'Txistu', 1927. Euskarazko lehen komikia

  • ARGIA aldizkariarekin batera argitaratu zen Txistu, hamabostero. Abdon Gonzalez de Alaizaren eta Madrilen ari ziren unibertsitate ikasle zenbaiten eskutik etorri zen. Hamasei zenbaki kaleratu eta utzi zioten publikatzeari, behar besteko harpidedunik ez lortuta.

1927ko urtarrilean argitaratu zen euskarazko komikiaren lehen zenbakia. Abdon Gonzalez de Alaiza jo izan da komiki-aldizkariaren egiletzat.
1927ko urtarrilean argitaratu zen euskarazko komikiaren lehen zenbakia. Abdon Gonzalez de Alaiza jo izan da komiki-aldizkariaren egiletzat.

Iragan mendeko 20ko eta 30eko hamarkadetan goia jo zuen euskarazko prentsak. Esaterako, 1919-1921 artean hamabost aldizkari sortu ziren bateko eta besteko euskal herrietan. Zehatz esatera, 1922an euskara hutsezko hamar aldizkari argitaratu ziren: Jaungoiko-Zale, Zeruko Argia, Irugarrengo Prantziskotarra, Irugarrengoen Irakaslea, San Francesen Deia, Jesus’en Biotzaren Deya, Euzko Deya, Fedearen Propagacioneco Urtecaria, Eskualduna eta Argia. Azken biak ez beste guztiak, erlijio aldizkariak ziren. Hari berean, 1930-32an hamalau aldizkari eta almanaka bat publikatzen hasi ziren han eta hemen. Inondik ere, 30eko hamarkadan kokatu ohi da euskal kazetagintzaren boom-a Hego Euskal Herrian, hau da,  Primo de Riveraren diktadura ondoko espainiar Errepublika garaian.

Lehen Mundu Gerra eta gero, 1914ko Gerla Handiaren ondotik, gauza asko aldatu ziren nazioarte giroan. Europak nagusi izateari utzi eta AEBek hartu zuten protagonismoa, eta hala Europan nola munduko lau ertzetan, hiriek gero baino gero garrantzi handiagoa hartu zuten. Ez alferrik, bertan sortu ziren eguneroko prentsa idatzia eta aipuan darabiltzagun aldizkariak –baita irratia, komikia, zinema, kartelak eta beste–, eta bertan izan zituzten kontsumitzaile sail handienak ere. Hedabideek, 20ko hamarkada horretan, eta orobat 30ekoan, batik bat hiritarra zuten xede.

Euskal Herriaz den bezainbatean ere, hirietan jo zuen goia euskara hutsezko kazetaritzak, nahiz irakurle guztiz gehienak ordu arte nekazari izan. Haatik, bestelako irakurleen ehizari lotuko zitzaion boom-aren garaiko euskarazko prentsa: irakurle berria, irakurle hirikoa, irakurle “modernoa”.

Eusko Ikaskuntza

Lehen Mundu Gerraren krisia eta gero, produkzioa suak eta keak hartu zuen eta Euskal Herriko ontziolek berealdiko etekinak izan zituzten. Haien gerizan, berriz, bete-betean jardun zuten euskal geografian zehar barreiatuak ziren lantegi eta tailer txikiek. Giro gori bero horretan, kultura berpizteko eta autonomia politikoa izateko salda egosi zen.

1917an, jeltzaleek Eusko Ikaskuntza eratzeko proposamena egin zuten Bizkaiko diputazioan, eta 1918ko udakoa dugu Eusko Ikaskuntzaren lehen batzarra Oñatin. Haren sabeletik sortuko zen, ondoko urtean, Euskaltzaindia. Alabaina, lehenago ere baziren, Hegoan nahiz Iparrean, euskara eta euskal kultura sustatzeko elkarteak. Horra, adibidez, Nafarroako Euskara Elkargoa, Donostiako  Euskal Esnalea eta Toribio Alzagaren Academia de la Lengua y Declamación Euskara; Eskualtzaleen Biltzarra Ipar Euskal Herrian… Boom-a gertatu baino lehen ere baziren aldizkariak. Horra, esaterako, Euzkadi jeltzalea, Azkueren Euskalduna, eta erlijio eta nekazaritzako hainbat agerkarirekin batera, aldizkari berezituagoak, nola baitziren Eusko Ikaskuntzak bultzaturiko hirurak: Eusko Ikaskuntzaren Deia, Anuario de Eusko Folklore, eta RIEV.

