Autoaren gatibu

Auto bat erosi beharko duzue”, esan ziguten askok haurdun geratu nintzenean, duda izpirik agertu gabe. Baieztapen hori (agindua, kasik) are eta kategorikoagoa bihurtu zen alaba jaio eta herri txiki batera bizitzera joan ginenean.

Erabaki genuen guk geuk bidean deskubrituko genuela ea garraio publikoarekin eta noizbehinka auto bat alokatzearekin ondo moldatzen jarraitu genezakeen ala ez. Eta bidean gertatu zena zoragarria izan zen: gure herri berriko bizilagun batek bere autoa partekatzea proposatu zigun.

Erditu eta gero autobide batean gidari sartu nintzen lehenengo aldian, ezustean harrapatu ninduen motorra 100 km orduko jartzerakoan sentitu nuen izuak: eztarria lehortu zitzaidan, begirada lausotu… Kostata lortu nuen hogei minutuz gidatzea, edozein unetan kontrola galduko nuen beldur.

"Emakumeak garraio publikoaren “mendeko” edo “gatibu”. Ikerlariei ez zaie okurritu hitz horiek gizonekin eta autoekin erabiltzea, alegia, aztertzea zergatik diren gizonak autoen gatibu"

Ez dut psikologoa izan behar fobia berri horren erroa asmatzeko: nire alabaren bizitza arriskuan jartzearen beldur naiz, baita umezurtz uztearena ere. Amen whatsapp talde batean kontatu nuen eta beste askori ere gertatu omen zaie. Horrek kontsolazio puntua eman didan arren, kezkatu ninduen antza autoa inoiz baino premiazkoa dudan garaian beldur horrek nire autonomia mugatzeak.

2019an Euskal Autonomia Erkidegoan 51 lagun hil ziren trafiko istripuetan. Eusko Jaurlaritzako Trafikoko Zuzendaritzaren esanetan, abiadura desegokia, alkohol eta droga kontsumoa eta arreta galtzea dira arrisku faktore nagusiak. Maskulinitate hegemonikoa gehitu zezaketen zerrenda horretara, ikusita 43 gizonezko eta 8 emakumezko hil zirela. Hortaz, agian nire fobia ez da beldur irrazionala, baizik eta zeharo zentzuzkoa. Nire gorputzak jakin badaki gutxi eta txarto lo egiteak nire arretari kalte egiten diola eta autobideetan arriskuak hartzen dituen jende andana dabilela solte.   

Mugikortasunari eta ekofeminismoari buruzko erreportaje baterako irakurri ditudan ikerketen arabera, gizon gehienek autoa erabiltzen dute eguneroko joan-etorrietan; emakume gehienek, ordea, garraio publikoa edo ibiltzea lehenesten dute. Ikerketa horietan kultura matxistari eta genero diskriminazioari lotutako arrazoiak ematen dituzte azaltzeko zergatik garen emakumeak garraio publikoaren “mendeko” edo “gatibu”. Ikerlariei ez zaie okurritu hitz horiek gizonekin eta autoekin erabiltzea, alegia, aztertzea zergatik diren gizonak autoen gatibu.

On egin dit erreportaje horretarako Marisa Castro Delgado Ekologistak Martxan-eko ekintzailea elkarrizketatzeak, halakoak esan dizkit eta: “Petrolio kontsumoa murriztea premia sozial eta ekologikoa da”; “Kezkagarria da aurrekontu publikoetan errepideak inbertsio gisa aurkeztea eta garraio publikoa gastu gisa”; “Barik txartelari eta bizikletari esker sentitzen naiz ni aske”. Aitzitik, bizikleta gidari gehienak gizonezkoak dira, emakume asko bidegorrietatik kanpo ibiltzearen beldur garelako; ez soilik istripuen beldur, baita auto eta motor gidarien agresibitatearen beldur ere.

Aitortu behar dut nik ere sarri lotu dudala beldurrik gabe gidatzen duen emakumearen irudia autonomiarekin eta ahalduntzearekin. Uste dut tranpa patriarkal bat dela hori, maskulinitate tradizionalaren eredua indartzen baitu.
Ondorioz, ja ez nau horrenbeste kezkatzen autobideei hartu diedan beldurrak. Kezkagarriagoa iruditzen zait, esaterako, gure agintariek Bilboko Bolintxu arnasgune naturala mehatxupean jarri izana, autoen gatibuek Supersur zentzugabeetan azkarrago gidatu dezaten.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude