Zergatik gerturatzen dira euskarara? Eta zergatik urrutiratu?

  • Migratzaile erdaldunek euskararekin sortzen duten harremanean aldagai askok eragiten dute, eta gainera, faktoreok pertsona beraren bizi zikloan alda daitezke. Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak ikerlanean udalerri euskaldunetan bizi eta euskara ikasi ez duten hemeretzi lagun elkarrizketatu dituzte. Egileak Enara Eizagirre, Edurne Urrestarazu eta Ekhi Zubiria dira eta UEMAren Iñaki Arregi beka irabazi dute lan horri esker. Ikerlanean, udalerrietako hizkuntza politikak diseinatzeko baliagarriak izan daitezkeen tresnak eta ideiak aurki daitezke.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Enara Eizagirre, Edurne Urrestarazu eta Ekhi Zubiria erdaldunengana hurbildu dira, zehazki esanda aztertu dute udalerri euskaldunetara 2005az geroztik iritsi diren eta jatorriz Euskal Herritik kanpokoak diren herritar erdaldunek nolako harremana, bizipenak eta iritziak dituzten euskararekiko eta bizi diren herriarekiko. Ikerlana ez da lan kuantitatiboa, kualitatiboa baizik, eta  hemeretzi herritarrei elkarrizketa sakonak egin dizkiete. Ikerketan, parte-hartzaileen esanen pasarte ugari irakur daiteke.

Elkarrizketatu guztiak erdaldunak dira, hau da, ez dira gai euskaraz aritzeko, nahiz eta hainbat urtez herri euskaldunetan bizitzearen poderioz eta batzuetan hizkuntza ikasten saiatu direlako, ulermen mailatxo bat baduten edo zerbait esateko gai diren.

Egileek euskararen erabilera altua duten eta azken urteetan etorkin kopuru esanguratsua jaso duten hamahiru herritako parte-hartzaileak aukeratu dituzte: Azpeitia, Baztan, Berastegi, Dima, Etxarri-Aranatz, Igantzi, Ikaztegieta, Lekeitio, Mutriku, Muxika, Ondarroa, Oñati eta Oriokoak. Udalerri euskaldunak dira guztiak, eta horietako gehienak baita arnasguneak ere.

Hemeretzi herritarrak Argentina, Dominikar Errepublika, Espainia, Maroko, Nikaragua, Pakistan, Paraguai, Sardinia, Senegal eta Txinakoak dira.

Euskararekiko jarrera ulertzeko bereziki faktore argigarriak dira harreman sare trinkoak, haurrak, lan espektatibak eta herrian gelditzeko asmoa
Erdalduna baino, erdaldunak

Irakurleak jakin nahiko du ea zein ondorio atera dituzten ikerlariek, ea erdaldunak zergatik erabakitzen duen euskarara hurbiltzea edo zein motiborengatik urruntzen den hizkuntzatik. Bada, ezinezkoa zaie laburpen bat egitea, izan ere, erdaldun denak zaku berean sartzerik ez dago, biografia eta bizipen desberdinak dituzte eta ez dira ari modu berean jokatzen hizkuntzarekiko harremanean. Are gehiago, elkarrizketatu duten bakoitzak, herri euskaldunetan bizi izandako urteetan, iritziak eta jarrerak aldatu ditu.

Dena dela, egileek, tentu handiz, euskararekiko gertutasunagatik eta hizkuntza ikasteko motibazioan dituzten antzekotasunei erreparatuta elkarrizketatuak hiru profiletan bildu dituzte: urrunak, beraien egoerarekin asebeteta sentitzen direnak eta aktibatuta daudenak. Egileek azpimarratu dute pertsona berak profil batetik besterako jauzia egin dezakeela eta horregatik continuum moduan irudikatu dituzte hiru profilak. Adibide bat jartzearren, elkarrizketatu batek esan dezake hasieran euskararekiko atxikimendurik ez zuela izan, ikasteko beharrik ez zuela sentitu antzemanda herritar guztiek gaztelaniaz bazekitela. Haurra izan du eta iritziz aldatu du. Euskaratik gertuago sentitzen da, haurrak ikasten duen hizkuntzarekiko jakin-mina piztu zaio eta euskara ikasten hastea erabaki du. Beste batek, berriz, esango du hainbat hilabetez euskara ikasten aritu zela euskaltegian, baina orduz geroztik ez dela itzuli, eguneko ia ordu guztietan lan bat bestearen atzetik kateatzen duelako.