Eusko Ikaskuntzak, bestalde, ordezkaritza bana ukan zuen Madrileko Euskal Etxean eta Bartzelonan, eta, hain zuzen, Madriletik heldu zen Argia aldizkarira euskara hutsezko lehen komikiaren proiektua.

Gregorio Muxika: "Zenbat eta zenbat neska-mutiko ez ditugu beren eskuetan ‘TBO’ ta ‘Pepito’ [‘Pulgarcito’ esan nahiko zukeen] ta beste onelako ingitxoekin ikusten? Ba oraindaño erdal-ingitxoak ibilli dituzten bezela, aurrera umeentzako euskal ingitxo polit bat izango dutela jakiteak nor poztuko ez du?"
‘Argia’

Dakikegunez, 1921eko apirilaren 21ekoa da Argia aldizkariaren lehenbiziko zenbakia, Donostian argitaratua, kaputxinoen ekimenez. Sei euskaltzale izan ziren eragile, hiruna apaiz eta lego. Batetik, Bitor Garitaonaindia Garbi eta Jesus Karrera josulagunak, eta Ramon Intzagarai Elurmendi genituzke. Bestetik, Gregorio Muxika Jeme, Ander Artzeluz Luzear eta Antonio Lizarraga. Alabaina, tartean ziren beste bi lagun ere, aipatu derrigorrak: Anbrosio Zatarain, dirua jarri ez ezik, “Nekazaritza” atalaz arduratu baitzen, eta Rikardo Leizaola, Donostiako Garibai kaleko Eneko Deuna’ren irarkolaren (inprimategiaren) jabea.

Intzagarai eta Muxika izan ziren, hasiera-hasieratik eta ororen gainetik, aldizkariaren ahots eta idazle, eta horren erakusgarri zuzen da aldizkariaren lehen orrialdeko “Astea” atala.

Primo de Riveraren diktadurapean ere, arrakasta izan zuen astekariak. Eta, nork daki, lainezaturik beharbada, 1924an batzaldi edo lehiketak egiten hasi ziren, eta, hitzez hitz, “sariketa umetxoentzat”. Ondoko urtean, Argia “Jolasak” atala argitaratzeari lotu zitzaion azkeneko orrialdean. Irakurleak zituen helburu, eta, besteak beste, haurrak xede. 1926an “Txistu’ren txokoa” publikatzen hasi ziren Argia-n, eta, urte horretan bertan, euskarazko komiki baten asmoa plazaratu zuten; alegia, ondoko urtean argitaratuko zen Txistu.

‘Txistu’

20ko hamarkadan, esan nahi baita, euskarazko aldizkari pila hura publikatzen ari ziren garaitsuan, Bartzelonan (Herrialde Katalanak) lau komiki-aldizkari, behintzat, sortu zituzten:  Dominguín (1915), TBO (1917), Charlot (1919) eta Pulgarcito (1921). Sua bezala zabaldu ziren han eta hemen eta Hego Euskal Herrira heltzen zirela ez da dudarik, Gregorio Muxikak 1923ko maiatzaren 13ko Argia-ren 108. zenbakian idatziari jarraikiz dakigunez: “Zenbat eta zenbat neska-mutiko ez ditugu beren eskuetan TBO ta Pepito [Pulgarcito esan nahiko zukeen] ta beste onelako ingitxoekin ikusten? Ba oraindaño erdal-ingitxoak ibilli dituzten bezela, aurrera umeentzako euskal ingitxo polit bat izango dutela jakiteak nor poztuko ez du? Euskerarentzat aurrerapen aundi-aundia ez ote da umeak, beren zaletasun bizienetako baten bitartez euskaltzaletzea? Auxe da, ba, Aita Kaputxinoak darabilkiten asmoa ta poz-pozik zorionduaz, erbesteko ingirik politena baño politagoa izatea opa diogu Umeentzako euskal ingitxoa’ri”.

Asmoa ez zen berehalakoan haragitu. 1926ko urtarrilaren 10ean, arestian aipatu dugun “Txistu’ren txokoa” argitaratzen hasi zen Argia, nahiz maiztasun jakinik gabe. Pertsonaia baten izena zen Txistu, eta atal hartan denbora-pasak, hitz-nahasteak, gurutzegramak eta beste ziren ageri.

