Euskara doan ikasteko eskubidea bermatu nahi duen legea atzera bota dute Gasteizen

  • Lege proposamena EH Bilduk aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean eta EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu dute. Koalizio abertzalearen esanetan euskaraz jakiteko eskubidea "unibertsala" izatea bilatzen dute ekimenarekin. Eusko Jaurlaritzak, berriz, kontrako iritzia agertu zuen duela hilabete egin gobernu kontseiluan, proposatzen diren neurrietako asko jadanik "bideratuta" daudelako, bere ustez.


2020ko azaroaren 19an - 14:45
Jasone Agirre EH Bilduko parlamentaria, lege-proposamena aurkezteko unean (arg.: EH Bildu)

Euskaraz jakiteko aukera bermatzeko lege-proposamena atzera bota du Eusko Legebiltzarrak, Gasteizen ostegun honetan egindako osoko bilkuran. EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoa izan du ekimenak; EAJk, PSE-EEk, PP-Ciudadanos koalizioak eta Vox-ek, aldiz, kontra bozkatu dute.

Proposamenaren testuak dioenez "herritarrek euskara jakiteko eskubidea bermatzeko EAEko Administrazio amankomunak bide luzea egin du eta berariazko garapen araugilea eta legegilea burutu ditu"; baina nabarmentzen du hezkuntza sistematik kanpo ahalegin guzti horiek "hainbat disfuntzio" erakutsi dituztela, eta euskara ikastea eskubide unibertsala ez den heinean, "herritarrak inbertsio ekonomiko adierazgarria egitera behartzen" dituela.

EH Bilduko parlamentari Jasone Agirrek azaldu duenez, unibertsaltasun horrek denen eskubideak bermatuko lituzke: "Euskaraz jakin gura ez duten horien eskubidea bermatuko da lehenengo eta behin. Sekula ezin izango dute esan diskriminatuta daudenik, eduki edukiko dutelako –gainontzekoek bezala– euskaraz jakiteko eskubidea". Eta alderantziz, gaur egun "arrazoi askorengatik" euskara jakiteko eskubidea bermatuta ez dutenek, baldintza nahikoak izango lituzkete lege horrekin.

Lege-proposamenak hainbat puntu dauzka, irakaskuntza aldiko hizkuntza-maila, administrazio publikoaren bete beherrak eta baita, esaterako, euskara ikastea doakoa edo kosturik gabea izatea EAEko heldu guztientzat, "C1 mailaren pareko jakintza lortu arte".

Eusko Jaurlaritzak, bai baina ez

Ekimenak antzekotasun handia du aurreko legealdian onartutako beste proposamen batekin. Ordukoan Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman zion, ez ordea oraingoan, bertan azaltzen diren neurri asko "bideratuta" daudelako bere esanetan. Zentzu horretan, EH Bilduko heledunak iritzi aldaketa hori salatu du "urte bi, pandemia bat eta hauteskunde batzuk eta gero", eta gogorarazi du Jaurlaritza geldirik egon ez den arren, pademiaren ondorioz euskararen irakaskuntzan "atzerakada" handia sumatu dela, eskoletan zein euskaltegietan. Hala, Iñigo Urkulluren exekutiboari egotzi dio "harresi bat" jartzea, legeari bide eman beharrean.

Jaurlaritzako gobernu kontseiluak, bere aldetik, gogorarazi du 2018ko proposamenak ez zuela "legebiltzar-taldeen arteko behin betiko inolako akordiorik ekarri", baina hainbat puntu Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren "planetan" daudela jadanik, esaterako 16-30 urte arteko helduentzat C1 maila lortzeko matrikularen doakotasuna.

Hala, PSE-EEk ez du lege berri bat beharrezkotzat jo eta EAJri, berriz "antzua" iruditzen zaio "gaur egungo euskararen debatea" doakotasunera mugatzea, Aitor Aldasororen hitzetan.

PP-Ciudadanos eta Vox-ek ere kontra bozkatu dute aurrekoekin batera, azkeneko honen esanetan, lege-proposamenarekin euskara ikastera "derrigortu" nahi dituzte herritarrak, areago, euskara bultzatu izan den enpresatan hauen "lehiakortasuna hondoratu" da, alderdi ultra-eskuindarreko bozeramaileak hemizikloan bota duenez.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


Eguneraketa berriak daude