‘Giza zarata’ diskoa aurkeztu du Anarik: "Lehen diskoko Anarirekin konektatu dut"

  • Martxoaren 7an aurkeztu du zazpigarren diskoa Anari Alberdik, Bilbon. Ideiak pilatu eta kantuetan banatu dituela adierazi du. Datorren astean berari eginiko elkarrizketa luzea argitaratuko du ARGIAk.


2024ko martxoaren 08an - 08:30
ARGIAk datorren astean argitaratuko du Anariri egindako elkarrizketa. Ibai Arrieta

Zazpigarren lan luzea labetik irtenda, martxoaren 16an eskainiko du estreinako kontzertua Donostian, Intxaurrondo Kultur Etxean –sarrerak agortu dira–. Giza zarata deitu du hamar kantuko diskoa. Otsailaren hondarretan egin zituen publiko pieza guztiak, eta hori baino lehenago, bi asteko tartean, hiru single-ak: Troiako zaldia, Ez nengoen han eta Vesna Vulovic.

Diskoa aurkezteko prentsa agerraldia Bilboko Kafe Antzokian egin du Anarik, eta horren testuinguruan, eraikinaren goiko pisura igo eta Bilbo Hiria irratiko estudioak bisitatu ditu. Diskoa bere "ohiko tempoan" atera duela esan du, "naturala" egin zaion prozesu batean. Eta hauxe gehitu du: "Denbora behar dut diskotik atera eta beste batean sartzeko".

2016an atera zuen Epilogoa diskoa; kasik zortzi urte pasatu dira ordutik. Tartean egin ditu lanak, Vinu, cantares y amor bertsioa eta Efemerideak kantua bildu zituen LPa kasu, edota Lagun izoztua abestia –Gure oroitzapenak bildumarako–; baina sumatzen zuen jendeak beste disko bat eskatzen ziola. Eta berak ere behar zuela aitortu du. "Neure buruak seinaleak ematen zizkidan".

Disko berriari lotuta, zera esan du: "Ideiak pilatu eta kantuetan barna banatu ditut". Eta, era berean, "zenbait aurkikuntzatxoren" sentsazioa ere baduela dio.

Gaur egungo gizarte kontuez mintzo da Anari, akaso ohi baino gehiago, Giza zarata diskoan. Eta, horregatik, lehen diskoko Anari horretara gerturatu dela uste du: "Nire kantuak intimitatetik eta melankoliatik garatu ditut orain arte, baina orain egon da horrelako kolokatze bat, nire izaeraren eta idatzi ditudan abestien artean; saiatu izan naiz nire barne mundua abestien bidez ateratzen".

Inmolazioa kantuaz, esaterako, zeinak albistegiak ikusten ari den pertsona duen protagonista, hauxe esan du: "Sumendi baten notizia kontatzen dizute, laba hipnotiko horri begira zaude, eta ondoren kontatzen dizute Gaza, sarraski irudiak... eta Instagramen sartzen zara eta berdin; selfie dotoreak, derrepente bideo gogorrak, feminizidioak etengabe... [Kantuko protagonistaren] erreakzio ironiko bat dago gero".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Anari
Txertorik ezean, Anari

Pandemiarekin loturiko berri txarrek ez dituzte sano dauden herritarrak geldiarazi eta lepo bete dute zarauztarrek kiroldegia.
Adarra saria jasotzen ari zela ikusi nuen zuzenean abeslari azkoitiarra azken aldiz duela urte pare bat. Zarauzko Adarretatik jaialdian kantari... [+]


Elkartasun olatuak

Gaurkoan, elkartasun uholde musikatu batean murgilduko gara. Protagonista nagusiak Angela, gazte gasteiztarra, eta haren lagunak izango dira, baina ez dira bakarrik egongo. Gari, Libe, Anari eta Jon Basaguren izango dituzte bidelagun, baita Jimmy Jazz aretora gerturatu diren... [+]


2018-06-20 | ARGIA
Anarik ostegunean jasoko du 2018ko Adarra Saria

Musikaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Victoria Eugenia Antzokian emango duen kontzertuaren aurretik jasoko du saria musikariak. Adarra Saria jaso duen lehen emakumea izango da.


Eguneraketa berriak daude