Inor Ez Da Ilegala proiektuak 15.700 euro bideratu ditu migratzaileen kolektibora

  • Inor Ez Da Ilegala proiektuaren kamiseta, poltsa, jertse edota libururen bat erosi duzuenoi esker, orain arte 15.720 euro bideratu dira Bilboko kale-saltzaile senegaldarren Mbolo elkartera: kooperatiba bat sortzen saiatzeko erabili zuten dirua hasieran, eta pandemiak gehien kaltetu dituen familia migratzaileentzat martxan duten erresistentzia-kutxan sartu dute dirua ondoren. Mbolok jarraitzen du denontzako eskubideen alde borrokan eta denontzako bizimodu duina bermatzeko lanean; proiektua sostengatu nahi baduzu, jantzi aldarrikapena soinean: Inor ez da ilegala, Amul been nit ku leegalul!


2020ko azaroaren 23an - 10:08
Khadim Sambe (ezkerrean) eta Bouba Diouf, Mboloko kideak (arg: Dani Blanco)

Duela bi urte jaio zen Inor Ez Da Ilegala ekimena, ARGIAren eta Mbolo Moye Dooleren elkarlanetik. ARGIAk egindako salmenta bakoitzeko, irabazien erdia ARGIA proiektua eta beste erdia Mbolo elkartea indartzeko da. Mbolok berak egiten duenean Inor Ez Da Ilegalaren jertse, kamiseta, liburu eta poltsen salmenta, apur bat handiagoa da Bilboko senegaldarrek eskuratzen duten diru kopurua. Eta apurka-apurka, babes ekonomiko esanguratsua lortzen ari dira.

Zertan inbertitu da dirua?

Kale saltzaile senegaldarrak eurak joan dira erabakitzen Mbolora bideratutako dirua nola kudeatu. Kale salmenta modu legalean egiten ari zirela, legea gogortu eta klandestinitatera kondenatu zituzten; horri aurre egiteko baliatu zuten hasieran dirua. Kooperatiba sortu nahi zutela-eta, traba trabaren atzetik oraingoz gauzatu ez den egitasmo horretarako gorde zuten ondoren dirua. Eta orain, pandemia betean, argi dute diruak nora joan behar duen: premia handiena duten migratzaileak laguntzeko sortu duten erresistentzia-kutxara. Berez, konfinamendu garairako sortu zuten, egunekoarekin bizi den jendea ezer gabe geratu baitzen goizetik gauera, gobernuek martxan jarritako diru-laguntzetatik kanpo ere bai –migratzaile askok paperik ez dutelako–, baina egoerak onera egiten ez duela ikusita, aktibo mantentzen dute erresistentzia-kutxa. “Erresistentzia-kutxako diru-sarrerak konfinamendu garaikoak baino askoz txikiagoak dira, eta ulergarria da, uste baino gehiago luzatzen ari da hau guztia, horregatik datorkigu ongi Inor Ez Da Ilegalaren dirua ere, erresistentzia-kutxa sendotzeko eta biltzen goazen diruarekin okerren dauden familiak laguntzeko”, kontatu digu Khadim Sambe Mboloko kideak.

Pandemia kolpe latza izaten ari da aurretik baldintza gogorrak jasaten zituzten migratzaileentzat, eta tinko segitzen dute borrokan eta lanean, denen eskubideen alde. “Oraintxe, ari gara errolda soziala eskatzen, beste hainbat elkarterekin batera. Kalean bizi direnak eta etxebizitza finkorik ez dutenak erroldatzea da helburua eta akordioa ere adostu genuen administrazioarekin pasa den udan, baina ordutik ez dute ezertxo ere egin, ez dute inor erroldatu”, salatu du Sambek. Eta errolda, erregularizazioa oro har, funtsezko –eta justiziazko– bitartekoa da, bizimodu duina lortu ahal izateko. “Nik adibidez zortzi urte pasatxo daramatzat Bilbon, eta paperik gabe jarraitzen dut, ilegal, ezin lan duinik egin”, kexu da Mboloko kidea.

Segi proiektua indartzen

ARGIA eta Mbolo babesten jarraitzeko eta aldarrikapena kalera ateratzeko, Inor Ez Da Ilegalaren produktuak ARGIAren azokan eros ditzakezu (edo 943 371545 telefonora deituta), eta Bilbo ingurukoa bazara, Mbolori zuzenean ere egin diezaiokezu eskaera, Bouba Dioufi deituta: 688 736 963.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Inor ez da ilegala
Bost urte inor ez da ilegala aldarrikatzen

Bost urtean, Inor ez da ilegala proiektuak lau haizetara zabaldu ditu migratzaileen eskubideen aldeko lelodun kamiseta, jertse eta poltsak; elkarlana eta elkartasuna oinarri dituen ekimenak istorio eta bizipen ugari oparitu dizkigu; eta zoritxarrez, inoiz baino biziago... [+]


2023-07-13 | Ilargi Manzanares
Texasen “harresi flotagarri” bat eraikitzen ari dira, migratzaileei bidea oztopatzeko

Neurria Texaseko (AEB) gobernadore Greg Abbott kontserbadorearen proposamena da. Migratzaileen aurkako beste hainbat politika erasokor aplikatu ditu aurretik: kontzertinen instalazioa, mugako patruilen sorrera, eta migratzaileen deportazioa estatu demokratetara autobusez.


2023-07-07 | Ilargi Manzanares
Irun eta Hendaia arteko mugaren “antzerki lotsagarria” salatu dute

Irungo eta Hendaiako herritarrak elkartu dira Santiago zubian, “Ireki zubiak, elkartasuna eraiki” lelopean ostegunean.


2023-07-05 | Ilargi Manzanares
Irun eta Hendaiaren arteko muga irekitzeko elkarretaratzera deitu dute, migratzaileen eskubideen alde

Uztailaren 6an, 18:00itan, Santiagoko zubian deitu dute kontzentraziora hainbat taldek, hala nola Bidasoa Etorkinekin, Irungo Harrera Sarea, edo Ongi Etorri Errefuxiatuak.


Hör Berlin eta legalitate kontu batzuk

Han agertu zen, Hör Berlinen, Brava DJa, bere txapela gorri eta guzti Inor ez da ilegala leloa zeraman kamiseta jantzita. Orain hilabete pasatako kontua da eta spoilerra egin badizut ere, irakurle, amaiera horixe duen istorio polita kontatuko dizut gaur.


Eguneraketa berriak daude