehien unibertsitatekoak ez diren testuen sailean ekoizten da, ia 3.000 aleko tiradarekin. Haur eta gazte literaturan 2.172koa da bataz besteko tirada. Fikziozkoak ez diren liburuen kasuan, helduentzako fikziozkoak baino izenburu gehiago argitaratzen badira ere, bataz besteko tirada baxuagoa da: 1.130 fikziozkoak ez diren liburuen kasuan, 1.548 helduentzako fikzioaren kasuan.

Fakturazioa
Liburu bakoitzaren tiradaren datuez gain merkaturatzeari eta fakturazioari buruzko datuak ere biltzen ditu txostenak. Ikerketaren arabera, orotara, argitaletxeek 39.825.000 euro inguru fakturatu zituzten euskarazko argitalpenekin. Fakturazio osoaren % 75,2 unibertsitatekoak ez diren testuen sailari dagokio, ia 30 milioi euro. Haur eta gazte literaturari % 17 dagokio, zazpi milioi eurotik gertu.

Oro har “euskal literatura” deitura ia esklusiboki aitortzen zaion helduentzako fikzioaren sailari (eleberria, antzerkia eta poesia biltzen dituena), aldiz, fakturazio osoaren % 5 dagokio, 2 milioi euro. Saila aztertuz gero, euskarazko liburugintza osoaren fakturazioaren % 4 dagokio nobelagintzari.

Euskarazko liburugintza sektore gisa hartuz gero, beraz, testu-liburuen garrantzia nabarmena da. Testu-liburuak alde batera utzita, haur eta gazte literatura da euskarazko literatur argitalpenen industriaren zati garrantzitsuena.

Enpresa pribatuen kasuan, lanpostuen kopurua ere badakar ikerketak. Guztira 96 lirateke euskarazko liburuak argitaratzen dituzten enpresa pribatuak eta horietan 292 langile leudeke nominapean.

Azkenik, lurralde guztietako egile eskubideen ordainketa fakturazio osoaren % 4,1 dela estimatuta (EAEko kopurua), guztira ia bi milioi euro ordaindu dira egile eskubideak erosteagatik.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Liburugintza  |  Ekonomia  |  Euskal literatura  |  Euskal Herria

Liburugintza kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2021eko urtarrilaren 31
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude