Ustelkeria estatua baino handiagoa da

  • Izenburuan jarri dugun esaldia 2020ko abuztuaren 10era arte Libanoko lehen ministroa izandako Hasan Diab-en esana da. Agian erraietatik aterako zitzaion, hitzok izan ditzaketen inplikazioei erreparatu gabe. Beiruteko portuan izandako leherketa izugarriak, lehendik ere oso ezegonkor zegoen herrialdea kinka larrian utzi du, instituzioen eta alderdien utzikeria berriz ere agerian uztearekin batera.

Libanon bizi diren jatorri eta estratu desberdinetako hainbat pertsonaren testigantzak kontuan izango ditugu fenomenoaren irudia osatzeko. Askatasun osoz hitz egitea bermatzeko, inizialak besterik ez dira agertuko.

Libanoko herriak bizi duen egoera korapilatsua ezagutzeko, Zergen Intifada deitu zutenaren garaia izango dugu abiapuntu.

Udazkena
2019ko urriak 17, Beirut. Protestek eztanda egin zuten kalean, azken urteetan izan diren jendetsuenetakoak. Ohiko bilakatutako arazoez nazkatuta zeuden herritarrak, adibidez, argindar-eteteez. Beirut hiriguneko etxebizitzetan gutxienez hiru orduz eteten zen argia, beste zonalde batzuetan 12 ordutakoak ere izaten ziren. Errefuxiatu esparruetan, are okerrago, argindarra izaten zuten 3 eta 6 ordu artean.

Uraren horniketan ere noizbehinkako etenak, errepide eta bideen egoera tamalgarria, garraio publiko sistema eskasa, eta abar. Ahalmen ekonomiko handiko herritarrentzat konpon tzeko moduko oztopoak dira, ekipo elektrogenoen, ur hornitzaile pribatuen edota, orokorrean, diruak ematen dituen abantailen bitartez. Herritarren laurdena txiroa den gizarte batean, arazo hauek eragin handia dute bizitzetan. 2018ko datuen arabera, Libanoko biztanleriaren %1a aberastasunaren %25aren jabe zen, eta aldiz, herritarren %50k aberastasunaren %10 zeukan.

Munduko ustelkeriaren rankingean, 175 estaturen artean Libano 138. postuan dauka Transparency International gobernuz kanpoko erakundeak. Kapital bolumen handia zeukatenek beren aberastasuna atzerrira eraman zezaketen bitartean, gainerako herritarrek Libanoko lira monetaren ahultasun graduala pairatzen ari ziren. Zor publikoa Barne Produktu Gordinaren %150 zen, eta gerora %170 izatera heldu da. Pobretutakoen kopurua eta aberatsen arteko arrakala handitu ahala, galtzeko geroz eta gutxiago zeukan jendarteak protestatzeari ekin zion, modu baketsu baina irmoan.

Zergen Intifada bezala ezagun bilakatu zen mugimenduak egindako protesta eta errepide-mozketen aurka agertu ziren hainbat buruzagi politiko. Azkenean baina, protestek Libanoko presidente Saad Haririren –Mustaqbal alderdi politikokoa– irteera eragin zuten urriaren 29an. Egun horietan kalea bere egin zuen askok garaipen gisa ospatu zuen. Gobernuan sortutako hutsunea betetzea gai-zerrendan lehenengo postura igo zen, oligarkia politikoaren oreka mantentzeak zekarren tentsioarekin batera.

Barrikadak Beiruten 2019ko urrian. Argazkia: Marwan Naamani

Negua
2020ko urtarrilak 1, Beirut. Haririk dimisioa aurkeztu eta hiru hilabetera hautatu zuten lehen ministro berria: Hasan Diab. Hainbat hilabetez kalea astintzen aritu ziren “manifestarien asmo eta eskaerak beteko zituen gobernua” osatuko zuela adierazi zuen. Hitzok mesfidantzaz hartu zituzten kalean, teknokrata eta oligarkia politikoarekin lotura zuten hainbat pertsona gobernuan egoteak itxaropena zuhurtasunez janztera bultzatuta. Kaleko mobilizazioek kasik estatua geldiaraztea lortua zuten. Instituzioek kontrola galduta zuten, monetaren gainbeherak eta inflazioaren igoerak eraginda, “korralitoa” inposatu zuten.