Gregorio Muxika: "Madrid’tik dei bat etorri zaigu, ordea. An bizi diran arkitekto euskaldun gazte batzuek eta an bertan arkitekto-ikaskizunetan dabiltzan euskaldun iaio batzuek irrintzi zorrotza bota digute. ‘ARGIA egiten dezutenak –esan digute–, gauzak ondo egiten badakizute. Euskalerriko nexka eta mutiltxoentzat aldizkingi atsegin bat ¿zer dala-ta ez dezute egiten?"
Madrilgo euskaldunak

Urte berean, 1926ko apirilaren 18ko 261. zenbakian, neska-mutikoentzako aldizkariaz ari da Gregorio Muxika, “Guziok txistulari” tituluaren azpian: “Umientzako aldizkari errez, polit, alai onezaz, zenbat aldiz aritu ote gera berriketan!… Bear-bearrezkoa dala uste izan degu beti. Nolakoa izan bearko lukean ere argi ikusten genuen. Ainbeste orrialde… emen xantuak, emen ipuiak, emen izkirimiriak, txokuen asmaketak. Ala ere ez genuen egiten. ¿Zer zala-ta? ARGIA’k berak ere lana pranko ematen zigulako. Buru lana ta txanpon-lana. (…) Madrid’tik dei bat etorri zaigu, ordea. An bizi diran arkitekto euskaldun gazte batzuek eta an bertan arkitekto-ikaskizunetan dabiltzan euskaldun iaio batzuek irrintzi zorrotza bota digute. ‘ARGIA egiten dezutenak –esan digute–, gauzak ondo egiten badakizute. Euskalerriko nexka eta mutiltxoentzat aldizkingi atsegin bat ¿zer dala-ta ez dezute egiten? Euskeraren alde egin liteken lanik ederrena orixe izango litzake. Aurrak atseginduaz euskalduntzea… ¡a zer lan eder ta txalogarria! ¿Zer dala-ta lan oni ez diozute ekiten? ¡Guk lagunduko dizutegu!’”.

Madriletik heldu zitzaien berri ona, beraz. Arkitekto euskaldunak, eta arkitektura ikasten ari zirenak izango zituzten laguntzaile fidel. Gregorio Muxika ari zaigu: “Laguntza ori egizkua dala adierazteko, aldizkingi berriaren lau zenbaki egiteko aña gai bidaldu digute. Xantu politak, ederki baño ederkiago egiñak, ipuitxo parreragilleak, izkirimiriak… Aiek guziak ikusitakoan, bene-benetan poztu giñan, eta buruan generabilgun asmoa aurrera eramatea erabaki genuen. ¡Aupa, laister jaioko dan TXISTU pozgarria! (…) Baña... baña… ¿Ta dirua? TXISTU guk nai bezelakoa jaio ta azi dedin, bi milla arpidedun bear omen dira (…) ¡Guziok arpidedun, guziok TXISTU  zale, guziok TXISTU’lari! ¿Bi mila? ¡Baita bost ere!’”. Bazekiten nolako aldizkingia nahi zuten: hamabostean behingo maiztasuna izango zuen eta zortzi orrialdekoa izango zen; horietarik bospasei, marrazkidunak; gainerakoak, asmakizun, irakurgai eta bestelako. Neurriz, luzera-zabaleran Argia-ren tamainaren laurdena. Salneurria, hogei zentimo. Urtebeteko harpidetza, hau da, hogeita sei zenbaki, bost pezeta, nahiz Argia-ren harpidedunek beherapena luketen, hau da, 4,50 pezeta urtean. Gainera, harpidedunen artean sariak banatzeko asmoa zuten. “Ama euskerak laztanduko zaitu!”, zioen Txistu-ren harpidetza kanpainak. Hala ere, harpidetzak ez ziren behar beste etorri, aldizkingiak  7.000 irakurle zituen garaian ere, eta Txistu argitaratzea atzeratu egin zen. Ateratzeko zorian zela agindu zuten ekainean.

Ateratzeko zorian zela, uztailean.

Oñatin eta Errenterian Txistu publikatzen laguntzeko talde bana osatu zuten. “¡Ori da, euskaldunak, ori, TXISTU benetan maitatzea! ¡Beste errietan ere onenbeste ez ote degu iritxiko! Lagun on askoak baditugu ba. ¡Ia, anaiak, TXISTU LASTER IRTENGO DA ta ateak zabal arkituko al ditu gure etxe guzietan, gaurko txikiak bigar euskera aldez guk baño askoz geiago egin dezaten!”.

Ateratzeko zorian, omen, abuztuan. Ordukoa da Xenpelarren bertsoa: “Asko ta asko ikusten degu / iragarkia ARGIA’n / seme polit bat nola dagoen / orain jaio bearrian / Donostia’ko uri maitian / eta Garibai kalian: / pozez beterik gaude artzeko / bistatzen zeradenian”.

