Kazetaritzaren aurkako gerra zikina


2020ko abenduaren 31n
Argazkia: H. Nicholls - Reuters
Argazkia: H. Nicholls - Reuters

2010ean, WikiLeaksek, komunikabide handi batzuen laguntzarekin, dokumentu "sekretuen" historiako filtrazio zabalenetako bat argitaratu zuen. AEBetako inteligentzia zerbitzuen 700.000 fitxategi baino gehiago, gobernu eta estatu askoren jarduera diplomatiko eta militar opako eta ankerrak agerian utzi zituztenak. Besteak beste, Iraken Abu Ghraibeko presoei AEBetako funtzionario publikoek egindako tortura basatiak eta hainbat gerra-krimen. Ezagunena, 2007ko uztaileko zibilen sarraskia Bagdaden, hamabi hildakoen artean zeuden Reuters agentziako Saeed Chmagh eta Namir Noor-Eldeen kazetariak.

Inor ez dute epaitu eskandalu andana horiengatik. Bai, ordea, ausardi handiz informazioa filtratu duten pertsonak –Chelsea Manning eta Edward Snowden dira ezagunenak– eta kazetari asko. Beste batzuen artean, Julian Assange Wikileaksen sortzaileetakoa. AEBetako gobernuek –berdin Obama ala Trump–  parekorik gabeko jazarpena antolatu dute nazioartean, hedabide baten eta atzerriko herritar baten aurka –Assange australiarra da–.

Assangek hamar urte daramatza askatasunik gabe. Lehenik, etxean atxilotuta; ondoren, zazpi urte igaro ditu eguzki argirik edo aire freskorik gabe Ekuadorko enbaxadaren barruan Londresen. 2019ko apirilean kanporatu eta atxilotu zuten, kazetariaren eta bere senide eta abokatuen aurkako espioitza estrategia baten ondoren –enbaxadako segurtasunaz arduratzen zen enpresa espainiar batek kamerak eta mikrofonoak jarri zituen gela guztietan AEBetako zerbitzu sekretuek eskatuta–.

Egun segurtasun handiko kartzela batean dago Londresen, erabat bakartuta. Haren osasunaz kezkatuta, 200 bat medikuk gutuna argitaratu dute, buruaz beste egiteko arriskuaz ohartarazteko. NBEko torturari buruzko kontalari berezi Nils Melzerrek adierazi zuen "epe luzeko tortura psikologikoa jasan izanaren sintoma tipikoak" dituela.

Urtarrilaren 4an Assange AEBetara estraditatu ala ez erabakiko du epaitegi britainiar batek. 175 urteko kartzela-zigor eskaera du zain AEBetan. "Ez ezazue estraditatu" izenburupean halaxe zioen The Guardian egunkariak abenduaren 18ko editorialean: "AEBetan egozten zaizkion karguek demokraziaren eta prentsa-askatasunaren oinarriak ahultzen dituzte bi herrialdeetan".

Wikileakseko burua izateagatik atxilotu dute. Herritarrok informazioa eskuratzeko dugun eskubidea bermatzeko asmoz sortu zuten agentzia. Wikileaksek ez du informaziorik lapurtu eta ez du sistemarik hackeatu. Informazioa partekatu nahi duten herritarrei konfidentzialtasun-bermeak eskaini dizkie, ondoren komunikabideetan zabaltzeko. Kazetaritza, alegia.

Kazetariek iturri anonimoetatik lortutako egiazko informazioa argitaratzea ez da delitua. Assange estraditatzen badute, kazetari independenteak babesgabeago egongo gara boterearen gehiegikeria kontrolatzeko ezinbesteko lanean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Wikileaks
Kristinn Hrafnsson Assangeren emaztea: "Estraditatzen badute, hil egingo da"

Otsailaren 20an eta 21ean Erresuma Batuko Justizia Auzitegi Gorenak erabakiko du Julian Assangeren estradizioak bide librea duen ala ez. Teorian bederen, hori izango da azken aukera juridikoa kazetari australiarra AEBetara estraditatuko duten ala ez erabakitzeko.


Assange AEBetara estraditatzeko argi berdea eman du Erresuma Batuko gobernuak

Erresuma Batuko Barne ministro Priti Patelek argi berdea eman dio Julian Assangeren estradizioari. Iragan martxoaren 14an eman zuen estradiziorako baimena herrialdeko Auzitegi Gorenak, baina orain heldu den gobernuaren iritzia falta zen.


2022-04-20 | ARGIA
Julian Assange AEBetara estraditatzeko baimena du Erresuma Batuko justiziak

Gobernuak erabaki behar du orain Wikileaks-eko sortzaileetako bat den Assange estraditatuko duen edo ez. Erabakiari helegitea jarriko diote bere abokatuek.


Nils Melzer, NBEko torturaren inguruko kontalari berezia
"Kazetari guztiak beldurtzea da Assangeren aurkako epaiketaren helburua"

Nils Melzer NBEko torturaren inguruko kontalari bereziak Julian Assange kazetariaren kasua ikertu du. Ikerketa horren xehetasunak azaldu zituen lehen aldiz 2020ko otsailean Suitzako Republik hedabide independenteko Daniel Ryser kazetariak egindako elkarrizketa zorrotz eta... [+]


2021-01-07 | Axier Lopez
Julian Assangek espetxean jarraitzea agindu du Erresuma Batuko Justiziak

WikiLeakseko sortzaileetakoak espetxean jarraitu beharko du. Hala erabaki du astezkenean Londresen Vanessa Baraitserrek, astelehenean Assange AEBetara ez estraditatzea erabaki zuen epaile berak.


Eguneraketa berriak daude