Ekonomia errealak geroz eta gehiago nabari zituen urte luzez ekonomia finantzarioaren, arduragabekeria politikoaren eta klientelismoaren ondorioak. G. J. Beiruten bizi da, baina jatorriz Libano iparraldekoa da, negozioen garapenean eta GKEentzat aholkularitzan egiten du lan. “Leku askotan ezin duzu gobernuari lotutako lanetan sartu, ezta armadan edo Polizian ere, Wasta ez badaukazu, politikari batekiko lotura moduko bat. Hala eraikitzen dute haiekiko leialtasuna, nahiz eta ustelkeria dagoela jakin,  jendeak politikarien kontra eginez gero lana galdu dezakeela sentitzen du. Asko zor diete”.

Uda
2020ko uztailak 20, Beirut. Koronabirusagatik inposatutako konfinamenduak konfinamendu, krisi sozio-ekonomikoa zen gobernuaren eta herritarren kezkarik handia. S. K.-ri, beste askori bezala, soldata izoztu zioten. Unibertsitate publikoan lan egiten duen hegoaldeko emakumea da: “Afiliazio politikorik eta aitorpen konfesionalik ez duen emakume gisa, ustelkeriak egunero zapaltzen nauela sentitzen dut. Eguneroko bizitzako gauza guztien gaineko munstro ahalguztiduna da ustelkeria, kutsatutako airea arnastera behartzen gaitu, minbizia eragiten duen janaria jatera, trafiko istripuen tasarik altuenetakoa duen herrialdean gidatzera edo ustelak diren lankideekin lan egitera. Eta sistemaren ustelkeria salatzen baduzu, lankideek zu salatzeko arriskua izango duzu. Kasuen %90ean enplegua lortzeko edo mantentzeko leialtasun probak gainditu behar dituzu”.

Beroak gogor jotzen zuen uztailaren 20an. Libanoko errepublikaren presidente Michel Aoun-ek eta lehen ministro Hasan Diab-ek gutun bat jaso zuten, Estatu Segurtasunerako Zuzendaritza Orokorraren arabera. Urtarrilean hasitako ikerketa judizialaren ondorioak ezagutarazi zizkioten: Beiruteko portuan biltegiratutako konposatu kimikoa berehala behar bezala babestu behar zen, “lehertuko balitz, Beirut deuseztuko luke”, zioen.

Abuztuak 3, Faiyadiyeh. Portutik zortzi kilometrora, herri-lanetako ministro Michel Najjar-ek gutuna jaso du. Uztailaren 24ko data zeraman arren, ez da bere eskuetara heldu 10 egun pasa arte, gobernuaren hainbat bulego itxita egon izanagatik, koronabirusaren aurkako konfinamendu neurriak eta musulmanen Eid al-Adha jaiegunak direla eta. Gutun horretan Defentsa Kontseilu Gorenak ministroari portuan zegoen amonio nitrato kantitate handiaz ohartarazi zion.

Une horretan, 2020ko hasieran osatutako gobernukide Najjar-ek lehenbiziko aldiz jaso zuen portuko egoera kritikoaren berri. Hurrengo egunean, portuko agintaritzak talde teknikoa bidali zuen 12. biltegira, hegoaldeko hormako zulo bat zela-eta konposatu kimiko lurrunkorra agerian baitzegoen.

Hondamendia Beiruteko portuan. Argazkia: Hussein Mala / Alamy

Abuztuak 4, 18:08, Beiruteko portua. Egun beltza. Ke lodiak portuko zeruan zutabe beldurgarria marraztu zuenerako, asko ziren horrantz hara begira jarritako kamerak, zonalde hartatik hurbil dagoen luxuzko hotelaren terrazatik, inguruko eraikinetatik, autoetatik, kaletik… eta ustekabean, 2.750 tona amonio nitratoren eztandak betiko desitxuratu du Beiruten azala eta izana.

Handik mendebalderantz bost kilometrotara dagoen Hamra auzoan bizi da T. S. errefuxiatu palestinar eta irakaslea. Hasierako une horien ziurgabetasuna azpimarratu du: “Leihotik begiratu eta jendea lurrean botata ikusi nuen, negarrez, puskatutako beirak… Indarragatik, eztanda Hamran bertan izan zela pentsatu genuen hasieran”.

Hegoaldera bost kilometrotara dagoen Shatila errefuxiatu eremuan ere nabaritu zuten leherketa. Hango elkarte bateko zuzendaria da M. A. errefuxiatu palestinarra: “Harriduraren eta beldurraren osteko minutuetan, jendea etxeetatik irteten hasi zen. 20 minuturen ostean, benetako albistea heldu zitzaigun, Beiruteko portuko eztanda”. Txipren ere, Beiruteko kostatik 240 kilometrora, eztanda nabaritu zuten.