Bitartean, ordea, Txistu atzeratu eta atzeratu ari zen…

‘Argia’-n ‘Txistu’-ren argitalpena behin eta berriz eta askotan iragarririk ere, ezin komikia plazaratu. Javier Diaz Noci irakasle eta garaiko euskarazko prentsaren aztertzailearen arabera, dirurik eza izan zen atzeratzearen arrazoi nagusia
Abdon Gonzalez de Alaiza

Argia-n Txistu-ren argitalpena behin eta berriz eta askotan iragarririk ere, ezin komikia plazaratu. Javier Diaz Noci irakasle eta garaiko euskarazko prentsaren aztertzailearen arabera, dirurik eza izan zen atzeratzearen arrazoi nagusia. “Euskaldun aberatsen laguntza” ere eskatu zuten Argia-koek, eta jaso ere bai halako batean, 1926ko uztailaren 4ko Argia-ren zenbakian irakurtzen ahal denez: “Lenengo urterako amar arpide, bigarren urterako sei ta irugarren urterako iru ordaindu dizkigu, ta ez or oxta-oxta, ez, gañezka baizik. Onelako laguntza asko izan bagenu aspaldi irtengo zan oraindik jaio bidean dagon aldizkingi polita”. Diru gehiago ere lortu zuten harrezkero, irailaren 26ko zenbakian irakurtzen denez: 100 pezeta hartu zituzten “Garteiz” izeneko saria banatzeko. Ondoko hilabetean, urrian, beste diru-laguntza bat ere jaso zuten Argia-n, 50 pezetakoa, “Alaiza saria” antolatzeko, Abdon Gonzalez de Alaiza Azazetaren izenean, alegia, zeina urte horretako uztailaren 15ean hil baitzen.

Diru gabeziarekin batera, Gonzalez de Alaizaren heriotzak atzerarazi zuen Txistu-ren jaiotza. Ez alferrik, 1927ko urtarrilean, Txistu-ren lehen zenbakia argitaratzearekin batera, proiektuaren “sustatzaile beroena”-ren heriotzari egotzi zioten atzerapena. Aipu horrexen bidez jakin dugu Gonzalez de Alaiza Txistu-ren bultzatzaileetan zela. Haren izenik baizik ez dugu ezagutzen.
Abdon Gonzalez de Alaiza Azazeta (Musitu, 1876 – 1926), iragan mendearen lehen laurdenean Madrilen egosi ohi ziren euskal gauza guztien piztaile nagusia, oraindik orain arte euskarazko lehen komiki-aldizkari Txistu-ren egiletzat joa izan dena...

‘Txistu’, Javier Diaz Nociren arabera

“Testua eta marrazkiak osagai dira Txistu-n, ezin genezake bata bestea gabe ulertu. Balloon edo globorik ez agertu arren, Txistu-n hitzak marrazkien azpian kokatzen baitziren, didaskalietan, erabat komikia zen. Egitura narratiboa xehea zuen, oso: ipuintxo moduko bat baino ez zen haren edukia, azkeneko ikaskizun eta guzti, kanpoko kontalari batek kontatua (…)  Horrek ez du esan nahi, alabaina, Txistu mespretxatu behar dugunik. Lehenengo euskal komikia sortzeko asmoak hainbat neke eta lan eragin zituen. Bestalde, sortzaileen helburua euskara hedatzea zen. Eta Espainiako Estatuan egiten ziren gainerako komikiak ere Txistu-ren antzekoak ziren”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Euskara okupatu, marisolasteko

Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta... [+]


Garaipen gazi-gozoak

Gure kuadrillan, gazteagotan, askotan komentatzen genuen galtzera ohituta geundela. Hamaika gatazka txiki zein handitan murgilduta ibili ginen, ia beti arrazoiz jantzita eta irudimen handiz, baina gehienetan galdu. Pentsa! Guggenheimen aurkako plataforman aritu ginen Guk geuk... [+]


2024-05-03 | ARGIA
Esan erran irratiaren 25 urteko ibilbidea jasotzen duen dokumentala gaur estreinatuko dute Larraintzarren

Nafarroako euskara hutseko irratiak 25 urte bete ditu eta Dialeko azkenak dokumentalean bildu dute bere ibilbidea. Maiatzaren 3an Larraintzarren estreinatuko dute, eta hurrengo asteetan Aizarotzen eta Erason egongo da ikusteko aukera.


Presoen Euskara Irakasleen Taldeak agur esan du

Badira sei-zazpi urte kartzelan dauden presoek euskara ikasteko duten eskubidea bermatzeko helburuarekin, lanean aritu den euskara-irakasleen sare bat: Presoen Euskara Irakasleen Taldea.


Eguneraketa berriak daude