Harreman sareen garrantzia

Euskararekiko sentitzen duten atxikimendua oso desberdina da, eta beraz, euskara ikasteko izan ditzaketen motibazioak ere bai. Motibazio horietan eragiten duten aldagaien artean daude adina, seme-alabak dituzten ala ez, zenbat hizkuntza dakizkiten eta iritsi zirenean gaztelania bazekiten ala ez. Beste multzo batean leudeke bizi diren herrian sortu dituzten harremanak: zenbat sare trinko sortzen dituzten herrian eta norekin, zertan pasatzen duten eguna, zein eremutan dabiltzan... Hirugarren zakuan leudeke etorkizunera begira egin dituzten aurreikuspenak, dauzkaten desirak eta intentzioak.

Egileek, jakinda elementu horiek guztiek eragiten dutela euskararekin sortzen dituzten harremanetan, ondorioztatu dute hemeretzi herritar horiengan aldagai batzuk argigarriagoak direla euskarara gerturatzeko izan dituzten arrazoiak ulertzeko. Aldagai horiek lau multzotan biltzen dira: elkarrizketatuak euskal hiztunekin maila informalean edo mikrosozialean harreman sare esanguratsuak sortu izana; seme-alabak euskarazko irakaskuntzan aritzea; lan eremuan hobekuntzak izateko nahia edukitzea; eta etorkizunean herrian jarraituko duela irudikatzea.

Ikerlanak jomugan hizkuntza profesionalak baldin baditu ere, hizkuntza kontzientzia duen edonork irakurtzekoa da. Hemeretzi herritarrek esandakoen pasarte ugari dago 136 orrialdeetan

Beraz, elkarrizketatuen artean badira gaztelania lehen hizkuntza dutenak eta ez dutenak, badira Euskal Herrira etorritakoan hizkuntza hori bazekitenak eta ez zekitenak, badira hizkuntza gutxitua lehen hizkuntza dutenak edo hizkuntza gutxituren bat hitz egiteko gai direnak, alegia, haien jatorrizko herrialdeetako hizkuntza nagusiaz gain bertako hizkuntza gutxitua hitz egiteko gai direnak, hala nola, sardiniera, kaxmirera, katalana, guaraniera edo jola. Bada, ezaugarri linguistiko batzuk ala besteak izan, lehen aipatu dugun euskararekiko gertutasunaren continuum horretan (urrun-asebeteta-aktibatuta) kokaleku guztietan ageri dira herritar horiek, hasi euskara urrun sentitzen dutenetatik eta gaur egun euskara ikasteko motibazioa dutenera arte. Beraz, euskararekiko duten jarrera ulertzeko bereziki faktore argigarriak dira harreman sare trinkoak, haurrak, lan espektatibak eta herrian gelditzeko asmoa.  

Ikerlana nork irakurtzekoa da?

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak emandako beka da eta egileek ikerlana egin zutenean udalerri euskaldunetako euskara teknikariak eta UEMAko teknikariak zituzten buruan, batez ere. Ikerlanaren bidez, profesional horiei kolektibo horrengana hurbiltzeko tresnak eskaintzea nahiko lukete, esku-hartze linguistikoak garatzeko ideiak har ditzaten. Dena den, egileak pozik lirateke teknikariez gain euskalgintzan lanean ari diren elkarteetan eta zuzenean hizkuntzarekin zerikusirik ez duten gizarteko elkarte eta erakundeetan ikerlanak tokia izango balu. Hain zuzen, bestelako irakurleak gogoan, testu akademiko soil batetik ihes egiteko ahalegina egin dutela adierazi digute, edonork irakurtzeko modukoa izan dadin. Nahia bete dutela esan daiteke. 

Argazkia: Dani Blanco.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migratzaileak eta euskara
Nevada

– Zelan zaude, tio?
– Txarto, txarto. Makinara lotuta.
– Emango diozu buelta, zu gogorra zara eta.
– Ez dakit, ba. Oraingotan ez dakit.

Horixe izan zen Ameriketako osabarekin izandako azken elkarrizketa. Artzain joan zen Nevadara, aspaldi, eta... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


Etorkin helduei ez diegu euskara eman behar?

UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Egin nirekin euskaraz leloa daraman kanpaina aurkeztu zuen komunikabideen aurrean pasa den hilabetean. Jatorria Euskal Herrian ez duten familiak agertu dira, UEMAko ordezkariekin batera. Esan dute maiz haur horiengana euskaldunok... [+]


2023-10-08 | Aingeru Epaltza
Diskurtso arriskutsua

Euskal Herriko azken inkesta soziolinguistikoaren Nafarroako emaitzak argitaratzean ikasi genuen: 2011tik hona, Foru Komunitatean indartu egin da euskararen erabilera sustatzearen kontrako jarrera, eta ahuldu, berriz, aldekoena. Euskal txio herrian, jendea ez da posible-ka... [+]


Eguneraketa berriak daude