185 pertsona baino gehiago hil ziren; 6.000 kide inguru zauritu, horitatik ehunka oso larri; dozenaka desagertu; 300.000 herritarren etxeak birrindu, tartean eraikin historiko ugari; lehendik ere koronabirusaren ondorioei egoki erantzun nahian oso estu ari ziren lau ospitale handi.

Abuztuak 8, Beirut - Gemmayzeh. G. J. leherketaren osteko garbiketa lanetan laguntzen aritu zen. “Itzela zen horrenbeste bolondres ikustea. Libanoko hainbat hiritako eta Beiruteko jendeak, nik bezala, lehen egun horietan hartu zuen parte laguntzen, garbitzen, janaria banatzen… Honelako hondamendiei aurre egiteko dagoen instituzioen falta erabatekoa zelako, jendea ari gunea garbitzen”. M. A.-k errefuxiatuek erakutsitako elkartasuna ere nabarmendu du, “libanoarrek laguntza eskertu digute, politikari batzuek gure kontra egiteko erabiltzen dituzten argudioak kritikatuz”.

“Exekuta itzazue” eta “ustelak zineten, orain kriminalak zarete” bezalako leloekin, amorruz beteriko herritarrek segurtasun indarren aurka egin zuten. Garbiketa lanak egin beharrean,  indarra autoritateak babesteko erabiltzeak are gehiago sumindu du jendartea.

“Jendea oso haserre dago, urte latza izan da, eztanda baino lehenago depresio kolektibo moduko baten bizi ginen. Ez da klase politikoa bakarrik, banku eta gobernuarekin lotuta dagoen edozein sektore ere tartean dago. Herritarrak urka-bilurrak eskatzen ari dira, politiko guztiak urkatzeko”, dio G. J.-k. “Kaleko sentimendua ez da, aurrekoetan bezala, baketsua”.

Abuztuak 10, Baabda. Protesta gisa parlamentuko zortzi kidek dimisioa aurkeztu dute, eta, azkenik Hasan Diab lehen ministroak ere berea eta gobernu osoarena jarri du mahai gainean. Kalean protestan ari direnen iritziz, agerikoa da erantzukizuna. Diab-ek aitortza esanguratsua eskaini du: “Hondamendi hau ustelkeria kronikoaren emaitza da. Ustelkeriaren sarea estatua baino handiagoa da. Batzuek ez dute [2019ko] urriaren 17ko iraultzaren esanahia behar bezala interpretatu. Iraultza hori beraien aurkakoa zen. Gaur eskatzen duen benetako aldaketa kontutan hartu dugu. Gaur atzerapausoa eman dugu herriarekin bat egiteko”.

Beiruteko portuaren ingurunea eztandaren ostean. Argazkia: Pasqual Gorriz (Nazio Batuak)

Kalean ospakizunak eta protestak nahasten diren bitartean, askok ez diote dimisioari ezer berezirik ikusten. Libanoko Gobernuan egindako aldaketak beti antzuak izan direla gogorarazi digu M.A.-k: “Dimisioen ostean, orain Libano gobernu barik dago, kanpotik “argi berdea” jaso eta AEB, europarrak, Errusiak, Iranek eta besteek konponbidea erdietsi bitartean. Orduan etorriko da libanoarrentzat zer esan eta egiteko agindua”.

G.J.-en hitzetan, “gobernuak dimititu egin du, baina ez da ezer benetan aldarazi behar denarekin alderatuta. Aurrena, parlamentua eta presidentea kanpoan behar ditugu. Gobernu hau, bai, erruduna da, noski, baina ez du parlamentuak adina erru merezi. Berriak dira, ustez, sistemaren kanpotik etorritakoak, baina baita zera ere! Haietako batzuk klase politikoarekin zituzten loturengatik izendatu zituzten".

Abuztuak 13, Beirut. Eztandaren hurrengo egunean parlamentuak larrialdi egoera ezarri zuen. Oligarkia politikoaren pisu astun bik, beren lidergoa nabarmentzeari ekin zioten, bakoitzak bere tankera propioan.

Batetik, Hezbolako buru Hasan Nasrallah-k, 2006an Israelen inbasio saiakera garaitu izana ohoratzeko adierazpenetan, bere alderdiaren erantzukizuna baztertzeaz gain, ondorengoa gehitu zuen: “Hezbola ikerketen zain dago eta emaitzak ebazten badu Israel erantzule dela, Libanoko Estatuak eta jendarteak gaiaren inguruko hitza izan beharko lukete. Hezbola ez dago krisian, gure aliatuekin batera, zonaldeko indartsuenak gara”.

