Txertorik ezean, Anari

  • Pandemiarekin loturiko berri txarrek ez dituzte sano dauden herritarrak geldiarazi eta lepo bete dute zarauztarrek kiroldegia.
    Adarra saria jasotzen ari zela ikusi nuen zuzenean abeslari azkoitiarra azken aldiz duela urte pare bat. Zarauzko Adarretatik jaialdian kantari uztailaren 19an. Modelo aretoko leihatilako ilarara hurbildu eta kalkuluak egiten hasi gara. 40 bat pertsona gure aurretik eta bakoitzak launa sarrera hartzen ahal badu... Uff txiripaz, baina bai, lortuta.

Argazkia: Amets Aranguren
Argazkia: Amets Aranguren

Sartu eta eseri gara. Ehunka jende eta beste horrenbeste oihalezko poltsa. Denak maskara kentzeko mezuaren zain. Baina ez. Off ahotsak ez digu baimenik eman. Atera da Anari. Sei dira gaur.

Bere kantetan ohikoak diren akorde segida sinple baina sakonekin hasi da kontzertua. Sei musikariek ezin hobe enpastatzen dituzte tinbre guztiak, grabaketa bailitzan, kanta zahar eta ez hain zaharrak tartekatzen dituzten artean. Buruak aurrera eta atzera, bonbo eta kaxaren erritmora. Gorputzen ordez, maskarak dantzan; ezpainen mugimenduak ezkutatu eta letrekin okertzeko lizentzia ematen dute.

Xabi Etxeberriren biolaren tinbre tuneatuak xarma berezia ematen dio kanta askori; instrumentua protagonista bihurtzeraino batzuetan. Eta sumatzen da oholtza gaineko taldekideen arteko benetako konplizitatea. Beso zabalik hartu dituzte entzuleek abesti guztiak, baina ezagunenekin orfeoi bilakatu da publikoa. Koro erraldoia.

“Askok erabaki zuen akatsarekin aurrera jarraitzea eta berriz ere EAJri botoa ematea”, dio gaur Autodefinitua kantak. Txalo eta barre dezente. Inork ez dio ausardia politikoa ukatuko.

Auzobiografia bat ere kantatu digu. Piromania Yo amo Galicia” mezua idatzirik zuen txiskeroaren jabeak egindakoaz mintzo da. Hego haizeak jotzean basoaren ertz banatan kandelatxoak jarri eta dena sutan ikustea maite zuen emakumeaz; nor bere buruarekiko infidelitateez, kontraesanez.

Tendentzia dugu, normala den bezala, kantak ateratzen diren momentukoak direla pentsatzekoa, baina ez. Zaharra, baina ez nahi bezain zaharra den kanta etorri da ondotik: Amua. Idatzi zuen momentuan ez zen kantatzen ausartu. Letra triste eta malenkoniatsua zela uste zuen Anarik, neska gazte talde batek hala ez zela azaldu zion arte. Han zeuden eta haiendako kanta. “Aupa Anari” oihukatu du bi urte eskas dituen neskatxak.

Ez duenetik nekez, baina duenetik ematen du Anarik; inongo zuhurkeriarik gabe. Sortu den parentesitik atera gara. Etengabeko irribarrearen ondorioz masail minduekin itzuli gara etxera. Autoko irratian koronabirusa da mintzagai. Txertorik ez dagoen artean, Anari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Anari
‘Giza zarata’ diskoa aurkeztu du Anarik: "Lehen diskoko Anarirekin konektatu dut"

Martxoaren 7an aurkeztu du zazpigarren diskoa Anari Alberdik, Bilbon. Ideiak pilatu eta kantuetan banatu dituela adierazi du. Datorren astean berari eginiko elkarrizketa luzea argitaratuko du ARGIAk.


Elkartasun olatuak

Gaurkoan, elkartasun uholde musikatu batean murgilduko gara. Protagonista nagusiak Angela, gazte gasteiztarra, eta haren lagunak izango dira, baina ez dira bakarrik egongo. Gari, Libe, Anari eta Jon Basaguren izango dituzte bidelagun, baita Jimmy Jazz aretora gerturatu diren... [+]


2018-06-20 | ARGIA
Anarik ostegunean jasoko du 2018ko Adarra Saria

Musikaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Victoria Eugenia Antzokian emango duen kontzertuaren aurretik jasoko du saria musikariak. Adarra Saria jaso duen lehen emakumea izango da.


Eguneraketa berriak daude