Bestetik, Saad Hariri lehen ministro ohia Hezbolaren arerio politiko zuzena da, baita Saudi Arabiaren proxy-a ere. 2019ko urrian protesten presiopean, dimititu izana ahaztu izan balu bezala, bere ministro-taldea sortzeko askatasuna eskatu die Libanoko gainontzeko botereei.

Azkenik, hirugarren aktore garrantzitsu batek, hondamendiaren gunea bisitatzen lehenetarikoa izan zen Frantziako presidente Emmanuel Macronek ikuskapenaren buruzagitza bere gain hartzeko saiakera arrakastatsua egin du, kolonialismoaren ezkerreko eskuaren rola bere eginez:  berak egindako presioaren laguntzaz, Hasan Diab lehen ministroaren lekua Mustafa Adibek hartu du behin-behinean.

Gaur egun Libanok huts egindako estatuaren ezaugarriak bete ditu, baina ez da azken hamarkadetan berak bakarrik hartutako bidea, baizik eta historian izandako esku-hartzeengatik eta ezarritako bezerokeria-sareengatik.

I. Mundu Gerratik independentziara eta harago
Mundu Gerraren ostean, Inperio Otomandarra desegitearen osteko planari jarraituta, Britainia Handiak eta Frantziak Ekialde Hurbila zatitu zuten Sykes-Picot itunaren bitartez. Libano frantziarren mandatuaren menpeko lurralde bihurtu zuten, interes ekonomiko eta geopolitikoengatik.

1943ko azaroan Libanoko errepublikak independentzia eskuratu bazuen ere, Frantziak herrialdeko barne egoeran eragiteko mekanismoak eraikiak ditu. Orduko agintariek Nazio-Ituna adostu zuten, kanpo eta barne harremanak zehaztuko zituzten lerroak finkatuz.

1975ean, kanpo eta barne tentsioek eraginda, 15 urtez luzatu zen gatazka armatua hasi zen. Nahiz eta oinarrian gatazka ekonomiko-politikoa izan, aginte kolonialak sustatutako erlijioen talkak eragin nabariak izan zituen. Gerraren amaieran Taef-eko Akordioa sinatu zuten 1989ko azaroan, besteak beste, Libanoko subiranotasunari buruzko irizpideak eta sektarismoa indargabetzea zeuden bide-orrian, praktikan ordea, gerra zibilaren ustiaketa ekonomikoa burutu zuten buruzagiek hartu zuten agintea. Emaitza, agerikoa. Elite sektario-politikoen bezero-sareak finantzatzen dituen estatuaren babespeko sistema, kapitalaren balioa handitzeko politika ekonomikoa sustatzearen truke.

G. J.-k horrela laburbildu du: “Alderdi politikoak sektarismoan oinarritzea da iraingarriena, ez daukagu lerro sektarioetatik haratago doan alderdi politikorik gu ordezkatzeko. Tartean etekinik ikusten ez badute, ez diote gizarteari ezer ere bueltatzen”.

 Istiluak poliziekin apirilean. Argazkia: Hussein Mala / Alamy

Gaur egun
2013ko irailaren 27an, Georgiako Batumiko portutik MV Rhosus itsasontziak Mozambikeko Matola hiriko Fábrica de Explosivos Moçambique-rako bidea hartu zuen. Biltegian 2.750 tona amonio nitrato zeramatzan. Azaroaren 21ean Beiruteko portuan egin zuen geldialdia, kostuei aurre egin ezinik. Negozioa egiteko asmoa, azkenean, bertan behera geratu zen, ontziak ez baitzituen itsasoratzeko baldintzak bete.

2014ko otsailaren 4an, Beiruteko portuko autoritateak itsasontzia konfiskatu eta zama portuko 12. biltegian gorde zuten. Harik eta 2020ko abuztuaren 4an historian izan den leherketa ez-nuklearrik handienetarikoa eragin arte. Munduko Bankuaren kalkuluen arabera, 4.600  milioi dolarreko galerak eragin ditu hondamendiak, baita jarduera ekonomikoan 2.900 eta 3.500 milioi arteko kaltea sortu ere.

Gobernuaren ikerketaren ondorioz, 25 bat lagun atxilotu dituzte, tartean portuko zenbait langile eta arduradun. Halere, inputazioak hierarkian gora egiteko itxaropen eza nabaria da gizartean. Elkarrizketatu ditugun guztiak, M. H., M. A., G. J., S. K. eta T. S., bat datoz: erantzukizunik handiena daukanak ez dio bere buruari ezer ere leporatuko.

S. K.-k egoera orokorrari buruz dio gertatzen ari den guztia “boterea duen jendearen birziklapen amaigabearen ondorio logikoa” dela, T. S.-n hitzetan, gobernua “banaketa honen isla besterik ez da, hainbat departamentu duen enpresa bezalakoa”. G.J.-rentzat, “ustelkeria ez dago bakarrik parlamentuan, presidentetzan edo gobernuan, Libanoko gizarteren alde guztietan dago grabatuta”.

Bereziki makala da errefuxiatuen egoera M. H.-en iritziz. “Herri honetan ez dago niretzat edo libanoarrentzat etorkizunik, monetaren prezioak gora egiten jarraituz gero, baliorik gabe geratuko da. Hemen ez dago giza eskubiderik, irtenbide bakarra lehenbailehen hemendik alde egitea da. Nire pasaportea ahula da, baina saiatuko naiz”. Aurrera begira jarri da T. S., ezkor: “Ez dut etorkizunik ikusten herri honetan. Egoera geopolitikoari erreparatuta, ekaitza dator Libanora. Askok esaten dute ekaitz txikia izango dela, urte bi besterik ez duela iraungo, gauzak hurrengo bi hamarkadetarako orekatzen diren arte. Baina herriaren oreka ez da jendea kezkatzen duena, ekonomikoki, herriak ez du baliabiderik, ekoizpen gaitasunik ere ez, beraz, hobetzeko tarterik ez dago. Sektore produktiboen indartzea ahalbidetzeko planik egin duen gobernurik ez da izan orain arte, ez nekazaritza, ez industria, ezer ere ez”.

Jatorrizko kolonialismoa eta bertako elite ekonomiko-sozialen kooperazioa, herritarren lehentasunak eta ekonomia produktiboa baztertu izana, agente geopolitikoen esku-sartzea, sistema sektarioaren hegemoniarekin bat egiten duten alderdi eta botere ekonomikoen arteko lotura. Sakon sustraitutako arrazoiak dira Libanoko egoera iraultzea oztopatu eta statu quo-a bere horretan jarraitzea bermatu dutenak. Oreka prekario horren oinarri materialak Beiruteko portuko eztandarekin batera apurtu direla esatea errazegia litzateke, tamalez, aldagai gehiegi baitago aurrerantzean gerta litekeenaren zerrenda luzean.

Aldaketa dator Libanora. Eta Sham-en, Mendebaldetik Ekialde Hurbila deitzen dugun horretan, kate-erreakzio handia eragin handia izan dezake, zentzu askotan geroz eta agerikoagoa den interdependentzia dela medio. Hasan Diab-ek esan bezala, ustelkeria estatua baino handiagoa da, edozein estatu baino handiago, ustelkeriak subiranotasun propioa dauka, merkatuarena, eta kapitalaren balioa etengabe handitzea du xede, muga eta aberririk gabe.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Libano
2024-03-24 | Marta Maroto
Inork nahi ez duen gerra saihetsezina

Hezbollah, Ekialde Hurbileko miliziarik boteretsuena, Libanoko lurretatik Israeli eraso egiten hasi zen, Gazako sarraskia hasi eta biharamunean. Palestinari elkartasuna adierazteko bigarren fronte honen etorkizuna Zerrendan gertatzen denarekin lotuta dago. 91.000 lagun inguru... [+]


Libanon minbizia baduzu, hasi diru bila botikak ordaintzeko, estatuak ez zaitu artatuko

Gaur estatua kiebra jota dago duela urte batzuk ‘Ekialde Hurbileko Suitza’ deitzen zuten Libanon. Herritarrei bermatu ezin dizkien oinarrizko zerbitzuen artean dago osasun sistema. Minbiziak, eritasun kroniko larri batek edo buruko gaixotasunak harrapatutako milaka... [+]


PODCAST 2x31 | Libanon minbizia baduzu, hasi diru bila botikak ordaintzeko, estatuak ez zaitu artatuko

Gaur estatua kiebra jota dago duela urte batzuk ‘Ekialde Hurbileko Suitza’ deitzen zuten Libanon. Herritarrei bermatu ezin dizkien oinarrizko zerbitzuen artean dago osasun sistema. Minbiziak, eritasun kroniko larri batek edo buruko gaixotasunak harrapatutako milaka... [+]


Eguneraketa berriak daude